DESKLERIKALIZATU

By , 2016/10/17 17:15

DESKLERIKALIZATU
Sail huntan agertu izan ditudan artikuluetan, nagusiki aipatu izan ditudan bi euskal teologoak dira Joxe Arregi eta Jose Antonio Pagola. Gutiagotan aipatu izan dut Xabier PIKAZA IBARRONDO. Hau Bizkaitarra da (Orozko – 1941), teologo aitzinakaria eta humanista bezala kontsideratua da, Askapenaren Teologiaren aldekoa. 31 urtetan, jada Salamankako UnibertsitatePontifikalean erakasle zen, eta 2003a arte hainbat arlotako erakasle egon da. Bainan desadostasun
doktrinalak direla eta, edota Eliza Katolikoaren agintarien jarrera kontserbadoreekin tirabirak, apezgoa utzi eta sekularizatu da. Orain arte 40 bat obra edo argitalpen agertu ditu eta erlijio zientzi azterketa lanetan segitzen du. Haren hausnarketa baten ardatz nagusiak zuenganatu nahi ditut aldi
huntan, izenburu hunekin: “Desklerikalizatu – Hastapena arrasortu, ministeritza berriak”.
Xabier Pikaza-k dio Jesus ez zela erakunde eraberritzailea izan, ez zuela errito berri ordena berezi bat sortu nahi izan. Soilik bizi arruntaren erritoak nahi izan zituen garatu, pobreekin bat eginez. Jesusentzat erlijionea eta bizia bat ziren, bata bestearekin identifikatzen zituen. Jainkoaren esperientzia gizatasunean eta herrian haragitzen ziren, maitasun partekatuan, pobreen zerbitzuan.
Pobreak eta baztertuak ziren Jesusentzat Jainkoaren presentziaren frogarik argiena mundu huntan. Eta horrengatik preseski zuten erail politika eta erlijio profesionaleek.

Ondotik, haren jarraitzaileek komunitateak sortu zituzten, haren memoria atxikitzeko: Erreinuaren iragarpena, barkamendua, ogi partekatua zituzten oinarrizko praktikak. Gisa hortan, oldar mesianiko eta sekularrak bultzaturik, ministeritzak sortu zituzten: mandatariak eta profetak, erakasle eta zerbitzariak, luzaroko jarraitzaileak eta zaintzaleak… Ardura bakarra zuten ebanjelio
lanak betetzea. Bide hortarik ziren sortu ministeritza hierarkikoak II. eta III. mendeetan, bihotzberritzea, barkamendua eta batasuna (komunionea) bermatzeko xedearekin.

Egitura molde hau IV. mendetik gora indartu zen Konstantino I. erromatar enperadoaren garaian, eta are gehiago XI. mendetik gora, Erreforma Gregorianoak bultzaturik. Indartu, bai eta desbideratu ere. Ordutik gora, Eliza hierarkia feudal baten gisan antolatua izan zen, Aita Saindua eta apezpikuak agintari gisa jarriz. Alabaina, helburua zen diziplina ber-finkatzea eta kleroen bizimoldeak korreitzea, gizarte laikoa hobeki kudeatzeko, kristau dogmaren arabera bizitzera behartuz. Ildo hortan, hierarkiaren boterea Kristok berak jarria da eta agintariak “botere sakratuaz” dohatuak dira Eliza “goratik” kudeatzeko, populuaren zerbitzurako, jakina, baina goratik.

Sistema hunek orain arte iraun du. Gaur egun, bururatzen ari da eredu hieraki / klerikaleko erakundeen garaia. Erromatar Kuriaren (eta beste zonbait apezpiku kurien) makinaria burokratikoa aurtiki beharra dago, eta hori Ebanjelioaren zerbitzura jarriz.

Argi ! Kontua ez da egitura zaharrak iraultzea, berri batzuk haien ordez jartzeko, nahiz itxuraz modernoagoak edo demokratikoagoak izan. Ez eta ere agintari zaharrak baztertzea, ustez hobeagoak haien ordez jartzeko. Edota pobreak aberatsen ordez buru jartzea, agintari hobeagoak izango direlako menturan. Ez gira ere petatxu edo egokitzapen “kosmetikotaz” ari (zelibatoa, bokazione guti, emazteen ministeritza…) ! Ez gira botere aldaketa batetaz ari !

Hemen nortasun aldaketa batetaz ari gira, bihotzberritze integral batetaz. Eta hau
Ebanjeliotik abiatuz, ebanjelio zorroztasunak sustaturik. Ebanjelioaren xedea ez da boterea eskuratzea, baizik eta gainditzea. Ez, bistan da, nahasmendua jartzeko, bainan bai gizaki ororen onerako izango diren lokarri sozial mota desberdinak sortzeko. Kristau bihotzberritzea pentsamolde aldaketa bat da, eta hunek agintaritzazko botere sozialaren gainditzea dakar. Pobreak jarri behar dira
ardura guzien erdigunean (“ardi usaina” aipatzen du Aita Sainduak), elizen eguneroko eginbidea izan behar da pobreen aldeko presentzia eta zerbitzu molde konkretoak eta engaiatuak bideratzea.

Hunek lehiatzen gaitu apezgo amankomuna indartzera, oinarrizko apezgoa: hemen ez dago tokirik sagaratu berezientzat, ez egoitza edo alki edo leku saindurik, ez Jainkoari eskaini jite bereziriko jantzi edo kantu edo kolorerik. Lehenbiziko kristau taldeen garra eta oldarra berreskuratu beharra dago, eta indar misiolari eta ebanjelikoagoko ministeritza berriak asmatu. Ebanjeliotik abiatuz gainditu beharra dago instituzio hierarkiko / klerikala, eta Jesusetik abiatuz bultzatu Hitza,
Barkamendua eta Ogia oinarritzat izango duen topaketa edo elgarretaratzea. Hau da gure egitekoa.

Bistan dena, hausnarketak eta bilaketak beren denbora behar dute, bainan hau jada bidean da hainbat tokitan. Eta hemen ?…

Gogoan izan Eugen Drewermann- (beste teologo “baztertu” bat…)en hitza:
“Ur gozoaren indarrean sinisten duena lanjer bihurtzen da harri guzientzat”…
Peio Ospital
2016-10-10

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu