Amatxi, zergaitik…?

By , 2016/10/17 16:52

Amatxi, zergaitik…?

 

Amatxi! Zergaitik zaude hor, etx’aitzinean jarria ?

Adin handia nolakoa den

Haurra, ari naiz ikasten:

Xinaurri, lore edo pinpirin

Gauza ttikien miresten;

Ene belaunen daldararekin

Hezurren kraskak entzuten;

Gau-eguneko oren luzeetan

Nehoren beha egoiten;

Baratzerako bidea ere

Ari zait luze egiten.

 

Amatxi! Zergaitik beti arbolari so ?

Arbola nauzu, azalez latza,

Erroak barna sarturik,

Beso eiharrak zerura deika

Hor nago otoitz eginik.

Haize hegalen firfiran ere

Maiz ametsetan galdurik.

Badakit minek lanoen gisa

Ez dutela iraupenik.

Aldiz xoriek, berdin liliek

Hor naukate xoraturik.

 

Zer erraiten dauzu bada arbolak ?

Intxaurrondoko hosto batekin

Ari nauzu solasean.

Xuxurlatzen daut:  “Bizi hazia

Emana zaigu sortzean.

Kimu begitik erro punttara

Adarretik pasatzean,

Zuhaitz bakar bat  gira guziak,

Biziaren ahurrean.

Zure aldian ama bat zira

Belaunaldien katean…”

 

Amatxi ? Nola zinen lehen ?

Etxekandere oparo nintzen,

Eder begiesten ninduten.

Orain umilki, ixil-ixila,

Etxe zilo naiz egoiten.

Ene bihotza tarrapataka

Bapatez ez bazait hasten,

Egun bakoitza argiratzean

Gogoa zait arrapizten.

Jaungoiko aita lauda nezake

Ainitz balizkit emaiten.

 

Haur denbora urrun duzu, Amatxi!

Xahartu eta urte gazteeri

So egiten badiezu,

Haur denborako mirari berak

Orain ikusten dituzu.

Jaun Goikoaren esku ixila

Orotan sumatzen duzu.

Kolore, soinu, irriak oro

Gordinik heldu zaizkizu.

Zahartzaroan, haur denborara

Berriz itzultzen gaituzu!

 

 

Amatxi! Zer ikasten duzu oraino ez dakizunik ?

Libre egoiten ikasia dut

Begi besoak zabalik.

Ikasia dut pazientzia,

Ez dela lan minagorik.

Ene biziak luze iraunik

Ez duela gelditzerik.

Oroitzapenak gogoan hartuz,

Armairu zolak husturik,

Ixil ixila urrunduko naiz

Utzi gabe herrestorik.

 

 

Ez duzu nehorat joaiterik ?

Denak galduta, zer gelditzen zait ?

Bakarrik ene gorputza;

Zahar ‘ta hotza izanagatik

Maite dut ene egoitza.

Adin ederrak badu argi bat

Deitzen dena esperantza.

Etxekoekin, maitasunean

Berotu baitut bihotza,

Beldurrik ez dut noiz ere jinen

Baitzait azken oren latza.

 

Oren latza ? Zer derasazu ?

Begiak zaizkit malkoz erretzen

Hil bati begiratzean.

Ez naiz izitzen azken eguna

Etorriko zaidanean,

Urrats handia, sakratuzkoa,

Betikotzat egitean,

Azken hats hartan, nahi nuke hartu

zure eskua enean.

Zeruko aitak har diezadan

Beste eskua berean.

 

Hil eta zer ?

Arima daukat, Jaunak emana,

Betirako oparia.

Nehork ez dautan, nehoiz, moztuko

Urre bizizko haria.

Hau da kaiola puskatuz geroz

Airatuko den xoria.

Negu bakoitzak ez ote dakar

Berekin udaberria ?

Lurperatzen den hazitik berdin

Pizten da lore berria.

 

Amatxi! Beti ikusten dauzut pindar bat begietan.

Badakit ongi ene gorputza

Badoala itzaltzera.

Bainan bihotzak beti deitzen nau

Gehiago maitatzera.

Begi ahulak lehiatzen zaizkit

Aurpegien mirestera,

Bi esku hauen daldararekin

Xamurki perekatzera.

Barneko suak ez daut barkatzen,

Ez nau uzten erdoiltzera.

 

Johanes Bordazahar

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu