RSS

Monthly Archives: iraila 2020

Anand* Indiako konfinamenduaz mintzo.

Badu abantxu 4 hilabete Bangaloren (Karnata. 8 426 000 biztanle) nagola konfinaturik. Etorria nintzen nere   urteko erretretaren egitera Jesusen Arreba/ahizpa Ttikien ermitan. Aste bat iragan dut hor, eta, erretreta bukaeran,  konfinamendu osoa erabaki zuten eta hori kasik prestakuntzarik gabe, (kasu gutti baigenuen, Bengaloreko  jendetzari begira ). Rickshaw (tuk-tuk) bat baduen lagun bati, galdetu diot, ian eremanen ninduen Mylassandrako anaidira. Johnson deitzen da tamil lagun hori… Segidan onartu du nere eskaera. Iri guzia zeharkatu dugu. Harrigarria gertatzen ari zena, sekulan ez ikusia: kasik nehor karriketan, soinurik ez, xorien kanta baizik. Mylasandraren sarreran: Sevasadan, Jesusen Anai Ttikien egoitza baketsua.

Nola bizi izan eta bizi dudan dudan Konfinamendu hori? Nere baitako tira-bira anitzekin. Iduritzen zitzaidan istripu bat izan nuela eta hertsaturik nengoela, ezin mugi, ezin ibil. Garraiorik ez, ez autobusik, ez rickshaw-rik, estatu mugak hetsiak. Janari saltegiak idekiak egunean 2, 3 orenez baizik, 60 urte baino gehiagoko jendeentzat ateratzeko debekua. Ongi barneratu dut, hemendik goiti kategori hortakoa naizela. Banakien ez nintzela gaten ahalko Tiruvanamalai-ra, Xavier bakarrik uzten nuela, ez nintzela hauzoko jendeekin eta parropiakoen ondoan egonen, alta engaiatua nintzen. Dena geldian zegoen. Alampundin , «Vanattu Poochi», pinpilin deitzen ninduten, edo «Thatan Poochi», mari-burruntza, harat eta hunat anitz ibiltzen bainintzen.

Ulertu dut Jainko Jaunak zerbeit galdetzen zidala, konfinamendua metamorfosi bat izanen zela neretzat, har edo beldar bilakatzeko parada, gero kusku batean bilkaturik, krisalida-aldia iragan eta bertzelakatzeko, presuna berri, bere baitako nortasunean gehiago oinarritua; hori dena zailtasun eta barne tira-bira eta funtsezko galde ainitzekin.

Guti atera naiz, anaidi etxean egoten nintzen. Ez diot kasik herriko nehori jakinarazi hor nintzela, badakit batzu nere billat etorriko zirela, beren etxera joaiteko otruntza baten egitera edo oihan zoko batean elgarrekin janari prestatzera eta trago baten egitera. Anaidiko lau lagun suertatu gare bortxaz elkarturik; lehen aldia; egonaldi azkarra izan da gure arteko harreman moduaren sakontzeko…

Ikasi dut denbora hartzen neretzat, irakurtuz egunkariak, Charles de Foucault, Jesusen Anai Ttikien gidariaren gogoetak, berriz irakurriz Pagolaren Jesus, hurbilketa historikoa, otoiz egiteko astia hartuz, Joga ariketak eginez, Vipassaña meditazioa landuz, media horieri adi egonez, youtube eta holako, ikusiz zer pasatzen den Indian eta munduan, harreman tinkoagoetan sartuz familiarekin, lagunekin, Tiruvanamalai eta Alampundikoekin, sukaldatuz, baratzea zainduz, Kumarrekin belar tzar kentzen, fruitu biltzen: txapota, mango…

Denbora ainitz iragan dut landareen garapenari begira, uros ikustearekin pitaia (herensuge fruitua) lore egiten, ondotik fruitu ferde, gero laranja, azkenean gorri, miretsiz gure jacquier-ondoa fruitu erraldoiak zintzilikatzen ari; xorien kanta eta kalapitak entzuten, karrikan motor arrabots eza; urtxintxak alde guzitan jauzika, gure fruituen karruxkatzen, kameleoiak, gure baratzen aterpetuak, kamuflatzera entseiatzen, beren inguruaren kolorea hartuz; uros ikustean kutsatu eta gaizki erabili genuen natura edo izadia berriztatzen ari, ohartzean sendatzen ahal gaituela.

Natura eta abereek ez dute konfinamenduaz sufritzen. Gozatzen dute hatsaldi hau. Gonbidatzen gaituzte Jainkoarenganik berritz hurbiltzera, funtsezkoari lotzera, izadiaren eta gizadiaren Nagusiari konfiantza eginez. Kantatzen digute “Jende sinesmen ttikikoa, beha nola Jainkoa arduratzen den gutaz, nola berriztatzen gaituen; zuek gizakiak zaurituak zaudete, gu zauritu gaituzuelakoz; gu gabe ez zintezkete bizi.” Berriz gozatu baldin badut garai horretan landaredi eta aberediaren edertasuna, sakonki markatua izan naiz ere jendeen sufrikarioaz: kolpez, sare batean hartuak izan dira.

Mediak entzuten nituen, telefonoz banuen Tiruvanamalai-ko berri, nola lagunak kataskan ari ziren behar heina janari eskuratzeko beren familientzat, lau hilabetez lanik gabe, beraz dirurik gabe; gazteak pazientzia galdurik, bortizkeriara lerratzen; bai gobernamenduak eskaini du bizirik irautekoa: erriza, dilistak, gatza, azukrea olioa, irina; hori dena ez da aski, jendeak lana beharrezkoa du gizarteratzeko. Huna hemen Arundhati Roy-en erranaldi bat, bizi izan dugunari arras egokia : “Konfinamenduak, kimiko esperientzi batean bezala, agerian ezarri ditu, bat batean, gizartean gorderik zeuden makur guziak.” Saltegi, ostatu, lantegi, …, hesten ziren mementoan, ikusi ditugu aberatsak eta erdi mailako klaseak, beren eremu gain gainetik babestuetan, zerratzen. Iri handietako langile eta migratzaileek, ezinbestean, alde egin dute beren bizi lekuetarik. Nagusi eta egoitza jabeek kanporaturik, milaka jende behar gorrian gertatu da, egarri, gose. Zahar, gazte, gizon, emazte, haur, eri, itsu, enbalditu nora jo ez jakinean, beren sorterrirako bide luzeari lotu dira. Egunak eta egunak kurri ibili dira, ehunka kilometrotan. Batzu bidean zendu dira. Bazakiten beren sorterrian gosea pixka bat kenduko zutela. Bazakiten ere birusa beharbada berekin zeramatela…

Hurbildik bizi izan dugu hori nere urtebetetzea etorri delarik. Erabaki dugu hori ospatzeko orde bazkari haundi baten eskaintzea beharrean zireneri: lagun batek hurbildu gaitu hindu eta giristino gazte talde batenganik; migratzaileentzat bazkariak antolatzen dituzte. Ohartu gare horietarik ainitz goseak bizi zirela, ez baitute deus errezebitu gobernamenduaren ganik.

Bertzalde, nere dalit (“paria” kasta) lagunek gonbidatu naute bazkari banatzera, berek apailatua, lagunek eta ezagunek eman diruari esker erosi janariekin. Ondotik, jesuita lagun batzuen ekimenez, Maylassandra inguruko etorkinen artean ehunka janari-parte edo “ano” banatu ditugu; jende horrek ezin izan zuen bere herrira itzuli.

Elkarri lotuak gare, aberatsak ez dira bakarrik salbatuko, ekonomi guzia inarrosia izan da, langileak, laborariak etorkinak dira gure ekonomiaren bizkar hezurra, salbatzekotan, elgarrekin eginen gare… India muinetaraino erlijiosoa da… denentzat, hindu, musulman, giristino, elkartzea, partekatzea, beilak egitea ezinbestekoa da… Elizak gonbidatzen gaitu esentzialera, berdin hinduisten swamiek, gure baitako izateari hurbiltzera,

Birus horrekin sakatu digute beldurra, mesfidantza, gure izatea kurubilkatu dugu; haurren gisan baietz erran dugu agintarieri, heldutasunik gabe obedituz. Elizetan entzun ditugu hitz meleka lehunak. Oldar gaiten, gizaki berri baten sortzeko lanari lot, beldurrik gabe. Bilatzen dugun Hura ez da hilobian, bizirik da. Deitzen gaitu Hari juntatzera, bizi garen tokietan, mundu mailako gizarte haurridetasunezko bat eraiki dezagun denen artean.

* A. Sein Indian den Jesusen Anai Ttikiaren gogoetak Mandiok euskaratuak.

 Herria 2020/09/17 Jainkoa Bizia Jendea.

 

Posted by on 2020/09/18 in Jainkoa bizia jendea, Mandio

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu