RSS

EZTI EZ, GATZ BAI

22 martxoa

Bakantza edo opor garaia ez da, beharbada, anitzentzat hausnarketa edo gogoeta
sakonetarako aldirik aproposena izaiten. Beste batzuentzat, aldiz, bai. Dena dela, bada gure artean
sekula oporrik edo bakantzarik hartzen ez duen gertaera bat, hau da gizagabekeria. Zorionez, badira
ere, huni buru egiteko, sekula geldi-aldirik hartzen ez duten ekintzaileak.
Guziz deigarria egin zait uztail ondarreko La Vie aldizkariaren lehen orrialdeetan agertu
argazkia: ikusten da polizia-gizon bat frantziskotar serora gazte bati, beste lagun batzuen artean,
eskuak bizkarrean lotzen. Hau gertatu da Washingtonen joanden uztailaren 18an, haur emigranteen
atxiloketaren bururapena eskatzen zen manifestaldi batean. Deigarria baino gehiago oraino
harrigarria eta hunkigarria egiten zait serora gazte hunen jarrera: zernolako duintasunarekin uzten
duen bere burua poliziak arrastatzera!!! Bai, zinez harrigarria eta hunkigarria!!! Argazki hau
ikustean, berehala bururatu zait gogoeta hau: “Hara Kristo berpiztua gure artean bizi delako
seinalea! Erreinua gure artean dagolako ezaugarria!”
Gehixago jakin nahiz, jo dut internetera. Serora gazte hau Franciscan Action Network (FAN)
elkarteko kidea da (hor atxeman dezakezue argazkia). Eta zer da elkarte hori? Zertara dedikatzen
da?
FAN elkartea sortu zuten 2007an Baltimoren Estatu Batuetako lau kantoinetarik etorri 150
bat frantziskotarrek. Gaur egun Washingtonen du bere egoitza, eta elkartekideak dira serora edo
fraile frantziskotarrak, berdin frantziskotar sekularrak edo beste, baita ere luteriano eta frantziskotar
ekumenikoak. Lurralde osoan gaindi badira boluntario aktiboak eta administrazio kontseiluan barne
dira ere laikoak.
Elkartearen ardura nagusienak dira ekologia, giza eskubideak, pobretasuna, bakearen
bermaketa, pertsonen salerosketa… Arlo horietan lan egiten duten hainbat eta hainbat erakunderen
kolaboratzaile dira.
Hor bai, zinez ikus dezakegu Berpiztuaren haragitzea gaurko gizartean eta munduan! Horrek
gure buruaren galdezkatzera eraman behar gaitu. Eta galdekatze horrek gure bihotzak idekitzera
eraman behar gaitu. Bide hortarik zinezko Mendekoste bat bizitzera deituak gira. Hau guzia arras
ongi esplikatzen du Luigi Maria Epicoco italiar apez gazteak (arrakasta handia du Italian) “La Foi
n’est pas un bonbon au miel – Pour une foi qui brûle” izenburuko liburuan (Ed. Mame). Guziaren
gakoa da, azkenean, bizikidetza. Bizikidetzak izan behar du oinarri-oinarrizko hautabidea. Eta
hunek du Mendekosteari bidea eginen.
Mendekostea izan behar da aldi berean pertsonala eta komunitarioa. “Mendekosterik ez
daiteke gerta, dio L.M. Epicocok, nun ez dugun, pertsonalki eta komunitarioki, erabakitzen
elgarrekin bizitzea, elgarrekin pentsatzea, nun ez dugun onartzen guhauren zortea bere-berezki lotua
dela gure haurridearenari. Ez dezakegu bakarrik pentsa, beti besterekin pentsatu beharra daukagu,
zaila izanik ere… Besteekiko batasun harreman hortarik kanpo, ez dago salbamenik. Gorputz bakar
bat bezala behar gira asmatu eta ikusi: hori da gure, eta beharbada mundu osoaren, arraberritze
izpiritualerako egin behar dugun lehenbiziko urratsa. Gure zortea baitezpada, nahi ala ez, gure
haurridearenari lotua da. Ez dezakegu gure burua bakarrik asmatu gure haurridearen ongiari
pentsatu gabe. Gizaki bakoitza ez da bakarrik bere buruaz kargudun. Aldeko lagunen kargudun ere
bada.”
Arazoa zer da? Arazoa da ez girela ateratzera menturatzen edo ausartzen. Kristo denetan
sartzen da, ateak hetsiak izanik ere. Kontua da ez girela ateratzen! Gakaturik edo hetsirik gelditzen
gira. “Mezara joan gintezke eta, bizkitartean, gakaturik edo hetsirik geldi.” Eta hitz hauekin
burutzen du bere liburua L.M. Epicocok: “Fedea ez da ahora emaiten den eztia pilula kirats bat
irensteko. Fedea batzuetan erretzen duen zerbait da, gatzak zauri baten gainean bezala. Bainan
horrek du preseski zorneaz beiratzen.
Gatz izaitera deituak gira, eta ez ezti.”
Peio Ospital
2019-08-05

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu