Euskal Herriko Elizaz

By , 2016/10/17 11:44

Euskal Herriko Elizaz

 

Jainkoari mintzatzeko mementoan, elkartasunari hitzak ezartzeko orduan, euskal gizarteak sortu ditu altxor frango, eltze-urre andana bat bete. Gure fedearen lekukotasuna eta ondare horren hoberena ondokoeri utzi nahi dugu.

Ordu da gogoetak egin ditzagun. Fedeari eta memento berean euskaltasunari atxikiak garenak zahartzen ari gare. Ordu da azter ditzagun gerorako bideak, Euskal Herriko biztanle guziari aurpegia emanez… Biltze zabal bat antolatuz.

Urrundik abiatu behar da segur holako jarraldi baten muntatzeko. Elebiduna behar luke, bat bateko itzultzaile sistemarekin, kasko eta guzi, Euskara frantsesera itzuli bai, bainan frantsesa ere Euskarara hegoaldekoentzat. Eliza utzia duteneri idekia… Gogoetaldi horren ekarpenak idatzirik ezarri, bi edo hiru mintzairetan, Elizak jadanik gomendatu gauza baikorrekin batera, eredu gisa baliatzeko ondoko urtetan. Betiko kataskak eta justifikatze beharrak ahantzirik. Egun batez, menturaz…

Gogoetaldi horien mamia sendotzeko ez gare deus gabe. Vaticano 2. ren erabakiak hor dira. Hemen berean Peio Ospitalek sakonki landu ditu Elizak dituen eta girixtinoek ditugun eginbeharrak, Pagolaren gomendioak ere hor dira…

Hor ditugu abiapuntu gisa 1992ko Sinodoaren aktak,

“Hemengo Elizak onartuko du diosesa aberats dela bizi bizirik dagoen euskal kulturaz. Unibertsala (katholikos grekaeraz) baita, Elizak, Euskal Herrian, jarraituko du Euskal kulturaren ernaltzen eta hunen ekarpenez aberasten. Parte hartuko du bake zibil baten bilatze lanetan; kultur desberdinen topaketa abegitsu batean, errespetuan eta parekotasunean oinarritzen den bakea.” (29. Orrialdea.)

Euskal gizartetik baztertzen ari den Eliza ofizial horri, Fedea ta kultura taldeak egin proposamen zehatzak ere hor dira (Lehena 2009ko azaroaren 9an) Huna 2015eko maiatzean Apezpikuari zuzendu letraren pasarte bat: “Gure behakoa etorkizunera begira dago, gure kezka ere. Ikusten ditugu buraso gazteak gero ta gehiago euskaraz bizitzearen hautua egiten. Eskola elebidunek eta ikastolek gero ta ikasle gehiago dauzkate. Ordu da Baionako diosesak munta ditzan behar diren egiturak eta tresnak, garatzen ari den mugimendu horri doazkionak… gizarte zibilak garaiz egin duen gisan… (2015/05/05)

Egia zazpi urteren buruan FTKak bildu uzta meharra dela. Ondoko eleetarik aparte deuse: Aipatuko dugu apezpiku kontseiluan… Izan dadin kulturaren kondutan hartze bat Berri ona zabaltzean, arras akort naiz horrekin… nahi nuke bai aitzina egin gai hortan… kausa noble bat da… Horaintxet galdetzen didazuena ongi doa nere oinarrizko intuizioarekin… nere lehen helburua baita ebanjelioaren zabaltzea, jendeeri hurbiltzea anpati minimo batekin, zoin adierazten baita, nahi ala ez, beren kulturarekin sinbiosian… (2015eko maiatzean, apezpikutegian apezpikuari entzunak)

Baikorrago bururatzeko hau ere badago: Pariseko U.N.E.S.C.O. erakundearen egoitzan, 2005eko mahain-inguruan, Benedikto XVI. Aita Sainduak artoski lehiatzen zuen Jean-Louis Tauran Kardinala “…kulturaren zinezko politika baten bideratzera, indar ekonomiko eta politikoen arteko neurkerak askotan arriskuan jartzen dituen identitate kulturalen zaintzeaz arduratuz…”

Fedea eta kultura, Elizan mintza, Giristinoak mugimenduan foroa… denen arteko lanaren aipatzen ari ote naiz?

Mandio

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu