ELIZA HELDUTASUN BIDEAN

By , 2016/08/18 08:18

Gaurko lerroak PERIODISTA DIGITAL sarean aurkitu ditut, Jorge COSTADOAT jesuistaren
artikulua da. Hau Txileko Unibertsitate Pontifikalean Teologia (Kristologia, Trinitatea) erakasle
egon da hogoi bat urtez. Baina, duela sei bat hilabete, erakasle-kide eta ikasle askoren (1000
sinaduratik gora) harridura sortuz, tokiko Artzapezpiku-Kardinalak kargua kendu dio, arazo
pedagogikoak aintzinatuz eta teologoari leporatuz Elizaren Magisteritza Erakaskuntzatik baztertzen
zela. Segurkiago, Jorge Costadoat-ek ordaintzen du Askapenaren Teologiari doakion “hurbiltasuna”
eta ere Anvers-eko Bonny apezpikuari agertu dion sustengua, hunek entziklika polemikoak
(“Humanae Vitae” eta “Familiaris Consortio”) gogorki kritikatzen dituenean, berdin Eliza barneko
kolegialitate falta morala gaietan salatzen duenean.
Dena dela, arras zentzuzkoa eta bidezkoa iduritzen zait J. Costedoat-ek proposatzen duen
hausnarketa eta huntaz parte emanen dautzuet. “Amoris laetitia” dokumentutik abiatzen da, eta
azpimarratzen du nola Aita Sainduak, Idazki Apostoliko hunen bidez, ber-planteatzen dituen apez
eta laikoen arteko harremanak.
Orai arte, molde bertikalean funtzionatu dute harreman horiek. Batikanoko II. Kontzilioak
argitu du ebanjelizatze misionea bataiatu guzien erantzunkizuna dela: oroitarazi du Ebanjelioa
oroz gainetik presuna arteko lekukotasuna dela, sobera usu endoktrinatze bide edo tresna gisa
erabilia delarik, adierazpen teologiko abstraktoak edo erranaldi orokorrak baliatuz.
Familiaren Sinodoa kari, Aita Sainduak dinamika berri bat bidean jarri nahi izan du:
helburua pastorala zen eta ez doktrinala. Apezpikuak behartu nahi izan ditu elgarrekin lan egitera,
gai minberatsuak, ordu artean tapatuk edo estaliak bezala, elgarren artean eztabaidatzera, mundu
zabaleko kristauen arrangurak eta asmoak kondutan hartuz.
Argitaratu den Idazkiak azpimarratzen du elizatiarren askatasunaren garrantzia, berdin hauen
kontzientziaren errespetua. “Kontzientziak moldatzerat deituak gira, eta ez hauen ordez jartzerat”
(AL 37). Aita Sainduak garbi aitortzen du huts bat dela, apezen partetik, presunen bizia kudeatu
nahi izaitea. Ez hauek ez nihork ez dauka eskubiderik bikoteek erabiltzen duten metodo
antisorgailuetaz kondurik galdegiteko. Presunak izpiritualki laguntzeko garrak ez dezake legitimatu
haien kontzientziei buruzko errespetu falta.
Apezeri galdegiten du Aita Sainduak konfesategiak ez ditzaten tortura gela bihurtu, bainan
bai Jainko urrikalmenduaren toki (AL 305). Berdin, urrikalkor izan behar da “legez kanpoko”
egoeran gertatzen diren bikoteekin Elizaren bizitzan osoki parte hartu nahi dutenean. Ez doakiote
apezeri haueri baimena emaitea. Apezen egitekoa da bikote horiek beren dizernimendu bidean
laguntzea, beraiek beren baitarik eta kontzientziaz erabakia har dezaten komuniatzeko edo berdin
ez egiteko.
Eta nun formatuko dira etorkizuneko apezak ? Nola egiten da besteak, beren bizitza
urratuetan, laguntzeko gai izango diren presunak formatzeko, haieri eskainiz, aldi berean
esperientzia pertsonaletik eta Elizaren erakaskuntza tradizionaletik abiatuz, berri gertatuko zaioten
hitza, egiatasunezkoa, izpiritualki askatzailea, ez-hobendunezkoa, zinez gidagarria ? Ez daukate
apezek jainkotiarragoak izaite beharrik, bainan bai gizatiarragoak beraien fedeari esker.
Azkenean, hemen jokoan dagona fedearen transmisioa da. Gazteak, neurri handi batean,
urrundu dira beraien gurasoak haurtzat hartu izan dituen Elizarenganik. Gaurko gazteak gizarte
ideki batean sortu dira, ez beti helduagoa, alderdi askotarik heldutasun eskasekoa, baina bai
presunen askatasunaz eta bilaketaz errespetutsuagoa. Ez ditaike erran gazteetaz Jainko
esperientziarako gai ez direla, katolikoak izan nahi ez dutelako. Elizan beraien etxean ez senditzeko
aitzinatzen dituzten arrazoinak ez dira gutiestekoak.
Apezen eta elizatiarren arteko harremanak askitto haur mailekoak izan dira. Laikoen
askatasunari eta dizernimenduari buruz errespetu gutiegi izan denean, ez laikoak eta ez apezak ez
dira beraien fedean handitu ahal izan. “Amoris laetitia” Idazkiaren moldatzeak, eta hunen erakaspen
baliotsuek, heldutasun handiagoko Elizari bidea idekitzen diote.
Peio Ospital 2016-08-08

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu