FEDE – dun

By , 2014/04/07 13:57

FEDE – dun

Sail huntan idatzia izan den bezala, gomita egina izan zauku garizumakari, gure fedearen lekukotasuna emaitea. Huna beraz lerro batzu gai hori buruz.

Nere burasoek, bizia emanez, eskualduntasuna eman dautate, fededuntasuna ere, bai eta beren baloreak. Ene aizpek eta ene anaiek izaite hori inguratu dute, hazi, eta beren lekukotasunez zaindu, artatu. Haur denbora, nerabe denbora joan dira hola eta orduan fedea elizako urratsetan zen gehienik agertzen. Erlisionezko praktika zabaldua zen bizi guzian, sekulako debekurekin eta ongi eginak ez ziren gogorki erraiten, « urguilutan ez sartzeko ». Gaizkia gaizki zen eta ongia ongi, bainan xuhur !

Ikastea maite ukanez eta erakasle izan nahiz, Pariserat joan naiz. Zer aldaketa ! Han denak libre zirela iduritzen zautan, 1968 ko gertakariak berri berriak ziren, beraz nola hauta eta zoin bide hartu nere bizia eremaiteko ? Etxean eta eskolan ikasi baloreak ontsa gogoan ukanez bai eta erlisionearen zedarriak zenbat baliosak ziren orduan ohartu naiz. Ainitz jende kurutzatu ditut han, munduko edozoin tokietakoak, edozoin sozial mailakoak, eta bi gauzak markatu dautate : Euskal Herria nun zen ez zakiten eta girixtinotasuna zer zen, gutik zakiten. Han dut ene izaitea osoki ezagutu eta funtski onartu, erran nahi baita neurea egin.

Girixtino izaiteak bi gauza galdetzen dauzkit : Jainkoa nor den ikastea eta haren maitasuna errezebitzea. Neretzat Jainkoa norbait da ; ez da kontzeptu bat, ez da ideia bat, ez da adigai bat. Jesusen bizia, gizon eta Jainko, ebanjelioan ekarria da eta sinesten dut Jesusen baitan. Sinesten dut entzuten duela, ikusten duela, senditzen duela, gurekin dagoela, laguntza emaiten gaituela, gurekin sofritzen duela, gurekin alaiatzen dela, hitz batez, sinesten dut maite gaituela. Jesusen bizia mundu huntan izan da jenden libratzea beren gaitzetarik, eta nahi zuteneri bere erakaspena zabaltzea.

Nahi duteneri ! Nere fedea haren baitan emaitea edo bertze norbait edo zerbaitetan, Jainkoak libre uzten nau. Ene hautua izan da Jainkoaren erakaspenaren eta egintzetan ezartzea. Hautu hori ohituki erreberritzen dut, zeren ez da behin betikotz eta kitto, bainan Jainkoak eskaintzen dautan biziari erantzun bat da, zeren Jainkoak ez du gogo kontraz eta behin betikotz nehor lotzen.

Ebanjelioek dute Jesusen bizia erakusten, haren erakaspena zabaltzen ; Jainkoaren populu guziak, Eliza izendatzen dena, emaiten daut bere lekukotasuna bizi hori onartzeko eta bere erakaspena ikasteko, nerea bilaka dadin. Fedea, bertze edozoin « gauz » bezala hoztu, xuhurtu, airatu, suntsitu, ditake bere janaria, bere hazkurria, bere artatzea ez badu ukaiten. Nere fedeak « lana » galdetzen du, nahikunde, jarraikitasun. Jainkoa norbait izanez, eta ez kontzeptu bat, elgarrrekin bizi eta elgar maite duten jenden harremanak dira Jainkoarekin. Norbait maitatzea ez da errexa, ez da bere baitarik, espontaneoki hartzen den jarrera eguneroko bizian, norbait hori Jainkoa izanik ere.

Alta, Jainkoaren baitan dutan fedea ezin errexagoa daukat ere, zeren « lanik » gehiena Harek du egiten. Aitzineko lerrotan, bi gauza aipatzen ditut, Jainkoa nor den ikastea, eta Haren maitasuna errezebitzea. Jainkoaren amodio hori sekulako moldetan zaut agertzen : familiako maitasunean, jenden engaiamenduan zuzentasunaren alde, elkartasunaren alde, libertatearen alde ; mundua hobeki bizi dadin, edozoin gaitzen kontra, hoinbertze lekukotasunen ikus-entzutean ; haurren irrian ; eri direnen kuraian ; lagunen adixkidantzan ; uda berriko xorien kantuan ; izadiaren edertasunean ; beren lana, xumeena edo ospetsuena izan dadin, ongi egiten duten jende guzietan, …..ez ditazke ez hemen, ez nihun ere denak lerrokatu.

Beraz, Jainkoaren amodioa dut hor errezebitzen, erran nahi baita ikusten, onartzen, eta aitortzen. Eskaintza bat egiten daut Jainkoak, opari bat emaiten. Ikusgarri hori emaiten daut bere maitasuna erakusteko. Nola ez dezaket hartu ? Eta errezebitu ondoren, gogotik dut Jainkoa eskertuko eta Haren alderako dutan maitasuna agertuko. Zenbat nahi nuken nere bizia eta nere jokamoldeak Jainkoaren gustukoak izan diten, eskerrak bihurtzeko ! Opari bat eskuratzean, plazer haundirekin dira eskerrak bihurtzen emaileari eta berehala opari bat egitea da bilatzen.

Bizkitartean ene konportamenduak frangotan hutsak, faltak eta hobenak ditu agertzen. Eta hor Jainkoak bere maitasuna daut berriz erakusten. Haurrak bere burasoeri ez ditazke bere hutsak eta pettoak gorde : edo burasoek ikusten dituzte eta galdetzen dute haurrari aitortzea, barkatzeko, edo ez dituzte ikusten, bainan haurrak erranen dizkie, baitaki barkamena ukanen duela berehala eta orduan bihotza berriz alai eta gogoa arin ukanen duela. Neretzat, gauz bera du egiten Jainkoak.

Gehiago dena, mundu huntan zenbat gaitz eta zenbat makurkeri, bortizkeri, eritasun, zorigaitz eta nahi gabe ! Ene fedeak daut erraiten Jainkoak gu baino ainitz gehiago sofritzen duela horiek ikustean, entzutean, senditzean, bizitzean. Haren sentsibilitatea, Haren eztitasuna, Haren zorionaren gutizia, gureak baino ainitz haundiagoak dira. Hortakotz da Jainkoa beti gure alde eta gain gainetik sofritzen duenaren alde.

Sinesten dut Jainkoak maite duela gure mundua, gure bizia. Sinesten dut gure libertatea errespetatzen duela eta ez duela nehor bortxatzen. J.A Artzen olerkiaren hitzak dioten bezala : « hegalak ebaki banizkio ez zen xoria izanen, eta nik xoria nuen maite », Jainkoak ere ez ditu gure hegalak mozten zeren emazte eta gizonak beren libertatean ditu maite. Sinesten dut gure eta nere zoriona, maitasunaren bidez, dela Haren desira.

Maite Irazoqui 2014/04/07

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu