ERANTZUNA

By , 2016/10/17 16:44

ERANTZUNA

 

« O Allah, egizu gerla bat izan dadin musulmano eta fedegabeen artean, zuretzat hil nadin eta hola martir bilakatu ». Hau da Malala Yousafzai, Nobel Bake-Saria 2014ean ukan duenaren aitaren otoitza gazte zelarik, 1985 urteetan. Pakistan herrialdean, Ben Laden etorri aitzin. Burumuin garbitze hori ukan eta urte batzu geroxago, kamikaze terrorixta itzultzen ahal zela, -denbor hartan terrorixta mota hori izan balitz-, ohartu zen. Bainan ez zen buru bero bat, eta bere osaba baten influentzi lañoak kinka txar hortarik atera zuen.

 

Zorigaitzez, bertze ainitz ez dira ateratu eta burumuin garbitzeak berzen hiltzerat eremaiten ditu. Hiltzen dituztenen lerroa luzatzen ari da 2001 etik hunat, New York eko dorre birazkatuetik elizan hil duten apeza arte. Eta beti gauz ikaragarriak, ezin sinetsiak, mugarik gabeko itsuskeriak, zikinkeriak, gohaindurak. Iduri du ez dela arrastarik, erotasun hiltzaile hori ez duela deusek geldiaraziko. Izigarrizko masakre horien  aitzinean, gure indibidual eta kolektiboaren ezintasunaren esperientzia dugu egiten. Gure ahultasunaren konzientzia hartzen dugu, eta ahultasun hori izan ditake gure handitasuna. «  Itsuskeri latz horien ondotik, gure eginkizuna da asmatzea zerk gaituen goratzen » dio Frédéric Boyer idazleak.

 

Beraz, bakotxak bere postura edo egin-moldea bilatzen du, bere bizia eta maite dituen bizia atxikitzeko. Bizia hiltzearen kontra, hori da borroka. Eta hori denek onartu dute, Parisen gaindi, Nizen, Alemanian, Londresen, Madrilen, Bruselen, St Etienne du Rouvray parropian, Baionako bestetan… bizia lehen, bizia bere normaltasunean, bere gora beherekin, bainan bizia bere lehentasunarekin : Askatasuna, Emazten eta Gizonen Askatasuna.

 

Holako gertakari latz eta itsusi batek hunkitu duelarik, nola eraman biziaren aldeko borroka hori ? Bere duintasuna, jendetasuna nola eskuratu berriz ? Beldurra, kolera, laztura, umiliatzea, tristura, nola menperatu, nola jasan ? Gizonaren historiak holako nahasmendu ainitz ezagutu ditu eta erantzun frango eman ditu denbora joan arau. Mendekua da lehen lehena, leku guzietan, munduko gizarte guzietan. Hobenduna gaztigatzea, laidoa punitzea, hiltzea mendekatzea, horiek oro zuzenezko egin-moldeak  bezala agertzen dira. Norbait kolpatua edo hila baldin bada, mendekuak ohorea berriz ezartzen du bere zuzentasunean. Hori lortzen da hiltzailea edo bere familiako norbait hilez, eta hunek mendekua oihuz eskatuko du… eta hola menderen mendetan ! Etengaberik…. Hori neurtzeko eta mugatzeko, Juduen legeak ezarri zuen : « begia begiaren, hortza hortzaren ».

 

Kate hori hausteko, bortizkeria-ez mugimenduak ezezten du bortizkeria. Jesusen ondotik lehen girixtinoek, gero Gandhi Indian, Martin Luther King ipar Ameriketan, eta jende ainitzek bertze bide bat hartu ukan nahi dute. Borrokari bai, bortizkeriari ez. Biziarentzat borroka bai, biziarentzat bortizkeria ez. Bi gauza dira borroka eta bortizkeria. Borrokak helburua ezartzen du lehen. Loiolako Inazio sainduak aski ongi erraiten du hori. Zoin bandera dugu hautatzen : Jesusen ikurriña edo debruaren ikurriña ? Zoin mintzaldi dugu entzuten : Jesusen ebanjelio zuzen eta zorrotza edo debruaren eta gaixtoen solasaldi faltsu eta lilluragarriak ? Hautuaren arabera, posturak ezberdinak izango dira.

 

Ixtorio hau lagungarri daukat. Bi lagun basamortuan zoazin. Bat batean borrokatu ziren eta batek zaflako bat eman zuen bertzeari. Hunek, minberatua bainan hitzik erran gabe, harean idatzi zuen : « Egun, ene lagun hoberenak, zaflako bat eman daut ». Eta segitu zuten beren bidea. Oasi bat aurkitu zuten eta bainatzea erabaki zuten. Bainan, zaflakoa hartu zuena itotzera zoan eta bere lagunak salbatu zuen. Bere baitara etorri zelarik, harri baten gainean idatzi zuen : « Egun ene lagun hoberenak salbatu nau ». Zaflakoa eman zionak bai eta salbatu zuenak galdegin zion : « Kolpatu zaitutelarik, harean idatzi duzu. Orain, harri gainean idatzi duzu. Zergatik ? »

Bertzeak ihardetsi :« Norbaitek kolpatzean, harean behar dugu idatzi : barkamenduaren haizeak ezabatuko du. Bainan norbait onegile delarik guretzat, harrian behar dugu idatzi : ez da haizerik ezabatuko duenik. »

 

Maite Irazoqui

 

 

burumuin garbitze : lavage de cerveau

lilluragarriak : séduisants

ezabatu : effacer

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu