Izana bat, izenak bi

By , 2018/02/20 13:31

Biziak ez du deus balio   

baina deusek ez du biza balio.

 

Ostatu zola-zolan, erdi ilunbean, neska mutil maitaleak jarririk daude, elgarri hurbil, maitekiro, nehoren axolarik gabe.

Laguna eta ni, bi mutilak, jartzen gira diskretuki ate ondoan, kanpoan, terrazan.

 

Nik(K) –  (Adiskideari neska seinalatuz)  Begira, begira neska nola jarria dagon mutilari datxikola amultsuki, gatu bat bezala korrobilkatua. Badea posible! Atzo berean neska hori nire besoetan naukan, ezin goxokiago.
Adiskideak(A) – (iriño batekin) Bihar arratsaldean berean harekin berarekin dut hitzordua, parkeko xokoan, haritz pean.  Berantetsia nago noiz sendituko neskaren hurbiltasun xamur hori!

 

N – (Ahapetik) Begira nola matela perekatzen dion… eta orain, haurrak bezala pusaka ta bultzaka, eta … ikus nola edalontzi beretik edaten duten bi-biek.

A – (baso hegia milikatuz) Bihar listua nihaurek  jastatuko diot, baso hegitik. Hitz dautzut ontsa milikatuko dutala.

 

N – Begira, zoin amultsuki  so egiten dion begia ñirñir. Bazinaki atzo berean zein amoroski begiak begietan jaten ninduen.

A – Bihar ni nauzu haren begi urdinetan murgilduko.

 

N – Entzuten ? Kantuño bat xuxurlatzen dio beharrira. Bihotzean dut oraino atzo berean xarramelatzen zitzaizkidan maitasunezko hitzak.  Behar bada hitz ber-berak ditu. Beha’zu horri!

A –  Bihar ene aldi! Jadanik kilikak senditzen ditut baharri xiloan…

 

N – To! Orain so egiezu ! Besarkatzen ari dira. Atzo zen oraino biak luzaz besarkaturik  ginaudela.

A – Bai eta bihar atseginekin ene besotan hartuko dut.

 

N – Andere bihurria, nahasia ! Sordeisa ! Urdanga arraioa!

A –Zaude hortik!  Honen izena badakikezu.  Badut aditzea “BIZIA”deitzen dutela.

N – Ez gaizki zira!   Aspalditik  badakit andere gazte honek “HERIOA” duela izena.

A – Bai, hain zuzen! Izenak bi ditu baina izana bat.  Alderdi bi, natura bera. Herioa Biziak bere bihotzean dauka, udaren baitan negua bezala, ibaiaren isurian itsasoa, gereziaren barnean hexurra. Fruituaz behar zira baliatu. Bizia, oparia duzu, egunero eskainia zaizuna,  maitale xamurra  bezala. Bizia maitatu balin baduzu herioak irripar batez ordainduko zaitu.

N – Alderdi horrek  gohaintzen nau !!

A – Ez da probetxurik ! Bihar, etzi, ezti-damu edo noizbait, beste zerbait presatuagoa egiteko balin baduzue ere,  Herioa etorriko zaizu. Eskutik hartuko zaitu eta segituko duzu bizitzan egin duzun ogi-espal ederra eskuetan. Zergaitik arranguratu aintzinetik ?

Hortarako Biziak eman graziak, atseginezko,  zoritxarrezko edo dena delako, osoki bizi behar dituzu. Baliatu ez duzun grazia ustelduko da.

N – Zer erran nahi duzu grazia ?

A – Grazia ? Zortea duzu, ustegabekoa zerbait gisaz, ona edo txarra. Jainkoaren eskua duzu, hor, ixilean lanean, deika dabilkizuna. Maitale batek bezala, egun bakoitz, mirakuilu ttikiak eta miseriak eskaintzen dauzkizu, xamurtasunez balia ditzazun. Jainkoa baita bizitzaren neurri osoa. Jainkoa gabe bizitza ez da arras bere heinerat heltzen eta Jainkoarekin,  bizitza  den baino gehiago da. Eta bistan dena heriotzaren gainetik doa. Ama Terexak ziona errepikatzen dautzut : “Bizia xantza bat duzu ! Harrazu osoki!” Eta kitto.

 

Johanes Bordazahar

Klima-erronka eta “Eliza Berdea”

By , 2018/02/14 09:16

Klima-erronkaren eta “Eliza Berdea” labelaren aurkezpen topaketa.

Martxoaren 17an, larunbatez, goizeko 9.30etarik goiti, Euskal Herri iparraldeko parropia, tokiko Eliza, obra-on, mugimendu, monastegi edo/ta kristau erakundeak topaketa batean parte hartzera deituak dira Angelun (Notre Dame Dame du Refuge), trantsizio ekologikoa eta klimatikoa gaitzat izanik. Topaketa hunen helburua bikoitza da:

– gizadiak gainditu beharrak dituen hil ala biziko lehiak eta klima-erronkaren premiazko egutegia aurkeztea. “Bizi !” tokiko elkartea 2009az geroztik klima aldaketaren kontra eta justizia sozialaren alde lehia bizian ari da: esplikatuko du zergatik ezinbestekoa den berehalako egikunde zabal bat bideratzea, gaur egungo izadia giza-bizitza zaila bihurtuko duen bestelako klima batean eror ez dadin. Maila hortako eginkundea burutzeko, premiazkoa da jendartearen sektore guzien inplikazioa.

– “Eliza Berdea” labela aurkeztea: Laura Morosini anderearen esku (energia-trantsizioa bideratzeko sortu zerbitzuaren nazio mailako animatzaileetarik da).

 

Eliza Berdea Labela

2017ko irailaren 16an, Parisen, Frantziako apezpiku ortodoxoen Batzordeak, Frantziako apezpikuen Konferentziak, Frantziar kristau eliz Kontseiluak eta Frantziako protestant Federazioak, ofizialki estreinatu dute Eliza Berdea Labela (https://www.egliseverte.org/). Nazio mailako tresna hau, Kreazioarenganako errespetua bultzatzeko asmoz, beren bihozberritze ekologikoa bidean jarri edo indartu nahi duten kristau komunitate guzien esku dago. Labela hainbat lurraldeetako (Suitza, Erresuma Batua, Kanada, Alemania…) esperientzia probetxugarrietan bermatzen da. Linea bidez egin eko-diagnostiko bat proposatzen du “heina” neurtzeko eta urtetik urtera aitzina egiteko. Bost alor nagusitan oinarritzen da: Ospakizunak eta katekesia, Eraikinak, Eremuak, Engaiamendu komunitariar eta orokarra, bizi eta kontsumo Moldea. Diagnostiko hau 2017an hamar eliza aitzindaritan probatua izan da eta hobetua komunitateen aniztasunari egokituz.

 

Lehiatu, hemen eta orain

Bi aurkezpen hauen ondotik, tailerrak antolatuak izanen dira ondoko hilabetan, ahal bezainbat Eliza Berde urraspide nola tokian berean abian jarri daitezkeen gogoetak egiteko. Multxo ttipietan lan egingo da, komunitate errealitate berdinak (parropia, elkarte, obra-on, mugimendu, erakunde…) bizi dituzten presunen artean bilduz, Eliza Berdea Labela urratsa nola bultzatu aztertzeko xedearekin. Goizaldia 12.30etan bururatuko da. Motibatuenak eta denbora dutenak gelditzen ahalko dira apairua partekartzeko, bakotxak ekarriz besteekin partekatzeko jangai bat (baso eta mahaiko birerabilgarriak). Topaketaren antolakuntza praktikoa errexteko, galdegina da izena aitzinerat emaitea, orri hunen bidez: “Eliza Berdea” labelaren egunarentzat izen ematea

Argibide edo xehetasun gehiagorentzat, info@bizimugi.eu helbidera idatzi.

 

Topaketa hunen lehen ko-antolatzaileen artean : Bizi ! elkartea; ACAT-Groupe de Bayonne; ACI Côte-Basque-Béarn; Baionako Andre dena Maria parropia; Baionako Saint Vincent de Paul parropia; CCFD-Terre Solidaire; Chrétiens en Monde Rural-Herri Ekintza; Diozesako Erakaskuntza Katolikoaren Zuzendaritza; Eclaireuses et éclaireurs unionistes de France; Eglise protestante unie de France; Elizan Mintza; Largenté Ikastetxea; Forum des Chrétiens en Mouvement au Pays Basque; Fraternité Franciscaine (Bayonne); Fraternité Séculière Charles de Foucauld; Lapurdi Irratia; St Pierre de Nive-Adour parropia; Scouts et Guides de France.

 

Prentsa harremanak : Nadia Savin Benesteau 06 31 71 62 98 (Eglise protestante unie de France ) / Xabi Camino 06 13 81 92 69 (Bizi !) / Thibaud Godin 06 08 11 87 89 (Scouts et Guides de France) / Peio Ospital (Chrétiens en Monde Rural – Herri Ekintza).

Nor diren Palestinarrak

By , 2018/02/06 16:48

Kanaango lurra Jaunak eman zion. Abraham apalik etorri zitzaion bere leinuarekin, Iraketik omen. Kanaandarren artean eztiki sartu zen, poliki poliki lekukotu nehor haizatu gabe. Hilobia tokiko norbaiti erosi zion, eta hezurrak hor ditu lurperatuak, herritarren lagundian.

Ez zen errege bilakatu, ez zuen armadarik ukan, ez meneko apez nagusirik, ez eta profeta saridunik. Pribatuki bizi izan zen artzainburu, iragaileak haziz urririk. Sodoma salbatu nahi zuen, ez zuen erdietsi, baina Jaunak seme bat salbatu zion usaia zaharreko sakrifiziotik.

Abrahamen jabegoa izpirituala izan zen. Etsenplu onik eman zuen fededunki, eta fededunen arbasoa dugu: judio, musulman eta giristinoen aita.

Bi seme ukan zituen, Ismael eta Isaak. Gehiena Ismael, odolez arabiarren aitzindaria, fedeaz musulman guziena, bi horientzat Abrahamen oinordeko nagusia. Juduentzat ordea zuzenak alderantziz eta ifrentzuzkoak dira: Ismael bastarta da, Agar sehi arrotzaren haurra, beraz Isaak odol garbikoa Abrahamen oinordeko bakarra.

Kontua da biak anaiak direla, prodigoa eta premu fidela bezala: bakoitzak aitaren etxean eta amaren lurrean bere partea behar luke. Hortik aharra gorria, familiako guduka, denetarik mingarriena. Ai Palestina eta palestinarrak, beren sorlekuan arrotz eta sehi !

Bibliak dion bezala, Nabukodonosor erregearen armadak Jerusaleme hartu zuenean “erbesteratu zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, bai eta Babilonako erregearen alde jarri zirenak eta gainerateko jendea ere. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak lan zitzaten” (Erregeen liburuan, 25).

Eta berantago, erromatarrek Jerusaleme berreskuratu zutelarik bi aldiz, Palestinako landa besorik gabe utzi zutena beren kaltetan ? Zentzu onak dio Babilonako erregeak bezala hiritarrak eta bereziki jaunak haizatu zituztela, juduen diaspora garatuz, haatik laborari mundua bakean utzi zutela beren armadaren hazteko eta zergen ordaintzeko. Parte handi bat giristinotu zen.

Historiazale berri batzuen arabera, horien artean israeldar zenbait lehen lerroan daudela, halaber gertatu zen Mahometen zaldunak Palestinatik pasatu zirenean konkista zabalago baterako bidean, hots laborariak hor gelditu zirela eta erlijio berrian sartu: ez ote zutena ber Jainkoa ? Baina jendetzaren zati bat giristino egon zen. Batzuek eta besteek nausi berrien hizkuntza ikasi zuten: arabiera. Horri esker orain mundu osotik etorri berri diren israeldarrek “arabiar” deitzen dituzte betiko palestinar horiek, tokian egon ziren hebrear-aramear zaharren ondokoak, inbasore konkistatzaileak balira bezala.

 

Jean-Louis Davant

 

HEGALKA

By , 2018/01/31 10:44

Ahurtiko bazterrak urpean dire. Landak aintzira bilakatu dira, zubi azpiko errekak uhausin iduri du.

Denetan ura, lurrak ezin edan duen ura. Inguruan diren baratze eta oihanak, uholdeak gorde ditu. Ixiltasuna zabaldu da eta gure begi-beharriak harrituak daude. Toki ezagunak arras aldatuak dira, bertzelakatuak eta behatu gabe egiten den bideak, kasu eta ikusmin galdetzen du. Bidea ur gainean dela iduri du, arbolak begiratzen duela, hegiz hegi jotzen du Belokeko abadira.

 

Kaskoan, aterbea agertzen da. Hola izan ote zen Noeren denboran ? “Mundua gaixtakeriaz eta indarkeriaz betea zen, denek jokaera makurra baitzeramaten. Jainkoak, mundua hain gaixtotua ikustean, Noeri erran zion “Izaki ororen suntsitzea erabaki dut, jendeen hobenez mundua indarkeriaz betea baita; jendeak eta mundua biak suntsituko ditut… Nik uholdea igorriko dut mundurat, zerupeko bizidun guzien suntsitzeko. Munduko izaki guziak hilen dira. Bainan zurekin elkargoa eginen dut”. Uholdea etorri zen eta Noe eta bere emaztea, heien seme-alabekin, sartu ziren beren itsasuntzian bai eta bizidun guziak binaka. Urak gutituz joan zirelarik, Noek uso bat igorri zuen, urak lurrean gutitu ote ziren jakiteko. “Bainan usoa, aztaparrak nun pausa ez aurkiturik, ontzirat itzuli zen oraino ura baitzen lur-azalean. Beste zazpi egun beha egon eta berriz igorri zuen usoa ontzitik. Arratsean etorri zitzaion, olibondo-adartxo moztu berria mokoan. Hortik jakin zuen Noek urak gutitu zirela lur gainean”.

 

Hegalka etorri usoak berri ona eman dio Noe eta bere emazteari. Hegalka etorri den urtxoak berri ona ekarri du kaxkoan den Belokeko abadira urte hastapen huntako igande batez.

 

Arratsaldean, hasierran, itxaropena, jakin-nahia, gutizia, leialtasuna erakutsi dira jendeen artean. Jende motibatuak eta egun hortan libro zirenak hurbildu dira kasko hortara. Bakea kantatzea edo bakeari buruz otoitz egitea, ez da berria. Bizkitartean, igande hortan senditu dena, berria izan da. Itxaropena sinesmen bilakatu da. jakin-nahia segurtamen izan da, gutizia errealitatea egin da, leialtasunak engaiamendua sortu du.

 

Haize firfirak gogoetako lainoak kendu ditu

Hats berri batek sendimenduak biziarazi ditu

Arnasak, hitzak bezala, pentsaketak arindu ditu.

 

Bakearen alderako esperientzia bat izan da. Elgarrekin otoitz egiteak, Jainkoaren hegalpean ezartzen gaitu, Jainkoa batasun egile izanez geroz. Harek ditu gauzak kudeatzen. Jendeen lekukotasunak entzuteko, heieri ongi etorri egiteko eta errespeturekin onartzeko. Izpiritua hegalka etorri da.  Beldurra eta zalantza haizatu ditu, aiherkundea baztertu eta bere gozotasuna ufatu. Ondorioz, Jainkoaren laudorioak erraitea bezperak kantatuz, besta bat izan da.

 

Uholdea bukatzen delarik, leihoak eta ateak idekitzen diren bezala, bakeak bihotza eta adimendua idekitzen ditu. Arintasun bat senditzen da gorputzean. Begitartea goxatzen da eta kopeta argitzen. Hitzak lañoki ateratzen dira eta harremanak eztitzen. Bakearen Jainkoak hau dio Noeri bezala: “Atera zaite ontzitik emazte, seme eta errenekin ! Atera zeurekin dituzun bizidun guziak ere: xori, abere eta herrestari guziak. Zabal bite munduan, sor umeak eta ugal bite”.

 

Maite Irazoqui

KONTSERBATISMOAK ATERABIDERIK EZ

By , 2018/01/27 07:32

Adiskide batek gidaturik, eskuratu dut hiru goi-mailako unibertsitate-ikasle gaztek berriki argitaratu duten liburua. Izena dute Pierre-Louis Choquet, Jean-Victor Elie eta Anne Guillard. Liburuaren izenburua da “Plaidoyer pour un nouvel engagement chrétien” (Ed. De l’Atelier).

Hiru atal edo zatitan egiten dute kristau engaiamendu berri baten aldeko aldarrikapen eta dei beroa. Hiru atal hauek zuenganatzera lehiatuko naiz eni doazkidan hiru artikulutan. Lehen atalaren izenburua da “Kontserbatismoak aterabiderik ez”.

Sar-hitzan berean idazleek diote kristau askok beren fedea ulertzen dutela gaur egun munduak sortzen dituen griñabideen kontrako hesi edo harresi bezala. Zorroztasun eta nortasunezko katolizismoa aldarrikatuz, erlijionean bilatzen dute bizikidetzaren ikuspegi segurtagarri eta ordenatu bat. Ondorioz kontserbatismora jotzen dute, bizi ditugun aldakuntza antropologiko eta sozialek andeatu ez dezaten eskutan dugun balore burutuen ondarea. Aldi berean islama ikusten dute soilik buru egin behar zaion mehatxu bat bezala.

Horren parean, ikasle gazte hauek diote: “Gu, kristau gazteak izanik, uko egiten dugu gisa hortako gurutzada moral batean sartzeari… Alderantziz, ebanjeliozko griñak sustaturik, mundua ulertzera lehiatzen den kristatasunaren lekuko izan nahi dugu, eta ere behartsuenen garrasiaren eta Lurraren hersturaren entzule.”

Horrek behartzen ditu kristauak lehentasunen hierarkia berri bat jartzera, norberaren garapen askea bermatuko duena guzientzat bizigarri izango den Lurrean. Sekula ez bezalako paradigma aldaketa baten aintzinean gertatzen gira: ohartzen ari gira Lurra, suntsiezinezko oinarria izan ordez, bizitoki guziz hauskorra dela. Horrek eramaiten gaitu bai Kreazioaren bai Inkarnazioaren zentzua ber-aurkitzera. Kristau engaiamendu berri baten aukeran gertatzen gira: munduaren bidera joaitea, Jainkoarekin topo egiteko menturan. Hori deblauki esperantzaren alde jartzea da. Horrek eramaiten gaitu kristau guneez haratago elkarrizketa toki baten zabaltzera, justizia eta zentzu bilatzaileekin bat eginez elgarrekin aritzeko bideak bilatzeko.

Hunek guziak erlijionea eta politakaren arteko harremana aztertzera eramaiten gaitu.

Gauza argia da F. Hollande-n hautapenak, 2012an, balore tradizionaleei atxikiak diren frantziar katolikoen mobilizazioa ekarri zuela. Gogoan ditugu “La Manif pour tous”-en manifestaldiak. “Sens commun” mugimenduak lagundu zuen F. Fillon eskuin alderdiko primarioetan garaile ateratzen, eta, neurri batean, “Trocadéro”ko arrakasta bermatu zuen. Gisa hortan gai sozialak politika jokoaren erdian kokatzeko bere gaitasuna agertzen zuela. Manifestaldietan parte hartuz, eskuin muturreko edo katolizismo ultra-kontserbadoreko buru notable batzuek biktima jarreraren garapena bultzatu zuten. UMP/LR mugimenduak eta ere Frente Nazionalak etekinak atera dituzte hortik. Dominique Rey, Toulon/Fréjus-eko apezpikuak, Marion Maréchal-Le Pen gomitatuz 2015eko Sainte-Beaume-ko udako unibertsitatera, arrunt (ohiko) bilakarazten zuen gisa hortako jokaera. Ondorioz, alderdi hoiek aurkitu dute hor nolabaiteko geriza edo zilegitasun moral bat. Aldi berean, ezkerreko alderdieri buruz prudentzia baino gehiago mesfidantza zoakioten.

Hori guzia ikusirik, iduritzen zaigu beharrezkoa eta premiazkoa dela katolikoek bestelako jarrera bat har dezaten politikan, behartsuen eta Lurraren garrasiek toki har dezaten arlo politikoan. Aita Sainduak Laudato Si entziklikan (§62-63) garbi azpimarratzen du beharrezkoa dela kristauen eta sinesgabeen – edota bestela sinesten dutenen – arteko lankidetza pratikoa sustatu.

Ordua da kontserbatismo idorretik topaketaren arriskura pasatzeko. Munduarekiko elkarrizketa hortan gure burua arriskuan jartzera deituak gira, aintzinetik jakin gabe zer ikasiko dugun hortik, jakin gabe ere nola tokiz aldatuak izanen giren.

Kristo piztuaz eman nahi dugun lekukotasuna ez da entzungarri izango baldin eta  gure garaiko gizon-emazteekin partekatzen dugun hizkuntzara egokitzeko arriskua hartzen ez badugu, jakinik (eta onarturik) kultura horretan Jainkoari erreferentziak premiatasuna galdua duela. Erronka da sinestea gure fedea handitua aterako dela altertasunen arteko proba hortarik. Azkenean, esperantzaren erronka da. Hitz batez, kontserbatismo antzuaren ordez esperantza pizgarria.

 

Peio Ospital   (2018-01-22)

Zer dugu guk gehiago?

By , 2018/01/17 17:32

Arranoak airean gora goratik ikus dezake pentzean saturdina eta brixtan harrapa; guk ezin hauteman selauruko bihian arratoi taldea karruskan… Gepardoa Afrikako zelaietan 120 kilometro oreneko abiaduran; Usain Bolt, amerikar lasterkari zaluena fleitean, 40 kilometrotan ere ez… Ainarak, kilometroak eginik milaka munduan barna, barruki berean iazko habian erruten; gu hiriaren bestaldean maparik gabe galtzen…

Zergatik Jainkoak ez ditu arranoaren begi zorrotza, gepardoaren zalutasuna, ainararen hegaldaka ibiltzeko gaitasuna, hots, izadiaren ahal guziak denak batean gu gizakien baitan bildu, animalia guzien artean garatuenak girelako? Zergatik ez gu ere hegaldunak, ainara bezala? Fini orduan ibilgailuak, bide sariak, radarrak, prozedurak, istripuak eta alkotestak! Animaliek nasaiki aurkitzen badute naturan nahiko hazkurria, zergatik Jainkoak ez du gauza bera onartu guretzat? Orduan bai akabo supermerkatuak, fini ereite, uzta, lursagar biltze eta bizkarreko minak! Guk zoritxarrez lanari gogor behar lotu gure ogiaren irabazteko, jakinez gainera ez dela lanik denentzat…

Jendea kreatzean, Jainkoak erran du: “izan bedi gure iduriko, gure eiteko(Hasiera 1, 26). Haren iduriko, Haren eiteko egin bagaitu, zergatik gira ba hain mugatuak, hain ahulak? Zergatik goseteak eta izurriteak, minbizia eta Alzheimerra? Testamendu Zaharreko beste pasarte batek, ulertu ezean alegia, bete-betean gogorarazten dauku: “…jendeak, ordea, hauts eta errauts baizik ez dira (Ben Sirak 17,32). Ez dea ba hor sekulako kontraesana, Jainkoari dena posible bazaio? Alde batetik jendea Jainkoaren iduriko eta bestetik hauts eta errauts?

 

“Zer da jendea, Zu hartaz arduratzeko?…” (Salmoak 8,5) gogoetatzen du alta salmoen idazleak. Jainkoak ematen ahal zizkigun gorago aipatutako ahalmen guziak baina ez zaio egoki izan. Haren iduriko, Haren eiteko egin gaitu, nahiz garen hauts eta errauts, dohain neurtezinezko bat emanez, animalia guzietarik bereizten gaituena: Eman dauku BIHOTZ bat! Ez haragizkoa, gure animalia haurrideekin partekatzen duguna eta noizbait lurpean behin betiko ustelduko dena, baina barnekoa, barne-barneko BIHOTZA (edo maitasuna), Jesusek berak gizon egitean jantzi duena! Haren iduriko, Haren eiteko BIHOTZA (edo maitasuna), zerura gurekin eramanen duguna!

 

BIHOTZ (edo maitasun) hori, Jesusi lotzen gaituena, Jesusek mugarik gabeko bururaino eraman du guretzat, gurutzeraino. Saindu handienek ahuspez sumatu dute, hala nola, urrun joan behar gabe, Mixel Garikoitzek – “apez saindua” izengoitiz Kanbon – Betharrameko Jesusen BIHOTZ Sakratuaren kongregazioaren sortzaileak.

«Hau nere gorputza da, zuentzat emana. Egizue hau nere oroigarri» (Luk, 22,19) erran du Jesusek. Hitzez-hitz hartzen baditugu Jesusen erranak setati eta temati zulatu nahian misterioa, zientzialariak iduri, nola deabru ogi eta arno bilaka daitezkeen gorputz eta odol, Jesusen BIHOTZA (edo maitasuna) bazterrera utziz, Jesusek BIHOTZEZ (edo jendeen maitasunez) mugarik gabeko bururaino, gurutzeraino egin duena ahantziz, orduan “transubstantziazioa” eta holako bihurrikerietan eror gaitezke…

 

Izanik aberats ala pobre, boteredun ala xume, atzo Jesusen denboran ala gaur ere berdin, BIHOTZ (edo maitasunik) gabe harrak baizik ez gira, animalietan dohakabeenak… “Jendeen eta aingeruen hizkuntzez mintzaturik ere, maitasunik ez badut, brontze dulundaria edo zinbal burrunbaria baizik ez naiz. Profezi dohaina, misterio guzien eta munduko jakintza guziaren ezagutza, bai eta mendiak lekuz aldatzeko fedea ukanik ere, maitasunik ez badut, deusik ez naiz. Dutan guzia behartsuen artean partekatu eta neure gorputza erretzera emanik ere, maitasunik ez badut, hori deusetako ez dut.” (1 Korintoarreri 13,1-13).

David Acheriteguy

Memorioa, iraganaren geroa.

By , 2018/01/03 17:50

Memorioa

Memorioa, iraganaren geroa.

 

Mikel deitzen den mutiko koxkor  hau herriko erretira-etxe,  edo  hitz arruntez deitzen dugun zahar-etxe ondoan bizi da. Ttipitatik etxe honen inguruetan dabila. Denek ezagutzen dute, eta denak ezagutzen ditu.

Eskolatik landa maiz xaharren artera ausartzen da. Clementine andereari , pianoa jotzen duelarik, miretsia egoiten zaio entzuten. Maixan andereari, urritzezko makila hartzen dio eta eskuetan firrindan itzulikatuz “makilaria”-rena egiten.  Gehexanek aldiz beti badu pilotako ixtorio bat orroitarazteko. Inaziok, pasatzean besotik harrapatzen duelarik, beldurrezko otso ixtorioak kondatzen dizkio, ahots ozen ikaragarri batekin. Josefina aldiz bere xokoan  jarria egoiten da, beti ixilik. Mutikoak maite du honen begi eztien soa.

 

Gaur, afari denboran Mikelek entzun du amak aitari erraiten, hasperen batekin : “Gaixo” Josefina!

  • Ama ? Zergaitik erraiten duzu “Gaixo” Josefina ?
  • Andere Josefinak, memorioa, oroimena galdu baitik !
  • Ama! Zer da oroimena ?
  • “Oroimena” duk hire buru xokoan, atxikitzen ditukan ohidurak, hitzak, gertakari bereziak, jendeak… mila  irudi, usain eta nik dakita… Burua liburutegi bat liburuz betea  bezala duk !

 

Biharamunean, erretira-etxean, Mutikoak Gehexani galdatu dio deplauki :

  • Zer da oroimena ?
  • Orroimena duk… gauza zaharrak gutan bizi ditugunak! Badakik : trebetasun bat bildu dukana, gero gauza berrien sortzeko dukan ahalmena.

Mutikoak ez du ulertu eta Clementine-i galdatu dio :

  • Zer da oroimena ?
  • Buruan mila gauza baditiat, aspaldikoak, farfailak, irringarriak… puzzle bat bezala. Iduri zaitak burua dutala tupina huts bat, dilin, dalan, dena musika. Inazio! Erraiozu zuk zer den  “Oroimena” ?
  • Oh! Enetzat ? Oroimena ? Lanbroa !

Maixanek gehitu dio ahapetik  :

  • Mutikoa ! Oroimena, altxor bat duk. Urrea balio dik !

Klarak, erizainak, Mikeli keinu egin dio hurbiltzeko :

  • Putil, oroit hadi heure oroitzapenak aintzinean ditukala. Hire ametsak dituk!

Zuzendariak Klarari bulegotik oihuz :

  • Zer nahi du mutiko horrek ?
  • Nahi du jakin zer den oroimena !
  • Erraiozu hemen oroimena eskas dugula eta amnesia  sobera !!

 

Etxera itzuli delarik, Mikelek, erretira-etxeko izeian dilindan ezartzeko hartu ditu, nahas-mahas, pilota borobil urdina, Konpostelako itsas maskorra, Lourdes-eko medaila bat. Andere Josefinari  erakutsi dizkio :

  • Hau broileria !! Zer ekartzen daukuk hor ? Oi, oi, maskorra !

Josefinak beharrian eman du.

  • Entzuten diat itsasoa. Orroitzen nauk lehen aldian itsasoa ikusi nialarik Biarritzen, hondartza kaldan… ura gazia…

Eskuetan hartu medailari begiratu diolarik, begi eztien hegian malko bat agertu zaio. Pilota eskuraturik bat batean :

  • Oi … eta hau? Pilota ! Gure eskolako pilota bezala! Ah zein ontsa jostatzen ginen lagunekin!

Eta trakeski bota dio pilota Gehexani. Gehexanek Inaziori. Honek huts egin eta denak irriz karkailaka, trikili-trakala, pilotaren gibeletik…haurrak bezala hasi dira.

Haur txar bat dela medio xaharrek elgarrekin memento goxo bat  bizi izan dute. Maskor bati esker, Josefinari oroimena piztu zaio.  Orroitzapen ederrenak oraino arrapiztekoak baitituzte. Bizia errotik bizi behar baitugu, une bakoitz; opariak irekitzeko dugun gutizia berarekin. Gogoratuz nor nahi izanik ere  gaur bihar baino gazteago girela. Beraz, Esperantza eder batek bizi zaitzatela urte berrian zehar !!

Johanes Bordazahar

Palavra Viva

By , 2017/12/20 08:05

Palavra Viva, izen arrotza hain segur asko irakurlerentzat. Euskararat itzuliz eman dezake “Hitz bizia” edo kasu huntan hobeki “Engaiamendu bizia”. Izen horrekin ezagutzen dugu orai Baionako diozesan emazteki gazte talde bat. Talde hunen berezitasunak: ez dira serorak, baizik laiko batzu bizi kontsekratu batean. Emazte gazte horiek hitza emana dute edo engaiatuak dira beren bizi guzirako jende xumeen moldean bizitzerat, Ebanjelioaren hedatzerat, beti garbi egoiterat, obedientzian segitzerat eta otoitzari jarraikitzerat. Sei kidek osatzen dute diozesa huntako taldea, Brasildarrak dira sortzez, 25-30 urte arte hortan denak, Baionan bizi eta ez dute hemen gaindi beren familiako nihor. Halere segereturik sobera salatu gabe, baten izen ttipia Naiara da, izen bat Euskal Herrian orai hedatua dena eta beste baten abizena Duharte, hau ere hain segur garai batean Hego Ameriketatat joan zitaikeen euskaldun zonbaiten ondokoetarik.

Palavra Vivako lau kide

Aipatzen dugun misionest lan hortaz bestalde ez dute bertze ogibiderik. Seietarik lauk aste oso bat pasatu dute duela zonbait aste Errobiko Salbatore parropian. Bisitatu dituzte bi ikastetxe girixtino, Uztaritzeko San Frantses kolegioa eta San Josep lizeoa, bakotxari hiru oren laurdenez beren lekukotasunak ekarriz, beren mezua hedatuz. Harrera biziki ona ukan dutela ikasle eta irakasleen ganik aitortu dute. Bisitatu dituzte parropiako abesbatza, erretira etxe pare bat, katiximako haurrak beren irakasleekin, hein hortako haurrer doatzin hitzak erabiliz. Familia zonbaiten baitan ibili dira, aratsetan bereziki. Denbora berean Brasilgo bizimoldeaz eta hango ohidurez aberastu gaituzte, zonbait dokumentu zabalduz eta hazaroaren 11n, larunbat aratsarekin, Lapurdi gelan eman kantaldiarekin. Egunero mezan parte hartzen zuten parada zutela hor parropiako bost elizak ezagutzeko. Hazaroaren 12ko mezan lekukotasun oso hunkigarria ekarri dute apezaren hitzaldiaren ondotik, batek lehenik portuges hizkuntzan emanez eta lagun batek segidan frantseserat itzuliz. Alabainan dabilaten hizkuntza portugesa da eta oraino lauetarik bik ez dute beste hizkuntzarik menperatzen. Emazte talde hau Baionako apezpikutegiaren babesean bizi da. Misionest moduan ibiltzen dira parropiek gomitaturik. Jada Uztaritzen izanak ziren 2014ko Eguberri inguruan. Molde berean ibiliak ere dira Kanbon, Miarritzen, Hendaian, Donibane Lohizunen, gehien bat Lapurdi eta Kostaldean. Gogoa dute ere barnekaldeko parropietarat eta ere Biarnorat gehiago sartzeko.

Erkidegoaren sortzea – Palavra Viva sortua da 1995ean Brasilen, Curvelo hirian, Alysson Norberto Da Costa sortzailearen inguruan, dozena bat laikorekin. Ihauteriko besta batzuren ondotik ohartu ziren hango bizimoldean Ebanjelioak bazuela nun zer egiteko. Bainan laiko horiek ba ahal zuten ahala Berri ona zabaltzeko ? Vatikano II kontzilioak erantzuna jada ekarria zuen: Zeruak mandatu bat eman du elizari mundu osoan Berri ona hedatzeko eta dizipuluak lortzeko. San Frantses Asiskoaren eta Jesus Haurraren Terexa sainduaren biziak beti dira Palavra Vivarentzat etsenpluak eta indar handienak hartu bidean. Brasildik atera dira emeki emeki eta 2003an hedatzen hasi Europan, bereziki Frantzian (Avignon, Périgueux, Lyon, Baiona) eta Italian (Lugano, Erroma). Lehenbiziko lau kide Baionara etorri ziren 2010ean eta  beren misionean finkatuak 2011ko martxoan katedralean izan zen meza berezi baten ondotik. Beren lekukotasunen eta beren fedearen garra ikusiz dudarik ez da behar gutarik bakotxak dugula oraino gure bizian zer ikasia.

Beñat Soulé     

BAKEAREN EGILE

By , 2017/12/16 14:42

Euskal Herria eta Euskaldunak bakearen prozesuan sartu dira, eta bide hortan urrats ainitz, baliosak eta gotorrak ari dira finkatzen. Bat bertzearen ondotik, nehor ahantzi gabe eta denen onetan.

Hitz bat edo konzeptu bat definitzeko, zer den erran ditake eta hola hitzaren arloa mugatzen da argi eta garbi ; edo zer ez den erran ditake, eta manera hortan arloa zabal heda ditake bai bakotxaren ikus moldean eta esperientzian, bai jendalde baten historian. Sentsu huntan, bakea ez da behin betikotz finkatua den egoera bat. Bakea ez da erosten, ez da saltzen ; erabakia hartzen da bakea egitea.

Bakeak sormena galdetzen du. Zoin den errex norbaiten kolpeari, ostikoari, hitz okerrari, bertze hainbertze emaitea eta ahalaz gehixago ! Nork du arrazoin ? Nor da haundiena ? Lehen ereakzioa da bertzeari erakustea ez dugula holakorik merezi eta kolpe txarraren neurria ezartzea fermuki, eta fermutasun hori indarkerriaren bitartez emaiten da espontaneoki, edo bere baitarik.

Bortizkeriarik ezaren bideak, Jean François Bernardinik erakutsi ditu mintzaldi batean Uztaritzen. Ikusiz zenbat indarkeria, bortiztasuna ibiltzen diren jenden artean, eguneroko bizian, nahi izan ditu bake eta errespetuaren bideak ideki eta lehen lehenik segurtamen batzu orroitarazi : « Armak, gezurrak dira. Armak ez dute sekulan egiaren bidea ideki ».  Marie Balmaryk dio : « Hiltzaileentzat, hil direnentzat bezala, hilketa hilkor da ».1900 eta 2005-a artean, 123 gatazka eta gudu izan dira munduan eta ohartu dira bortizkeria ezana bi aldiz hobeagoa izan dela gudu horiek bukatzeko eta bakea luzaz atxikitzeko. Ez gira bortizkeria eta kolera ezeztatzeaz edo kentzeaz mintzo, horiek gure baitakoak baitira, bainan heien aditzeaz eta kudeatzeaz. Norberaren baitan diren bortizkeria eta kolerari bertzearen errespetua hararazi. Mespretxua eta zuzengabekeria dira oroz gainetik gerla eta bortizkeriaren osagaiak.

Beraz, errespetua eta zuzentasuna izanen dira lehen urratsak bortizkeriatik ateratzeko. « Bortizkeriarik ezana etxean, karrikan, lanean, plazetan, denetan asmatzekoa da eta asmatzen da ». Egia ezarri ondoan, kontzientzia hartu bere baitako sendimenduaz eta hori « bertzen alderako ekipamendua » deitzen du. Sentikortasunezko adimendua da gure gidaria, gure baitako sendimenduak ontsa ezagutzea adimenduak kudea ditzan.

Eta hirugarrenekorik, karra, edo suhartasuna, hori baita burumuinaren ongailua.

Bakea egitea lana da. Ez uste izan denak laño eta jabal, denak aise eta laño ukaitea dela bakea. Jesusek berak erran du : « ez uste ukan munduari bakearen ekartzera etorria naizela ; ez naiz bakearen ekartzera etorria, ezpataren bai »[1]. Bakea erabaki bat da eta norberaren baitan guduka bat sortzen du, sendimenduak eta motibazioneak argitzeko : Egia edo gezurra ? Ona edo txarra ? Mespretxua edo errespetua ? Zuzena edo faltsua ? Athenagoras, Constantinopleko patriarkaren hitz hauek, baliosak dira bakea egiteko norbere baitan.

Ez naiz gehiago deusen beldur

Gerla zailena, norberaren kontrakoa.          

Arma gabetzera heldu behar da.                  

Gerla hori, luzaz ereman dut,                       

ikaragarria izan da                                       

Bainan armagabetua nago.                          

 

Ez dut deusen beldurrik

maitasunak haizatzen du beldurra

Arrazoi ukaitearen nahikundeaz,

nere buruaren xuritzeaz bertzen bizkar ,

armagabetua nago

Ez naiz gehiago ene aberastasuneri artoski lotua

 

Errezebitu eta partekatu.

Ene ideia eta xedeeri ez naiz baitezpada atxikia.

Hobeagoak, edo ez, ez hobeak,

onak aurkezten badituzte,

onartzen ditut, dolurik gabe.

 

Konparatiboari uko egin dut :

Ona, egia, erreala, neretzat hori da beti hoberena.

Horren gatik, ez naiz gehiago beldur

                                                                                              Maite Irazoqui

[1]Matiu 10,34

marta eta maria

By , 2017/12/16 14:31

Errak hi, ar handia, nondik hator ? Uste duka hire burua hihaurk egin dukala ? Amarik ez huke beraz ? Ala hire ama ez zen emazte ? Egia soil horrez ohartzeak berak aldatu behar likek emakumeaz dukan ikuspegi ezkorra, eta jarraian errespetura bederen ekarri behar hinduke. Ama, amama, izeba, kusina, arreba, andregaia, esposa, alaba, alabaren alaba…errientsa, eskolako eta katiximako laguna, lankidea…etxekoandrea, sehia, artzaina, laboraria, erizaina, gero eta gehiago medikua, autobus eta hegazkin gidaria, abokatua, eta abar luze bat, hori guzia duk andrea : jende bat, pertsona bat, hire ber mailakoa, hihaurentzat nahi dukan errespetu berdina hartze duena hireganik.

Bizkitartean emazteak berdintasunetik urrun daude, bide luzea gelditzen zaie urratsen aurrean. Paperean bai zuzen asko badute erresuma aberats aitzinatuetan bederen, legeak azkenean berdintasuna aitortzen die, bainan obratzeak lanak emaiten dizkie, epeak hartuz. Gainera kasu egin behar da gibel itzultzerik ez dadin gerta, mehatxua beti hor baitago, ilunpean maltzurki gordea. Gainera mundu zabaleko erresuma gehixenetan, legedian ere ez dago berdintasunik, eguneroko bizitzan are gutiago. Erlijioen irakurketa gibeloi, hetsi, ezkor batek ere aitzinamendua oztopatzen du gogorki.

Alta bada emazteeen berdintasuna beharrezkoa da haientzat, guretzat, jendartearentzat.

Argitasun handia badago andre horien baitan, ispiritu zalu, xorrotx eta oharkorra dute, enpatiaz eta usnoz aberatsa. Orain artean itzalean utzi dugu, hetsi ez dugularik, eta munduarentzat kalte handia da. Jendarteak anitz irabaz dezake bere inteligentziaren beste erdi horri atea irekiz eta zabalduz. Ez da errex izanen, denbora puska bat hartuko du, baina bide horretan ongi sartzen hasi dira, eta beraz aitzina joaitea dugu.

Eta gure Eliza katolikoan ? Emazteei asko zor die hastetik, eta orain sekula baino gehiago, zutabe nasaienak ditu, Frantziako, Espainiako, Euskal Herriko parrokietan bederen, guhaurk ikus dezakegun bezala. Hemen ere batasuna beteko da…noizbait ! Beharko, bizirik irautekotan bederen, bestelan ez ote akabo ? Nik uste baietz…

Erranen zaigu Jesusek ez zuela emazterik izendatu hamabi apostoluetan. Ados, baina ber logikatik segi dezagun apur batez : mutil gazteak hautatu baitzituen, eta haien buru ezarri Petri gizon ezkondua, erran ote dezakegu apezpikuek oso gazte izan behar luketela, Aita sainduak ezkondua ? Ez dut uste zuzen den Jesusen urratsen hain hertsiki neurtzea. Nork daki orain zer egin lezakeen ?

Ez ahantz Jesus gizona zela, egiazkoa eta ez aktorea, bere denborakoa eta herrikoa, duela bi mila urtetako judu fidela. Gizarte arras patriarkal hartan, oraiko Saudi Arabiaren idurikoan, emakumerik jarri zezakeena Israelgo leinuburuen hamabi aulkietan ? Nork segi zezakeen holako ameslaria ? Ni beldur han berean hilen zutela, harrika, eta ez bere denboran eta tokian, hots Jerusalemen, profeta bati zegokion bezala, gainera kurutze salbatzailean, 30. urteko Pazko bezperan historialarien arabera.

Jainko zela ber denboran ? Gure ustez bai, kristau garenaz geroz. Haatik Jainkozko botereaz behinere baliatu zena lurreko bizitzan ? Ez ote zuena zeruan utzia, Aitaren eskuetan, bera harat itzuli artean ? Itxura guzien arabera bai.

Mementoko, emazte katolikoa Martaren karguan dago : sukaldari eta mahai zerbitzari. Ez ote zaio zor Mariaren tokia ere, dizipulu argituarena ?

 

Jean-Louis Davant

 

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu