RSS

Monthly Archives: azaroa 2020

Biziak ihes?

Heriotzak inarrosten gaitu, edozoin adineko jendea jotzen duela, edozoin moldetan, batzu ezin jasanak. Bakotxak badu bere erantzuna. Munduan gaindi badira sineste desberdin franko. Anitzek lotura atxikitzen dute zenduekin. Gutarik bakotxak badu “bere biziko pena” bihotz xoko batean gordea. Bat baino gehiago ere hain segur. Hala ere bizitza aintzina ereman behar, hatsa hartzen duguno.

Gertakari latz batek bat batean jotzen gaituelarik, gogoan darabilgu behin eta berritz, luzaz. Gai bakar hortaz gogoetatzen dela gure barne osoa, hitzak jalgitzea ezinezkoa ere egiten zaigula, alta pentsamendua alhan dugularik, argi eta zorrotz. “… et les mots pour le dire arrivent aisément” zion ba Boileau-k.

Maluruski, parada izan dugu berritz ere funtsezko gai hori gogoetatzeko; bere baitarik izpiritua hortan zentratua osoki, argigailu batek, nahi edo ez, iraganeko minak agerian ematen balitu bezala. Goazen ba. Idazlearen gibelean gorde dezagun lotsa edo onestasuna. Hitz eta erranaldiz apain ditzagun huribildik bizi izan ditugun heriotzak.

Lehena: etxera etortzen zen gizon batena. “Ba, bere buruaz bertze egin du. -Nola? -Urkatu da.” Harridura. Lazdura. Hitz berrien ikasteko parada. Bertze azalpenik ez.

Gazte batena. Istripuz. Gazteri guzia xuriz bezti. Elizkizun ederra. Hilaren arreben duintasuna, edertasuna, erromantizismo iturri.

Amarena. Bat batekoa. Gorputz hoztuari eman musuaren hunkia, ez batere asmatu bezain eztia, oraino bizirik. Nerabeen lagunarte zalapartatsuan laster jabaldu zen mina. Geroago berritz piztu ere, amaren nortasunaz ez bai-ginen jabetu, berdinetik berdinera.

Seminario ttikiko lagun batena, hilabete batzuen eritasun baten ondotik. Gogoetaz gogoeta, otoitzez otoitz, sentsu bat eman genion. Kasik beatifikatuko genuen gure laguna.

Beti goizegi gaten diren aitatxi amatxiena. “Adin ederrean” hala ere.

Izan genuen ere apez gazte baten heriotza. Istripuz. Ezin ulertua gelditu baitzen bere misio lekuan jarraikitzaile zituenentzat, lagunentzat, familiarentzat.

Ezin dira denak aipatu, zuk ere, irakurle, zure zerrenda luzea dukezu.

Hau bai: gure laugarren haurrarena. Neska eder bat. Sortu baino bi egun lehenago osasun hoberenean zegoena. Emaginak ama entzun balu… Bizi oldar guzia kentzen dizun berri latza. “Bainan zuek badituzue hiru jadanik. Halako batek eta, lehen haurra sorrarazteko arazo handiak bizi dituzte” Apezpiku baten errana. Ez dut uste holako kalkuluak egiten dituen biziberri bati ongi etorria egin dionak.

Izan genuen ere urte arraro bat. Aita joan zitzaigun, bizia ongi beterik, on eta txar jasanik, azken urtetaraino. Elizkizuna eta gero, usaian egiten den bezala, familia handia bildu genuen krakada baten inguruan. Kusiñ bat etorri zitzaigun sukaldera: “Iduri du besta dela!” Etzen arras hala. Bai, denak bakean ginen, eta, segur aita ere. Handik laster gauza bera egin zuen kusiñ horrek, bere aitarentzat.

Aitari hil bisita egitera etorri zitzaion aitaginarreba. Gelatik ateratzean erran zidan: “Zertako hori eta ez ni?” Lur huntarik gan nahia zen. Nahi zuen jakin: heriotza eta gero, zer? Zortzi egun barne hil zen. Elizkizuna egin genuen kaxarik gabe. Bere gorputza zientziari eskainia zuen. Agur gogoetagarria… Sei hilabeteren buruan bere andreak bide bera hartu zuen, gure haurren haurtzaroa, aitatxi amatxirik gabekoa bihurtzen zuela.

Hori eta laster, joan zitzaigun ere, zonbeit hilabetez gurekin sentitzen genuen “Ttikittun”, bere anaia zaharrenak liluraturik ikusia zuena mugitzen ekografian, lankideri xanpaina eskainiz guretua genuena. Ez idurian, haren partiadak hunkitu baino gehiago ere egin gintuen ba.

Etorri zen lagun min baten joatea. Gure lagunartea lur-jota utzi zuena. Hala ere, batek Gracias a la vida kantatu zuen eliza mukurru betean. Egin eske emankorra joan zen obra humanitario baten sustengatzera. Holakotan agertzen diren seinale bereziak barna sentitu genituen… Berdin, “adin ederrean” joan lagun batzuen heriotzaren ondotik. Batena harrigarria baino harrigarriagoa. Egia, holakotan erne eta adi egoten dira zentzu guziak, nahi dugun hura sumatzen dutela erraten baitu jendeak. Kasu hortan haatik, arraro arraroa, aproposa eta denen bistakoa izan zen.

Joan zitzaigun ere, anitz gauza elgarrekin egin genituen adixkidea. Azken hilabetetan ez genuen egiazki mintzatzeko paradarik izan. Elgarrekin ontzen genituen alorrak nutre utzirik, “ihes” egin baligu bezalako sendimendua.

Berrikitan gertatuak nau ekarri gogoeta hauen idaztera: haur ttiki baten biziak, eltzekari hurrupaldi baten eraginez, ihes egin du, gure hurbilean. Ezin sinetsia hura maite zuten guzientzat. “Holakoak bizitzeko sortuak ote gare? -Denak guretzat eginak dira, on ta txar!” zion, omen, Xabier Leteren amak. Hala baldin bada “Zertako neri tokatzen zait?” galdearen pareko, hor dugu: “Zertako ez neri?”…

Ainitz entzuten da: “Izan zaretelako gara”. Denen artean Bizi bera osatzen dugu edo? Bai, izan zaretenak egiten gaitu, parte bederen. Zuen biziak guregandik “ihes” egin du, iduriz. Hala ere, ez ote zaizte ba esku-kolpe baten emateko gai oraino, hala beharrean?

Egin du bere aldia” eta “Pixtu da” entzuten dira zendu berriaren inguruan. Ixilka mintzatzen ahal gatzaizkio ere:

Milesker eta… izan zaite!”

Mandio

2020/X/29 Herria 3566

 

Posted by on 2020/11/19 in Jainkoa bizia jendea, Mandio

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu