RSS

Monthly Archives: maiatza 2020

Koronabirus eta Girixtinoak

Garizuma hasi zen, urte guziz bezala, Hauste egunarekin, otsailaren 26an, eta urte guziz bezala gomita edo hobeki erran, manamendua entzunez : « Bihozberri zaitezte eta sinets berri ona ». Bazen airean eta gogoetan kezka iduriko zerbait, galdera bat, bainan ez bi asteren buruan etorri den ihurtzuri ukaldia : bakotxa bere etxean, ateri gabe. Ondorioz, mezarik ez, elkarretaratzerik ez, doi doia beharrezko diren hazkurri saltegiak idekiak. Zer pasatzen da ? Covid 19 deitu koronabirus batek hartu du munduaren gobernamendua estatu kolpe bat eginez.

Garizuma hasia zen bere hiru puntuekin : amoina, otoitza, barura eta horra non hiru puntu horiek hartu duten beren betetasuna. Amoina bilakatu da ez bakarrik diru emaitea behartsueri, sobera dugun dirua, bainan begiak idekitzea gure bizia zaintzen duten guzieri eta ahal den guzia egitea heien errespetatzeko eta laguntzeko. Ofizio xume konsideratu ziren lanbideen balioa ikusi da ; horiek direla beharrezkoak bizitzeko jujatu da ere. Auzo, lagun, urbileko, langile, xahar, bakarrik bizi direnak, eri, herbaldu, denen artean sortu dira laguntzak. Lehen ikusten zirenak ikusi gabe, orain ikusten dira, izate bat ardietsi dute. « Ideki begiak eta zabal eskua » ainitzen leloa bilakatu da.

Otoitza da garizumako bigarren xedea. Elizak hustu dira eta otoitza joan da etxetarat. Jesus atera da elizatik eta etxetan sartu da. Zonbat eta zonbat jendek segitzen dute, edo hobeki erran, parte hartzen dute goizetan aita sainduak erraiten duen mezan. Telebixtaren eta interneten bidez, zoin xinpleki eta zoin kartsuki partekatzen den meza hori ! Eta nola ez errezebitu aita sainduaren irakaspen, xehetasun argi eta garbiak, Jainkoaren Hitza gogatzen duelarik moralizatu gabe, barnetasun haundirekin, hain xinpleki denek konpreni dezaten ! Jainkoa etxean da eta meza egiazki elgarren otoitza da. Eta zonbat jendek parte hartzen dute beti telebixta, internet eta Lapurdi Irratiaren bidez Lurdeko mezan, edo arratseko mezan Parisetik, bai eta Lurdeko arrosarioan. Lotura gaitza bizi da mundu osoan hedabide horien bitartez, denen otoitzak inguratzen duela bai mundua bai jende bakotxa, den tokian, bizi dituen gaitzekin eta atseginekin.

Barura da hirugarren bidea garizumako denboran. Jan aldetik, zonbat jendek ez dute sofritu garizuma huntan eta sofritzen jateko eskasiaz. Pobretasunak pobreak zafratu ditu ; langabeziak langileak lehertu ditu ; xuhur bizi direnak xuhurrago bizi dira. Horiek barur dute beti eta barur haundigoa kinka gaixto hunetan. Barura bertze molde berrietan ere bizi da. Zer den premiatsu, zer den beharrezko, zer den funtsezkoa da jende gehienen bilaketa. Familiakoak ez ikustea nahi den bezala ; hil direnak ez ikustea eta familiak ez inguratzea ez elizan ez etxetan ; bertzetik urruntzea ; haurrak ez besarkatzea ; joan etorriak neurtzea ; ibiltzeko libertatea mugatzea ; elgarrekin ez kantatzea mezan ; mezaren barura eta komunionearen. Barura ez da hautu bat izan, bainan zinez egin den esperientzia berri bat. Nahi ala ez denek egin dugu barur !

Garizumako seigarren igandea etorri da, Erramu igandea. Eta koronabirus hori beti hor ! Egunero zonbat hil, zonbat kinka txarrean, zonbat eri mundu guzian, eta denak beldurra hezurretaraino sartua. Erramu igandez benedikatzen dira erramuak, Jesus hala sartu baitzen Jerusalemen, jendek goresten zutela aldaxkak eskuan. Apez batzuek pentsatu dute eliza dorrerat igaitea eta handik erramu, jende, etxe eta bazterrak benedikatzea. Bertze batzuek ondoko egun batez benedikatuko dituztela. Eta etxetan otoitz egin da Jainkoak benedika ditzan behar gorrian diren guziak bai eta ongi bizi diren guziak.

Aste Sainduko ospakizunetan ukan dugu Gurutzearen bidea Erromatik urte guziz bezala. Bainan aurten arras hunkigarria. Padoue hirian preso direnak eta presondegian lanean ari direnak antolatu dute arrats hortako otoitza. Bost presoner, hilketa baten biktima bat, bizi guzirako kondenatua den presoner baten alaba, presondegiko hezitzaile bat, magistratu bat, presoner baten ama, katixima egile bat, zuzengabeki akusatua eta hamar urte preso izan den apez bat, boluntario bat, polizia bat, izan dira lekuko eta heien gogoetak eta otoitzak irakurriak izan dira. Preso direnak ez dira ateratzen ; heien konfinamendua urteak eta urteak baditu, eta ezagutzen ditugunak hogoita amar urte eta gehiago, konfinatuak direla, aterabiderik ikusi gabe !

Hori entzun eta, nola pleinitu bi ilabetez ez ibiltzea nahi dugun bezala ?

Bazko bestak ukan du egiazko harridura bat. Urtero ospatzen da egun hori, normal den gauza bat bezala. Ez da gehiago harridurarik. Aurten bazuen bai harridura, alde batetik barnean eta kasik ixilik ospatzea, eta bertzetik sortzeko gaitasuna, asmatzeko gaitasuna : nola ospatu holako besta haundia ? Besta hori zer den egiazki, kontzientzia hartzeko aukera paregabea ! Eta orai hor gira, apostoluak bezala konfinatuak, hek Juduen beldurrez, gu Covid 19 horren beldurrez, hek Mendekoste arte, Izpiritu saindua etorri arte, eta gu ere, Mendekoste ondotik elizako ateak idekiko baitira Jainkoa elgarrekin ospatzeko.

Bi hilabeteko epe hunek, epe hain berezia, baditu jadanik bere irakaspenak eta girixtinoen artean sortzen ditu gogoeta frango. Jean Casanave, Biarnoko apez batek, proposatzen du galdeketa baten bidez partekatzea : « Zer zaitzue gehienik eskastu konfinamendu huntan ?

Eukaristiaren faltan, mezaren faltan, zeren hutsa senditu duzue gehienik : bertzen elkartasuna ? Jainkoaren Hitza partekatzea ? Jaunartzea ? (Komunionea). Elkarrekin kantatzea ? Parropiako jendek ikustea ? » Eta bertze holako galdeak.

Tomas Halik, teologo batek dio: « Eliza hutsak eta ixilak onart ditzakegu anarteko neurri bat bezala, laster ahantzia. Bainan errezebitzen ahal dugu ere momento egoki bat bezala ». Segur, ihardukitzeko tenorea da. Eliza berritzeko tenorea da. « Jesusek atea jotzen du Eliza barnetik ; atera nahi du ! »

Maite Irazoqui

 

Posted by on 2020/05/15 in Jainkoa bizia jendea, Maite

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu