RSS

“ESPERANTZARI LEIHO BAT…”

22 martxoa

Aktualitateak berriz ere Eliz erakundearen funtzionamenduaren alderdi ilunenak eta
okerrenak ezagutzea eman dauku ARTE telebista katean agertu den dokumentalaren bidez,
lau kontinentetako hogei ta hiru lurraldetan serora ez gutik apez “harraparien” ganik jasan
behar izan edo jasaiten dituzten sexu abusuen gaineko oihala altxatuz.
Pedofiliaren eskandaloaren ondotik, hau… Egia erran, hainbeste urtez erakunde horri
nola edo hala, hurbiltxago edo urruntxagotik, baina beti fede onez eta zintzotasunez jarraiki
girenak ez dugu gure burua trahitua eta lohitua senditzeko motiborik falta… Beharrik baita
besterik ere…
Hats edo arnas piska bat hartu nahiz, “esperantzari leiho bat” (B. Gandiagaren hitza)
zabaltzea nahiago izan dut aldi huntan, Frantzia iparraldeko zazpi apez lagunek hiru
diosesetako apezpikueri igorri gutuna zuenganatuz. Gutun hunen bidez, aseak direla
jakinarazi nahi dute goraki eta ozenki.”Gal zorian dagon Elizaren erdian, esperantza
atxiki” eman diote izenburua beren gutunari.
Aseak zertaz?
– Aseak aduana baten gisan funtzionatzen duen sistema baten ordezkari izaiteaz,
– aseak sakramenduak ukatzeaz “laukietan” sartzen ez delako,
– aseak sotanaz jantzirik dauden apez batzuek nexkatoak beretter izaitetik baztertzeaz,
– aseak gune autoritario edo “tradi”ko jendeak berek egin lana zangopilatzen ikusteaz,
– aseak Ekintza Katolikotik urrun dauden eliz korronte batzueri lehentasuna emaiten dela
ikusteaz,
– aseak dena apezen gain uzten dela ikusteaz, beti eta gutiago direlarik,
– aseak Eliza elitista edo puristaz…,
beren xedea jendearen zerbitzura jartzea eta maitasunezko Jainkoaren lekuko izaitea delarik.
Gutun horren lerro batzuk euskaratu ditut:
“Gutarteko gehieneri, Kontzilioak ideki zauzkigun ateak eta gure ministeritza
betetzeko ahalbidea eman. Bide hortarik, Ekintza Katolikoa zinezko parada izan da guretzat,
eta izaiten segitzen du, jendartean engaiaturik dauden fededunen laguntzeko eta hauekin
bide egiteko, aldi berean beti Eliza galdekatuz bere presentziaz Jainkoak hain maite duen
munduari…
Apez eskasiaz apezpikuek duten griña, gure ustez, beldurraren ondorioa da: orai
arteko funtzionamendua gal zorian dagolako beldurra, kleroek izanik fededunen kudeatzeko,
lurraldea estaltzeko eta autoritatea bermatzeko misionea. Hau guzia desegoki gertatzen
delarik eta Ebanjelioaren dinamikaren eta gure garaikideen xedeen kontra doalarik.
Erran ditzagun gauzak deplauki: ikusten dira gaur egun hainbat “erretor” (artzain
baino gehiago), gizon ezkongabeak, gurutze ttipi- edo handi-dunak, zonbaitetan sotanaz
jantzirik manifestaldi identitarioak (xuri ta beltzez) kolorestatzera etortzen direnak. Meza
saindua (eukaristia baino gehiago) beren arduren erdigunean ezarri nahiz, artoski lehiatzen
dira gizon eta emazteak berexteaz, berdin neska ta mutikoak, sexu emekoeri debekatua
zaiotela koruan sartzea. Toki hau (korua) hain da sakralizatua nun ez duen gehiago deus
ikustekorik Jesusek bere azken afarirako bere dizipuluak bildu zituen goi-gelarekin.
Ez dugu onartzen apez eredu horrek gaina har dezan… beren komunitatearen bizia
eskutan hartu nahi duten hainbat laikoen gogo ona lotsatzeraino…
Ohiko bihurtu den dogmaren, erritoen eta apezak ordinazionearen bidez hartua
dukeen autoritate eztabaidaezinaren erabilpena dela eta, hainbat kristau urrundu dira
igandetako edo tokiko ospakizunetarik eta utzi dituzte parropi ardurak…
Sinisten dugu badela beste biderik gure munduan Kristoren mezuaren egokitasuna
hedatzeko, eta uste dugu bidezkoak direla gure galdeak. Eta zergatik ez luke Eliz
erakundeak bere burua galdezkatuko bere egokitasun propioaz, bere tokia atxikitzeko jokoz
kanpo uzten duen bere gaurko funtzionamendu moldeaz? Botere-instituzio gisa ez, baina
gizarte bizitza alternatibo bat proposa lezakeen erakunde gisa bere tokia betetzeko…”
Azkenean, hauxe da gogo-bihotzez luzatzen duten deia: “Mendekoste berri bat dugu
nahi!” Uste dut zazpi apez hauen izenak merezi dutela Euskal Herrian ere izendatuak
izaitea: Jean-Marc Bocquet, Marc Delebarre, Patrick Delecluse, Bernard Denis, Adam
Dobek, Joseph Nurchi, Yves Spriet.
Peio Ospital
2019-03-11

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu