Category: Jean-Louis Davant

Bortizkeria noiz da zilegi ?

By , 2019/05/07 12:46

“Besomotz horien” ibilaldi zenbait gaizki burutu dira Frantziako karriketan, bakarrak hastetik hala joan ere, talde gogor batzuren eraginez. Ekintza zinez bortitzik agertu da telebistako leihotik. Manifestari batzuek justifikatu dituzte injustiziaren aitzi borrokatu beharraz, politikari batzuek bermatu iraultzaren izenean, 1793ko Terrore delakoaren etsenplua goraipatuz. Beraz galdera bat gogora heldu zait: bortizki oldartzea noiz da haizu?

Hor Eliza katolikoak ikuspegi aberatsa du, aspalditik hasia eta luzaz hazia, berak ez balin badu beti errespetatu ere. Pentsalari nagusia San Tomas Akinokoa du (1225-1274), “gerla zuzenaren” teoria sortu zuena. Horren arabera, orokorki, noiz ote haizu da jazarleen bortizkeria, hala beharrez armekilakoa? Eraso baten aurka, zapalkuntza baten aitzi, horren izarira mugatuz ordea. Erantzun mota horrek zilegi izateko bost baldintza bete behar ditu:

  • Erasotzaileak herriari eta populuari egiten dion kaltea dudarik gabekoa da, iraunkorra eta larria.
  • Egoera kaltegarri horren ezabatzeko beste molde guziak ezinezkoak izan dira, edo eraginik gabe gelditu.
  • Garaitzeko xantza seriosak bilduak dira.
  • Bortizkeriaren erabiltzeak ez du ekarri behar ezabatu nahi den gaitzak baino gaizki eta nahasmendu handiagorik.
  • Oldarraldiak herriko aitzindari eta zuhurren bermea badu.

Bistan dena, Frantziako Errepublika ez da gerla zibilean sartua, ez eta sartzeko irian ere,

oraiko ustez bederen. Haatik manifestaldietan ekintza ezinago bortitzak ikusi dira, poliziakoen hiltzeko arriskua hartzen zutenak ; gerla zibilerako deiak entzun dira manifestari batzuren ahotik, eta politikari zenbaitenganik usnatu, Frantziako Iraultza handiaz eginiko ahapaldien artetik. Beraz iduri zait maila horretako boztizkeriari lotzen ahal zaizkiola

Tomas Akinokoak aipatu bost puntuak. Bakoitzak ihardesten ahal die bere kontzientziaren arabera. Ene aldetik entseatuko naiz hemen berean, eta hona zein ditudan mementoko erantzunak :

  • Jende xehea bere bipideetan zinez kaltetzen ote du oraiko sistemak? Ene aburuz bai, duda

izpirik gabe.

  • Sistema horren aldatzeko ahal den guzia egin ote da? Ez dut uste, hortik urrun, hainbeste herritar sindikatu gabe dagoelarik, hauteskundeetan bozik eman barik, eta abar luze bat…
  • Poliziakoak erasoz eta saltegiak suntsituz, mugimendu horrek sistemaren uzkailtzeko xantza izpirik ote du? Ez, oso alderantziz: langile franko kaltetuz, jendea izituz, sistema gogortzen du, azkenean indartzen.
  • Ezabatu nahi den sistemak baino kalte gehiago ekar ote lezake mugimendu jazarle horren garaipenak? Nik uste baietz, norabiderik ez baitu. Ondorioz Frantziako ekonomian eta zerbitzuetan izigarriko nahasmendua heda lezake, tirania gogor bati ateak irekiz. Bulta honetan gauza jakina da iraultza sozial baikor bat ez dela posible erresuma bakarrera mugatuz. Gaurko munduan etsenplu txarrak hor ditugu, begi bistan, bereziki Venezuelak ematen diguna.
  • Hastapenetan “besomotz horien” mugimenduak aburu publikoaren onespena bazuen, baina manifestari talde bortitzen faltaz ihes egin dio.

Egia da iragan larrazkenean hamar miliar euro gobernutik erakarri dituela jende xehe mota zenbaiten alde, elkarrizketa bat piztu, agian hortik erreforma batzuei bidea zabaldu, nahiz berak ez dituzkeen gustukoak. Haatik ene ustez huts galgarri bat egin du: orduz ez gelditzean edo jokamoldez ez aldatzean, elkarrizketei ere mutur eginez, ondorioz iritzi publikoaren bermea galduz,

indarra joan zaio.

Jean-Louis Davant

Giza eskubideak denentzat

By , 2018/12/29 16:57

Duela 70 urte, 1948ko abenduaren hamarrean, Parisko Chaillot jauregian, ONU erakundeko Estatuen gehiengo zabalez bozkatua izan zen « La Déclaration Universelle des Droits de l’Homme » delakoa, orain emazteen errespetuz erran genezake « des Droits Humains », hots Giza Eskubideen Aldarri Orokorra. Haatik oroitu behar da munduko Estatu subiranoak 58 baizik ez zirela ordu hartan, gaurko kasik berrehunetarik urrun.

Aldarriaren idazle nagusia René Samuel Cassin Baionako semea dugu (1887-1976), zeinen zirriborroa Estatu gutiz gehienek onartu zuten aldaketa txiki zenbaitekin. Beraz ohore Cassin jaunari. Frantziak ospatu zuen Pantheonean sartuz 1987an, sortzeko mendeburuan, eta Sohüta / Sorhoeta herriak 2013an René Cassin trajeriaren arartez. Baina oroz gainetik aipatu behar dena Aldarria da, betetzetik urrun baitago erresuma gehienetan : aitzitik atzeraka ikus dezakegu heren munduko leku frankotan, baita Europako Estatu batzuetan ere : ez ditut izendatuko, denen gogoan baitaude. Gainera bazterretan entzuten da, gero eta gehiago, erresuma xuri aberatsentzat balio dutela, mendebaldeko baloreetan oinarrituak direlako. Ikus dezagun egia ote den.

Goazen beraz iturrira, eta iturria nahi ala ez ekialdean sortzen da, Biblian, adibidez lehenbiziko lege sozialarekin : astean egun bat pausu denentzat, jende ala kabala. Geroztik gobernu zenbaitek hamar egunetara mugatu nahi ukan dute, bereziki Frantziako lehen errepublikak eta Sobiet Batasunak, baina populuak astekoa hobetsi du, « décadi » delakoari bizkarra emanez ! Hola da, eta XVIII. Mendeko filosofo ingeles eta gero frantses famatuen « Argiek » ere sorgia Biblian dute, nahiz ez duten aitortzen. Adibidez laikotasuna bera, zentzu baikorrean, Ebanjeliotik datorkigu, Jainkoari zor dioguna Zesarren agintetik askatuz.

Bibliatik datozen erlijioak ere niholaz ez dira mendebaltiarrak : erroak Palestinan dituzte, urrunago joanez Mesopotamian – gaurko Iraken – eta Egiptoan. Koran liburua halaber ekialdetik

datorkigu, gainera erro nagusiak Biblian edukiz.

René Samuel Cassin israelita dugu, erlijioz judua, eta berak dioen bezala, Giza eskubideen aldarri orokorra Biblian oinarritzen du, Dekalogoa laikotuz. Nolaz erran daiteke mendebaldekoa

dela, eta beraz giza eskubideek mendebaldera mugatu behar luketela. Kulturen arteko diferentziek

ez dute jendetzaren oinarrizko batasuna hausten, batasun hori ADNean finkatzen baita : munduko edozein toki eta klase sozialetan, jende batetik besterako maila genetikoak ez du milatik bateko jauzi mikoa gainditzen. Eta hori da gure funtsezko batasuna, burmuinean idatzia. Beraz kulturen arteko diferentziek ez dute aitzakiarik eman behar xuriak ez diren jendeak baztertzeko, apaltzeko, xurgatzeko, hots giza eskubideez gabetzeko.

Beraz estakururik ez zaie utzi behar, ez hemengo baliatzaileei, ez Afrika, Asia, Hegoamerikako tiranoei hango populuez itsuski baliatzeko edo iraganean uzteko, gaurko dretxo, zuzen, eskubideetarik urrun, iñorantzian, pobrezian, ezinean. Populu horiek ez dituztela gure ber usaiak, pleguak, pentsabideak, segurki baietz. Gaurko zibilizazioari begira berant bat badutela, eta horren betetzeko denbora pixka bat utzi behar zaiela, baietz. Giza eskubideen aitormenak horien kultura eta hizkuntzetan bere bidea egin behar duela bere hizkera egokituz eta behar diren pleguak hartuz, hori guzia naski egia. Hitz batez ala milaz errateko, pedagogiari eta bakoitzaren ibilerari denbora pixka bat utzi : ados. Haatik oinarrian kristauek ez genuke amore eman behar, gure pentsakeratik haste : ez teorian, ez praktikan, giza eskubideak ezin ditugu mendebaldeko erresuma xuri aberatsetara mugatu, ez baitira mendebaldean sortuak ere, baina sustut munduko jende guziek horien beharra baitute hobeki bizitzeko, elkarren errespetuan eta kidetzan.

Badakit, ene hitzek ez dute deus konponduko, baina guduka hortik hasten da : kulturatik, gauzak diren bezala ikus eta izendatzetik. Giristinoek bederen eginbide bat badugu, bereziki Eguberri bezperan : gure gogo-bihotzen berritzekoa, konbertitzekoa, haurride guzien alde jartzeko.

Jean-Louis Davant

Eliza berdea

By , 2018/09/16 15:59

Duela dozena bat urte Chirac Frantziako presidenteak  zioen: « Etxea sutan dugu, eta gu beste norapait so ! » Geroztik sua zinez indartu zaigu, eta beharrik ikusten hasi gatzaikio, haatik ez aski, hortik urrun. Nicolas Hulot ekologiako ministroak bere kargutik lekutuz, gobernua utziz, finki oroitarazten digu arazoa zinez larria dela, eta horri buru egiteko presa handia dugula. Gizateriaren eta jendetzaren geroa jokoan dago, eta orain berean finki mugitzen ez bagara, ongi ateratzeko bideak hesten dizkiogu.    

Jende zenbaitek ez dute sinetsi nahi klima kanbiatzen ari dela, baieziz eta lehenago ere uda berorik egin ukan duela. Haatik ene bizitza franko luzean, baina lazgarri fite joan zaitan horretan, aurtengoa bezalako gutiño ezagutu dut berriki arte  : ene lehenbiziko mende erdian 1949 urtekoa, eta beharbada beste pare  bat ? A1diz azken bizpahiru hamarkadetan bospasei bederen. Beraz « kanikula » delako horiek gero eta maizago gertatzen ari zaizkigu. Ber denboran kanzer edo minbizia eritasun arrunta bilakatu zaigu, haur eta gazteen artean ere hedatu : gorapen hori gauza berria dugu eta oso kezkagarria. Gainera laborantzako lur hoberenak betoin eta gudroin azpian galtzen ari zaizkigu toki askotan, hala nola industriaz hain joria ez den Zuberoako urrupera / errepira / erribera honetan. Eta energia burrustan erretzen dugu, batetik erregai fosiloen agortzea erakarriz, bestetik CO2 delakoa airera isuriz, beste gas kaltegarrri eta ke pozoitsuekin batean.

Beraz zer egin ?  Munduan zazpi miliar jendez goiti gara. Bakoitzak ahal duen poxiño hura obra baleza, denetara izigarriko emaitza erdiets genezake. Mementoan alderantziz gabiltza. Etsenplu xumetzat, Larrabileko patar erditan bizi bainaiz, hemendik jende franko paseatuz igaten da, bereziki autoz ala bizikleta / pirripita / txirrindulaz, eta bidera jalgitzen naizen aldikal, bi bazterreta ondarkin txikia edireten ditut : zigarreta estalki, garagardo edo bierra ontzi huts, janari edo edari bat eden duten kartoi eta beste… Mundu osoa gisa berean ari baldin bada, zer ondarkin, zabor, zakar meta denen artean ! Baina beste aldera jokatuz, bakoitzak indarño bat eginez, zer kanbioa genukeen bizitzaren alde ! Presa handia dago, etxean sua nagusitzen ari baitzaigu..

Azkenean Eliza Katolikoa atzarri zaigu, bereziki Frantses Aita Sainduari esker. Horren Laudato si gutun famatuak hautsak harrotu ditu, eta ez bakarrik katolikoen artean. Egiaz, letra baino gehiago da, liburutto bat, eta klimaren kanbiotik haratago, beharrunen intzuli osoa egiten du Bibliatik abiatuz, kreazioaren errespetuan oinarrituz. Errespetu horren behar izigarria dugu guhaurentzat ere, zeren naturalezak bizirik atxikitzen gaitu, haritz adarrak txori habia dakarren bezalaxe. Haatik zuhaitz hori, denen egoitza, sutan dugu, eta guzien artean salbatu behar dugu, sugarren haztea utzirik, hori gure ahal guziez itoz elkarrekin.

Besteen akulatzea Elizari ez zaio aski izan behar, etsenplu ona eman behar du, eta bere partea egin. Hori bera pentsatu du kristau andana batek juntaturik, katoliko, protestante, ortodoxo, lehenik Bretainia Handian, gero Frantzian, azkenik Euskal Herrian ere, « Eliza berde » labela sortuz bere webgunearekin : www.egliseverte.org. Bilkura bat egin izan da Angelun, bigarren bat Hazparnen CMR / Herri Ekintza baserri mugimenduko kideekin. Laster beste bat eginen da barneko aldean. Horretara gomitatuko gaituzte. Deiari ahal bezain ontsa ihardets diezogun, eta oroz gainetik ahal dugunaren egitera lehia gaitezen denak, bakoitza bere tokian, adibidez katiximan haurrak kreazioaren alde argituz eta sustatuz, parrokian paper gutiago gastatuz, Elizaren eraikin, ekipamendu eta obra guzietan erregaiak aurreztuz eta energia berriztagarrien hautua eginez, amoregatik eta denen etxea ez dakigun bururaino erre.

Bistan da su horren aitzi, giristino bakoitzaren eginbidea ez dela Elizaren eremura mugatzen : bizi publikoan ere parte hartu behar dugu beste herritar eta jende guziekin batera, politikako hautuak barne, haatik etxetik hasiz.

 

J-L.D.

Klima, etorkinak eta gu

By , 2018/03/20 17:56

Gaurko Europak ene ustez bi arrangura eta kezka nagusi baditu, edo bederen gogoan eduki behar lituzke: alde batetik klimaren aldaketa, bestetik etorkinen uholdea. Ez idurian, biak elgarri lotuak daude, Frantses Aita Sainduak azpimarratzen duen bezala. Etsenplu bat larria hor dugu denek begien bistan: Siriako gerla. Nola piztu zen? Duela zazpi urte, hango jendea asaldatzen hasi zen laborariak trumilka hiri bazterretarat bildu zirelarik, miseriak kanpaña baserritik haizaturik: urte zenbaitez segidan idorte dorpeak jasanak zituzten, ondasun guziak galdu arte, salbu bistan dena urik gabean uztarik emaiten ez duen lur gaixoa, jendea bezain eria.

Afrikan ere zinez ageri dira klima aldaketaren kalteak. Sahara desertuko bi aldeetarik, iparretik eta hegotik, basamortua hedatzen ari da, idortea luzatuz doan arau. Abereak ezin bazkatuz, laborari franko beren lurrak eta herriak utzirik, hirigune bazterretan metatzen dira, eta gazteak lanik han ezin aurkituz, Europarantz abiatzen burrustan, bereziki Libia zeiharkatuz, berriemaileek salatzen dizkiguten baldintza latzetan.

Siriako ihesliar gehixenak ez zaizkigu Europara heltzen: Alemaniarekiko tratu baten ondorioz, Turkiak bere mugetan atxikitzen ditu, miliun pare bat arrotz aterbetuz. Libanon eta Jordanian metatzen dira beste hainbat. Beraz datozkigun etorkinak beste lurralde batzutarik ditugu, bereziki oixtion aipaturiko Afrikatik. Mediterraneo itsasoa ontzi txar batzuetan ahal bezala pasaturik, Eruropara heltzen dira, Grezian eta Italian metaka leihorreratuz, hein apalago batean Espainian, dela Kanariar uharteetan lurreratuz, dela Maroko bazterreko Ceuta eta Melilla oraino espainiartzat ekarriak diren itsas portu haietan gibeletik sartuz.

Europa Batuak hiru herrialde horiek oso guti laguntzen ditu etorkinen harreran. Alderantziz, Dublineko hitzarmen delakoari esker, sartzera uzten dituztenak – baina pratikan hauturik ez dute – Estatuek beren mugetan atxiki behar dituzte. Holaz Niza aldeko mugan Italiatik Frantziara pasatu nahi direnei frantses poliziak sargia hesten die. Ber lana egiten du Calais aldean, haatik ifrentzuz, Ingalaterrako bidea hetsiz erresuma horren zerbitzuko: lan tzarra beraz frantsesentzat, berearekin aski ez balute bezala.

Europa Batuak bere lana ez du egiten hor, etorkinen aferan elkartasunera ez da heltzen. Eta lehenik Estatuek, Alemaniak salbu, bederazka ez dute ahal dutena betetzen: ekialdekoek deus ez, Frantziak zerbait gehiago, haatik ez erraiten duen bezainbat. Eta guk zer? Bi eginbide nagusi ditugu gain horretan entzun dugunaren ildotik: alde batetik gure klima zaindu behar dugu zuhurki biziz, bestetik etorkinen alde ahal duguna egin, hala nola horien urgazle diren elkarteak lagunduz gure boltsaren arabera.

Afrikaren garapena sustatzen duten erakunde pribatuak ere hor ditugu, adibidez “CCFD-Terre Solidaire” taldea, amoregatik eta hango gazteak beren lurraldean bizi ahal ditezen, afrikar jendartea biziaraziz ber denboran. Horiei ere eskukaldi baten emaitea ez ote litzateke Garizumarik hoberena? Eta ez dezagun ahantz gure politikari nagusien zirikatzea, bai klimaren alde, bai etorkinen alde gehiago egin dezaten.

J-L. Davant

Nor diren Palestinarrak

By , 2018/02/06 16:48

Kanaango lurra Jaunak eman zion. Abraham apalik etorri zitzaion bere leinuarekin, Iraketik omen. Kanaandarren artean eztiki sartu zen, poliki poliki lekukotu nehor haizatu gabe. Hilobia tokiko norbaiti erosi zion, eta hezurrak hor ditu lurperatuak, herritarren lagundian.

Ez zen errege bilakatu, ez zuen armadarik ukan, ez meneko apez nagusirik, ez eta profeta saridunik. Pribatuki bizi izan zen artzainburu, iragaileak haziz urririk. Sodoma salbatu nahi zuen, ez zuen erdietsi, baina Jaunak seme bat salbatu zion usaia zaharreko sakrifiziotik.

Abrahamen jabegoa izpirituala izan zen. Etsenplu onik eman zuen fededunki, eta fededunen arbasoa dugu: judio, musulman eta giristinoen aita.

Bi seme ukan zituen, Ismael eta Isaak. Gehiena Ismael, odolez arabiarren aitzindaria, fedeaz musulman guziena, bi horientzat Abrahamen oinordeko nagusia. Juduentzat ordea zuzenak alderantziz eta ifrentzuzkoak dira: Ismael bastarta da, Agar sehi arrotzaren haurra, beraz Isaak odol garbikoa Abrahamen oinordeko bakarra.

Kontua da biak anaiak direla, prodigoa eta premu fidela bezala: bakoitzak aitaren etxean eta amaren lurrean bere partea behar luke. Hortik aharra gorria, familiako guduka, denetarik mingarriena. Ai Palestina eta palestinarrak, beren sorlekuan arrotz eta sehi !

Bibliak dion bezala, Nabukodonosor erregearen armadak Jerusaleme hartu zuenean “erbesteratu zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, bai eta Babilonako erregearen alde jarri zirenak eta gainerateko jendea ere. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak lan zitzaten” (Erregeen liburuan, 25).

Eta berantago, erromatarrek Jerusaleme berreskuratu zutelarik bi aldiz, Palestinako landa besorik gabe utzi zutena beren kaltetan ? Zentzu onak dio Babilonako erregeak bezala hiritarrak eta bereziki jaunak haizatu zituztela, juduen diaspora garatuz, haatik laborari mundua bakean utzi zutela beren armadaren hazteko eta zergen ordaintzeko. Parte handi bat giristinotu zen.

Historiazale berri batzuen arabera, horien artean israeldar zenbait lehen lerroan daudela, halaber gertatu zen Mahometen zaldunak Palestinatik pasatu zirenean konkista zabalago baterako bidean, hots laborariak hor gelditu zirela eta erlijio berrian sartu: ez ote zutena ber Jainkoa ? Baina jendetzaren zati bat giristino egon zen. Batzuek eta besteek nausi berrien hizkuntza ikasi zuten: arabiera. Horri esker orain mundu osotik etorri berri diren israeldarrek “arabiar” deitzen dituzte betiko palestinar horiek, tokian egon ziren hebrear-aramear zaharren ondokoak, inbasore konkistatzaileak balira bezala.

 

Jean-Louis Davant

 

marta eta maria

By , 2017/12/16 14:31

Errak hi, ar handia, nondik hator ? Uste duka hire burua hihaurk egin dukala ? Amarik ez huke beraz ? Ala hire ama ez zen emazte ? Egia soil horrez ohartzeak berak aldatu behar likek emakumeaz dukan ikuspegi ezkorra, eta jarraian errespetura bederen ekarri behar hinduke. Ama, amama, izeba, kusina, arreba, andregaia, esposa, alaba, alabaren alaba…errientsa, eskolako eta katiximako laguna, lankidea…etxekoandrea, sehia, artzaina, laboraria, erizaina, gero eta gehiago medikua, autobus eta hegazkin gidaria, abokatua, eta abar luze bat, hori guzia duk andrea : jende bat, pertsona bat, hire ber mailakoa, hihaurentzat nahi dukan errespetu berdina hartze duena hireganik.

Bizkitartean emazteak berdintasunetik urrun daude, bide luzea gelditzen zaie urratsen aurrean. Paperean bai zuzen asko badute erresuma aberats aitzinatuetan bederen, legeak azkenean berdintasuna aitortzen die, bainan obratzeak lanak emaiten dizkie, epeak hartuz. Gainera kasu egin behar da gibel itzultzerik ez dadin gerta, mehatxua beti hor baitago, ilunpean maltzurki gordea. Gainera mundu zabaleko erresuma gehixenetan, legedian ere ez dago berdintasunik, eguneroko bizitzan are gutiago. Erlijioen irakurketa gibeloi, hetsi, ezkor batek ere aitzinamendua oztopatzen du gogorki.

Alta bada emazteeen berdintasuna beharrezkoa da haientzat, guretzat, jendartearentzat.

Argitasun handia badago andre horien baitan, ispiritu zalu, xorrotx eta oharkorra dute, enpatiaz eta usnoz aberatsa. Orain artean itzalean utzi dugu, hetsi ez dugularik, eta munduarentzat kalte handia da. Jendarteak anitz irabaz dezake bere inteligentziaren beste erdi horri atea irekiz eta zabalduz. Ez da errex izanen, denbora puska bat hartuko du, baina bide horretan ongi sartzen hasi dira, eta beraz aitzina joaitea dugu.

Eta gure Eliza katolikoan ? Emazteei asko zor die hastetik, eta orain sekula baino gehiago, zutabe nasaienak ditu, Frantziako, Espainiako, Euskal Herriko parrokietan bederen, guhaurk ikus dezakegun bezala. Hemen ere batasuna beteko da…noizbait ! Beharko, bizirik irautekotan bederen, bestelan ez ote akabo ? Nik uste baietz…

Erranen zaigu Jesusek ez zuela emazterik izendatu hamabi apostoluetan. Ados, baina ber logikatik segi dezagun apur batez : mutil gazteak hautatu baitzituen, eta haien buru ezarri Petri gizon ezkondua, erran ote dezakegu apezpikuek oso gazte izan behar luketela, Aita sainduak ezkondua ? Ez dut uste zuzen den Jesusen urratsen hain hertsiki neurtzea. Nork daki orain zer egin lezakeen ?

Ez ahantz Jesus gizona zela, egiazkoa eta ez aktorea, bere denborakoa eta herrikoa, duela bi mila urtetako judu fidela. Gizarte arras patriarkal hartan, oraiko Saudi Arabiaren idurikoan, emakumerik jarri zezakeena Israelgo leinuburuen hamabi aulkietan ? Nork segi zezakeen holako ameslaria ? Ni beldur han berean hilen zutela, harrika, eta ez bere denboran eta tokian, hots Jerusalemen, profeta bati zegokion bezala, gainera kurutze salbatzailean, 30. urteko Pazko bezperan historialarien arabera.

Jainko zela ber denboran ? Gure ustez bai, kristau garenaz geroz. Haatik Jainkozko botereaz behinere baliatu zena lurreko bizitzan ? Ez ote zuena zeruan utzia, Aitaren eskuetan, bera harat itzuli artean ? Itxura guzien arabera bai.

Mementoko, emazte katolikoa Martaren karguan dago : sukaldari eta mahai zerbitzari. Ez ote zaio zor Mariaren tokia ere, dizipulu argituarena ?

 

Jean-Louis Davant

 

« Droit de cuissage ? »

By , 2017/10/24 16:46

Usantza itsusi horrek izenik ez du euskaraz, ene jakinean bederen. Gisa batez hobe ! Dena dela, bego frantsesez. Sabuespenez kanpo, jendeak uste du Erdi Aroan tokiko jaunak bazuela delako eskubidea (üzkübidea ?) : hots ezteietako gauan andere ezkonberriarekin oheratzekoa. Haatik historiazaleek afera xuritu dute : holako dretxo eta zuzenik ez dela behin ere izan erresuma hauetako legedian. Aitzitik, auzitegietako paper zaharretan ikus daiteke jaun batzu kondenatuak izan zirela botereaz baliatu zirelako beren meneko andre batzu sexu harremanetara behartuz. Elizako buruzagiak zinez kilika ziren sexuko gauzetan eta indar handia zuten jendartean. Gero XVIII. mendean, Voltaire eta Beaumarchais idazle handiek mitoa erabili zuten jauneriaren zikintzeko. Halaber XIX.an errepublikanoek errejimen zaharraren desohoratzeko.

Gaiaren aipatzera zerk naraman : egun hauetan eskandala gorria dugu irrati, telebista, kazetetan, Hollywoodeko zinegile baten inguruan, andere aktoreak trumilka jaiki baitzaizkio bere peko zituenean sexu harremanetara behartu zituelakoan, zenbait klarki bortxatu ere dirudienez. Kasu berezi horretarik aho-mihizko auzia hedatu da aburu publikoan : ez dela segur bakarra, bereziki zinemaren inguruko lanbideetan. Jaun horrek izari guziak gainditu dituela naski, baina beste neurri batean ez dela usaiaz kanpoko egitatea zinemako munduan, orokorkiago artisten munduan : lanaren truke gisa horretako tratamendurik inposatzen zaiela andere gazte askori.

Mundu horretarik kanpo ere, buruzagi batzuen oilarkeria zakarra ez omen da ohiz kanpokoa. Gizon batzu emazteen jabe balira bezala jokatzen dira neholako errespeturik gabe, gainera ez bakarrik nausien lerroan, baina langileen artean ere. Badira, eta ez guti, beren botere txikiaz baliatzen direnak ozka bat beherago diren andere langile lagunen behartzeko, edo gorputzeko indar soilaz beren mailakoen harrapatzeko. Egitate tzar horiek ez omen dira salbuespenezkoak. Jadanik sumatzen ziren jendartean, bainan orain argi betean agertzen dira, emakumeak beren ohiko ahalgetik jalgitzen ari baitira, zirikatzaile « urde / zerriak » salatuz komunikabideetan, baita gero eta gehiago auzitegietan ere.

Botere publikoak, buruzagi politikoak eta hautetsiak auzian sartzen dira gero eta gehiago, berriki egina den legedia zorroztu nahiz, metroko eta karrikako zirikatzaileak ere miran hartuz. Funtsean andreen berdintasuna da jokoan.Urrats handiak egin dira, bereziki legeetan, baina maiz paperean egoiten dira. Praktikan bide luzea gelditzen zaigu aitzinean mundu patriarkal eta matxista batetik ateratzeko, munduko eskualde aitzinatuenetan ere, zer erranik ez gibelatuenez, asko baitira. Lan horretan parte hartu behar dugu gizonek, bereziki emakumeei buruz dugun ikuspegia hobetuz : ez daude gure meneko, ez dira gure tresnak, ez gara horien ez eta inoren jabeak. Sexura mugatuz egungo, naturatik dugun horrek ez gaitzala goberna ; guk dugu hori gobernatu behar, gainerako guzia bezala arrazoinaren meneko atxiki, eta ez arma bat bezala erabili, beste animalia arrek baino sordei eta pisago.

Pastorala eta erlijioa

By , 2017/09/14 09:54

Pastoral guzien ondotik agertzen dira kritikak. Gutiz gehienak bekaizkeriari zor zaizkio, gaitzeko lehia baitago Zuberoako herrien artean. Baina beste zenbait funtsezkoagoak gerta daitezke. Aurtengoa batzuek salatzen dute apezik ez duelako, ez omen aingerurik ere, eta gainera kardinal bat gorrien artean dabilelako. Bizkitartean aingeruak baditu, baina hegalik gabekoak dira, eta publikoa ez dute benedikatzen.

Oroitarazten dut René Cassin pastoralean jadanik, 2013an Sohüta / Sorhoetan, aingeruak hegalik gabe zebiltzala, ez zutela publikoa benedikatzen, eta apez benedikatzailerik ez zela, nahiz istorioan apez pare bat ekintzaile zebilen, lehena guduka baten ondotik hil eta kolpatuen zerbitzuko, bigarrena – Piarres Charritton zena – René Cassinen bisitari Parisen euskal presoneren alde. Idazlea izanki, hautu laiko hori egin nuen René Cassinen errespetuz, judua baitzen eta ez giristino / kiristi / kristaua. Nekork ez zidan deus erran.

Eta Jainkoak baimentzen badit bizia luzatuz, halaber eginen dut 2020 urtean Abd el-Kader pastoralean, heroia musulman izanez. Erlijio horrek ere aingeruak baditu, gureak eta juduenak bezala, baina bistan da ez dutela kurutzearen seinalerik egiten. Apezik ez da ikusiko, istorioak ez baitu horren presentziarik behartzen.

Altzai eta Lakarrikoari egin zaion jorraldira itzuliz, kardinala ez dute gorrien lerroan ezarri antiklerikalismo hutsez, bainan istorioak hola manatzen duelakoz. Eiki Cisneros kardinala, Castilla / Gaztelako lehen ministro bortitza, lazgarri gogorki ari izan zen Nafarroa konkistatu berriaren aurka, jendea hertsatuz, etxe, gaztelu, jauregiak deseginez, hala nola Frantses Xabier saindugaiaren sortetxeari dorreak moztuz. Beraz hartze zuen konpainian agertu da, zapaltzaileen artean, Cauchon apezpiku ongi deituak Jeanne d’Arc pastoralean agertu behar lukeen bezala, neska hori sura kondenatu baitzuen.

Gauza bat segura : jendartea laikotuz doan bezala, pastorala ber bidetik dabila. Erlijioak gero eta leku gutiago du hor. Usaian bizpahiru lekutan agertzen da, funtsean oraiko jende anitzen bizitzan bezala : bataioan – istorioa  sortzetik hasten delarik – , ezkontzan, non ez den laikoa René Cassinen kasuan bezala, eta heriotzan, denek hortik pasatu behar baitugu…René Cassinen erlijioa memento latz horretan agertzen da, Dekalogoa giza eskubideen alde lege unibertsalean oraikotu eta finkatu zuela oroitaraziz. Joanikot pastorala ordea, osoki laikoa da, ordu hartako jendartea ez bezala : hautu horren arrazoia idazleak berak badakike…

Kritika bat egitekotan, hauxe litzateke nirea, baina libreteko hiztegi berezi bati zuzendua : « kiristi » eta « türk » deituren anakronismoaz ari naiz. Garai batekoak dira, otoman inperioak Europa kristaua mehatxatzen zuen denborakoa. Orain Türkiak beste lanik badu, gu aldiz gutiz gehienak paganotuak gara. Beraz « onak » eta « gaiztoak » aipa ? Iruzkin eta komentarioetan paso, baina kategoriatzat sagaratzeko ez ote dira moralistegiak ? Ene ustez bai. Beraz modu neutralago batean « gorriak » eta « urdinak » deitzea hauta nezake, haatik oraiko alderdi politikoen margoekin nahasi gabe.

Holaz Abd el-Kader jalgi daiteke baikorki, ez « kiristien bortatik », bainan « ate urdinetik ». Gu ordea ezkorki « gorrien » aldetik, eskuin muturreko politika baten zerbitzura behartuak izan baiginen. Aljeriako bigarren gerlan, gisa horretan soldadu izana bainaiz beste gazte ohi franko bezala, hor dago zoritxarrez ene lekua. Holakoa da Historia, beraz araberan istorioa, urrikigabea. Esperantza batekin halere, trajeriaren eginbideetan baitago aterabide baikor baten eskaintzea : erlijioen, kulturen, zibilizazioen arteko gerla baztertuko dugula borondate oneko jende guziek elkarrekin, « Celui qui croyait au ciel et celui qui n’y croyait pas » eskuz-esku, Louis Aragon poetak 1940 hamarkadan profetizatu zuen bezala. Haatik ez ahantz zeruan sinesten dugunak ere hor gaudela, eta ez garela isiltzekotan.

Jean-Louis Davant

« Jainkoa, bizia, jendea »  saileko.     

Halere, milesker Obama !

By , 2017/07/08 16:31

Obamak mirakulu anitz egin behar zuen eta, bistan dena, ezin izan du bakar bat egin. Baina non bizi gara, zein mendetan, buruzagi berri bat hautatzen dugun aldikal harenganik gaitzeko sorginkerien igurikatzeko ? Noiz ote zentzatu behar dugu ? Egia da ezkerrean beti halako ustekeria bat franko zabaldua badagoela : gauzen aldatzeko, aski dela nahikaria, hain errex balitz bezala, hain sinple ! Orain hein guziak gaindituak ditugu : kasik jende osoa gain hartariko mirarien haiduru ikusten dut, ahoa xabalik…

Gainera, engoitik jakin behar genuke Estatu Batuetako presidenteak ez dituela botere guziak eskuetan, maiz parlamentu bikoitzaren baimena behar duela, funtsean Frantziakoak bezala. Bestalde iduri luke, eta Obamaren aitzinekoek ustekeria hori bazuketen, Estatu Batuetako presidentea mundu osoko buruzagia dela, baina kanpoan ere traba handirik aurkitzen du ausarki.

Obamak oztopo eta epantxu zenbait gainditu ditu. Adibidez Kubarekin harremanak berriz lotu ditu, Frantses Aita Sainduaren laguntzarekin, 55 urtetako hausturari konponbide bat emanez. Halaber Iranekin aterabide bat ediren du, Frantziako eta Israeleko buruzagiek alderantziz gogortasunera bulkatzen zutelarik.

Palestinan ordea ez du arrakastarik erdietsi bakearen alde, Israeleko gobernuak muzin egin baitio, bereziki bere kolonien hedatzeko politika areagotuz. Haatik bere agintaldiaren bukatzeko bezperan, Obamak  Netanayu gobernuburuari azken ostikoa eman dio, eta ez txikia. Iragan abenduaren 23an, ONU erakundeko hamabost Estatu nagusiek Zisjordaniako judutar kolonien hedatzeko politika gaitzetsi dutenean, Obamaren ordezkariak ez dio erabakiari bidea hetsi usaiako betoaz. Argi egon da horrela Obamak epaia bermatu duela.

Netanayuk oso gaizki hartu du, deliberoa ez omen du kontutan hartuko, beraz koloniak aitzina hedatuko ditu. Beraz aldaketarik ez da gertatzen praktikan. Haatik espirituetan, mundu zabalan gaindi, bihurgune handi bat hasten da nik uste : Zisjordaniako kolonizazioa ez da legezkoa. Ideia horrek bere bidea eginen du, goiz edo berant ondorio praktikoak ekarriko ditu.

Beste gauza bat segurua : Natanayuk, eta ni beldur Israeldar askok, oroimen laburra dute, baita esker txarra, zeren Israel Estatu bezala legezkoa baldin bada, eta lehenik sortu bazen, ONU erakundearen erabaki bati zor dio : 1947ko azaroaren 29an ONUko biltzar orokorrak bozkatu zuen Palestina bi Estatu berritan banatu behar zela Britainia Handiko Erresuma Batuak lurralde horretan zaukan mandatua bukatuko zelarik : bata judutarra, bestea arabiarra.

Palestinarrek beren herrialdearen zatitzerik ez zuten onartu.

Delako mandatua burutu baiko, Israeleko Estatua sortu zen 1948ko maiatzaren 14an : sionisten indarrari esker, egia da, baina ONUren oniritzi eta babes moralarekin, eta horrek eragin praktikorik ukan zuen. Adibidez Israel sortu berriak Sobiet Batasunaren laguntza militarra ukan zuen azpiz, Txekoslobakiaren arartez, honek arma pizuak helarazi baitzizkion. Palestinar Estatua ordea ez da oraino sortu, eta judutar kolonizazioak bidea hesten dio gero eta gehiago.

Eta guk zer egin dezakegu ? Batetik erosketetan zentzuz hautatzea., hori gure esku baitago zuzenka. Bestetik palestinar agintea Estatutzat ezagut, eta hori « gure » gobernuaren lana litzateke. Duela bi urte Hollande presidenteak hitzeman zuen aldaketarik ezean, bi urteren buruan Palestina Estatutzat onartuko zuela ofizialki. Epea joanik, presidente jauna, orain duzu hitzaren betetzeko tenorea. Frantzia ohora zenezake, zeure burua garbiki atera historiako ate handitik. Arren egizu, Frantses Aita Sainduak egin duen bezala ! Dena dela, huts guzien artetik eta ezintasun guzien gainetik, milesker zuri, mister Barak Obama, Palestinaren alde azkenean egin duzun urratsaz.

 

J-L. Davant

Laudato si

By , 2017/07/08 13:20

« Laudato si », Laudatua zu, hola hasten da Frantses Aita Sainduak ekologiaren alde idatzi duen gutun handia. San Frantses Asiskoaren italierazko « Kreaturen kantika » famatuan oinarritzen da. Hona olerki horren itzulpen bat. 

 

Jaungoiko ahaltsu ona

Zuri laudorio, aintza, ospe (e)ta esker on oro.

Zuri bakarrik doazkizu

eta zure izenaren errateko gai den jenderik ez da.

 

Laudatua zu, Jauna, zure kreatura guzietan,

bereziki eguzki anaia jauna baitan,

haren egunez argitzen gaituzu,

eta ederra da, ospe handiz distiranta,

o Goikoa, zure miraila.

Laudatua zu, Jauna, arreba ilargiaz eta izarrez,

ortzean egin dituzu argi, prezios eta eder.

Laudatua zu, Jauna, haize anaiaz

et(a) aireaz, hodeiaz eta zohardiaz et(a) aro guziez,

haiez bizirik gauzkatzu kreatura guziak.

Laudatua zu, Jauna, arreba ur

balios, apal, prezios eta garbiaz.

Laudatua zu, Jauna, su anaiaz,

Gauan eguzkia bezala da

Eder, alai, ezin hoztu, pizkorra.

Laudatua zu, Jauna, arreba gure ama lurraz,

harek gaitu hazten eta indartzen

edozein fruitu emanez, lore margotsu eta belarrekin.

Laudatua zu, Jauna, zure maitez barkatzen dutenengan,

gaitz eta nahigabeak pairatuz.

zoriontsu bakean jasanen dituztenak,

korona zureganik ukanen dute, o Goikoa.

Laudorio zuri, Jauna, arreba herio gorputzekoaz,

hartarik ihesik ez du bizi denak.

Zorigaitz bekatu hilgarrian hilen denari,

zoriontsu zure nahi sainduan aurkituko dituenak,

ez baitira berriz hilen.

Jauna lauda eta benedika eta esker ezazue,

eta zerbitza zinez apalik.

 

J-L. Davant

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu