Ossau

By , 2016/12/24 07:11

Bi oren pasatutako hurbiltzea: indarrak barreatu gabe, denen beharra izanen baitugu fleite onean heltzeko kaskora, eta, atseden pixka baten ondotik segurtasunez jausteko. Gaztetako erresalbu hondo gabeak agortuxehak dira, adinarekin nekaduraren mugak gero eta hurbilago…

“Hor gaituk, Ossau aspaldikoa! Hire harri sendoa plazerrez haztatu eta abia gaiten!”

 

Bada nun finka zangoa, nun berma herri puntak. Zailegi baldin bada hartu astia, lasaitu. Berdin soka baten laguntza proposatuko du baten batek; ahalaz ez hortaratu, bainan egon umil!“Biziko memento latzenetan ere bada nun aurki sosegu, laguntza” dio Jean-Louis Caussadek, Euskaltzaleen biltzarrak laster agertuko duen Maiatzen bidean liburuan.

“Kebide” deitu pasaiak, ezinbertzekoak dira “Panpiren” kaskora heltzeko. Lanjerosak izanikan ere, kasu emanez, atera daiteke goiti fidantzi osoz, hain da harri ona. Gure erlisioaren gisan. Pasaia “ezinbertzekoa” hemen ere berak dioenez, hor ditugula apezak “sokadako aitzindari », berek diotenez. Eskalada kontutan hoberena izaten da lehen…

Aldiz, xendretan bada aukera gehiago. Hauen harria haatik, mugikor, eta iheskor. Kasu, norberak bere buruari, bai eta lagunenari ere! Harri bat partiaraztea errex da, haren indarra pinpoilka patarra beheiti handituz doala. Oihu bat atera lehenbailehen, beheragokoak ohar daitezen aski goiz… Bakotxak berea beraz, bainan elkarri kasu emanez, elkar errespetatuz.

 

Gainera heldu eta, bixtaz gozatu, egin bideaz ere… Toki paregabea goratik hartzeko gauzak, ikusmen eremua zabaltzeko. Ageri dira urrunera bertze bista-leku batzu, errespetua merezi dutenak; gorago dira zonbeit, Palas, Balaitous, Fache handia, Vignemale… Gailur haietarik ere, suma daiteke, gizakia gainditzen duen zerbeit. Bertze erlisioetan berdin menturaz, beren hoberenari jarraikiz… Apezek: “Bainan gurea Jainkoaren errebelazioa da!” Balaitous gainean direnek ere badukete argumentu hango bixtaren alde. “Gureak betetzen gaituelarik zertako joan bertzeenetara?” Gure nortasuna garatu eta bertzearena ezagutu, biak lotzea ezinezkoa ote da?

Pokado bat jan, hatsa hartuz, panoramaz gozatuz…, indarrak berritu (“in batian”). Gogoetak eginak. Jo dezagun ekintzetara.

Lehenik jautsi. Urratsen pausa tokia neurtuz artoski. Kebidera heltzean: harridura. “Hau da bidea, hain zut al zen goitirakoan? Hortik pasako ahal naiz? Konfiantzaz jabetu, alde onera eman gorputza, zurubietan bezala, eskuak bermatu, oin bat finkatu, mugimendu batek bertzea ekarki duela; azpitik goiti egin guzia gain behera egin lasai, astira. Beherago, nere baitan: “Zailegi egiten ari zaiat, desbideratzen ari ote nauk?” Ezezagun batek: -“Hemendik da pasaia!” -“Milesker”. Beherago oraino: nire ondoan lagun talde bat, arrapelez jausten ari, kasko eta guzi. Azkenak soka kendu aitzin: “Nahi duzu sokaz baliatu?” Nik, nire burua esku hutsez frogatu nahian: “Ez milesker!” Eta laster, nire ahulezia aitortuz “ Ez… mementoan!” Ezezagun hura han egon zen nik pasaia zaila iragan arte, gero baizik zuela biltzen bere soka.

 

Bizian ere zenbat ez dugu ikasten, hartzen, ordu arte ezezagunak genituen jendeen ganik. Harreman guzi horiek gaituzte egiten, horien ekarpenaren onena ausmartzen eta guretzen dugunean.

Ossau mendi hunek gogora ekartzen dit aspaldiko lagun bat. Elgarrekin egin dugu bide franko, bertzeak bertze kontrabanda arrantzan, goiz alban ateraturik seminario ttikitik, lehen paraxuta saltoetan, bai eta ere negu gorrian mendiko artzain etxoletan, edo udan  pirenetako 3000ko mendi guziak zapaldu nahiz. Ossau-ko kebideak jastatu eta eskaladatzen pixka bat ikasiz…

“Errak, Etxexuri, lehen aldikoz hirekin igana Jean-Pierre kaskora, nahiko nikek hirekin igo aldi bat gehiago. Azkena. Saiatuko nauk gorputza aski indartsu eta zalu atxikitzen oraino. Nork zakik, hire osasuna hobetzearekin…

Edo bertzenaz hegazkinez ibiliko gaituk, gainez gain, denen ikuspuntuak berdintzen diren altura hortan…”

 

Mandio

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu