RSS

“Hamar urte sufrimenduaren eta itxaropenaren artean”

22 martxoa

Mila lagun baino gehiago, pastoralgile eta eliztar, elkartu da Arantzazun joanden abendoaren 14an
“Gipuzkoako Kristauak” taldeak antolatu Eukaristia ospakizunean, horietarik anitz hainbat
parropiak antolatu hamabi autobusetan joan delarik eta beste ehunka autoz Gipuzkoako bailara
guzietarik. Elgarretaratze hau egin da artikulu hunen buruan den errana lematzat harturik. Ez naiz
segur gertakari huntaz Iparralde huntan jende anitz jabetu denik. Baina aski inportanta iduritzen zait
gertakariari artikulu hau eskaintzeko, tokian emanak izan diren lekukotasunak laburbilduz.
Bi xede edo helburu zituen ekitaldiak: alde batetik Munilla apezpikuaren gobernantza salatzea bere
izendapenaren hamargarren urteburua kari, eta bestetik Vatikanoko II. Kontzilioaren erakaspeneri
leialtasuna goraki aitortzea, hauen betetzen segitzeko engaiamendu zehatza kolektiboki hartuz.
Lehen lekukoa izan zen ATERPE Etxeko boluntario bat. ATERPE da egoitzagabeei aterbea eta
laguntza emaiten duen Etxea, Caritas-ek kudeaturik. Hunek hitz gordinetan salatu du Aterpek
erabiltzen zuen eraikina saldua izan den moldea, helburu “merkantilistarekin” eta gezurra (ageriko
gezurra) komunikazio molde bezala erabiliz, huntaz etsenplu zehatzak emanez. Hunela burutu zuen
bere lekukotasuna: “Pena handia da Gipuzkoako elizan, eta zehazki hierarkian, gezurra hain modu
arin eta jarraian erabiltzea, deus gertatu gabe. Gaillot apezpiku frantsesak zioen bezala:
“zerbitzatzen ez duen Elizak ez du deusetarako balio” (Une Eglise qui ne sert pas ne sert à rien).
Gipuzkoako gure Elizako agintari batzuek mezu hau berentzat hartu beharko lukete eta hausnartu.”
Ondotik hitza hartu zuen Galtzarabordako parropiar batek gogorki salatuz Munilla apezpikuak
parropia hesteko hartu erabakia: “…aniztasuna errespetatu gabe, iraganeko ideologiarekin, laikoak
deusetarako kontutan hartu gabe, aitzinetik laiko eta apezen artean egin lanketa aintzat hartu gabe,
parropia-elkarteen barnean zatiketa sortuz eta Kontzilio aitzineko eliz eredu bakarra
inposatuz…Hau guzia horrela izanik ere, gure elkartean tinko jarraitzen dugu eta gure itxaropenari
azkar atxikitzeko indarra eskatzen dugu gaur.”
Ondotik Ibaetako Izpiritu Saindua parropiako katekista ohi batek eman zuen bere lekukotasuna,
berehala aitortuz: gure “parropian bizi izan ditugun azken urteak definitzeko hitzik egokiena
gezurra da.” Etsenplu zehatzak eman zituen eta hunela burutu bere lekukotasuna: “Horra hor
Erasmo Atorrasagasti zenaren ametsaren amaiera tristea, berrogeita hamar urtez kementsu eta
eliztarrek egin ekarpenei esker lortu baitzuen auzoak bere Eliza izaitea, erlijionea gizatiartzeko.”
Mintzatu zen gero Felix Azurmendi apeza (J.M. Uriarteren apezpikutza garaian Bikario Nagusi
izana): “Urteetan zehar, Vatikanoko Kontzilio ondotik, garaiko ezaugarriak entzunez eraldatu nahi
izan du bere pastoral jarduera gure Elizbarrutiak, ebanjelizatze misionea hobeki betetzeko…
arduradun taldeak sortuz eta laikoen ministerioak garatuz…”, sekulako lana eginez. Hau guzia,
“ordea, hamar urteotan ez dute aintzat hartu ere egin eta erabat baztertu dute… errespetu
arrastorik gabe eta… mespretxu ulertezinez.” Gisa hortan izan dira baztertuak laikoen ministerioak,
hauen ordez bidean jarriz “klerikalismo berri baten hazkundea, izaera autoritariokoa.”
Bostgarren lekukoa izan zen Donostiako Familia Saindua parropiako Pastoral Kontseiluko kide ohi
bat: “Tristura da…kristau elkartean gelditu den sentsazio eta egoera… erran diren gezurrengatik…
parrokiako kristauei eta bere pastoral kontseiluari eman trataerarengatik… Hala ere… itxaropena
dugu Jesusen jarraitzaile girelako eta bere ikasle misiolarien-taldea osatzen dugulako. Guzien
partaidetzarekin, Eliza justuago bat osatuko dugulako, Ebanjelioaren zerbitzura egongo den Eliz
itxaropentsua.”
Ondotik Patxi Aizpitarte apezak (hau ere J.M. Uriarteren apezpikutza garaian Bikario Nagusi izana)
salatu zuen Kontzilioko Izpiritutik ideologia integristara eman den urratsa “…hamar urteotan,
hainbat apaiz hurbilekoren laguntzaz gure Elizbarrutia gobernatu nahirik dabilenaren norabide
ideologizatu, kontserbadore eta integrista nabarmena dela medio.” Ondorioz elizbarrutiko batasuna
puskatua gertatzen da, pertsona eta elkarte anitz zinez sofritzen ari direlarik. Eta Frantzisko aita
sainduak berak salaturik fedearen ideologizazioak eragiten dituen ondorio ezkorrak gogoratu zituen:
– Ideologiak ez du deitzen, ez biltzen, alderantziz baizik: haizatzen du jendea Elizatik eta urruntzen
Eliza jendearenganik.
– Fede ideologizatua Elizan sartzen denean, Ebanjelioaren zerbitzua kanpora botatzen da handik.
– Fede ideologizatua dorpea eta larderiatsua da, egiaren jabe bakartzat du bere burua eta errex
erortzen da moralismo hertsi eta baztertzailean.
– Fede ideologizatuak gure ideietan hestera eramaiten gaitu, gure usteei atxikiz eta guzia gure bihotz
koxkorretik epaituz.
– Fedearen ideologizazioak atea hesten diote berdin pentsatzen ez dutenei, bestelako mundu bat eta
Eliza bat nahi dutenei.
– Ideologizatuta dagoenak ez ditu onartzen ezta maite ere egiazko pertsonak eta elkarteak.
Azkenik hitza hartu zuen Lezoko erretorak hauxe erranez: “nire salaketa nik jasan kalteari
buruzkoa da eta alderdi askotan beste apez lagun eta sekularrek jasan dutenaren idurikoa da… Min
egiten daut modernitate itxura emanez Kontzilio aitzineko eredura itzultzen dela ikusteak, erritu eta
tenpluko apez klerikalaren eredura.” Aitortu zuen azkenean eritu zela, osagarri fisiko, psikiko eta
izpiritualak ahuldu zitzaizkiola…
Ospakizunean, apez eta laikoek eskua elgarri emanik kate bat eginez erran zuten “Gure Aita” eta
Arantzazuko Amari asmatu otoitzarekin burutu zen dena.
Horra zertan den gaur egun Gipuzkoako elizbarrutia/diosesa… Eta gurea???…
Peio Ospital
2020-01-20

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu