HIZKUNTZAK

By , 2016/12/24 06:54

HIZKUNTZAK

 

HERRIA astekari hunek « irakurleak mintzo » sailen, zenbait irritzi agertu ditu Euskarari buruz.  Lekukotasun batek ongi erakusten du nola euskara baztertua den « kortesiaren » izenean « denek ulertzen duten hizkuntzan hitzegin behar da » zion margolariko tailer bateko erakasle edo aurkezle batek.  Eta ondotik, bertze astean, bertze irakurle baten lekukotasun ber bera bere gogoeta hunekin : denek ulertzen duten hizkuntzan hitz egin behar bada, mintza gaiten ingelesez, hau baita munduan zehar erabiltzen den hizkuntza.

 

Hizkuntza bat ixilarazteko, zernahi molde baliatzen dira : eginbide politikoa, kortesia, jendetasuna, debaldetasuna delakoa edo ez dela baliagarri, mespretxua, murrizketa, jende gutik erabiltzen duelako arrazoina, eta abar. Ixilarazteko molde horiek oro helburu bat bakarra dute : hizkuntza baten nagusitasuna. Bainan molde horiek oro, ondorio ainitz dituzte.

 

Helburua nagusitasuna dela agertzen da aspalditik. Biblian berean ikusten da nola mundu guziak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen eta beren xedea izan zen dorre bat altxatzea : « Eraik ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu eginen gira eta ez gira munduan barreiatuko »[1] Bainan Jainkoak beren ospetsu bakarra zutela ikusi zuen : « Hau beren lehen lana badute, ez zaiote hemendik harat egin nahiko duten deus ezinezko izanen » eta elgar konpreni ez zezaten Jainkoak hizkuntzak nahasi zituen. Mundu guziaren bateratze hori, batzuen esku ezarriz, zentralizariogarri den boterea, ez du onartu.

 

Hizkuntza bakar baten xedea, interneteko sare neurrigabea, mundializazioa, globalizazioa, gogoeta bakarra, dena gauz bera da : nagusitasuna, jendea zerbaiten menpean ezartzea, jendeketak aiseago erabiltzen baitira molde hortan.

 

Nun da alabaina libertatea ? Nun da jendetasuna ? Nun da bakotxaren nortasuna, izaitea izan dadin pertsona bat edo herri bat ?

Berriz ere Biblian aurki ditake gertakari bat biziki garrantzitsua eta irakaspen haundikoa. Mendekoste deitzen da. Egun hartan, Jerusalemeko hirian « eguzkiaren pean diren nazione guzietarik etorriko jendeak baziren » eta bet betan harriturik zagon jendeketa hura « nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen »[2]. Jesusen dizipuluak ziren mintzo, eta erraiten zutena harrigarriko berria zen, munduko jende guzieri edatzeko berria. Pentsa ditake hobe dela hizkuntza bakar bat erabiltzea berria jakinarazteko. Ez da hola. Berri Ona jakinarazteko, bakotxaren hizkuntza du Jainkoak hautatu. Molde hortan, bakotxak bere libertatean onartzen du edo botatzen. Bederazka da Berri Onaz jabetzen. Jendea ez da itxuragabeko eta moldakor den tropa bat.

 

Euskaldunak helebidun dira. Sortzetik bi hizkuntza edo hiru ikasten dituzte. Munduan jende gehienak helebidun dira kasik naturalki, eta bereziki herrialde pobreetan, xumeetan baitakite bertzen beharra dutela. Ez dute beren baitako nagusitasunarik, ez dute bertzen menperatzeko nahikunderik ez eta kolonizatzeko gutiziarik. Badakite bertzen beharra badutela. Bainan behar dute ere bertzen errespetua, bertzen ikustatea. Euskarak behar du bere ofizialtasuna gure eskualderat etortzen direnek gure helebitasuna onar dezaten.

 

Maite Irazoqui

[1]Hasiera 11,4

[2]Egintzak 2,6

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu