RSS

Monthly Archives: apirila 2020

Partekatzea, elgar osatzea.

Egun hauetan gauza frango partekatzen dugu. Covid 19 famatutik hasirik. iduriz, koronabirus hori, guttik dugu bildu, ipar Euskal Herrian behintzat, bainan hunen beldurra barna sartua zaigu gutarik gehieneri. Nola ez, erakusten dizkiguten irudiekin, bereziki artatze intentsibo horietakoekin.

Frustrazio eta pena bertsuak jasaiten ditugu denek batean. Arinenetan: Espainiako Errege koparena, Euskaldunentzat zena aurten, aspaldiko partez; 6 nazioen torneoa, Senpertar bat buru, frantsesek irabazter zutena; Aimar eta Urruti, berritz hoberenen artean, ligaxka begitik ezin utzi baten mentura iragartzen zutela; Zegama-Aizkorri mendi maratoi mitikoa; Segurako Iparra Hegoa, ekitaldi bateragarria; Bazko, Elizako besta handiena; Aberri eguna, menturaz bateratua; Sarako Biltzarra, bere kultur ekarpen aberatsarekin; Nafarroaren Eguna, garenaren seinale handia. Herri urrats, besta giroan euskara bizirik mantentzen duena; San Ferminak, elkar bizitzaren ospatze erraldoia; Pastorala, udako euskal hitzordu saihets ezina…

Jasan gaitzago edo tristeago: aitatxi amatxiek haursoak ezin besarka, ehorzketak elizetarik kanpo, multxo ttikitan, herritarren sustengu kartsua gabe; munduan zehar, lana galtzearekin, ezin bizia jasaiten ari direnen egoera lazgarria; buruzagi batzuen ezazolkeria, bortizkeria edo gaitasun eskasa…

Haatik gauza baikor frango ere badabil. Lehenik gure artean: jendea Whatsapp taldeka antolatua, famili edo lagun artekoak, partekatzen dituela, testu edo kantu eder eta aberatsak, bideo zoragarri, hunkigarri, funtsezko edo irringarriak, maitasun, esperantza eta umorezko mezu baikorrak, bakotxak bere xokotik “Egun on” opatzen diola taldeari, eguna ornituz mezu baikorrez, “Pasa gabon” goxo batekin bukatuz.

Gaurko teknika horiekin bertze itxura bat hartzen du baitezpadakoa dugun etxealde hunek. “Berria” egunkaria ere heldu zaigu gosariarekin batean, bat internetetik bertzea sukaldetik. Urruneko lagunen berri ere badugu, hala nola Txileko edo Indiako, denek gauza bera bizi dugula. Zahar andana bat ari da tresna berri horietan trebatzen, beharra bezalakorik ez da, lagun arteko aperitifa Whatsappen bitartez, elgarrekin kantuz Zoom aplikazioari esker, eta holako hasten dela menperatzen. Aspaldiko teknika ere hor dugu, berriak entzun nahi baldin baditugu telebixta pixtea aski, higuinak eta memento berean beharrezkoak, aski ongi antolatuak dira, beren mediku adituekin eta; Presidenta ere kasik denek batean entzun dugu, beti bezala paternalista, iduri eta presuna baten bizkar dela Herriaren geroa, herritarrak haurrak balira bezala; ez lukete ba noizpeit konfiantza egiten ahal jendeari, talde lanari? Norabide larrienak eman eta utzi eskualdeak antolatzen, beren ingurumen eta ahalen arabera, bereziki eskola ixtorioetan eta deskonfinamendutik ateratzeko moduetan.

Kanpoa, etxe ingurua, usaiakoa da, udaberriaren seinale guziekin; bizitzeko toki nasaia dutenetan, lehenago etxaldeetan neguan egiten ziren laneri lotzen da jendea, baratzea prestatu, hesiak moztu, tresnak edo bertze antolatu, aspaldian egin beharrari lotu… Ibilalditxo bat haizu dela, balia etxe gibeleko oihana miatzeko eta aspaldiko partez preziatzeko…

Batzu lanera, beren kondu ari diren gehienak, langile zonbeit; hauetan lehen gutietsiak zirenak, orai ohoratuak, izan zikinbiltzaile, karrika garbitzaile edo saltegietako kutxazain… Begien bixtakoak diren gauzeri ohartzen ari da jendea, bai jende horiek beharrezkoak dira gizarte batean, bai estimu eta diru gehiago merezi dute. Bai, orokorrean, jendeak badu zentzu: ez du balio itzuli-mitzuli aritzea errateko maskak ez direla beharrezkoak eta holako, nornahik ulertzen du maskarekin, homologatua edo ez, irrisku gutiago dela.

 Gehiengoaren zentzu amankomun horrekin aurrera eginen duke munduak hemendik goiti, ordu da. Alta segurtamenak agerian dira: korona birus horren menpetik ateratzea denek batean eginen dugu, edo ezta eginen, kutsadura handik edo hemendik berritz abiatuko baita. Hori ulertua dute xerto ikertzaileek eta beren aurkikuntzak partekatzen dituzte. Beraz herrialde pobreek aberatsen laguntza baitezpadakoa dute. Amerikarrek ere, badute egiteko, beren osasun xistema aldatu beharko dute, langabetuek ez baldin badute artatzeko ahalik, aberatsak goiz edo berant berritz kutsatuko dituzte…

Natura edo Izadia hobekiago da, kutsadura gutiago egiten baitu gizonak, bidaiak murriztuz, hurbileko elikadurak kontsumituz. Ondorioz Izadia hobekiago bai eta ere… jendea; bide hortarik segituz beharbada klimaren berotzea geldiaraziko da. Agian. Ipar iparraldeko lur hormatuak (permafrosta) hasiak dira gesaltzen, eta heiekin batean, han izozturik eta preso dauden karbonoak eta lehengo izurriteen birus edo bakterioak.

Osasunaren ondotik gabiltza beti. Garai hauetan are gehiago. Osasun edo osagarri, euskaldunek sumatzen dugu hitz horrek baduela ikusteko osotasun zerbeitekin. Izadiarenak ekarki du gurea, gurea ez da mozten ahal edozoin mundutiarretarik, garatu edo garatzen ari, gero ta harreman hurbilagoan gare denak, baten sustengatzeak bertzea osatzen duela, bere izaite guzian.

Izan hadi amultsu bat, munduan gaindi memento gogorrak bizi dituzten guzieri!

Mandio

 

Posted by on 2020/04/25 in Jainkoa bizia jendea, Mandio

1 Comment
Tresna-barrara saltatu