Pagola

By , 2016/07/02 06:30

EBANJELIOAREN ERAMAILEAK
Jesusen hitzaldi inportante bat moldatu du San Lukek, ez bakarrik Hamabiei bainan ere
ikasle-talde handi bati zuzendua, Jainkoaren erreinuaren egitasmoan bere lankide izaiteko
igortzen dituelarik. Jesusen hitzak gutun fundatzaile baten iduriko dira, jarraitzaileek beren
eginbide ebanjelizatzailea nun elikatu (nun hazi) izan dezaten. Huna zenbait ildo nagusi.
«Lotu bideari»
Ainitzetan ahanzten badugu ere, Jesusen igortzeak markatua da Eliza. Horregatik, gauza
arriskutsua da bere erlijionea zaintzeko eta garatzeko Jesusek fundatu erakundea balitz
bezala hartzea. Jesusen jatorrizko nahiari hobeki datorkio Elizaren beste irudi hau: historian
barna igortzearen logikaren arabera bide egiten duen mugimendu profetikotzat hartzea: bere
baitarik aterarik, gogoan gaineratekoak izanik, munduari Jainkoaren Berri Ona eskainiz.
«Eliza ez da beretzat, baizik eta gizadiarentzat» (Benedikto XVI.a).
Horregatik da hain arriskutsua gure interes propioen inguruan hesitu nahi izaitea, gure
iraganaren, gure ardiespen doktrinalen, gure jardueren eta ohituren inguruan. Are gehiago,
hori guzia munduarekilako gure harremanak gogortuz egiten baginu. Zer izan liteke Eliza
zorrotz bat, zaharkitu bat, bere baitan hetsia litakeen bat, Jesusen profetarik eta
Ebanjelioaren mezularirik gabeko bat ?
«Herri batean sartuko zireztenean… senda hango eriak eta erran jendeari: hurbildua da
Jainkoaren erregetza»
Hauxe da berri handia: guganik hurbil da Jainkoa, gure bizia gizatarrago egitera lehiatzen
gaituelarik. Baina ez da aski egia bat oihukatzea, erakargarri eta gustagarri bihurtzeko. Alde
hortarik, beharrezkoa da gure jarduera berrikus dezagun. Zerk eraman dezake jendea gaur
egun Ebanjelioari buruz ? Nola suma dezake Jainkoa zerbait berri eta on bezala ?
Segur aski, egungo mundua egiaz maitatzea falta zaigu, ez dakigu nola heldu egungo gizonemazteen
bihotzera. Ez da aski aldaretik hitzaldia egitea. Ikasi beharra dugu sufritzen ari
den jendearen bizia gehiago entzuten, onartzen, sendatzen… Horrela bakarrik aurkituko
ditugu hitz xumeak eta onak, jendea Jesusengana hurbilarazteko; haren bihozberatasun
mugagabeak jarriko gaitu oro harremanetan Jainkoarekin, guzien Aita On den harekin.
«Edozoin etxetan sar zaitezten, errazue lehenik: Bakea etxe huntakoeri»
Jesusen Berri Ona guzizko errespetuarekin bakarrik komunika daiteke, jarrera adiskidetsu
eta haurridezkotik, bakea kutsatuz. Oker handia da goratik ezarri nahi izaitea, mehatxuka
edo erresuminez. Anti-ebanjelikoa da presunari maitasunik gabeko tratua emaitea, soilik
gure mezua onartzen ez duelako. Baina nola onar lezake, baldin eta Jesusen izenean
aurkezten girenek bera ez dugula ulertzen sumatzen badu?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu