Category: Mattin Larzabal

Eliza katolikoa Afrikan 17/07/13

By , 2017/07/11 12:18

Aita Sainduaren bulegoak plazaratzen duen “Estatistika Urtekaria 2017” dokumentuak elementu guziz interesgarriak erakusten ditu Eliza Katolikoaren osasunaz mundu zabalean. Afrikako kontinentearen zifreei begiratuz ezinbestekoa da aitortzea Eliza goiti ari dela Afrikan. Zifra batek erakusten du argiki gorakada: 2010ean Afrikako giristinoek Eliza Katoliko orotarikoaren %15,6a osatzen zuten. Bost urte berantago kopurua %17,3tara hupatu da, Elizatiarren kopuru orokorra bera emendatu delarik epe horretan.

 

Osasun onaren zenbakiak

2010ean jada biziki zifra ona, 186 milioi afrikar baziren bataiatuak, Afrikako biztanleen %17,8a. Bost urte berantago kristauak 222,2 milioi zenbatuak dira, Afrikarren %19,4a. Hots, tanto bat eta erdiko emendioa bost urtetan. Epe berean Afrikako diozesetan apeztuak 25.434etik 30.538tara hupatu dira, bost mila gehiago bost urtez. Emendio horrek esplika dezake Ipar Euskal Herrirat ere gero ta gehiago apez beltz datorkigula. Hara hasteko, 2010ean 1.400 apez beltz bazirela Frantzian Afrikatik Europa mendebal honetara misionest etorriak. Ekainaren 15eko HERRIAn ikasi dugu Suhuskune, Irisarri, Ortzaize, Arrosa eta Bidarraik erretor beltza dutela: Gracia Dieudonné Ndongala Madiadia. Hauxe ez baldin bada ere euskaraz profeta bezala ari, gai da meza emaiteko euskara ozenki ahozkatuz. Jondoni Jakobe-Ortzaizeko parropiantek ez dute saltzekoa.

 

Emendio horren arrazoinak

Lehenbiziko arrazoina, Afrikako kontinenteak 1.216.130.000 dituela aurten 54 estatutan banatuak (2016ko kondaketa). Adituen arabera jendetza hori 2,5 aldiz biderka daiteke hemendik eta 2050 urtera. Hori geroari begira, baina 2010–2015 aldiari begiratuz, Afrikar kopurua %9,6an emendatu delarik katolikoen kopurua %19,5ean hupatu da. Hots, jendea bera baino bi aldiz gehiago emendatu da kristaua Afrikan. Bistakoa da Afrikar gazteria tirriatzen duela kristautasunak. Philippe Hugon IRIS erakundeko ikerlearen ustez, ez da dudarik katoliko erligioak tirriatzen dituela gazteak apezterat, iduritzen baitzaie estatutu sozial bat hobea ezagutuko diela jendarteak, lehenago Frantzian erreintentzat gertatzen zen bezalatsu. Egia da Afrikan hiru bataiorentzat bat adin heldukoek galdatzen dutela. Munduan beste inon ez da hainbeste helduen bataio galderik.

 

Desberdintasunak guneka

Sahara basamortuaren pekaldean da kristautasuna handizki hedatzen ari. Kristau gune markatuak hauek dira: Burundi, 11 milioi biztanle, katolikoak %61; Angola, 28 milioi biztanle, erdiak katolikoak; Kongoko Errepublika Demokratikoa, 85 milioi biztanle, erdiak pasa katolikoak. Haatik beste estatu gehienetan erligio musulmana da lehen tokian, guziz Saharaz goiko aldeetan. Berdintsu da hizkuntza publikoki erabiliena frantsesa den tokietan. Hala nola Malin %90 musulmanak dira, eta Senegalen %95. Marfil Kostan (Boli Kostan) da parekotasun handia oraino: musulmanak %40, kristauak %34, hauetan erdiak katolikoak.

 

Desberdintasunak kristauen artean

Denak kristauak dira, denek “kredo” edo “sinesten dut” berdina aitortzen dute baina anitz familia desberdinetan emanak dira. Hala nola Ingalaterra aldetik eta hego Amerikatik abiatu kristau mugimendu berriek arrakasta handia dute Afrikan. Pentekotistek eta Ebanjelistek %14a gainditzen dute, katolikoen %17,3a serioski hurbiltzen dute. Bernard Ugeux aita xuriaren ustez iduri luke beharrune ekonomiko latzean bizi direnak hurbiltzen zaizkiela, katolikoei baino aiseago eta fiteago. Haatik ekonomia sanotuz doan heinean hedatzen ari den klase mediako gazteriak ere gogokoago lituzke. Protestante karismatikoek azkarki balioztatzen baitute norbera jendartean hupatzea, ekonomikoki bezala psikologikoki ere.

 

Etiopia eta Eritreako Jainkozaleak

Etiopian, 99 milioi biztanle, eta Eritrean, 5,8 milioi biztanle, egoera arras desberdina bizitzen dute. Azken estatu honetan duela 1700 urte finkatu sinesten dutenaren elementu pare bat ez zuten onartu, eta oraingo jainkozalek bide beretik segitzen dute. Etiopian 1054 urtean Elizatik banatu ziren Ortodoxoen joerak segitzen du.

 

Afrikaren lekua Elizako egituretan

Afrikako kontinenteak 15 kardinal ditu gaur egun, horietan sei Frantses Aita Sainduak izendatuak. Heldu da mundu osoko kardinaletan %6,8, oixtion genioen bezala katolikoak %17,3 direlarik. Beraz eskasia apur bat baina denborarekin arteka ezeztatuko da segur, Elizako buruzagiek Afrikako katolikoen gaztetasunari merezi duen ezagupena aitortuko baitiote.

 

Mattin Larzabal

Tradizionalisten galaxia ipar Euskal Herrian

By , 2017/07/08 14:45

“Vatikanoko bigarren kontzilioarekin, Eliza desbideratu da osoki, duela bi mila urtetik hartua zuen bidetik”. Hara tradizionalista guztiek zer oihukatzen duten 1970az geroztik. Ideia nagusi horren azpian, latinez emanak diren mezetan ibiltzen dira, komunionea ahora hartzen dute. tradizionalista sareak kudeatzen dituzten apezek sotana beltza dute beti soinean, meza kontzilio aitzineko arropetan emaiten dute jendeari bizkar emanez. Puntu amankomun horien gibelean ordea hiru multzo arras desberdin lerrokatzen dira. Hiru sigla misteriotsu erabiliko ditugu hiru talde horien izendatzeko : FSSPX (Fraternité Sacerdotale Saint Pie X) hauxe baitugu Marcel lefebvre apezpikuak sortu zuen multzoa 1970 urtetan ; FSSP (Fraternité Sacerdotale Saint Pierre) Marcel Lefebvre Elizatik eskumikatua izan zelarik (1988) Elizaren barnean egoitea erabaki zuten tradizionalisten multzoa ; eta hirugarrena : USML (Union Sacerdotale Marcel Lefebvre) 2014ean FSSPXetik kanporatuak izan diren apez eta apezpikuek osatzen dutena. Hiru multzoak ez dira berdin ordezkatuak Ipar Euskal Herrian, baina FSSPtik arras hurbil ba dago hemen gaindi tradizionalista sare bat, guztiz ez ohizkoa, eta jaun apezpikuaren sostengu bizienarekin diskretuki aitzina doana. Ikus dezagun hori oro.

FSSPX Euskal Herrian

Multzo hau jabetu zen Domintxaineko eskolaz duela 27 urte, ordu arte eskola haren buru zen Goyhenetche apezak eginak zituen zorrak osoki bere gain harturik. David Aldalur, sortzez Biriatuarra eta FSSPX apeza da eskola horren buruzagia 2011az geroztik. Gauza jakina da AFMR eskolako presidenteak Etxarriko jauregia 800 000 eurorentzat saldu diola FSSPXi joan den uda ondarrean. Ondorioz mutikoen eskola eta iganderoko meza tradizionalista aterbetzen ditu orain Etxarriko jauregiak. Aldiz Domintxainen nesken eskola irekia dute. Bi eskolak ADEC (Association de Défense de l’école catholique) estatuarekin kontraturik ez duen sarearen barne dira. Bigarren kapera bat irekia dute kostaldeko tradizionalistentzat Milafrangan : notre Dame des naufragés eman diote izena, meza bat ematen da hor igandero, eta ba dute aski leku beharrez eskola baten irekitzeko.

David Aldalurrek euskal kantika zaharrak eta Besta berri bezalako ohiturak brauki baliatzen ba daki. Apez hau jinez geroztik “Besta Berri” distiratsuki antolatua da Domintxaineko plazan. 2014ean Behauzeko “eskuz esku” fanfarrak parte hartu zuen, 2015ean “Jose Lontxo” Donostiako txarangak, eta iaz “Burgaintzi” amikuzekoak. Ikasturteko bestaren karietara David Aldalurrek “ikurriñari” dantza emanarazten die eskolako haurrei. Ez da batere gaizki, FSSPX sareak latina duelarik elizan erabiltzen, eta lekuko hizkuntzetan Jainkoaren laudatzea gain gainetik gaitzesten.

 

 

USML Euskal Herrian

USML sarea muntatua da 2014eko primaderan, FSSPXetik kanpo emanak izan diren 47 apezek eta Williamson apezpikuak osatzen dute. Azken honek jadanik bi apez apezpiku ordenatuak ditu geroztik. Sare honek goraki Eliza katolikoa eta FSSPX zaku berean sartzen ditu. Oihukatzen du bera dela egiazko Eliza, Marcel Lefebvre apezpiku zenaren bidetik. Diotenez bigarren Kontzilioko Elizak eta Aita Sainduak kristau tradizionea hautsia dute orobat, funtsezko Elizatik kanpo joanak dira. Aldiz, FSSPXek Marcel Lefebvre trahitua du, ari baita beti Erromarekin negoziatzen kontzilio ondoko Elizan multzo berezi bezala ezagutua izaiteko.

47 apezek osatzen duten USML multzoan daude,  Nicolas Pinaud, Aldalur aitzin Domintxaineko eskolako buru egona, eta Olivier Rioult, hau ere Domintxainen irakasle egona 2010 eta 2011an. Azken honek erosi zuen Sarrikotapen baserri eta abere aterbe bat. Hor irekia du Saint Agobard ermitaua, berritze lanak kudeatzen ditu, eta latinezko meza emaiten erregularki.. Nahiz frantses errepublika Satanen mende ekartzen duen, deabru horrek ekar dizkiokeen abantailak ez ditu ukatzen, Oloroneko suprefeturan deklaratua du Saint Grat elkartea 2016eko urtarrilean. Horrela ermitauari eskaintzen duten dirua beren zergetatik kendua izaiten dute laguntzailek, milesker frantses errepublika demonioa ! dena den, Olivier Rioult-k dionez 60 presuna hurbiltzen dira komunzki Sarrikotapeko meza horretara. Etxarriko eskolan haurrak ezarriak dituzten familien parte bat, Sarrikotapeko latinezko mezara joaiten da. Atsegina Rioult-rentzat, arrangura aldiz Aldalurrentzat, ez ote duten Etxarriko eskola utziko eta Sarrikotapen Rioult-k irekiko duen eskolara joanen, FSSPX Eliza katolikoko adar bat bilakatzearekin.

FSSP Euskal Herrian

Etiketa honen pean biltzen dira 1988az geroztik kontzilioko Elizan lerrokatzen diren tradizionalistak. Paueko Saint Louis de Gonzague eliza eta parropia kudeatzen dute, Vincent Ribeton apeza buru. Ez da gure diozesan FSSP beste egiturarik, ez elizarik, ez eskolarik, ez laiko talderik. Nahi dut.

Baina multzo tradizionalista arras ongi ordenatuak ba dira. Jakina da Baionan, St Amand auzoko elizan ba dela igandero latinezko meza, 60 presuna hurbiltzen zaizkio, opor denboretan bi aldiz gehiago, Thomas Becket elkarteko hiru apezen artean kudeatzen dute . Miarritzen egun oroz ematen dute goiz-meza gregorianoa meza hori. Josepe elizan, Saint Martin elkarteko hiru apezek. Hauek sotanean ba dabiltza beti, errugbiako partidetan ere. Laikoetan nola ez aipa Edouard Cestac eskola, nahitara ez duena kontraturik estatuarekin, 2014ean irekia, Arrangoitze Haixteian, hogei haur eskolatuak dira hor, hiru urtetik haste. Burrasoek hilabetean 150 euro pagatzen dute, urteko hamar hilabetetan. Nola ez aipa oraino Baionan muntatua duten “domus cristiani” familien mugimendua.

TH Becket eta St Martin apez taldeak ez dira Elizaren legez FSSPri lotuak. Talde horietako apezek ikasia dute bi erritotan meza emaiten. Frantsesez edo/eta lekuko hizkuntzetan kontzilioz geroztikako moldean, eta latinez Pio Bosgarrenaren meza (1570), 1962an Vatikanok gaurkotu zuena emaiteko gai dira. Becketarrei emana izan zaie berriki diozesako ikastegi publiko eta pribatuetako omonier kargua. Apezpikuaren manuz, Miarritzekoek lehen tokia dute gazteen ezkontzarako formakuntzan, bai eta ere bataioa eskatzen duten laikoen moldakuntzan. Ba du bulta bat tradizionalistek sator lana abiatua dutela gure diozesan.

Lefebvristak laster Elizan ?

By , 2017/07/08 13:41

Lefebvristak laster Elizan ?

 

2017 urtea izanen ote da Lefebvristak Elizaren barnera itzuliko diren urtea ? 29 urte betetzen dira aurten Marcel Lefebvre apezpikua eta honek apezpikutu zituen lau apezak Elizatik kanpo emanak izan zirela. Eliza katolikoaren baitan “prelatura pertsonal” (hitz kanonikoa) bat ukanen dutela dioten zurrumurruak gero eta gehiago ateratzen ari dira. Behatuko diogu lehenik FSSPX sigla Lefebvristak aterbetzen duen planetaren indarrari, gero Elizan sartzea zein baldintzetan proposatua zaion, Elizaren proposamenek FSSPX baitan sortu duten eztabaidari, eta bururatuko dugu gogoeta zenbaitzurekin.

 

FSSPX aberatsa – Nahiz joan den martxoaren 2ko HERRIAn azaldu genuen bezala hiru multzotan diren Lefebvren umeak, FSSPX da horietan indartsuena. 1970ean sortua, Elizak onespena kendu zion sei urte berantago, baina segitu zuen garatzen, Elizak Lefebvre eta honek kontsegratu lau apezpikuak 1988an eskumikaturik ere. Gaur egun FSSPX 72 estatutan hedatua da, 630 apezekin, horietan 160 Frantzian. Mugimendu horren kurriarazteko pentsa zenbat bastiza eta lanpostu pagatu behar diren ? Gainera, egitura biziarazteaz gain ihaz FSSPX jabetu da, 270.000 eurotan, notario gastuak horrez gain, Besançoneko kapera batez. Nola ez aipa Etxarriko Oihenartea jauregia bere muntadura eta inguru zabalarekin erosi duela aitaren batean 800.000 eurotan. Hain zuzen erospen hori Baionako auzitegian etsaminatuko da heldu den astelehenean, auzia goizeko 09.30. Deplauki erran daiteke dirua ez dela arazo bat FSSPXentzat. Horrelako aiseriak sortzen ditu ordea arraposturik ez duten anitz galde.

 

Elizaren proposamenak – 1988 Lefebvren eskumika urtetik 2005 artean Elizak bere baitan sustatu ditu tradizionalistak. Benedikto XVI.ak Aita Saindutu bezain sarri erran zuen kristau guzien batasunaren alde ariko zela. Negoziaketak ireki zituen FSSPXekin, bi urrats eginez: 2007an onartu zuen Kontzilio aitzineko erritoko meza, 2009an kendu zuen 1988ko eskumikapena. Paraleloki Lefebvristekin ireki zituen solasek hiru urte iraun dute, bilkurak hilabetean behin Erroman iragaiten zirelarik. Solasen ondotik 2012ko ekainean Eliza/FSSPX hitzarmena prest da. Hona non FSSPXek ukatzen duen bere izenpedura, Benedikto Aita Saindua mindurik uzten duela. Adituek orduan erran zutenez, azken mementoan Erromak gehitu zituen negoziatzaileek ikusiak ez zituzten lerro batzuk, Vatikano II Kontzilioaren orientabideak hain zuzen. Ordukotzat Eliza prest zen FSSPXari prelatura pertsonala onartzeko, baldin eta Kontzilioaren onespena izenpetzen baldin bazuen.

Kargua hartu eta Frantses Aita Sainduak negoziaketak arra zabaldu zituen FSSPXeko Bernard Fellay buruzagi nagusiarekin, zehazki 2013ko abenduan elkar ikusi zutelarik. Hortik aitzina hiru urrats eman ditu Lefebvristen alderat Aita Sainduak. Lehenik ontzat deklaratu ditu Lefebvrista apezen kofesioak, bigarrenik ontzat eman ditu ezkontza tradizionalistak, lekuko erretorak edo apezpikuak baimena emanik. Hirugarren urratsak Kontzilioan finkatu printzipioak hunkitzen ditu: FSSPXek atxikitzen ahal ditu Kontzilioko hiru printzipioez dituen dudamudak: erligio-askatasuna, ekumenismoa eta mezako errito berria. Hiru puntu horietan Lefebvristak ados badira Aita Saindua prest da “prelatura pertsonal” estatutua onartzeko FSSPX egiturari: orain den egitura berdin berdina egonen da Aita Sainduak onetsiko duen prelatu bat gidari. Zurrumurru handiek diote Eliza/FSSPX hitzarmena ofizialki aitortuko lukeela Aita Sainduak, edo uztailaren 7an, Pariseko katedralean, latinezko mezaren onespen erabakiaren hamar urteak ospatzeko esker onezko meza emanen denean, edo irailaren 7an, erabaki horren hamar urteak ohoratzeko mundu guzitik Erroman bilduko den beilaren kari.

 

FSSPX barneko eztabaidak – Ezkontza tradizionalistak Elizak onartuko dituela jakitearekin FSSPXek Erromara igorri duen esker onezko ageriak du krisia piztu Lefebvristen baitan. Egitura horrek Frantzian dituen hamar lurraldetatik zazpitako apez-buruek kritika-gutun bat irakurrarazi dute maiatzaren 7ko meza nagusietan. Diote Elizak ezkontza tradizionalistak onartzeko behartuak liratekeela Lefebvristak apezpikuen mutil izaitera; gehitzen dute Elizan sartuko direla bakarrik Vatikanoak berriz hartuko duenean Kontzilioa arte segitu duen bidea. Kritika-gutun horren izenpetzailetan dugu David Aldalur, Etxarri Oihenarte jauregian ihaz sartua den eskolako burua. Frantziako FSSPXaren ihardokipen gaztigutsua segidan jin da: zazpi apez-buruei “doaien” titulua kendua izan zaie, eta Pariseko Saint Nicolas du Chardonnet elizako erretorari bere elizan meza emaitea debekatua izan zaio.

Lefebvristen onespena gauzatzerat… Hedabideetan anitz oihartzun izanen bide du onespen horrek. Lefebvristen sotanak, beilak, erliki eta saindu prozesioneak erakutsiko dira denetan. Eliza barnean izanen direnez, horiek izanen dira Eliza guziaren aitzindari ekarriak. Kontzilio aitzineko seinale horiek nazkaturik Elizatik urrundu direnak gehiago baztertuko dira oraino. Hots, Kontzilioa segitzen duen Elizak Vatikano II-ren indar gabetzaileak ikusiko ditu denetan agerian. Laugarren mendeaz geroztik “sinesten dut” bera baitugu: katoliko, protestante, anglikano, ortodoxoek, Lefebvristak gai izanen dira hori ere filosofikoki kritikatzeko, jakina baita ekumenismoak zainetan emaiten dituela. Oraindik ezin onartuagoa dute Jainko bakarrean sinesten duten erligioen arteko solasa. Tradizionalistekin mespretxua merke izanen da juduen alderat, eta hisiozko solasak ugari musulmanentzat. Orotan beti lehen ezarriko baitute beren lema: “Christus vincit, Christus regnat, Christus Imperat” (Kristo irabazle, Kristo errege, Kristo konkistatzaile).

Mattin Larzabal

Tradizionalisten galaxia ipar Euskal Herrian

By , 2017/03/07 17:07

 

 

“Vatikanoko bigarren kontzilioarekin, Eliza desbideratu da osoki, duela bi mila urtetik hartua zuen bidetik”. Hara tradizionalista guztiek zer oihukatzen duten 1970az geroztik. Ideia nagusi horren azpian, latinez emanak diren mezetan ibiltzen dira, komunionea ahora hartzen dute. tradizionalista sareak kudeatzen dituzten apezek sotana beltza dute beti soinean, meza kontzilio aitzineko arropetan emaiten dute jendeari bizkar emanez. Puntu amankomun horien gibelean ordea hiru multzo arras desberdin lerrokatzen dira. Hiru sigla misteriotsu erabiliko ditugu hiru talde horien izendatzeko : FSSPX (Fraternité Sacerdotale Saint Pie X) hauxe baitugu Marcel lefebvre apezpikuak sortu zuen multzoa 1970 urtetan ; FSSP (Fraternité Sacerdotale Saint Pierre) Marcel Lefebvre Elizatik eskumikatua izan zelarik (1988) Elizaren barnean egoitea erabaki zuten tradizionalisten multzoa ; eta hirugarrena : USML (Union Sacerdotale Marcel Lefebvre) 2014ean FSSPXetik kanporatuak izan diren apez eta apezpikuek osatzen dutena. Hiru multzoak ez dira berdin ordezkatuak Ipar Euskal Herrian, baina FSSPtik arras hurbil ba dago hemen gaindi tradizionalista sare bat, guztiz ez ohizkoa, eta jaun apezpikuaren sostengu bizienarekin diskretuki aitzina doana. Ikus dezagun hori oro.

FSSPX Euskal Herrian

Multzo hau jabetu zen Domintxaineko eskolaz duela 27 urte, ordu arte eskola haren buru zen Goyhenetche apezak eginak zituen zorrak osoki bere gain harturik. David Aldalur, sortzez Biriatuarra eta FSSPX apeza da eskola horren buruzagia 2011az geroztik. Gauza jakina da AFMR eskolako presidenteak Etxarriko jauregia 800 000 eurorentzat saldu diola FSSPXi joan den uda ondarrean. Ondorioz mutikoen eskola eta iganderoko meza tradizionalista aterbetzen ditu orain Etxarriko jauregiak. Aldiz Domintxainen nesken eskola irekia dute. Bi eskolak ADEC (Association de Défense de l’école catholique) estatuarekin kontraturik ez duen sarearen barne dira. Bigarren kapera bat irekia dute kostaldeko tradizionalistentzat Milafrangan : notre Dame des naufragés eman diote izena, meza bat ematen da hor igandero, eta ba dute aski leku beharrez eskola baten irekitzeko.

David Aldalurrek euskal kantika zaharrak eta Besta berri bezalako ohiturak brauki baliatzen ba daki. Apez hau jinez geroztik “Besta Berri” distiratsuki antolatua da Domintxaineko plazan. 2014ean Behauzeko “eskuz esku” fanfarrak parte hartu zuen, 2015ean “Jose Lontxo” Donostiako txarangak, eta iaz “Burgaintzi” amikuzekoak. Ikasturteko bestaren karietara David Aldalurrek “ikurriñari” dantza emanarazten die eskolako haurrei. Ez da batere gaizki, FSSPX sareak latina duelarik elizan erabiltzen, eta lekuko hizkuntzetan Jainkoaren laudatzea gain gainetik gaitzesten.

 

 

USML Euskal Herrian

USML sarea muntatua da 2014eko primaderan, FSSPXetik kanpo emanak izan diren 47 apezek eta Williamson apezpikuak osatzen dute. Azken honek jadanik bi apez apezpiku ordenatuak ditu geroztik. Sare honek goraki Eliza katolikoa eta FSSPX zaku berean sartzen ditu. Oihukatzen du bera dela egiazko Eliza, Marcel Lefebvre apezpiku zenaren bidetik. Diotenez bigarren Kontzilioko Elizak eta Aita Sainduak kristau tradizionea hautsia dute orobat, funtsezko Elizatik kanpo joanak dira. Aldiz, FSSPXek Marcel Lefebvre trahitua du, ari baita beti Erromarekin negoziatzen kontzilio ondoko Elizan multzo berezi bezala ezagutua izaiteko.

47 apezek osatzen duten USML multzoan daude,  Nicolas Pinaud, Aldalur aitzin Domintxaineko eskolako buru egona, eta Olivier Rioult, hau ere Domintxainen irakasle egona 2010 eta 2011an. Azken honek erosi zuen Sarrikotapen baserri eta abere aterbe bat. Hor irekia du Saint Agobard ermitaua, berritze lanak kudeatzen ditu, eta latinezko meza emaiten erregularki.. Nahiz frantses errepublika Satanen mende ekartzen duen, deabru horrek ekar dizkiokeen abantailak ez ditu ukatzen, Oloroneko suprefeturan deklaratua du Saint Grat elkartea 2016eko urtarrilean. Horrela ermitauari eskaintzen duten dirua beren zergetatik kendua izaiten dute laguntzailek, milesker frantses errepublika demonioa ! dena den, Olivier Rioult-k dionez 60 presuna hurbiltzen dira komunzki Sarrikotapeko meza horretara. Etxarriko eskolan haurrak ezarriak dituzten familien parte bat, Sarrikotapeko latinezko mezara joaiten da. Atsegina Rioult-rentzat, arrangura aldiz Aldalurrentzat, ez ote duten Etxarriko eskola utziko eta Sarrikotapen Rioult-k irekiko duen eskolara joanen, FSSPX Eliza katolikoko adar bat bilakatzearekin.

FSSP Euskal Herrian

Etiketa honen pean biltzen dira 1988az geroztik kontzilioko Elizan lerrokatzen diren tradizionalistak. Paueko Saint Louis de Gonzague eliza eta parropia kudeatzen dute, Vincent Ribeton apeza buru. Ez da gure diozesan FSSP beste egiturarik, ez elizarik, ez eskolarik, ez laiko talderik. Nahi dut.

Baina multzo tradizionalista arras ongi ordenatuak ba dira. Jakina da Baionan, St Amand auzoko elizan ba dela igandero latinezko meza, 60 presuna hurbiltzen zaizkio, opor denboretan bi aldiz gehiago, Thomas Becket elkarteko hiru apezen artean kudeatzen dute . Miarritzen egun oroz ematen dute goiz-meza gregorianoa meza hori. Josepe elizan, Saint Martin elkarteko hiru apezek. Hauek sotanean ba dabiltza beti, errugbiako partidetan ere. Laikoetan nola ez aipa Edouard Cestac eskola, nahitara ez duena kontraturik estatuarekin, 2014ean irekia, Arrangoitze Haixteian, hogei haur eskolatuak dira hor, hiru urtetik haste. Burrasoek hilabetean 150 euro pagatzen dute, urteko hamar hilabetetan. Nola ez aipa oraino Baionan muntatua duten “domus cristiani” familien mugimendua.

TH Becket eta St Martin apez taldeak ez dira Elizaren legez FSSPri lotuak. Talde horietako apezek ikasia dute bi erritotan meza emaiten. Frantsesez edo/eta lekuko hizkuntzetan kontzilioz geroztikako moldean, eta latinez Pio Bosgarrenaren meza (1570), 1962an Vatikanok gaurkotu zuena emaiteko gai dira. Becketarrei emana izan zaie berriki diozesako ikastegi publiko eta pribatuetako omonier kargua. Apezpikuaren manuz, Miarritzekoek lehen tokia dute gazteen ezkontzarako formakuntzan, bai eta ere bataioa eskatzen duten laikoen moldakuntzan. Ba du bulta bat tradizionalistek sator lana abiatua dutela gure diozesan.

Mattin Larzabal (HERRIA : Jainkoa bizia jendea kronika 2017/03/02)

 

 

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu