Nolako Jainko halako jende

By , 2016/06/24 07:40

Kasta sistema

70 urte eta gero aitzinamendu guti!

 

Gure Indiako ibilaldietan kezka nagusia dugu Dalit jende (170 milioi) horren egoera eta horiekin batean Adivasiak, (104 milioi) Indiako lehen biztanleak , Daliten lerroan sailkatuak baitira. Jadanik aipatu dugun bezala independentziaz geroz (1947), konstituzio berriaren laguntzaz, jendeen sailkatzeak eta baztertzeak ttikituz joan beharko zuten. 2016-an desagertuak. Bainan ez da hala gertatu. Kasta sistemak, behialako gatuaren gisan, bederatzi bizi ditu. Hunkiezintasunak dirau, legez debekatua baldin bada ere. Hauxe jakin behar da: Indian, demokrazia eta politika sistema aipatzean, ez da norberaren eskubideeri pentsatzen baina kasten dretxo eta abantaileri. Hau da motor nagusia. Horregatik ditu mendeak zeharkatu kasta sistemak. Gaur egun ere, sistema politiko eta judizial moderno guzia beren alde bihurtua dute kastek. Hala ere, erran behar da diskriminazio baikorra martxan dela; bainan eragin guti du oraino (Kota batzu errespetatzen dituzte Dalitak eta Adivasiak eskoletan edo politikan sarrarazteko). Bainan hau ez da isildu behar: 2008-an gertatua. Beren arteko norbaiten erailketa aitzakiatzat hartuz, RSS deitu erakunde erradikal batek Daliten eta Adivasien kontrako eraso bat abiarazi zuen. Sei hilabete iraun zuen, 600 herri xehakatuz, 100 bat presuna hilez, ehunka emazte bortxatuz. Hori dena agintariak batere mugitu gabe. Gainera, aipatu erailketa, maoistek egina zutelarik.

Bide luzea oraino, Dalitena.

Indiako jendetzaren (1 250 000 000) %80 hinduista da. Hinduismotik sortu justizia sistemak ez zioten eskubiderik onartzen hunkiezineri. Ikus zenbatetaraino: zigor zuzenbide tradizionalean idatzia da : “Braman batek Shudra baten erailtzea da gatu, mangosta, uzkinazo, igel, sugandil, huntza edo bele baten hiltzea bezala. » Hori baldin bazen Shudra horien zortea, irudikatzen ahal da zoin zen Dalitena. Horregatik iduritu zitzaien erlisionez aldatzea zutela aterabide hoberena. 19 garren mendean, musulman edo giristino egin ziren anitz; erlisione horiek presunen errespetua eta berdintasuna segurtatzen baitute, teorian bederen. Budista bilakatu ziren ere andana bat, 1950 inguruan, beren buruzagi Ambedkar-en ondotik.

Giristinoen ganik ber mespretxua.

Misionestek ainitz egin zuten Daliten egoera sozial eta ekonomikoaren hobetzeko. Maluruski Dalit marka ezin ezabatua da. Kasta gorenetako giristinoek segitu zuten hauen baztertzen (eliza sahetsetan jarraraziz, bertzeek komuniatzea bururatu eta gero utziz hurbiltzen mahai saindura….) Gaur egun oraino nazkadura bat senditzen da Dalit gazte baten bokazionea onartzean. Tamil Nadu-ko hilerri giristino batean Dalitak bertzeen ganik berexiak dira. Bertzalde, dalitak gehiengoan izanikan ere, parrokietako poderea gorenetako kasten esku da. Eliza inguruko eta eskola giristinoetako lan postuetan berdin. Zenbaki batzu : 27,8 milioi giristinoetarik % 65 Dalitak dira. Apezeriaren % 5a ; Elizaren unibertsitateetako (271) ikasleetarik % 7.8. Gainera, harrigarria baldin bada ere, jasan dituzte  gehiegikeriak* eta bortxakeriak goi kastetako giristinoen ganik. Dalit giristino batek biltzen ditu horiek denak liburu batean  Bi aldiz alienatuak deitu duelarik: Dalitek uste zutena (beren zorte txarretik eskapatzea giristinotuz) ez da gertatu, alde batetik, bertzalde diskriminazio baikorra ez dute aprobetxatzen, Elizarentzat ez baita gehiago hunkiezineko kastarik.

Nolako jende halako Jainko.

                                          Mandio

*Gero eta gehiago giristino guziak dira mehatxatuak, nazionalismo hinduista dela kausa.

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu