“Itsasoan urak haundi… ”
Urte berria hasterakoan, otoitz hau…ez hain paganoa !
1
Itsaso Ama, Ama gurea,
Zeruetan ez zirena,
Gaitzets zaitzala iheslariak,
Izana eta izena.
Zergaitik duzu altzoan hartzen
Laster itoko duzuna ?
Ume-untzitik eman zinion
Biziaren atsegina,
Nolaz diozu orain zabaltzen
Ifernu beltzik latzena !
2
Itsaso Ama, Ama gurea,
Ehunka, milaka dira…
Txalupa zahar ustelduetan
Ausartzen itsas erdira.
Zaku tzar batzu bezala metan
Zerura daude begira.
Esperantzaren izar bat deno
Beroa dute desira.
Dohakabeak! Oi! Balakite!
Doatzila hilhobira.
3
Itsaso Ama, Ama gurea,
Etsipena bihotzean,
Heldu zaizkizu herritik ihes,
Tiro hotsak bizkarrean,
Beldurra tripan, oinak larrutan,
Listua gazi ahoan,
Gorputzak erbail, arima etxen,
Norapait heldu nahian,
Heriotzaren aztaparretik
Eskapatu ezinean.
4
Itsaso Ama, Ama gurea,
Nasaia duzu grazia,
Batean balsan, bestetan nekez,
Ematen duzu bizia.
Nolaz dabiltza uhainak dantzan
Uzkaili nahiz untzia ?
Iheslariak, haurra besotan,
Egin beharrez jauzia,
Itsas-ahoa zaitu oinetan,
Zurrunbilo beltz gazia.
5
Itsaso Ama, Ama gurea,
Sabel ezti emankorra,
Itsaso zolan haurrak ihauri
Beha daude ahozgora.
Lau semen aita, haurdun zen ama,
Betiko joanak zilora.
Zure besotan oi! Emaiezu,
Ama guziz maitakorra,
Musu batekin zeru goxo bat,
Etxean galdu leihorra.
6
Ama gurea, Ama itsaso,
Heldu dira gosez hilak.
Ahuspez, galdez beren haurrentzat
Ogi galdu porroskilak,
Hor dizkiete brauki altxatzen
Aho aurrean pistolak,
Eskuburdinak edo zakurrak,
Urrunera berdin balak.
Jende zirenak dira kabalak,
Tirokatzeko itzalak.
7
Ama itsaso, Ama gurea,
Deiadar eta karrasi
Sarraski huntan, gure oihuak
Lau haizetara doatzi.
Elkorrak bezain mutuak daude
Hainbat ‘National’ hautetsi.
Aterbe eman baino nahiago
Dituzte itoak utzi.
Besoez alfer, begiez itsu,
Denak hondora goatzi.
8
Ama itsaso, Ama gurea,
Harkaitzetan zure klaska !
Iduri luke esku bat dela,
Etxeko atean joka.
Nork daki ez den delako HURA
Kurutzatua mailuka ;
Esperantzaren ogi bizia
Eman zuena. Ixilka.
Mahai xokoan, badugu leku !
Zatoz! Zaitzagun besarka !
9
Ama itsaso, Ama gurea,
Heldu nauzu galdatzera :
Delakoari entzun zinion
“Goazen uraz bestaldera!”
Barkuko lagun adiskideeri
Zer jina zen erraitera ?
“ … Zuen buruko zoko-mutzitik
Jalgi zaitezte haizera.
Gogo hertxiak, bihotz nagiak,
Ausart argi zabalera….“
10
Itsaso Ama, Ama gurea,
Erdiminen oinazean,
Hondamenditik jende berria
Sortzen ari da gurean.
Bai hemengoak berdin arrotzak
Girade barku berean.
Aska ditzagun unama-sokak,
Esku-esku lot lanean.
Bada mentura, zerbait dezagun
Irabaz anaiartean.
Johanes Bordazahar
Coda. Aurtengo urtarrilean, zoriona, osagarria, eta batez ere bakea aipatu eta elgarri desiratu ditugu, opa oneko bakezaleak girelako. Baina, bakegileak! Zutitzen bazirezte, bakea obratzen hasteko, “Lege Nazionalaren” ezpata zorrotza buru gainetik daukazue! Lekuko : Luhusoko “Bakearen Artisauak”; eta la Roya (06) mendi ibarreko herritarrak, 5 urteko presondegiaren mehatxupean, iheslarieri salda beroa eta xoko idor bat ematea gatik. Bideska berriak urratzen ari dira… Badakigu nondik mentura!