RSS

Daily Archives: 2020/06/26

Zergatik ez ?

Anne Soupa andereak bere kandidatura eman du Lyoneko artzapezpiku izaiteko. Lyon hiriko kargu hori Michel Dubost apezpikuak betetzen du joan den ekainetik hunat, urte bat huntan, Philippe Barbarinen ordezkapena segurtatuz, norbait izendatu arte. Anne Soupa emazte bat da, teologoa, biblia irakasle, kazetari eta idazle. Zientzia politikako eta Zuzenbideko tituluak baditu. Ezkondua da eta 73 urte ditu.

Kandidatura horren alde ainitz agertu dira eta izenpetuz beren sostengua ezagutarazi dute. Ainitz agertu dira ere arras kontra, zozokeria bat dela, ergelkeria, probokazio eta kitzikeria, bertzerik ez.

Andere horrek aski ongi daki ez dela sekulan artzapezpiku izanen, orduan zer erran nahi du ?

Beha dezagun zer dion Eliza katolikoaren legeak. Lege hori, Droit canonique deitzen dena, elizako gizonek, eta gizonek baizik dute pentsatu eta idatzi. Beren arteko legea da 1983an idatzia. 375garren artikuluan lerro hauek definitzen dute apezpiku lana, : « Apezpikuak, apostoluen ordain direnak jainkozko instituzioaren partez, Izpiritu Sainduaren bitartez, Elizaren artzain eginak dira, berak izan diten doktrinaren irakasle, kultu sakratuaren apez eta gobernumenduaren ministro »

Eta zer dio Anne Soupa andereak ? Sei oharpen kontsideratzen ditu :

Ez dela emazte bakar bat boz emaile denik Elizako erabakietan ;

Gizadiaren erdia kanporatzea, Jesusen mezuaren kontra dela, bai eta Elizari kalte egitea zeren beren arteko manera hori atxikiz, abusu sortzaile bilakatu delakoz ikusi den bezala;

Bera ez dela ezezaguna, 35 urte hauetan teologo eta biblia lana eremaiten dituela

Elizako legeak apez izaitea debekatzen du emazteeri eta debeku horreri Ez erraitea eginbide bat zaio bai Elizaren eta bai katoliko guzien errespetuz

Bere erantzukizuna dela Jainkoaren Hitzaren zerbitzari izaitea

Apez izaitea eta gobernatzea bi gauza direla eta bien berextea beharrezkoa dela, Frantses aita sainduak galdetzen duen bezala

Denen begien aitzinean den errealitatea azpimarratzen du kandidatura hunek bai eta denen adimendua galdekatzen. Emazteak dira gehien Elizako urratsetan, bainan gizonek dituzte erabakiak hartzen. Teologiko ikasketak egitean, irakasleak emaiten dituzte bibliografiak, zoin liburu irakurri eta zoin idazle. Kasik beti, gizonak dira zerrendan, emazterik ez. Alta badira teologo ainitz emazte eta idazle direnak ! Jainkoaren dohainak deneri emanak direla ez ote da onesgarri?

Apezpiku baten izendatzea nola antolatzen da ? Hiru urtetarik, euskualde bateko apezpikuek zerrenda bat egiten dute, nun ezartzen dituzten beren arabera gai diren apezen izenak apezpiku izaiteko. Zerrenda hori sekretuki egina da. Gainera, apezpiku bakotxak ezagutaraz dezake bere alde, apez bat, on eta kapable estimatzen duena kargu horren betetzeko. (377 artikulua). Izen horiek igorriak dira Erromarat, aita sainduaren egoitzarat. Apezpiku bat izendatu behar delarik euskalde batean, nuntzioak1 hiru izen hautatzen ditu, Barneko ministroari presentatzen eta hunek ontzat emaiten ditu edo ez. Azkenean aita sainduak hautatzen du horietarik bat. Ez da beraz, ofizialki, kandidaturik.

Zoin dira behar diren kalitateak apezpiku izaiteko ?

1 – fede azkar bat, bizi molde ona, debozioa, arimen karra, zuhurtzia, prestutasuna, eta kargu horren betetzeko behar diren bertze dohainak

2 – fama ona

3 – 35 urte goiti

4 – apeztua bortz urtez bederen

5 – doktorego edo lizentzia titulua ukana teologian edo biblian edo elizako legean…

Nola aitzina ditazke gauzak ? Nola sendatu hain eri den Eliza katolikoa ? Ixtorio eder bat aurkitzen da Jesusen bizian. Farisauekin ukan zuen eztabaida baten ondotik Jesus joan zen aski urrun, paganoen euskaldetik hurbil. Emazte bat, paganoa, etorri zitzaion galdetuz bere alaba, eri haundi zaudena, senda zezan. Lehenik Jesusek ez zion kasurik ere eman ; emaztea hor zuen beti haren ondotik eta apostoluek galdetu zioten fueratu zezan « haren oihuak ez entzuteko ». Eta Jesusek berriz, Israeltarrentzat bakarrik etorria zela. Bainan emazteak ez zuen amor eman ; Jesusen ereakzio zakarrari abilki eta adimen haundirekin erantzun eman zion, eta Jesusek zuen amor eman erranez: «  Haundia da zure fedea. Zuk nahi bezala gerta bekizu ».2

Maite Irazoqui

1Nonce apostolique

2Mt 15,21-28

 

Posted by on 2020/06/26 in Jainkoa bizia jendea, Maite

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu