Category: Sailkatugabeak

Diozesaren bestako bezperak euskaraz eta sirieraz.

By , 2018/05/06 06:06

Jerusaleme Abu Gosh eta Belokeko apezak 1895-1952.

Euskal fededunek beldurrik gabe so egiten diete munduko beste lurraldei. Irekidura horren froga agertuko da ezin hobeki heldu den maiatzaren seian, diocèse en fête” lemaren pean Baionako katedralaren inguruan antolatua den ekitaldian. Igande horretan bezperak kantatuko baitira euskaraz…. eta sirieraz ! hauxe gauza bat ustekabekoa. Alabaina euskal fededunek gonbidatzen dituzte Siriatik ihes alde hauetara etorriak diren siriarrak  hauek kantatuko diote kantu bat andredena Mariari, bai eta “gure aita” Azpimarratzekoa da ekialdeko eliza siriakoak kantatzen duen gure aita emanen dutela, aramear hizkuntzan, hots Jesu Kristo bera mintzo zen hizkuntzan. Hara euskal fededunek frogatuko dutela igande horretan beren sorterritik ihes heldu direnei Elizak ekartzen dioten sustengua, salmoak euskaraz ezin ederkiago xaramelatzearekin batera. Siriar iheslariekiko partaidetza horrek erreferentzia zuzena egiten dio, iparraldeko giristinoek joan den mendean Belokeko komentutik abiatu eta Eliza siriakoaren baitan bizitu duten mende erdiko ibilaldiari.

Argazki honetan Abu Gosheko apezgaitegian urte luzez egon diren belokeko fraideak. Gaineko lerroan (7) : Philippe Zurutuza (ezker puntan), Benoit Bordalt (ezkerretik laugarrena), Paul Irastorza (ezkerretik bosgarrena), Louis Bereciartu (ezkerretik seigarrena), Alexandre Lannes (ezkerretik zazpigarrena). Erdiko lerroan (10) : Teofano Ardans (ezkerretik bigarrena), Bertrand Hiriart (hirugarrena), Anselme Chibas-Lassale (seigarrena), Olazabal (zortzigarrena). Behereko lerroan (5) : Benoit Gariador (ezkerretik hirugarrena).

Goragoko argazkian diren fraidetan bederatzi iparraldekoak ba dira, Jerusalemen, Abu Gosheko apaizgaitegian zirelarik argazkitan hartuak. Ikusteko da zer kariaz joan ziren eliza siriakoaren zerbitzuko hainbeste euskal fraide Beloketik. 1895-1900 urtetan gara, Frantzian eskolaren gerla hasia da ; hala ere botere zibilak Eliza katolikoari dei egiten dio, Jerusalemen Abu Gosh deitu lekuan eroria den eliza baten berreraikitzeko, Inperio otomanoak Frantziari utziak dizkion zenbait kilometro kuadraturen barnean. Leon XIII Aita Sainduak beneditar ordenari galdatzen dio fraide multzo bat igor dezan Abu Gosherat, eliza hori berreraiki ondoan, eliza siriakoaren apezgaiak moldatzeko. Leon XIIIak zehazten du errito siriakoa beharko dutela beneditarrek errespetatu, ezagutu eta apezgaiak horretan moldatu. Vatikanoaren proposamena beneditarren ordenaren barnean jaisten da… Belokeko komenturaino. Beloke 1875ean irekia duen Jean-Leon Bastres aitak fraide ekipo bat bidaltzen du Jerusalemera. Fraideak segidan lotzen dira lanari, haien artean Aldude Xiloeneko Benoît Garador eta Mentako J.B. Ardans Teofano fraide izenekoa.

1883an sortua da Teofano Ardans, eta 1901ean sartzen da Beloken. Kasik berehala igorria da Jerusalemera. Argazki pean agertzen dira beste zazpi euskal fraideren izenak. Argazkian dira ere Biarno aldeko bi fraide : Anselme Chibas-Lassale eta Alexandre Lannes, Palestinan oroitzapen hunkigarria utzi dutenak. 1947 urtean eginik izan den beste argazki batean gutxienez hiru euskal fraide ageri dira : Alphonse Arregui Baigorriarra, Placide Berasategui Gipuzkoa-Zegamatik Belokerat etorria, eta Gabriel lertchundi Ziburutarra. Argazki hau ere Belokeko artxibategian artoski zaindua da.

Gabriel lertchundik Frantzian egin zitezkeen maila goreneko musika eskolak eginak ditu. 41 urtetan bidali zuten Beloketik Abu Gosherat. Bi urte iragan zituen lekuko apez batzuekin Siriako elizako salmo eta kantutegia biltzen. Kantaria entzutearekin notak markatzeko gai da. Belokeko artxiboetan aurki daiteke liburu bat gotorra Gabriel lertchundik osatua salmo eta kantika siriakoekin. 1948-1950 etan Jerusalemen zen egoera nahasi eta lanjerosaren gatik, 1952an Abu Gosheko apezgaitegia utzirik Belokerat itzuli ziren fraideak. Hargatik, Gabriel Lertchundi lotu zen hemengo elizkantutegia biltzeari, eta aita Iratzederrek ontu zuen hainbeste olerkiri aireak sortu zizkion. Beloke-Abu Goshen historiako parte hori oro gogoan segur siriar iheslariak arras guri hurbilago sentituko ditugula euskal bezpera horiek kantatzean, Baionako katedralean, maiatzaren seia arratsaldeko lau eterdietan.

Mattin larzabal

2018 04 23 herria

Ikus ere

http://www.baskulture.com/les-benedictins-de-belloc-a-jerusalem-110289

 

Gogo-bihotzaldi on !

By , 2017/07/09 06:34

Urtarrilaren lehena heldu denean, uste gabean ura diogu opatzen edo desiratzen maite dugun jendeari! Aspaldiko garaietan, hazkuntzaz eta bilketaz soilik bizi zelarik jendea, euskaldunak, bertzeak bezala, ohartuak ziren,  bizia den tokian, ura premia handiko elementua dela.  Udako agorriletan memento txarrak pasaturik, besta egiten zuketen udazkeneko eurien ondotik iturburuak berritz turrustan abiatzen zirelarik. Adio idorte, ongi etorri urte !

Ostoen erortzea, landareen ihartzea ur eskasiaren kondu ematen zuketen ez baitzakiten oraino landare batzuek urte baten edo biren bizia duetela baizik,  edo ta zuhaitzak berak dituela erorarazten ostoak. Ikusten zutena zen ziklo berri bat bizidunentzat : izadi, abere, jende,  (denen onuragarri );

Arrailtzen hasia  lurra, zimailtzen landarea ? Ureztatu eta berritz bere hartara bakotxa ; handik laster jori: landarea azkar, lurra emankor !

Uraren pare, gure gogoak eragin, omen, garenari, egiten dugunari, gure ingurumen guziari…

Ura eta gogoa biak bizi iturri!

Eragin hori alde onerakoa izan dadin badira segur lege batzu ; maluruski menperatzen errexak ez direnak. Diotenaz baikorra eta konfiantzaz betea behar du gogo horrek. Erratea aski balitz ! « Goizero, goizero lanera noa ilun gogoan » dio A. Duhalden kantu batek.

Urte berriaren aurrean xede berriak hartzen baitira, saia gaitezen beraz gure gogoa alde onera bihurtzen !

Lehen gauza, zertan garen ikusi eta hartarik abiatu. Ttikitan genituen asmoak gogoratu ; onartu betetzen ahalko ez ditugun asmoak badirela ; ustegabetarik bete ditugunetaz ohartu eta loriatu ; bihotz xokoan gelditzen zaizkigunak gogora ekarri eta saiatu horien gauzatzera, sineste baikor batekin ;

Bigarren gauza, dugunarekin egin : lasterka ibiltzeko ez baldin bagare on, urratsean ibiltzeko plazerra gozatu, oinez ibiltzeko on ez bagare, prezia otomoilez ibiltzea, … Guen lagun baten gisan :ez du gehiago ikusmenik, ikusi behar da nola baliatzen duen entzumena, beti irria ezpainetan duela, eta… umorea mihi puntan : « Atzoko manifan etzaitut  ikusi ! » erranen du irri sano batekin.

Hirugarrena : arloz arlo, saiatu gure biziaren aintzindari izaten « Nere arimaren kapitaina naiz ! » zion Mandelak.

Bikote bizian. Gisa berean, gogoan ibili elkarrekin betzeko asmoak zertan diren, bainan,  kideak zituenetaz… dituenetaz axolatu eta lagundu gauzatzen, gogo onez.

Profesional mailan baikorki ikusi biharamuna, baikorki lankidea. Batzuek beti lankide onak dituzte, berek diotenaz, bertze batzuek beti txarrak, berek diotenaz hor ere. Asma diferentzia nundik heldu den.

Euskal kataskan ere, garen puntutik abia: iragana hartu den bezala : historian zehar Euskal Herriak bi Estatuen ganik jasan duen zapalkuntza gogorra ikusi ; euskaldunen ihardokitzea ulertu ; hiru protagonista horien bortizkeri zirimolan urrunegi joatearen balantza egin ! Etorkizunari behatu baikorki, hitz egin, gogo onez, urratsak elgarrekin eman. Bilbokoa handia zen : bazuen 15 urte abertzaleak etzirela batu, ezkerrekoak eta eskuinekoak !!! Etokizuna hortik doa ! PPkoek ere, egun batez, urrats bat eginen dute ba !

Munduari begira baikorrak izan ; ikasi Lur gure izarbelaren istorioan sekula baino bortizkeri gutiago badagoela (sic) ; jendea sekulan baino hobekiago bizi dela (sic). Harrigarria bainan orokorki hala da !! Jakina oraino « kristoin » lana badagoela egiteko, denek badakigu zenbat sofrikario baden munduan zehar. Ez ahantzi izadia edo natura bera, hasia dela sofritzen.  Hor ere aterabiderik ezta errespeturik gabe, jendearena bezain bat naturalezarena. Gogo onez edo beharrez, gizakiak hor ere bide egokia aurkituko du. Kausitze eta petto, petto eta kausitze, itxaropena nagusi !

Eliza katolikoan Frantxua Aita sainduak, askatasun gehiagorekin pasatuko da hitzetik obretara, agian ! Batinako 2. aren haize frexkoa berritz sentitzen ahalko dugu beharri xokotan

…..

 

Gogoaldi on irakurle. Iturburuko ur hotx gardenak biziari on egiten dion bezala, zure gogoa izan dadila frexko, baikor eta borondatetsu ; bilaka dadila onuragarri zuretzat, zuk maite ditutzunentzat eta zure ingurune guziarentzat ! Hauxe zion Joanes Etxeberri, Ziburukoak 1627-an:

Iauna khen dietzadatzu gogoetako harrak,

Landa behar alhorrari, nola Kharlolaharrak…

 

By , 2017/07/09 06:29

Diosesako euskara frantsesez.

Gizarte zibilak euskararen alderako parioa egiten duelarik diosesak alderantziz.

Ipar euskal Herrian, Euskal Herria 2010 topaketen ondotik sortu ziren 90-ean Euskal Kultur Erakundea, 94-ean Garapen Kontseilua, 95-ean Hautetsien Kontseilua, 2004-ean Euskararen Erakunde Publikoa. Ez da guti! Bainan ez ahantz gogoetetatik obretara pasatzeko Deiadar manifa frango egin zela ( Bortz, 89-tik 2009ra; bertze bat 2012-an). Oraiko Ikas pedagogia zerbitzua egituratzeko zenbat tira bira etzen izan! Laborantza ganbararen kasuan bezala: Estatuak ezin utzi iniziatiba euskaraz ari diren pribatu batzueri! Manifa eta ekintza frangoren ondotik: euskara gero ta gehiago hor erakaskuntzan, Herriko etxeetan euskara teknikalariak…, Herri-elkargoetan euskarazko ikuskizunak proposatuak… Laborantza ganbara bat, nekez sortua bainan 10 urte ospatu berriak dituena. Gazteak gero eta euskaldunago sentitzen dira.

Erran gabe doa anitz badela egiteko oraino: ofizialtasuna, Ipar Euskal Herri administratibo bat…. Bai eta ere euskara agerian sailean: hala nola Kontseilu orokorrak euskal mendiari buruz egin lanaren kasuan: lan ederra bainan panel guziak frantsez hutsean, gainera hauek itzatuak goresten duten obraren erdian. Protesta bat egin eta Larrungo mazelekoak kenduak dira. Agian berritz agertzeko, elebidun oraikoan!

Baionako diosesan gero eta euskara gutiago. Jakina, elizatiarrak bakandu direla eta beraz euskaradunak ere. Bainan haur eta gazteen artean euskara garatzen ari delarik, nola prestatzen ote du geroa hemengo diosesak? Zaharkitu ideia batzu aintzinatuz eta euskara hiltzen lagunduz? Nun bizi ote dira diosesako buruzagiak? Euskal errealitatetik harat dohaike… Ez dute ikusten euskal kultura bizi dela, herri bat eraikitzen ari, euskal jendeak bere nortasunarekiko duen atxikimendu baitezpadakoa suspertzen ari? Adibide batzu:

Katedraleko argibide panelak frantsesez, españolez, inglesez eta kitto; Mikel Duvert-en “Le paroissien ordinaire” gutunaren ondotik: “ça arrive, c’est en cours, il y en aura en basque, nous attendions de trouver quelqu’un qui aurait un bon niveau pour les traduire car on voulait un bon niveau, il faut que le basque soit à la hauteur de ce que l’on attend” (Katedraleko rektorearen idazkariak).

Denak argian aldizkarian

Barbier, Senpereko erretor izanaren testu baten itzulpena agertzen da. Ez dugu hori gaitzesten bainan bai jatorrizko idazkiaren eskasa; haren ezagutzea, gozatzea ez ote du merezi euskal irakurleak. Huna zati bat. 14eko gerlaz ari da.

Gure Piarres maitea,

Zu etxetik urrunduz geroztik, hitsik daude gure bazterrak. Hirri guti da hemen gaindi. Ezpainak ikaretan, ama gaixoa harat-hunat badabil etxean; othoitzetik ez da gelditzen, eta nigar bat baino gehiago badiot iku-

sirik. Arima-herratu bat iduri du aldiz aitak, eta, maiz aski, xut-xuta hantxet dago, behereko sorhoan, keetaren aldean. Han azken aldikotz ikusi zinituen, eta dudarik ez da han agertzen ikusi nahi zinduzkela berriz ere, eta lasterxko. Ganix furfuria batean lothua da kanpoko lan guzieri; eskerrik ez dio gehiago hain maite zuen turrutari. Haurrak jostatzeko ganarik batere gabe dira, eta Xuriko saingaka artzetik ez ahal da behin ere athertzen.

Zato laster etxerat, Piarres maitea; huts bat bada hemen zu joanez geroztik, zutaz bertzerik ez baita huts hura betheko duenik sekulan…

Dena aurki daiteke hemen: http://klasikoak.armiarma.eus/pdf/BarbierPiarresII.pdf 29. orrialdean.

-Euskal herriko Elizaren sinesgarritasuna jokoan  gogoetaldiaz, bost axola. Hemen berean agertu zen.

Gaia: Euskarazko pastoraltza zerbitzua , Aillet apezpikuari,
Maite Irazoqui eta Peio Ospital-ek,
2009 an aurkeztu eskakizuna. ( Txoxten osoa hemen: www.talaia.net/ )

Geroztik zer ardietsi da?

A- 5 urteren buruan Apezpikuak arartekolari bat bidali duela Fedea eta kulturaren bilkura batetara. Hunek entzun gintuen eta erran gure doziereko eskaerak aurkeztuko ziozkala Apezpikuari.

B- 6. urtean, arartekolaria etorri zen, ez Apezpikuaren errepustarekin, bainan lehen aldian egin zuen ohar berarekin: “Zuen kezkak parropioetako apezekin behar dira ikusi”. Berritz zehaztu geniozkan FTK-aren proposamenak; joan zen, oraikoan aipatuko ziozkala Marc Ailleti.

C- Ondoko bilkura batetara etorri zen: Ba eta, Mikel Erramouspé ikusi zuela, eta harek ziola, gazteak biltzen ahal zirela kantuari esker, eta bazela liburu interesgarri bat, frantsesez, itzultzen ahal genuela euskarara…. “Eta Marc-ek zer dio???” genion galde egin. Berritz gauza bertsuak aipaturik bitartekariak erran zion guen taldeko apezari “Goazen elgarrekin Apezpikuaren ikustera.” Hunek: “Ados! Baina laiko bat ere behar da ordezkaritza hortan.”

D- 15/02/26-eko bilkuran, denek nahi zutelarik jakin “Eta noizko da hitzordua?” gure bitartekaria ez da etorri. Mezu bat igorri du Apezpikua ados zela bilkura egiteko. Bainan data proposamenik ez!

Diosesako arduradunek, jendetasunaz gain, zer egiten dute Redemptoris missio Jean Paul 2. ren 1990-eko letraz : « Ebanjelioari gorputz eman populuen kulturan”. Fedea, kulturaren baitaratzeaz ari zen Aita Saindua. Fedea eta Kultura taldea ere.

Asmoa du hastapeneko fedea eta kultura egunak bezalako zerbeiten antolatzea, euskaraz, deneri idekia bat bateko itzultzaile batzueri esker. Agian Diosesatik ardietsiko ditu diru laguntzak bai egun horientzat bai Euskarazko pastoraltza zerbitzuarentzat.

Mandio

Bohamia, hain urrun, hain hurbil

By , 2017/07/08 16:54

Laborari zahar bat hilzorian da. Etxeko hiru semeen artean partimenak eginik, bakarrik gelditzen zaizkio ardiak banatzea. Hauxe  du idatzi testamenduan :

 

“Ardi troparen erdia seme zaharrarentzat.

Troparen heren bat bigarrenarentzat.


Troparen bederatziren bat seme gazteenarentzat…”

 

Hau entzutean seme gazteena arrunt haserretzen da. Bi zaharrenek larderiatzen dute :

–   Holakoa duk gure etxeko ohidura. Ez duk gure falta azkenik sortua balin bahaiz.

Gure burrasoek eman ontasunak behar ditiagu ahalaz begiratu, sobera barreiatu gabe !

 

Horiek hola, hasi dira karraskan ardien biltzen.  Ez da lan errexa izan, ardiak aspalditik beren gisa utziak izanagatik. Hastapenean mendi malda gehienak kurriturik  hamazazpi dituzte bildu bakarrik. Ibiliaren ibiliz berriz ere inguruko mendi guziak miatu-ta ez dute besterik hatxeman.  Beraz hamazazpi ardi, ez bat gehiago. Baina hamazazpi ardiak nola zatitu ? Erdia ezin hartu. Herena ere ez. Oraindik gutiago bederatzietarik bat.

Mintzatu dituzte apeza eta auzoak. Denek berdin diote :

–    Aski duzue ardien jabegoa hiruek elgarrekin hartzea edo sal-zkitzue hortik bistatik!

Notarioak ere dudak baditu:

–    Zuen aitaren  testamentuak ez du deus balio. Ezin da gauzatu!

–    Ez! Horiek oro ez dira aitaren nahiak, ihardokitzen diete finko hiruek aho batez.

 

Horrelakoak entzunik, Manana Motela bohamisak, proposatzen die atera bide bat.

–    To, gure etxe hegian, estekan badut ardi trapatu bat. Har ezazue zuekin eta partimenak eginen dituzue errexki.

Ardi honekin anaiek hemezortzi ardi dituzte orain. Seme gehienak hartzen du troparen erdia : bederatzi. Bigarrenak heren bat : sei. Hirugarrenak, nahi ala ez, hemezortzietarik  bi baizik.

Beraz bederatzi gehi sei, gehi bi, heldu da hamazazpi. Horra ardiak zuzen banatuak. Gelditzen zaie ardi bat. Zein ardi turnatu Mananari ?  Ez dira ados.

Seme zaharrenek :

–   Itzul diezogun bere ardi zahar trapatua.

Gazteenak :

–   Ez, esker onez merezi dik hobeago bat. Zepotik atera gaitik.

–   Behauk hortik! Bohami guziak ohoinak, maltzurrak, alferrak eta gezurtariak dituk. Nork dakiak ez duen ardia ebatsia ? Ez diakitek ardi baten behar bezala hiltzen ere. Mozkortuko dituk, aharrak eta kalapitak sortuko ditiztek, fundituko ditek.

Seme gazteena ez da uste zahar horrekin konforme. Denen ixilik, Manana Motelari, dituen bi ardi onetarik bat turnatu dio. Horrela, bohamiari hurbiltasun osoa adierazi dio, merezi duen ikustatearekin. Jendeak jendea balio baitu. Aldiz, partikatu ez dutenak  ez ote dira beren hartan kateaturik preso gelditu, giza sineskerietan gakatuak.

Batzuek guti dute, baina duten gutik hortarik emaiten dute. Biziaren dohainetan sinesten dutelako. Jainkoaren irriñoa ikus daiteke holakoen begitartean.  Gerta daiteke emailearen poza ukailearena baino handiago izaitea. Bizidunen eta naturaren funtsezko jitea ez ote da emaitea.  Sagarrondoak hautatzen ote du zer fruitu edo nori emanen dion bere fruitua ? Ez ! Biziari bizia zor zaio.

Johanes Bordazahar

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu