RSS

ZER EGIN DUZUE JESUSEZ?

22 martxoa

Eliz-gizonek haur heldugabeeri egin sexu abusuak direla eta, erran dut ikaragarriena eta
eskandalagarriena egiten zaidala eliz-agintariek, eta bereziki apezpikuek, hau guzia mende erdi
batez baino gehiago “estali” izana. Eskuratu dut Christine Pedotti* andereak egun hauetan argitaratu
duen liburua: “Qu’avez-vous fait de Jésus ?” (Ed. Albin Michel). Guziz interesgarria iduritzen zait
grinatzen nauen (eta zuen arteko zonbait ere agian…) galderari erantzunez garatzen duen
argumentazioa. Sar hitzan erraiten du bere haserrea “sistemari” doala eta ez pertsoneri zuzenean.
Liburua, gutun baten gisan, zuzentzen du “Eliza katolikoaren arduradun Jauneri” eta,
ahoan bilorik gabe, galdera zuzen eta zehatz hauek aurpegiratzen dizkiote: “Nolaz hortaratuak
gaude? Zer egin duzue Jesusez, zer egin fededunek Kristo eta Jaun deitzen duten gizakiaren
lekuko izaitea helburu bakartzat duen instituzioaz?… Nolaz posible da ohart ez zaitezten?…
Ezikusiarena egin duzue haurreri egina zitzaioten kalteari, beharriak tapatu dituzue familien behin
berrizko galdeak berdin biktimen sufrimendu izigarria ez entzuteko, isilik egon zirezte eta ez
dituzue hobendunak salatu… Nolaz utzi duzue mina hedatzerat?… Zerk trabatzen zaituzte egia
egitetik, gardentasuna bilatzetik? Nolaz ez duzue sendi biktimen aldeko zinezko
urrikalmendurik?…”
Lerro labur batez emaiten du idazleak galde haueri erantzuna: “Gaiaren larritasunaz
jabetzeko duzuen gaitasunezaren zergatia da giza sexualitateaz duzuen ulergaitasuna – agian
ulergaitasuneza erran beharko nuke.” Eta esplikatzen du, beti “arduradun Jauneri” zuzenduz:
“Zuen oinarriko aintzin-emana da sexualitatearen xede nagusiena dela, jainkozko ordenaren
arabera, haur sortzea. Jarduera sexuala mugatzen duzue bikote heterosexualari, bidezki ezkondua,
sexu jarduera “haur sortzeari idekiriko moldean” praktikatzen duenari. Onartua den kontrazepzio
bakarra da abstinentzia (edo barura) emankortasun aldietan.” Bikotetasunaren ikuspegi katoliko hori
“kastitatea” deitzen duzue. Gainerakoa, gainerako guzia, lizunkeriaren arlokoa da. Lizunkeria…
zazpi bekatu kapitaletarik bat. Ondorioa da sexuaren debeku sistema orokortu hortan “haragizko
bekatuen” zakuan sartzen direla nahas-mahas masturbazioa, joko erotiko anizkunak, ezkontzaz
kanpoko jarduera sexualak, jarduera homosexualak, adulterioa, edota haur heldugabeei eginiko
ukituak.
“Helduen arteko onespena” ez da nihun ere agertzen Eliza katolikoaren Katiximan, gaurko
gure jendarteetan sexu jardueren erabaki-irizpide nagusiena delarik. Gaur lehenesten dena pertsonen
arteko harremana da eta ez kanpotikako arauak: pertsona konzeptuari nagusi. “Testuinguru
hortan, Jaunak, predikatzen duzuen “kastitatea” nozio guziz abstraktoa da, eta are abstraktoagoa
oraino kastitateari laidoa… Zuen ustez, bortxaketa lehenik “justiziari eta karitateari egin kaltea da.
(adierazpen lehena), “gizabanakoaren eskubidea urratzen du” (adierazpen bigarrena). Eta
hirugarrenik bakarrik aitortzen da [bortxaketak] “biktima bere bizi osorako marka dezakeela.”
Mentura bezala gainera… Mundu “arruntan” ordea, bortxaketa krimena da, kontzeptu bat ez baina
pertsona bat kaltetzen duelako, egiazko pertsona, haragizkoa, odol eta arimazkoa. Bere izaitea bera
du kaltetzen, bere haragia!… Harrigarria da halere, “Haragitzearen” erlijionearen zaindariak izanik,
kontzeptuak defendi ditzazuen pertsonak baino lehen… Jesusek, bere garaian, eskandalo egin zuen
bizitza legea baino lehen jartzen zuelako. Zer egin duzue hartaz? Jaunak, ordua baino gehiago da
Katixima doi bat utz dezazuen eta Ebanjelioa ber-irakurtzen has zaitezten!”
Bekatuaren eta krimenaren arteko nahasketa hortan ikusten du C. Pedottik min askoren
iturria. Bekatuaren termino abstraktuetan pentsatzeagatik, dio: “zuen grina lehena da hobendunaren
erospena, egin duen makurraren aitorpena eta erreparazionea aitzin. Krimen egile eta kaltegileeri
proposatzen duzuen lehen gauza – eta bakarra – da otoitza eta penitentzia… sendagailu bat balitz
bezala! Bekatuaren sendagailu, agian; baina ez krimenaren kontrako sendagailu. Krimenaren
aitzinean, egin beharreko lehen gauza ez da hobendunari otoitz egin dezan edo damu dadin
galdegitea, baina bai hau giza-justiziari aurkeztea, eta biktimetaz axolatzea… Zuen itsukeria,
ideologia bihurtu den moral sexualean oinarritua izanik, ez da gutiago kriminala… Ez da
barkamenik egiarik gabe… Barkamena ezin da, ez eta behar ere, justizia baino lehen jarri.”
Ondoko kapituluetan, idazleak salatzen du “Père”, “Abbé”, “Monseigneur”, “mon fils”, “ma
fille”, eta, nola ez “Mère” hitzeri mendetan zehar xertatu izan den mami sinboliko bihurria. Salatzen
ere Eliza barneko demokrazia falta, eliz-gizonek “Jainkoaren ganik hartze” duketen boterearen
jabetasun esklusiboa, isiltasunaren kultura, abusuen agertzeak sort zezakeen eskandaloen beldurra…
Ororen buru, gaitzak edo minak izen bat badu, Frantses Eliz-agintari Nagusiak berak
salatzen duena: klerikalismoa. Erronka mahain gainean dugu: nola katolizismoa arra-eraiki
klerikalismoa errotik suntsituz? Aterabide bakarra da apezeria desklerikalizatzea, boterearen
jarduera bihurriari amaiera emanez. Artetik, umore xorta batekin, errepikatzen du idazleak bere
apez adiskide baten errana: “Klerikalismoa eritasun kutsagarria da, eskuen inposizioaren bidez
transmitigarria”… Bide hortan, lehen eginbeharra da apezen bizitza giza-norma arruntari egokitzea.
Azkenean, etorkizuna Jainko Herriaren gain dago, eskuetan dituen “ttanttoak” baliatuz:
unibertsaltasuna, ONG (Secours Catholique – Caritas, CCFD eta beste…) erakundeen karitatezko
engaiamendua, ahulenen eta behartsuenen alderako lehentasuna, ospakizunak antolatzeko
trebetasuna… Etsipena gainditzeko motiboak badaude segur! Eta sinesten dugu heriotza beti
piztearen abiapundua dela.
*Christine Pedotti idazlea da (30 bat liburu), kazetaria, argitaratzailea, “Témoignage
chrétien” aldizkariaren buru izana.
Peio Ospital
2019-01-21

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu