Category: Maite

Emazteak ez dira apez izanen

By , 2019/05/16 07:54

Erregularki galdea egina da: «Zergatik emazteak ez dira apez?» edo bertzela erraiteko: «Behar dira emazteak apez direnak», bai eta ere, «Apezak falta dira, gero eta gutiago dira, beraz emazteak behar dira onartu apez izaitera!»

Eliza katolikoak eraiki du sistema bat nun apezak eta bereziki mezak, giristinoaren bizian leku handiena hartu duena. Ez da hastapenetik hola izan eta mendeak eman ditu, katedrala bat bezala, egun dugun sistema eraikitzeko, bereziki 16garren mendetik goiti protestanten kontra. Jesusen denboran, ebanjelioek erraiten duten arabera, Jesus ikusten da jenden artean eriek sendatzen, bere erakaspena emaiten, batekin eta bertzearekin solasean, farisauekin eztabaidan, frangotan jaten, tenploan erakasten eta ebanjelistak idazten dute otoitz egiten zuela, bakarrik joanez mendirat edo bakar izanen zen toki baterat.

Bere dizipuluak igortzen dituelarik manu hauek emaiten diozkate: «Bidean zoaztela, oihuka zazue Jainkoaren erregetza hurbildua dela. Senda eriak, hilak pitz, garbi legendunak, haiza deabruak.»[1] eta Marken ebanjelioa bururatzen da manu hunekin: «Zoazte mundu guzian gaindi eta oihuka zazue berri ona kreazione guziari», eta Joanesek bere ebanjelioan ekartzen du nola Jesusek Maria Magdalenari manu hau eman dion: «Zoazi nere haurrideen ganat eta errozute nere eta zuen Aitaren ganat noala, nere eta zuen Jainkoaren ganat».[2] Eta Samarriar emazteak ditu bere herriko jendeak ekartzen Jesusen ganat: «Zatozte, egin dutan guzia erran dautan gizon baten ikustera. Ez ote da Mesias? Jendea hiritik atera eta Jesusen ganat joan zen». [3]

Manu horiek erakusten dute mugimendu badela, berri on bat oihukatzea dela lana, akaziaren usain ona haizeak deneri zabaltzen duen bezala sasoin huntan, eta jendeak laguntzea. «Zoazte» da Jesusen ardurako hitz bat, ez egon lehio eta ate hetsiak, ez izan bihotz eta gogo zerratuak.

Horiek oro Eliza katolikoak egiten du eta egin nahi giristinoen bitartez, izan diten emazte ala gizon, laiko ala apez, fraile ala serora, heldu ala haur eta gazte. Jesusen mezu hori eta manu horiek ezagutuak dira eta ahal bezala, mainguka batzuetan eta herrestan bertzetan, giristinoek bide hori hartzen dute. Bainan Elizak eraiki du ere bere sistema, erakunde guziek bezala eta hor, emeki eta segurki, murriztu du bakotxaren ahala. Hegalak moztuak izan dira. Lehen eta baitezpadakoa ezarri du apezpikua eta haren ondotik apeza. Hauen eskuetan ezarri du eukaristia, hauen eskuetan ezarri ditu sakramenduak, haueri eman dio erakaspena eta erakaspenak emaiteko ahala, haueri eman dio parropia baten gobernamendua eta haueri eman dio moralaren jujamendua, jendeen eguneroko biziaren jujamendua. Nola ditake hau? Nola batzuen esku ezarri bertzen bizi guzia? Jesusek bere bizia pasatu du jendeak libratzen, sendatzen, beren bizia beren gain hartzen eta ez haurtzen edo ñiñitzen. Eta horra nun elizgizonen eskuetan ezarria dela izpirituaren, arimaren den dena? Klerikalismo sistema hortan, apezik ez bada, ez da Elizarik, ez da giristinorik. Ez ote da Jesusik?? Jainkoa sisteman gakotu du Elizak?

Ez, emazteak ez dira Elizaren eraikitze hortako apezak izanen. Ez dira hor gizonek bezala egiteko edo heiek egiten ez dutena egiteko. Eguneroko bizian Jesusen mezua dute, lehen eta orain bezala, zabalduko. Eukaristia da elgarretaratzea Jesusen ondoan eta harekin bazkaria partekatzeko, berak egin duen bezala. Elizaren lehen urteetan, giristinoek hola elgarretaratzen ziren, baten eta bertzearen etxean, ogia eta arnoa partekatzeko: «Jainkoaren  Hitza eta Ogia». Sakramenduak dira Jainkoaren emaitzak, Jainkoaren graziak, dohainak eta dohain horien galdetzea eta errezebitzea, gure erantzuna da Jainkoaren amodioari. Ebanjelioaren erakaspena, ttiki ttikitik amaren eta amatxiren altzoan ikasten dira, handitzearekin katiximan eta bizi guzian, biziaren erakasle diren emazte eta gizon guziekin.

Pariseko katedralearen parte bat erre da. Eliza katolikoaren parte bat erretzen ari da ere. Izpiritu Sainduaren sua dela pentsa ditake, berritzen duen sua, garbitzen duen sua, argitzen duen sua, berotzen duen sua, airosten duen sua, hunen inguruan kantatzen den sua.

Maite Irazoqui

[1]Mt 10,7-8

[2]Jn 20,17

[3]Jn 4,29-30

Ohointza

By , 2019/05/06 16:41

Azken hilabete hauetako gertakari eta berrietan, gai bat nahi nuke barnatu, astekari hunek emaiten duen sailean ezarriz. «Jainkoa, biza, jendea» izendatzen den sail hau nahi nuke, artikulu baten denboran, hunen hitzak aitzinekoz gibel eman. Aipatuko ditut beraz jendeak, eta hauen artean jende batzuk, horien bizia eta Jainkoak…. zer dio?

Pedofilia psikiko nahasmen bat da, nun heldu batek bere sexual tirria haur baten edo haurren alde baitu. Helduak haurrak hautatuko ditu, bere menpean dituen haurrak eta inguruko jendeek ez dute deusen mesfidantzarik senditzen heldu horren kontra, alderantziz konfiantxa handia agertzen dute.

Frantzian eta Espainian, bi egunetik, emazte bat hiltzen da bere bizi lagunaren kolpeengatik. Bortizkeria gorputzean eta hitzetan, indarkeria fisikoki eta espiritualki, mespretxu eta mehatxu dira eguneroko emazte horien jan-edariak, hiltzeraino!

Afrikatik eta ekialdeko herrialdetik heldu diren neska gazte anitz gizon maltzurren aztaparretan erortzen dira beren gorputza prostituzioari emanez. Ostatu eta hotel ederretan eginen dutela lan errana izana zaiote beren herrian eta Pariserat edo Nize edo bertze leku eder horietarat heltzean, bertzerik aurkitzen dute, esklabotasunean sartuz.

Bertze gazte batzuk, beren bizia Jainkoari eman nahiz, seroren bizi moldea hautatzen dute eta hor zenbait apezen aztaparretan erortzen dira batzuk, beren kastitatearen botua hautsiz beren gogo kontra.

Nola ditake hori? Zer lotura ditake egoera hauen artean, haur horien eta emazte horien artean?

Ba ote dira puntu komunak? Ikus dezagun zer pasatzen den emazte horien eta gizonen artean.

Erlazio ezberdin bat daukate eta maizenik erlazio desorekatu bat. Emaztea autoritate baten aitzinean dago eta bere burua ahul, apal senditzen du. Ongi senditzen du, gauzak ez dabiltzala zuzen, gogoz kontrako jestu eta jokamoldeak egiterat bortxatuak dela. Ez da ausartatzen bere ez nahia erraitea. Beldurra sartua zaio hezurreraino. Norekin mintza? Zer erran? Nori? Eta gizon horiek untsa badakite nola jokatu: goxotasuna eta kontsolamenduko hitzak alde batetik, erdi tapatuko mehatxuak bertzetik, alegia eta ez deus! Serora abusatua komentuan, neska gaztea karrikan prostitua, ama familiakoa etxean joa, emazte horiek ez dakite zer pentsa, zer egin. Laino pean bezala dira eta laino hori abilki mantendua da beren harraparien partez. Bakartasun pisu eta dorpe bat dute bizkar gainean.

 

Eta zer lotsa! Beren bizia, bizi ideala edo normala pentsatua zuten. Eta hor dira beren gorputza zikinduakin, lohituakin, ezin konprenituz nolaz eta zergatik hortan diren. Beren gorputzaren garbitasuna, edertasuna, gaztetasuna, beren bizia, ebatsia izana zaiote eta ohointza horrek ez du antolatzerik. Gizon ebasle horiek ohoinak dira eta pozoina isuri dute emazte eta haur horien gorputzean. Pozoin horrek hiltzen du nor beraren estimua. Biktimak gohaindura handia dute beren buruaren alde, bai eta ezin jasanezko ahalgea.

 

Ondorioz, hesten dira eta bakartasun ilun batean sartzen. Beren aldeko jujamendua zorrotza dute eta beren burua deusetako dute, balorerik gabekoa. Etxe baten altxorra ohoinak ebatsi duelarik, etxea hutsa da! Bere balioa galdua du. Haur eta emazte abusatu horien biziak bere balorea galdua du. Batzuk bizi dira itzalak bezala, lotsatuak eta beldurrean, menperatuak, bertzeak probokatzea eta beren sendimenduak ez agertzea dute deliberatu, bainan denak malurus dira.

 

Alta, bada bertzerik egiteko. Jesusen biziak erakusten du nola izan den emazteekin. Izan dezan alarguntsa behartsua, doi doia bi sos emaiten dituena tenploko dirutegian ; izan dezan adulterioan harrapatu emaztea ; emazte kanaandarra ; ama alarguntsa eta bere semea ; Jerusalemeko emazteak ; Martta eta Maria ; Samariar emaztea… Jesusek beti errespetu handia agertzen du eta behin baino gehiago miresten ditu emazteak. Samariar emaztearekin parez-pare mintzo da. Alta juduek ez dute harremanik samariarrekin, eta are gutiago emazte batekin. Bainan Jesusek pertsona ikusten du eta ez dio nehoreri kentzen bere duintasuna. Errespetua, mirespena, duintasuna, adiskidetasuna, sustengua, estimua, izan dira Jesusen jarrerak emazteen alde.

 

Elizako hierarkiak ez dezala hori sekulan ahantz bainan izan dadila lehen hori oroitarazteko eta errespetatzeko.

 

 

Maite Irazoqui

 

ELIZAN MINTZA

By , 2018/12/16 13:18

Aboztuaren 20ean Aita sainduak gutun bat zabaldu du Jainkoaren populuari eta gutun hori girixtinoek errezebitu dute. Gehienetan Aita sainduaren erranak, hitzaldiak eta predikuak, edo Elizaren bitartez, edo enziklika deitzen diren dokumentuen bitartez, edo heda komunikabideen bitartez, ezagutzen dira. Gutun hau bertzelakoa da. Pertsonalki bezala mitnzo da, jende bakotxari mintzo da, laguntza beharrez. Ez da maiz gertatzen den gauza ! « Ohartzen naiz, berriz ere, adinik gabeko haur eta gazteek zenbat sofritu duten konfiantxa abusu, podere abusu eta sexu abusu elizgizonek eginik » idazten du Frantxua aita sainduak eta bakotxaren laguntza galdetzen du « elizan eta gizartean behar dugun aldatzea egiteko bataiatua den bakotxak parte har dezan ». Eta gehitzen du salatuz nola « klerikalismoak ezeztatzen duen girixtinoen nortasuna eta murrizten Izpiritu Sainduak ezarri grazia bataioaren bidez. Abusuoeri ez erraitea, klerikalismoaren forma guzieri garbiki ez erraitea da ».

Dei hori, Elizan Mintzak hartu du. Elizan Mintza Euskal Herriko talde bat da, giristino multzo bat. Izenak dion bezala, mintzatzea du bere leloa eta Elizan mintzatzea, libroki, errespeturekin eta erantzule gisa. Duela lau urte sortu da talde hori eta egungo egoeran, profetikoa agertzen da. Elizaren gobernua ez da demokratikoa bainan gutun hori deneri helaraziz, aita sainduak demokraziara du gomitatzen « Jainkoaren populuari » dei eginez. Huna beraz azken bilkuran egin diren lanak pedofiliaren eta Elizako abusu guzien kontra.

Lehenik Samaritano onaren ebanjelioa irakurri eta otoiztu izan da eta haren ondotik bakotxak izkiriatu du zer gogoetak sortu dituzten pedofilia egintza horiek. Hauek izan dira hor ziren 47 pertsonen gogoetak . Biktimen bizi hautsia, haurrak barne barnean kolpatuak, konfiantxa behin betikotz galdua, inozientzia tronpatua, aipatuak izan dira. « Pedofilia kalamitate bat da, haren biktimak ez dira sekulan sendatzen ». « Haurrak arras blokatuak dira. Bizi dira hatsa hartzen baitute bainan beren barnea hila da ; goizean jeikitzen dira eta herrestaka ibiltzen. Ez dute gehiago oihartzunik. »

Sendimenduak ere erran dira : gohaindura, jazartzea, errebolta, « orro haundizko errebolta », laztura. Eta nola Elizak ez duen deus egin. Nola lagundu Eliza zilo hortarik ateratzen ? « egiazko iraultza egin behar da sexualitatea bertzela bizi dadin Elizan ».

Apez horien egintzak, abusuak, ezin onartuak dira : « beren boterea baliatzen dute haur horien inozentzia hiltzeko beren gozamen eta gero beren apez ministerioa segitzen dute, alegia eta ez deusik  ».

Ondotik klerikalismoa zer den eta nola borrokatu barnatua izan da : klerikalismoa dela « elizgizonen eta elizgizonak ikusteko molde makurra, gehiegizko begirune batekin eta nagusitasunezko moral joera bat emanez ». 6-8 laguneko taldetan, bakotxak ezarri ditu paperetan bere ideiak, ahalaz konkretuenak. Talde horiek analizatu dituzte, zerrenda batean ezarri eta bozkatu. Helburua zen efektuki jakitea zoin diren jendeen xedeak eta zeri buruz nahi den joan ebanjelioa bizitzeko Eliza saindu batean. Lau orientazio edo norabide nagusi agertu dira :

1 – Eztabaidak antolatu, organizatu Elizan

2 – Emazteak ezarri autoritate edo aginpide karguetan

3 – Hitz hartzeko libertatea baliatu

4 – Diosesak elkargoki gobernatu

Orientazio bakotxak zernahi ideia ukan ditu eta helduden urtarrilean ikusiko da zoin gauzatuko diren eta nola.

Bilkura hori izan da egiazki Elizako haurridetasun elkarte bat, bere bidean zehar Jesusek aurkitzen dituen jendeen kezkak eta nahikundeak entzunez. Zeren, norbait mintzo delarik edo mintzatu nahi duelarik, nehor ez bada entzuteko, zinez entzuteko, norbait hori ixilik egonen da. Hori gertatzen da pedofilian bai eta emazte zanpatu eta zafratuetan : beren hitza, beren orroa ez da entzuten, ez da entzun nahi, ez da onartua.

Elizan mintza taldeak nahi ditu orro horiek entzun, oihu ixil horiek entzun eta errespetatu, Jesusek berak erraiten duen bezala « Beharririk baduenak entzun bezala ! »

Maite Irazoqui

Mendiaren edertasuna

By , 2018/09/03 06:52

Jendalde alegera, ibilera arina, irriñoa ezpainetan, iduzki airosa zeru ezin urdinago batean…bai lekuak badu arrakasta ! Bozkarioa da lehenik ikusten, sentitzen. Autoa aparkatzean berean eta jaustean, halako ezinegon bat bezala badago airean, bainan ezinegon alegera bat, hitzordu igurikatu batek emaiten duen kilikadura. Mendiko oinetakoak ezarri, eskuko makila hartu, bizkarreko moltsak beharrezko ur botoila baduen kontrolatu bai eta buruko kasketa eta, nork daki, haize edo uriko soinekoa. Mendian aroa laster aldatzen dela errana da, bai eta frogatua. Prest ?

 

Urrats batzu egin, herrixkatik ateratu eta hor agertzen da ibilketaren helburua : Gabarniko zirkua ! Bekoz-beko !  Hitza bezala hatsa mozten da. « zer gauza ! » Lehen ixiltasuna hor egiten da : gelditu eta ixildu. Hitz batzu entzuten dira : « Zoin ederra ! » eta horiek errepikatzen dira berriz ixildu aitzin. Edertasunak bere baitan ditu hitzak eta sendimenduak ; gure hitzak arras pobre eta hutsak iduritzen zauzkigu. Gizadia hor da gure aitzinean, bere edertasun haundian, gure begieri emana, dohainik. Zentzu guziak erne dira eta oldar batek betetzen du gorputz eta adimen osoa. Goazen ! Aitzina ! Sakelako mugikorrak argazkiak egiten baikituzte orain, bakotxak hartzen du nahi duen argazkia ibilaldia hasi aitzin. Sakelan sar ditake mendiaren edertasuna ? Gure begiek miretsi dute bainan oroitzapena zimelduko da. Argazkiak froga iduriko zerbait atxikiko du, aldiz emozioa, hunkipena barnean egonen dira.

 

Bada zernahi jende eta adin guzietakoak ! Ñiñiak ama edo aitaren bizkar gainean, haur ttikiak arras deliberatuak, gazteak neska eta mutil taldetan lagunekin edo burasoekin, familiak, helduak, adinekoak. Prozesio bat bezala, bide guzian ikusten da jendea, edo tropaka edo banazka, koloretsu, airos eta omore onean. Batzuek zalu zalua kurritzen dute, bertze batzuek erreposki ; batzuek ixilik eta bertzeak solasean eta irriz ; batzuek argazkiak hartuz eta bazterrak miretsiz bertzeak kirol ibilaldi batean bezala, pixkat konkortua deus eta nehor ikusiz. Ainitz mintzaira entzuten dira : frantsesa, euskara, inglesa, alemana, española, portugesa, eta ez ezagunak ere..  Denek puntu komun edo berdin bat badute: mendiaren deiari erantzuna eman.

 

Mendiak liluratzen du. Haunditasuna, edertasuna, maiestatea, duintasuna horiek oro tiratzen dute bere gana ; hurbiltzea amesten da, mundu xoragarri bat badela hor susmatzen da eta orratz harri bat iduri, mendiak lotzen ditu gure urratsak haren aldapari. Indar, neke, hats, iraupen, pazientzia, fede, konfiantza emaiten dira moltsan, denak beharrezko osagaiak kaskorat edo leporat heltzeko. Orduan, saria. Neke guzien saria, mendiak eskaintzen duen ikusgarria : munduaren edertasuna eta haunditasuna gure txikitasunaren ondoan. Orduan garaipena. Ez mendia garaitugatik ez, bainan gure nekea, gure ahulezia, gure hats ilauna nagusitugatik, gure etsipena bentzutugatik. Mendia eskola bat da, biziaren eskola bat. Denek ez berdinak izanagatik ere, denek helburu bera dugu eta airoski hartzen dugu biziaren bidea. Bakotxak bere urratsean, bere neurrian eta bere moldean. Batzuekin solas eta bertzekin ixilik edo makur, batzuetan laguntza emanez eta bertzetan laguntza hartuz, batzuetan pixkor eta zangoa arin, eta bertzetan gorputza eta izpiritua pisu eta hanka maingu.. eta beti mendiaren deia, biziaren deia, biziaren tirria. Jo aitzina !

 

Mendian gora eta aski nekatua delarik, bizkarreko moltsa arintzen da behar ez direnak baztertuz eta baitezpadakoak atxikiz. Izpirituan ere gauza bera gertatzen da. Orenak eta orenak mendian ibili ondoan, izpiritua argitzen da eta gauzak ez dira batere berdin ikusten. Arazoek bertze neurri bat hartzen dute, hertzen dira eta nor berak bere indarrak frogatu ondoren, bere burua hobeki estimatzen du. Mendiak bakotxari bere egia aterazten du.

Gabarniko zirkua miretsiz Jainkoa da goresten holako kreazionea guri eman gatik.

« Zeure eriez moldatu duzun ortzia,

han zuk ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita,

zer da gizakia, zu hartaz oroitzeko ?

Zer jendea, zu hartaz arduratzeko ?

Jainko baten heintsukoa egin duzu

ohorez eta aintzaz koronatu ;

zeure eskulanen buru ezarri duzu,

denak haren menpera bildu,

ardi eta idi guziak,

bai eta landako basihiziak,

zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,

itsasoetan barna dabiltzanak.

Jauna, gure Jauna,

zein miragarria mundu osoan zure izena !

8. salmoa

Maite Irazoqui

Haurren nigarrak

By , 2018/06/30 12:40

Amerikar Estatu Batuetako oraiko lehendakariak, bere herrialdea begiratu nahiz, Mexikotik etorri jendeak kanporatu ditu, beren etxetarat haizatu, bainan heien haurrak, ttikiak, Estatu Batuetan atxikiz. Zer bortizkeria, bai haurrentzat, bai burasoenzat ! Ez da azken kolpea presidente horren partetik eta ez ditake azkena !

Bainan, haur horien nigarrak sare sozialetan zabalduak izan dira eta mundu osoan entzun dira. Haurren oihuek, etengabe aita galdeginez, eresi eta kexu, bihotza urratzen zuten. Burasoen besoetatik ebatsiak zirelako nigarrak ziren. Ez ziren haserrezko oihuak, ez ziren goseak sustatzen dituen oihuak, ez ziren beldurrezko oihu minak, bainan etengabe errepikatu oihu fermuak, amore emaiten ez duten oihuak. Haurren nigarrek ez dute etsitzen.

Izena bera ahantzi behar ginukeen lehendakari horrek, berak hartu erabakia aldatu du eta dekretu berri bat izenpetu du, haurrak ez diten beren burasoen altzoetatik kenduak izan. Eta hori, mundu zabaleko haserrea entzun ondoan. Munduan gaindi erreakzio ainitz eta ainitz ukan ditu eta heieri ez zela mutu eta gogor egoiterik ikusi du.

Haur bati ipurdian zafraldia emaiten den bezala, lehendakari horri munduak eman dio zafraldia oraingoz.

Bada bertzerik haurreri nigar emaiten dionik. Joanden apirilan Lur Sainduetan egin beilan, umezurtz etxe baten zuzendariarekin mintzatu gira Bethleem hirian. Serora da, Jondoni Bixintxoren serora horietarik, eta begiak nigarrez beterik mintzatu zauku.

Etxe hortan neskatxa gazte gazte batzuk errezebitzen dituzte, haur beharretan diren hamabi-hamasei urteko neskatxak, denak musulmanak. Gehienak bortxatuak izanak, beren aita edo anaia edo osaba baten partetik. Haurdun bilakatu neskatxa horiek gorde behar dira eta beren etxetik ihes egin behar dute, beren familiaren ohorearen izenean. Beren familia desohoratu dutelakotz, hiltzea dute merezi ! Zorte izigarri horri eskapatzeko, batzuk etxe hortarat heltzen dira beren haurrari bizia emaiteko. Israelen eta Palestinan ez da legezko aborturik, ez intzestuaren aitorpenarik. Haur beharretan direla ez sobera agertzeko, neskatxa gazte horieri zazpi hilabete hirian haurra sortarazten dute eta berehala umezurtz etxe hortarik joan behar dute.

Haur sortu berriaren nigarrak ! Hamabi, hamahiru… urteko amaren nigarrak ! Lehen orduko biziaren nigarrak ! Hor zaintzale diren seroren eta langileen nigarrak !

Ama gazte horiek ez dute sekulan beren haurra ikusten eta ikusiko. Haur horiek ez dute sekulan jakinen nor den beren ama, ez eta beren aita. Ama gazte horien bizia hautsia da, ez daitezke beren familiarat itzuli, “desohorea gatik”, eta beren bizia bera arriskuan da; ama direla ikasten bada, ez dira ezkontzen ahal.

Beren haurra, umezurtz etxe hortan egonen da 6 urte arte arras ongi zaindua eta oroz gainetik maitatua. Serora eta laiko, denek beren bihotz osoa emaiten dute haur horieri biziaren zoriona ahalaz pizteko. Maitasunezko lokarriak sortzen dituzte, eta haurrak zoriontsu bizi dira hor sei urte bete arte. Sei urte bete ordu, joan behar dute leku maitagarri eta goxo hortarik. Bi aterabide badira: edo haurra adoptatua da, eta familia musulmanek baizik ez dute adoptatzen ahal, edo ez da adoptatua eta orduan nerabe etxe batetarat joanen da bere adinetara heldu arte. Kasu huntan, izen gabea izanik (aitaren izena baizik emaiten baita), bere bizia biziki zaila izanen da. Umezurtz etxe hortarik ateratzen diren haurrak, sei urtetan, nigarrez ateratzen dira eta beren zaintzale eta haurtzainek nigar egiten dute urruntzen direlarik.

Haurren nigarrek gizartearen osagarria salatzen dute.

Haurren nigarrek munduaren oihu mina entzunarazten dute.

Maite Irazoqui

DIAKREEN ESPOS LAGUNAK

By , 2018/04/07 10:11

Frantzian, Eliza katolikoak urtero 100 bat gizon diakre egiten edo ordenatzen ditu. Diakre horiek apez eta apezpikuen laguntzaile dira. Beren kargua hau dela dio Elizako deiak «biziko istorio eder eta gizakoia ; gaurko Elizako beharrezko misio bat ; apez eta apezpikuekin lankide zoriontsua ; munduaren etorkizuna zerbitzatu ; Elizaren seinale Jainkoaren zerbitzaria izanez; zerbitzariaren soinekoa ezarriz Jesu Kristo bezala ; Jainkoari beti bere baimena emanez Mariak bezala, Jainkoaren zerbitzari ; Jainkoaren amodio kantatuz, Jainkoa gizon egin baita gizon guziek berekin izan diten. »

Diakreak ezkonduak dira edo ezkongabeak. Ehunetik 90 ezkonduak dira eta haurrak badituzte. Hamar urte bederen behar dituzte ezkonduak izan gizona diakre ordenatua izan aitzin. Ezkon-lagun horien lekukotasun batzu nahi ditut hemen zabaldu egun. Nola bizi dira emazte horiek ? Nola bizi dute beren senarraren Elizako kargua ? Beren baimena eman ondotik senarra diakre izaiteko, -baimena horren gabe ez daiteke diakre izan-, zer bidetan sartzen dira ? Emazte horiek gehien gehienak Elizako urratsetan adituak dira eta engaiatuak, parropietan laguntzaile zintzo eta jarriak.

Entzun ditudan emaztek beren adostasuna eman dute senarra diakre ordenatua izan dadin, formakuntza segitu dute, bizi berri bateri jarraiki dira. Lehentasunik gabe ezartzen ditut hemen beren bihotzeko asaldurak. Heien arabera, familiako bizia bertzelakatu da. Senarrak bere ofizioa badu, erretreta hartu aitzin, eta bere lanetik bestalde, Elizak eman kargua behar du bete. Etxeko lanak eta haurren eguneroko joan etorriak emaztearen gain dira. Ongi errana da, argi eta garbi, ezkontza dela lehen, ez eta diakre izaitea. Bainan hori gauzatzeko, mugak ezartzeko eguneroko aktibitatetan, badute lan bat eta biak. Eta nola egin ustegabeko galde eta eskarietan, izan diten familian edo Elizan ? Errana izan zaiote beren senarraren egutegiaren aingeru begiralea bezala direla ! Hemen kokatzen da emaztearen kulpabilitatea. Edozoin biziko galdetan, senarrarekin mintzatu ondoren, bere erantzuna aski libreki emaiten du. Ez da hola Elizaren galdeetan. Emaztea ez da ausartzen muga ezartzea Elizako galdeari. Autozentsura aplikatzen du bere buruari. Bere barneko libertateari ez dio bidea idekitzen. Elizak galdetzen du, beraz ez du errefusatu nahi. « Elizaren zerbitzaria » behar du lagundu eta bere burua ez du lehen ezarri behar berekoia edo egoista ez izaiteko edo agertzeko. Bainan sofritzen du : bakartasuna senditzen du eta pixkat bazterrerat utzia. Bere bizian bakartasuna sartu da.

Bakartasun hori, otoitzean ere sartu da. Diakre izan aitzin, bikoteak egunero hartzen zuen astia elgarrekin otoitz egiteko. Orain, diakreari errana zaio apezek bezala eguneroko otoitza egiteko. Lanerat joan aitzin, goizago jeikiz egiten du otoitz hori, bainan emazteak haurrak ereman behar ditu eskolarat, etxekoen bizia kudeatu… Orduan, bakotxak bere alde otoitz egiten du. « Ez dugu elgar ikusten, ez dugu elgarrekin mintzatzen lehen bezala » diote emazte horiek. « Hartua da, gustatzen zaio, nik ez dut trabatu nahi ; bakarrik nago ». Hitz horiek batzuetan kolerarekin erranak izan dira.

Bertze beldur bat badute bihotzean diakren emazteak. Eliz ministerio edo funtzio publiko bat betetzen du senarrak eta jendeen behakoak aldatzen dira. Kritikak ere ateratzen dira. Hain xuxen jendeen jujamendua askotan laster egina da : « zer da, jelos bere senarraz ? » edo « ez dira ez bertzeak baino hobeak ! » eta holako ! Emazteak behar du bidexka hertsi hori hartu, bere senarraren ikus moldea eta Elizak eman kargua errespetatu ahal bezain ixilik, eta bere senarra nahi du gerizatu, ahal bezain diskretuki bainan molde eraginkorrean. Eta lehiaketarik gabe. Zeren ardura, senarra baino gauza gehiago ezagutzen ditu Elizako urratsetan eta Izpiritual mailan.

Erran liteke funtzio publiko bat duten gizonen emazteak gauza berdina bizi dutela. Ez arras ! Elizak deitzen ditu diakreak, beren bizirako bihurtzen dira diakre, eta Elizaren zerbitzari gisa dira ordenatuak. Emazteari galdegina zaio hori errespetatzea eta Elizak galdeginari ez erraitea edo muga ezartzea, bere burua hobendun senditu gabe ez zaio batere errex. Bere baimena emana senarra diakre izan dadin, Elizako urratsetan eta fedean leial dagona, bere burua estekatua kausitzen da, Bere gain hartzen du zailtasun hori. Noiz arte ? Eta zeren izenean ? Nork du laguntzen bere bakartasunean ? Bere barneko libertatea, bere baitako libertatea nola obratuko du ?

Maite Irazoqui

HEGALKA

By , 2018/01/31 10:44

Ahurtiko bazterrak urpean dire. Landak aintzira bilakatu dira, zubi azpiko errekak uhausin iduri du.

Denetan ura, lurrak ezin edan duen ura. Inguruan diren baratze eta oihanak, uholdeak gorde ditu. Ixiltasuna zabaldu da eta gure begi-beharriak harrituak daude. Toki ezagunak arras aldatuak dira, bertzelakatuak eta behatu gabe egiten den bideak, kasu eta ikusmin galdetzen du. Bidea ur gainean dela iduri du, arbolak begiratzen duela, hegiz hegi jotzen du Belokeko abadira.

 

Kaskoan, aterbea agertzen da. Hola izan ote zen Noeren denboran ? “Mundua gaixtakeriaz eta indarkeriaz betea zen, denek jokaera makurra baitzeramaten. Jainkoak, mundua hain gaixtotua ikustean, Noeri erran zion “Izaki ororen suntsitzea erabaki dut, jendeen hobenez mundua indarkeriaz betea baita; jendeak eta mundua biak suntsituko ditut… Nik uholdea igorriko dut mundurat, zerupeko bizidun guzien suntsitzeko. Munduko izaki guziak hilen dira. Bainan zurekin elkargoa eginen dut”. Uholdea etorri zen eta Noe eta bere emaztea, heien seme-alabekin, sartu ziren beren itsasuntzian bai eta bizidun guziak binaka. Urak gutituz joan zirelarik, Noek uso bat igorri zuen, urak lurrean gutitu ote ziren jakiteko. “Bainan usoa, aztaparrak nun pausa ez aurkiturik, ontzirat itzuli zen oraino ura baitzen lur-azalean. Beste zazpi egun beha egon eta berriz igorri zuen usoa ontzitik. Arratsean etorri zitzaion, olibondo-adartxo moztu berria mokoan. Hortik jakin zuen Noek urak gutitu zirela lur gainean”.

 

Hegalka etorri usoak berri ona eman dio Noe eta bere emazteari. Hegalka etorri den urtxoak berri ona ekarri du kaxkoan den Belokeko abadira urte hastapen huntako igande batez.

 

Arratsaldean, hasierran, itxaropena, jakin-nahia, gutizia, leialtasuna erakutsi dira jendeen artean. Jende motibatuak eta egun hortan libro zirenak hurbildu dira kasko hortara. Bakea kantatzea edo bakeari buruz otoitz egitea, ez da berria. Bizkitartean, igande hortan senditu dena, berria izan da. Itxaropena sinesmen bilakatu da. jakin-nahia segurtamen izan da, gutizia errealitatea egin da, leialtasunak engaiamendua sortu du.

 

Haize firfirak gogoetako lainoak kendu ditu

Hats berri batek sendimenduak biziarazi ditu

Arnasak, hitzak bezala, pentsaketak arindu ditu.

 

Bakearen alderako esperientzia bat izan da. Elgarrekin otoitz egiteak, Jainkoaren hegalpean ezartzen gaitu, Jainkoa batasun egile izanez geroz. Harek ditu gauzak kudeatzen. Jendeen lekukotasunak entzuteko, heieri ongi etorri egiteko eta errespeturekin onartzeko. Izpiritua hegalka etorri da.  Beldurra eta zalantza haizatu ditu, aiherkundea baztertu eta bere gozotasuna ufatu. Ondorioz, Jainkoaren laudorioak erraitea bezperak kantatuz, besta bat izan da.

 

Uholdea bukatzen delarik, leihoak eta ateak idekitzen diren bezala, bakeak bihotza eta adimendua idekitzen ditu. Arintasun bat senditzen da gorputzean. Begitartea goxatzen da eta kopeta argitzen. Hitzak lañoki ateratzen dira eta harremanak eztitzen. Bakearen Jainkoak hau dio Noeri bezala: “Atera zaite ontzitik emazte, seme eta errenekin ! Atera zeurekin dituzun bizidun guziak ere: xori, abere eta herrestari guziak. Zabal bite munduan, sor umeak eta ugal bite”.

 

Maite Irazoqui

BAKEAREN EGILE

By , 2017/12/16 14:42

Euskal Herria eta Euskaldunak bakearen prozesuan sartu dira, eta bide hortan urrats ainitz, baliosak eta gotorrak ari dira finkatzen. Bat bertzearen ondotik, nehor ahantzi gabe eta denen onetan.

Hitz bat edo konzeptu bat definitzeko, zer den erran ditake eta hola hitzaren arloa mugatzen da argi eta garbi ; edo zer ez den erran ditake, eta manera hortan arloa zabal heda ditake bai bakotxaren ikus moldean eta esperientzian, bai jendalde baten historian. Sentsu huntan, bakea ez da behin betikotz finkatua den egoera bat. Bakea ez da erosten, ez da saltzen ; erabakia hartzen da bakea egitea.

Bakeak sormena galdetzen du. Zoin den errex norbaiten kolpeari, ostikoari, hitz okerrari, bertze hainbertze emaitea eta ahalaz gehixago ! Nork du arrazoin ? Nor da haundiena ? Lehen ereakzioa da bertzeari erakustea ez dugula holakorik merezi eta kolpe txarraren neurria ezartzea fermuki, eta fermutasun hori indarkerriaren bitartez emaiten da espontaneoki, edo bere baitarik.

Bortizkeriarik ezaren bideak, Jean François Bernardinik erakutsi ditu mintzaldi batean Uztaritzen. Ikusiz zenbat indarkeria, bortiztasuna ibiltzen diren jenden artean, eguneroko bizian, nahi izan ditu bake eta errespetuaren bideak ideki eta lehen lehenik segurtamen batzu orroitarazi : « Armak, gezurrak dira. Armak ez dute sekulan egiaren bidea ideki ».  Marie Balmaryk dio : « Hiltzaileentzat, hil direnentzat bezala, hilketa hilkor da ».1900 eta 2005-a artean, 123 gatazka eta gudu izan dira munduan eta ohartu dira bortizkeria ezana bi aldiz hobeagoa izan dela gudu horiek bukatzeko eta bakea luzaz atxikitzeko. Ez gira bortizkeria eta kolera ezeztatzeaz edo kentzeaz mintzo, horiek gure baitakoak baitira, bainan heien aditzeaz eta kudeatzeaz. Norberaren baitan diren bortizkeria eta kolerari bertzearen errespetua hararazi. Mespretxua eta zuzengabekeria dira oroz gainetik gerla eta bortizkeriaren osagaiak.

Beraz, errespetua eta zuzentasuna izanen dira lehen urratsak bortizkeriatik ateratzeko. « Bortizkeriarik ezana etxean, karrikan, lanean, plazetan, denetan asmatzekoa da eta asmatzen da ». Egia ezarri ondoan, kontzientzia hartu bere baitako sendimenduaz eta hori « bertzen alderako ekipamendua » deitzen du. Sentikortasunezko adimendua da gure gidaria, gure baitako sendimenduak ontsa ezagutzea adimenduak kudea ditzan.

Eta hirugarrenekorik, karra, edo suhartasuna, hori baita burumuinaren ongailua.

Bakea egitea lana da. Ez uste izan denak laño eta jabal, denak aise eta laño ukaitea dela bakea. Jesusek berak erran du : « ez uste ukan munduari bakearen ekartzera etorria naizela ; ez naiz bakearen ekartzera etorria, ezpataren bai »[1]. Bakea erabaki bat da eta norberaren baitan guduka bat sortzen du, sendimenduak eta motibazioneak argitzeko : Egia edo gezurra ? Ona edo txarra ? Mespretxua edo errespetua ? Zuzena edo faltsua ? Athenagoras, Constantinopleko patriarkaren hitz hauek, baliosak dira bakea egiteko norbere baitan.

Ez naiz gehiago deusen beldur

Gerla zailena, norberaren kontrakoa.          

Arma gabetzera heldu behar da.                  

Gerla hori, luzaz ereman dut,                       

ikaragarria izan da                                       

Bainan armagabetua nago.                          

 

Ez dut deusen beldurrik

maitasunak haizatzen du beldurra

Arrazoi ukaitearen nahikundeaz,

nere buruaren xuritzeaz bertzen bizkar ,

armagabetua nago

Ez naiz gehiago ene aberastasuneri artoski lotua

 

Errezebitu eta partekatu.

Ene ideia eta xedeeri ez naiz baitezpada atxikia.

Hobeagoak, edo ez, ez hobeak,

onak aurkezten badituzte,

onartzen ditut, dolurik gabe.

 

Konparatiboari uko egin dut :

Ona, egia, erreala, neretzat hori da beti hoberena.

Horren gatik, ez naiz gehiago beldur

                                                                                              Maite Irazoqui

[1]Matiu 10,34

ARGIA

By , 2017/07/08 16:36

Hemen dugu kanderailu eguna, urte guziz bezala. Jendeen, adinaren, tokiaren araberako erran-nahiak ditu egun horrek eta, denbora berean, berdintasun bat ere edo elgarrekilako lotura bat.

 

Matahamiak edo krepak egiten dira etxe ainitzetan eta okindegietan. Nolaz du krepak holako fama ? Hitz hori aipatzean, aurpegiak argitzen dira eta halako airostasun bat senditzen da, denak omore onean jartzen dituena. Ohidurak erraiten du matahamiaren forma borobilak eta kolore oriak iduzkia itxuratzen duela. Negu iluna eta egun beltzen ondotik gauak luzeak izana gatik, iduzkiaren nahikariak matahamiaren borobiltasun koloretsua iduzki bilakatzen du . Eta iduzkiak, bereziki neguan, badu ahal hori, alaitasuna eta airostasuna zabaltzen dituela gorputzean eta izpirituan.

Ohidurak erraiten du iragan urteko arinarekin egiten zirela krepak, urte berriarentzat joritasun sinboloa izana gatik.

 

Egun hortan ere Jesus Haurraren presentatzea Jerusalemeko tenploan, Elizak ospatzen du. Jondoni Luken Ebanjelioak erraiten du nola Maria eta Josepek, Jesus ekarri zuten tenplorat eta han aurkitu zuten Simeon deitu gizon bat. « Izpiritu Saindua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilen Jaunak igorri Mesias ikusi gabe ». Jesus ikusi zuelarik, haurra besoetan hartu eta erran zuen : «Orai Jauna zure zerbitzaria joaitera utz dezakezu, hitzeman duzun bezala, bakean ; neure begiez ikusi baitut zure salbamendua, herri guzien aitzinean zuk prestatua, nazioneen argitzeko argia eta zure herri Israelen aintza ».

Girixtinoentzat, Jesus argia da, beren biziko argia. Egun hortako mezan, kandelak pixten dira, apezak benedikatzen ditu eta jendeak prosionean sartzen dira elizan. Bururatzean bakotxak bere kandela etxerat eremaiten du eta ortzia delarik, pixten du. Jainkoaren argia goraitpatzen  da.

 

Elizak egun hortan ospatzen ditu ere beren bizia Jainkoari kontsekratu dituzten serora eta fraile guziak. Maria eta Josepe tenplorat joan dira Jesus, Jaunari eskaintzeko, « Jaunaren legean idatzia baita : « Lehen-seme guziak Jaunari sagaratuko zaizkio ».

Lege hau aurkitzen da Biblian, Jalgitza liburuan. Israeltarrak esklabo ziren Egipton eta Moisek ateratu zituen, Jainkoaren laguntzaren bidez. Askatasun hori dute beti aipatzen eta ospatzen. Eta Jaunak erran zion Moisi : « Israelgo lehen-sortu guziak, jende ala abere, sagaratuko dauzkidazu, nereak baitira. »

Serorek eta fraileek esklabotasunatik ateratzea bizitzen eta orroitarazten dute. Beren bizia Jainkoari eskaintzean eta kontsekratzean, askatasuna erakusten dute. Alta, arras bertzela iduritzen zauku, ez direla libre, behar dutela obeditu, ez dezaketela nahi dutena egin, ez dutela familiarik sortzen, bertze serora edo fraile ez hautatuekin behar dutela bizi eta hori ez dela batere errexa…

Askatasuna ez da, hemen, bere buruak nahi duena egitea ; heien hautua da Jainkoaren nahia egitea, haren argiaren bidez beren norberaren nahiaretik libratzea. Bide hori hartzeko, behar da maitatu, ainitz maitatu. Zeren, maitatzen delarik, maitatzen den nahiaren egitea da lehentasunezko gutizia. Maitatzen denaren baitan emaiten da konfiantxa guzia eta orduan desira pertsonaletik ateratzen da eta libratzen da. Bizia doain bilakatzen da, ezkontzaren bidez emazte eta gizonek egiten dutena  edo serora eta frailek egiten dutena Jainkoari.

 

Matahamiak, kandelak, bizi kontsekratuak, argia dute erakusten : Neguko ilunbetarik ateratzea,, nazioneen arteko ilunbetarik ateratzea, munduko esklabotasunaren ilunbetarik ateratzea. Argi horiek alaitasuna, begitarteko pindarra sortzen dute eta bat bertzeari laguntza ekartzeko nahia.

 

Badira arrazoi ainitz argia ospatzeko eta gauaz da hobekienik argia ikusten !

 

 

Maite Irazoqui

MEA CULPA

By , 2017/07/08 14:42

Zenbat nahaskeri eta saltsa hilabete hauetan, (eta egia erran, beti zoritxarrez), batek hau ez ongi egina, bertzeak hori arras makurra, hirugarrenak ahalkegarria… eta salatu guziak egiak edo egia hurbilekoak izanik ! Egia horiek nornahirentzat erran ditazke, bainan jende haundien ganik edo arduradunen ganik eginak ez dira batere onartuak. Eta ikusiz jende horiek ez dutela, edo arras guti, mea culparik egiten, arazoa bortitzen da.  Zer dugu delako Mea Culpa hau ?

 

Bi hitz ttiki horiek falta bat edo huts bat egin delako aitormena da. Gauz makur baten egile garela aitortzea ez da errexa. Hortarat heltzeko, jarrera batzu galdegiten ditu. Lehenik buruargitasuna, ongi behatzeko eta ikertzeko. Ixiltasunezko begirada bat, helburu gabeko begirada, gertatzen diren guzien pertzepzioa ukaitea galdetzen du buruargitasunak. Hunek ez du ez kondenatzen, ez jujatzen ; urruntxegotik bezala behatzen du, emoziorik gabe eta bertzen eraginik gabe. Buruargitasuna ingurumenari behatuz hasten da, gizadiak eta gizarteak emaiten dituzten argibideak errezibituz gorputzeko sentsuen bitartez. Adimenduari eta ulermenari bidea idekitzen diozka buruargitasunak.

 

Gauzak hola behatu eta konprenitu ondotik, irizpideak[1] ezartzen dira, gizartearen baloreak, erlisionearen baloreak, moralaren baloreak. Hauek biziaren bideko erreferentziak dira. Nork berak ez du errexki bereizketa eginen. Buruargitasunak emanen dio, nori konfiantxa egin eta nori ez, bereizketa hori sanoki eramaiteko. Jende puxanten ondoan gortea hurbil izanik, mea culpa egin beharretan direnek bertze motako jendeak beharko dituzte hautatu.  Entzun nahi dena erraiteko da gortea, ez eta nagusiaren burua argitzeko edo zeharka joaiten denaren xuxentzeko.

 

Mea culpa heinerat heltzeko, bada bertzerik oraino. Doi bat bere ikusmoldeari eta bere ziurtasunari uko egitea galdetzen du edo berdin batzuetan bere fede onari. Ustez ezin hobeki egina makur ateratzen delarik, engainatu dela onartzea galdetzen du mea culpa horrek, justifikatu gabe, bere burua xuritzerat entseaitu gabe. Apaltasunez ! Sekulako arrazoiak ateratu gabe, hutsa bertzen bizkar eman gabe, soilik onartuz engainatu dela. Urguilua eta nartzisismoa zarpan ezarri eta mea culpa polliki erran. Kuraia eta bertute eskatuz, ez baita batere aise bi hitz ttiki horiek erraitea, gain gainetik jende ainitzen aitzinean ! Alabainan, bi hitz ttiki horiek erraiteak nork beraren korapiloak laxatzen ditu eta bertzeri  beren nortasunaren atea idekitzen.

 

Idazle batek (Jean Michel Charlier) kondatzen du gertakari hau, Estatu Batuetan, Nevadan gertatua, XIX garren mendean, Navajo delakoen tokian. Heietarik bat, Vittorio deitua, gerlari kartsu eta bihotzduna zen, bai eta gaitzikor[2] eta gutiziatsua.  « Ezpata luzeekin » nahi zuen borrokatu. Hain zen urguilutsua nun ez zituen niholaz ere bere hutsak onartzen. Chini, emazte gazte bat, maite zuen eta  hunen hitzek begiak ideki zizkion eta bere itsutasunatik ateratzea onetsi zuen eta erran:

« Bere Herriaren hondamenak Vittorioren adimendu itsutua ideki dio, ospearen egarriak itsutu zuena. Blueberryren xedea baizik zen ona. Hau errefusatuz, nik, Vittorio, jende ainitzen hiltzea ekarri dut. Nik errana ! »

Chinik orduan irizpide hau erran zuen :

« Bere hutsak zuhurki onartzen dituenak, hura ditake egiazko nagusi bilaka ! »

 

 

Maite Irazoqui

[1]Irizpide : critère

[2]Gaitzikor : ombrageux

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu