Maitasuna eta zorakeria

By , 2016/06/20 03:38

Maitasuna eta zorakeria

Amodioa zoin den zoroa

Mundu guziak badaki

Zazpi garren egunean, mundu hau eta mundutar guziak sortu zituenean, Kreatzailea, pausatu zen. Horrenbestez, itzaletik atera ziren sentimendu, akats eta kalitate guziak elgarrekin pesta egiteko. Harat eta honat zabiltzan zer egin ez jakinez, nun eta Irudimenak agudo proposatu baitzuen : ” “Josta gaitezen kuku-gordeka ! “

Kuriostateak berehala, sudurra luzatuz: “Nola jostatzen da kuku-gordeka… ?” Zorakeriak harro : “Bai! Horixe, kuku-gordeka! Nik, begiak tapatu eta ehunera kondatzeko bitartean zuek denak gordetzen zirezte nahi duzuen tokian. Lehenik hatxematen dutanak ordezkatuko nau.”

Duda-muda daldaran emaiten da berehala:

  • Galtzen badut, zer bilakatuko naiz ?
  • Ni ere xuhurki jokatuko naiz dio Nagiak.
  • Nik ez dut nahi hemendik mugitu aitortzen du bere aldetik Alferkeriak.

Hiru hauek elgarrekin bazterrez bait doaz usu.

Zalutasuna eta Bizkortasuna bristean desagertu ziren eta Poza, jauzi-punpeka, irriz lekutu. Fedea joan zen zeruan gora Jaungoikoagana. Pasionea aldiz ikatz gorrian sartu. Ezazolkeria listafin kafira batetan sarturik fite atera zela!

Garaipena arbola puntara igan zen, handius, Gutiziak hurbiletik segiturik.

Bakardadea sartu zen sotoko upel batean, nehorren ondoan ez gorde nahiz. Jakintasuna oraino kalkulan zabilan nun aurkitu gordagirik segurrena. Esperantza ttiki-ttiki egin zen adar puntta-punttako begian. Bapatean, Tontokeriak atera zuen:

  • Zer da egiten ari giren joko hau ?

Ezkorra edo Pesimista, jadanik etsiturik zabilan:

  • Ez naiz ari ! Ez dut sekulan irabazten.

Justiziak (Zuzentasunak) eskutik hartu zuen Egia :

– Erreka zolan, lehar xehean gordeko zaitut. Nik, Justiziak, bazterrak nahasiz gordeko zaitut.

Zorakeria ehunera heldu da.

Nor harrapatua izan da lehenik ? Alferkeria, hor berean delakotz harri baten gibelean kukutua. Kuriostatea atera da gero, jakin nahiz nun gordeak diren besteak. Tzarkeria atera da salatzeko nun diren Zuhurtzia, Emankortasuna, Eskuzabaltasuna, Diskrezioa eta beste ainitz… Maltzurkeria ixilka Zorakeriari hurbildu zaio :

  • Justizia eta Egia errekan gordeak dira.

Hitz hauek entzun bezain laster Justiziak urak zikindu ditu, Egia ez dezan nehork ikus.

  • Egia, ikusi zaitugu!

Justizia Zorakeriaren gibeletik lasterka joan zaio: “Ezetz! Egia ez duela ikusi!” Horra nun behaztopatzen den eta erortzen. Zangoa beharturik, beti maingu gaur oraino badabila, Egia nun eta nolakoa den adierazi nahiz.

  • Oraindik bat falta da ! Nun da Maitasuna ?

Nehork ez du ikusi. Zorakeriak ozen deitzen du :

  • Maitasuna atera zaitez ! Irabazi duzu!

Gaiztakeriak ahapetik Zorkeriari :

  • Lorategian gordea da.

Hortan, Zorakeriak makila hartzen du, jo eta jo, larrosa zangarrak eta elorri sistak, zanpaka, baztertuz. Horra nun Maitasuna ateratzen den, larrosa lore gorri batetarik, karrasika, begiak odoletan. Makilak eta elorriek bi begiak leherturik, arrunt itsutua. Zorakeriari, gaizoari, arras damutu zaio bere abrekeria eta hitzeman dio :

  • Zaude lasai, ni beti ondoan izanen nauzu.

Geroztik Maitasunak begiak itsu ditu eta Zorakeria du gidari.

Istorio zaharretik

Johanes Bordazahar

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu