Gehaxina mutxurdina eta Mahañoren bi senarrak

By , 2016/08/18 08:16

Gehaxina mutxurdina eta Mahañoren bi senarrak

 

Menturaz ohartu zira, igande goizetan, Gehaxina eta Mahaño besoz beso bi atso, bi xori ume bezala elizako bidean. Gehaxina aitzin-aitzinera doa, aldarearen ondora. Batzuetan epistola irakurtzen du eta komunioa ematen. Mahaño aldiz, eliza gibeleko xoko baztertu batean gelditzen da eta komuniatze mementoan, denak aldarera lerroan abiatzean, aurpegia negarrez urtzen zaio Jaunaren hartzea debekatua zaiolako… Mezatik landa, gau eta egun egonarriz, bere senarraren artatzera itzuliko da Mahaño,  Alzheimer eritasunak jana duen bere bigarren senarraren artatzera…

 

Hemezortzi urtetan gizon batez maitemindurik, Gehaxinak ezkondu nahi zuen. Handia izan zen bere nahigabea gizona dibortziatua zela jakinik, eta bere familia eskandalizatu zen…

— Gizon horrek galduko zaitu, erran zioten bere aita-amek. Horrekin ezkontzen bazira, ez zira sekula gehiago kofesatu edo komuniatzen ahalko, ez gazama izaten, ez mezan irakurtzen, ez komunioa ematen, ez katixima egiten ahalko…

Gizona hautatuz Jesus ez nahi uka, Jesus hautatuz gizona ez nahi uka, biak maite eta bat hautatu behar, Gehaxina gizagaixoaren bizkar ahularentzat zama jasanezina zen…  Azkenean, familiaren gaitzespenari jarraikirik eta Jesus ukatzearen beldurrez, maite zuen gizona utzi zuen. Ez zen sekula ezkondu. Egun guziez karrikan, beste emazte bat gurutzatzen du maite duen gizonaren besotik, eta negarrez ezin kontsola iragaten du eguna. Igandetan baizik, mezan aurkitzen du kontsolazioa.

 

Mahañoren familia aldiz ez zen elizatiar kartsua. Aita igandetan ihizin eta ama mezara joateko partez kozinan, etxean ardura bazen erbia saltsan. Mahaño hemezortzi urtetan ezkondu zenean alta, aita-amek nahi izan zuten elizan, bere ezkontzari ospe handia ematearren.

— Ba, elizatik behar da pasatu merezi duen ospea emateko ezkontzari, aitortzen zuen Mahañoren aitak… Ez bazira elizan ezkontzen, herriko etxetik baizik, iduri du presaka, erdi iheska ezkontzen zirela, supermerkatura erosketak egitera joaten bazina bezala. Elizan aldiz, ez du aparantziarik ere berdin balio! Herriko etxeko gela hotza baino arras ederragoa da eliza bere apaindura eta beirateekin! Han bai zeremonia ederra, jende guzia kantuz organoa lagun, apeza jantzi ospetsuetan, eta elizatik ateratzean ohorezko hesia, zeinuak zanpaka… Horiek bai, horiek, ezkontzak!

Baina Mahañoren senarra, etxeko diru guzia ostatuetan xahutu eta gau guziez etxera mozkorra, emaztea eta haurren jotzen hasi zen. Mahaño gizagaixoari ezinbestekoa izan zitzaion dibortziatzea, haurrak noiz hilen zituen beldurrez…

Bi urte berantago, Mahaño berriz ezkondu zen, senargaiak hala nahiz eta familiak bultzaturik. Haurren hezteko, bi soldata etxean ez zen soberakina.

 

  1. urtea arte, dibortziatu berriz ezkonduak ez ziren elizaz ehortziak (canon 1240). Beren familia fedean hezirik ere, bizi eredugarria izanik ere, zakurrak bezala lurperatuak ziren. Jondoni-Paulo bigarrenak 1981. urtean bere pentsamolde zorrotza adierazten zuen aldi berean, Elizara gomitatzen zituen: “Berriz ezkondu dibortziatuak berez jarri dira komuniatzera ezin onartuak, heien egoera ez baita bat Kristo eta bere Elizaren amodiozko komunioarekin, eukaristian aditzen eta gauzatua den bezala… Halere gomitatuak dira Jainkoaren hitza eta meza entzutea, otoitzean segitzea, egunero Jainkoaren onginahia otoizka eskatzea, etab…”. (Familiaris consortio, 1981). Baina nola hartzen ahal da norbait Elizan eukaristiatik behin-betikoz baztertuz?

Gaur egun, Frantses Aita Sainduak “Amoris laetitia” gutunean, ezkontzaren hautsezintasuna dudan ezarri gabe, bizi “irregularra” duten integrazioa aipatzen du, aztertuz, Elizaren laguntza guziarekin. Berak aholkatu bezala, Schönborn kardinalak egin duen gutun horren aurkezpena irakurri behar da. (1)

 

Mahaño zendu eta negarrez segituko ote duia zeruan?

David Acheriteguy

 

(

Comments are closed

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu