RSS

Monthly Archives: abuztua 2020

Apez berriak Euskal Herrian

Ekainaren 27an, hiru gizon gazte apeztuak izan dira Baionako katedralean. François-Regis Jasnot, Alexandre Mere eta Baptiste Pochelu izendatuak dira Garazin, Kanbon eta Hendaian, bainan François-Regis eta Baptiste oraino Erroman izanen dira beren ikastaldiak segitzeko. Hiruek hautatu dute euskara ikastea, jendeekin gurutzatzeko hemengo mintzairan bai eta Jainkoa ospatzeko.

Katedralean iragan den zeremonian, bere predikuan, apezpikuak xeheki erran diote zer den apez izaitea Elizako legearen arabera, nola bereixtuak diren Jesu Kristori lotzeko, eta kontsekratuak.

Ongi Etorri beroena egiten diotegu gure Herrian eta hemengo parropietan. Nahi nuke hitz batzuez aurkeztu zer den apeza laikoen bizian. Joanden astean, dantza-kantu talde batean afaltzen ari ginela kanpoan, apez bat pasatu da eta ixtant bat egon gurekin. Hor ziren jendeak, salbu bizpahiru, ez dira elizatiarrak bainan denak interasatuak ziren jakiteko zer den apez lana, zer erran nahi duen erretor izaitea, nundik eta nola etorri den gure euskalderat, eta denek aipatu dute, edo orroitzapen bat beren aspaldiko elizako urratsetan, edo katiximan ikasi eta beren bizian atxiki jakitate bat. Apeza joan eta, gai hortaz solasaldiak segitu du. Hunek agertzen du apeza ikusten delarik, galdeak eta erreakzioak sortzen direla. Ez da beraz edozoin bizi mota bat ez eta bertze ofizio bat bezala. Jende ainitzek ez badute deusen kasurik emaiten apezeri, badira bertze hainbertze edo gehiago, galdezka direnak.

Jesusek bere ibilaldia hasi zuelarik, ezkontza batzuetan egin zuen lehen mirakuilua. Bazkari denboran bere ama ohartu zelarik arnoa eskastuko zitzaiotela, Jesusek ura arno bilakatu zuen, besta ongi segi zezaten. Besta ohoratzea, gazteen amodioaren lekuko izaitea, Jainkoaren hegalpean ezartzea elgarrekin lotuko duten bizi molde hori, apezak hori dena kontsekratzen du osoki.

Ondotik lagun batzu bere inguruan bildu eta, Jesusek irakatsi zituen eta igorri erranez : « senda eriak, hilak pitz, garbi legendunak, haiza debruak. Urririk ukan duzue, urririk emazue ».1 Jendeen artean bizi da apeza, bereziki biziak kolpatu dituen artean. Nun den gaitza, nun den sofrikarioa, nun den kanporatzea eta baztertzea, han da apeza. Ez da errana bilkuretan izan behar dela han eta hemen, ez da ere errana ez duela bilkuretan ibili behar ; bainan zertan ari eta nola joka, zertan den lehentasuna Jesuseri lotua denarentzat.

Apezak ditu sakramenduak emaiten eta hauek Jainkoaren seinaleak dira, Jainkoa interasatua dela gure biziaz, gure bizi guziaz, erakusten dute. Gertakariak alegerak edo tristeak izan diten, gure egintzak ongi egile edo bekatu eta hoben izan diten, apezak denak entzuten ditu eta Jainkoari aurkezten. Ongi dabilana sustatzen du eta hobenduna artatzen, ospitalean zaurituak eta gaizki egileak artatzen diren bezala, nehori morala egin gabe bainan denak errespeturekin errezebituz. Apeza ez da epaile bat, ez da batekin edo bertzearekin auzian ; Jainkoaren bihotz urrikalmendutsuaren mezulari da. Kofesioko sakramendu eder horrek argitan ezartzen du Jainkoa zonbat loriatzen den bere barkamena emaitea, bake osoa emaiten duen barkamena. « Jainkoak bozkario gehiago ukanen du bihozberritzen den bekatari bakar batengatik, bihozberritze beharrik ez duten lauetan hogeita hemeretzi zuzenengatik baino ».

Denak elgarretaratzen ditu apezak Jesusen aldarearen inguruan. Maingu eta oker, gazte eta xahar, aberatsak eta pobreak, emazte eta gizonak, eri eta osagarri betean direnak, handi mandi eta umilak, bizi molde ezberdin guziak, denen artzaina da, denak Jainkoaren haur direnaz geroz. Nehor kanporatu gabe, nehor baztertu gabe, hor egiten du apezak komunionea eta Jainkoa eskertzen « Eukaristia » hitzak erran nahi duen bezala.

Bai zinez ongi etorri Jainkoaren izenean heldu diren apezeri !

Maite Irazoqui

1Mt 10,8

 

Posted by on 2020/08/12 in Jainkoa bizia jendea, Maite

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu