KARITATE POLITIKOA

By , 2016/06/19 06:21

KARITATE POLITIKOA

Iragan aldian (HERRIA N° 3350) aipatu dut modernitateak, tradiziotik oinordetu gizartean, sortu “belharra kulturala” eta hunen ondorioz gertatu errotikako aldaketak bai bizimoldean, orokorki, bai fede eta eliz bizitzan. Gaur ohartzen ari gira kultura berri hunek bere mugak ere badituela, ez duela gizakiaren barne tirria edo gosea osoki asetzen. Zientziak eta teknikak ekar dezaketen etengabeko aintzinapenaren ideia bukatu da, huntarik ez datorkigu zorionik. Arrazoina (Adimena) osotasunaren eta absolutuaren erreferentzitzat zaukan kontzeptua desegiten ari da, eta hunek “postmodernitatea” (modernitate ondoko) deitu aroari bidea emaiten dio.

Hunen ezaugarri nagusienak aipatu aintzin, aitort dezagun lehen lehenik modernitateak ondorio on ainitz ekarri dauzkigula, eta horien artean pentsamendu kritikoa, kontzientzia hezia. Hezkuntzarik gabeko fedea fede pobrea da, ahula, bere esperantzaren berri arrazoinak emaiten ez dakiena, sendimendu hutsean mugatzen dena, gaurko balio ez duena. Postmodernitateak fede “garbiketa” funtsezko baten egiteko aukera edo parada eskaintzen dauku. Xantza bat bezala hartu behar dugu hau, grazia bat bezala.

Tentazioa izan liteke, fededunentzat, mundu galdu batean edo “beste mundu” batean bizi nahi izaitekoa, orainari uko eginez eta lehengoa amestuz, hots modernitateak “kutsatu” gabeko mundu bat amestea; bi mundu paralelo buruz-buru jarri nahi izaitea: bat erlijiosoa eta bestea laikoa, erlijioneak beren aldetik eta gizartea beretik, ezkerretik laizismoa eta eskuinetik tradizionalismoa, bakotxa bere arau eta moldeekin, beretarrentzat antolatua, hots mundu kultural propio bat. Integrismoak eta fundamentalismoak pentsamendu huntan dute aurkitzen beren iturburua. Noren esku gelditzen da orduan aginpidea ? Ikusten da nora garamatzakeen gisa hortako planteamenduak…

Postmodernitateak ekarri duena da plazerraren kultura, hedonismoa, sendimenduen jabegoa. Hau guzia ez da berez kaltegarria, etsipenari loturik bizi ez bada, beste jarrera edo engaiamendu guziak baztertuz. Baina tentazio hori ere badago, ikusten da gure artean (“nik nahi dutana egiten dut”).

Gaurko giroan, lehenago ez bezala, aukerak pluralak dira, anitzak, eta gainera norberaren borondatearen arabera eginak edo antolatuak, eta ez familiaren, herriaren edo ohituraren arabera. Presuna da gauza guzien neurria. Indartsua da ere gizabanakoaren eskubideen eta libertateen aldarrikapena, norberak bere bizi-irizpideen hautatzeko borondatea.

Ondorioz, giro hortan, “lur berri” hortan dugu xertatu behar gure fedea. Nola jokatu ?

Kristauek beti gogoan izan behar dugu Kristo Jesus Jainko munduratua dela, Jainko haragitua, mundu huntan eta huntarako giza salbamenduaren azken hitza, hitzik osoena, barneena, egiazkoena, eta guri eskainia izan dela, ez gu mundu huntarik kanpo bizitzeko, baizik eta munduaren barnenean, muinenean bizitzeko. Jainkoa errealitatea da. Errealitatea gainditzen duena, ados, baina bera ere errealitatea, ez asmakeri huts bat. Jainkoa munduan, naturan, ekintzetan, gertakarietan eta bereziki ere gizakien baitan emaiten zaigu.

Beraz, errealitatea bera da Jainkoaren sakramentu eta ez dugu mundutik nihora joaite beharrik Jainkoa aurkitzeko: mundu huntan dugu barnatu behar, eta egunerokoan bereziki. Horra hor gure lanik zailena. Zinezko izpiritualitatea. Egiazko erronka. Nola iharduki huni ?

Pio XI.ren ondotik, Kontzilioak gomendatzen duen bidea da “karitate politikoa”. Mundu huntako arazoak ez dira soilik presunen erabakien araberakoak: ekonomia, politika eta kultura hori baino zerbait gehiago dira, orokorrago, eta hori aldatu gabe ez dago deus ez nihor aldatzerik.

Erran daiteke Jesusek berak pratikatu zuela karitate politikoa: harentzat Jainkoaren erregetzak eskatzen zuen zinezko iraultza sozio-politikoa. Bere biziaz ordaindu zuen engaiamendu hori. Ez dago beraz Jainkoaren erregetzarik injustizia iturritzat eta ondoriotzat duten egitura sozial, ekonomiko eta politikoen eraldaketarik gabe. Hori da gure fedearen egiatasuna eta zilegitasuna frogatzeko bidea, dogmen froga arrazionalak eta historikoak bilatzen ibili ordez.

Joseph Moingt-ek (berriz ere) hunela deklinatzen du karitate politikoa, “kristau herritartasuna” aipatzen duelarik:

– herritar bizitza: herritar guzien arteko duintasun parekoa, haurridetasuna (erritu jarraipena baino gehiago), elkartasuna elgarren arteko zerbitzuan, batzuen besteen gaineko nagusigorik ez…

– gizarte bizitzari hedakortasuna: kultur ala gizarte eztabaidetan partehartu, bakearen eta giza eskubideen alde lan egin…

– elizkidetasuna bultzatu: doktrina eztabaidetan berdin orientazio ala erabaki nagusietan parte hartu, ordezkaritza demokratikoa antolatu Elizaren kudeakuntzan…

Azkenean, presunaren duintasuna eta gizakiaren eskubideak jarri behar ditugu argi eta garbi gure izpiritualtasunaren oinarri-oinarrian. Eta horrekin batera elkarrizketa, kultura eta erlijione ezberdinak errespetatuz. Hau izan behar da gure Etika. Jesusen ganik hartua.

Peio Ospital

2016-06-25

 

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu