RSS

EZTABAIDA HAZIZ…

22 martxoa

Eliz-Instituzioaren arra-eraikuntza dela eta, eztabaida bizia eta zabala sortu da azken hilabete
hauetan lurralde eta sektore anitzetan. LA VIE aldizkariak dosier interesgarria atera du gai huni
buruz hilabete huntan (N° 3849), eztabaida haziz. Nere aldi huntako lana izanen da dosier hunen
mamia zuenganatzea. Hogei proposamen, arras zehatzak eta praktikoak, agertzen dira bost arlo
nagusietan banatuak.
LURRALDETASUNA ARRA-ASMATU
1. Gune misiolariak plantatu. Zergatik ez lurralde-antolakuntza arra-moldatu “zentro” batzu sortuz,
Elizaren lehen garaietan bezala? Hiriburuetarik abiatuz, ebanjelizatzea heda litaike inguruetara, eta
apezek beren oinarrizko egitekoa berreskuratuko lukete: saindutzea eta ebanjelizatzea.
2. Parropi haurridediak garatu. Kristau elkartea ez da bakarrik igandetan bizi! Zergatik ez auzo
hurbilen arteko topaketak antolatu berrien trukatzeko, otoitz egiteko, tokian tokiko beharreri nola
buru egin elgarrekin ikusteko. Beharbada usaia zaharkitu edo desegokituak bazterra utziz.
3. Probintzien xarma arra-deskubritu. Elizari aplikatuz, probintzia da diosesa arteko egitura bat,
frantses administrazioan eskualdea departamendu arteko egitura bat den bezala. Apezpikuak,
bakotxa bere etxean nagusi izan ordez, behartuak litezke kolegialitatea praktikatzera eta, batzuetan,
zerbitzu zonbait ere bildu litezke ekonomiak egiteko.
4. Kanpotik etorri apezeri ongi etorria egin. Gaur egun, Frantzian, apez aktiboen herena (bi mila
zazpi milaren gainean) beste lurraldetarik etorria da, gehienik Afrikatik, baina ere Asiatik edo Hego
Ameriketarik. Baina, usuegi, nonbrea egiteagatik jinarazten dira, hauen formakuntzaz eta bereziki
inkulturazioaz batere arduratu gabe.
5. Karabanak erabili. Ideia da lurralde “abandonatuetara” talde ibiltariak (apez, erlijioso, serora,
laiko) igortzea tokiko jendearekin elkarrizketak eta harremanak sortzeko.
JAINKOAREN HERRIA BIZIARAZI
6. Semenarioak arra-eraiki. Orai arteko ereduak berea egina du. Ideia berrien artean zonbait:
familiekiko bizikidetza sustatu semenarioetan; erakasleeri dagokionez, gizon-emazteen arteko
parekotasuna garatu; semenario kanpotiko egonaldiak areagotu, hala nola berhartsuenekin (eri, adin
handiko, elbarritu, prekaritatean bizi direnekin…) urte bat osoa bizi; teologia fakultatetik pasatzera
behartu; giza zientziak gehiago erakatsi…
7. “Lumen gentium” gaualdiak antolatu, adibidez apezaren eta laikoaren egitekoa xuxen zoin den
ongi aztertzeko.
8. Frantziako Elizaren Konferentzia sortu, laikoeri tokia eginez eta bozkatze eskubidea emanez.
9. Kontzilioa… zergatik ez? Baina, beharbada, probintziala. Eskubide hau badago baina ez da
erabilia.
BOTEREA ARRA-KONTSIDERATU
10. Diosesen gobernantza arra-pentsatu. Apezpikuak azkenean bakar-bakarrik erabakiak hartzeko
ordez, kolegialitatea garatu eta zinezko kontra-botere bat izango duten kontseiluak sortu.
11. Laiko eta emazte gehiago izendatu erantzunkizun postuetan, eta elkarte erantzunkidetza garatu.
12. Eliz-gizon eta laiko erreferenteak kontsultatu, apezpikuak hobeki izendatzeko: segeretuaren
kultura hautsi eta izendepenen arrazoinak ondotik esplikatu.
13. Apezpikuak agintaritzari formatu, ez bakarrik hiru egun Parisen eta zazpi Erroman pasatuz.
14. Klerikalismoa hazten duten titulueri (“Monseigneur”, “Père”…) uko egin eta soiltasunez jokatu.
ABUSUEN KONTRA BORROKATU
15. Abusuei dagozkien txostenak bi urtetarik behin agertu: gardentasuna izan behar da nagusi.
Estatistikak eta gauzen garapena neurtzeko, soziologian ikasle edo ikerlari direnei dei egin.
16. Bortxaketa krimen gisa ezagutu Zuzenbide Kanonikoan, orai arte soilik “kastitateari huts”
bezala ezagutua delarik. Auzi kanonikoetan laikoak ere kargutan jarri eta ez bakarrik apezak.
17. Apezpikuari botere judizialaren zama kendu, orai arte aldi berean “juje eta parte” delarik eta
erabaki azkena bere eskuetan bakarrik dagolarik.
18. Erasotzaileeri klero estatua kendu: biktimen elkarteek hau ezinbestekotzat daukate. Baina,
adituen arabera, erreferentzia markak galtzeak errepikapen irriskua biderkatzen du… Gaztiguari
laguntza egoki eta jarraitu bat lotu.
19. Eta eliz-gizonen zelibatuarekin zer? Argi eta garbi utzi behar da ez dituela zelibatuak eramaiten
hainbat apez haurrak sexualki erasotzera. Baina baliteke apez ministeritza hartzen dutenen bizi
moldea hobeki zaindu behar litekeela.
EBANJELIZATU,
20. musika aldatuz! Ebanjelio izpiritua da denen gainetik jarri eta garatu behar. Natalia Trouiller
saiakeragile katolikoari uzten diot azken hitza: “Tabernakulu bizietaz (behartsuetaz) zinez
arduratuko girenean, ikusiko duzue ez dela gehiago apez faltarik izanen!”
Peio Ospital
2019-06-17

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu