RSS

ELIZA eta eliza

22 martxoa

Parisko “Notre Dame” katedralaren suteak jendeen gogo-bihotzak barnaki jo eta
hunkitu ditu mundu osoan gaindi, sinestunak berdin ez-sinestunak.
Lehenbiziko harridura eta emozioa pasa eta gero, gertakari huntaz irakurketa asko
egiten ari da. Kalte edo makur materiala baino haratago, asko dira gertakari huntan “aldien
ezaugarri” bat ikusten dutenak. Huntaz nahiko nuke gaur arizan, ene iritzia beste
batzuenari juntatuz.
Berehala baztertuko nuke okerra iduritzen zautan irakurketa hauxe: gertakari huntan
ikustea Jainkoaren aserrearen agerbidea, edo Haren gaztigua eta mendekua, gizakiek egin
bekatu guziengatik merexitua. Aspaldi du, beste anitzek bezala (agian!), beldurraren
pastoraltza garaian erakatsi zaukuten Jainko justizigile zorrotz eta gaztigatzaileari bizkarra
eman niola, Jesusek errebelatu Maitasunezko Jainkoaren baitan sinestea eta konfiantza
jartzeko.
Neretzat, sutearen irudirik indartsuena eta deigarriena gezi gisako dorrearen lehertzea
gelditzen da. Horrekin batera zizpildurik gelditu da 800 bat urte zituen zurezko teilatua,
“oihana” deitua. Nere bigarren harridura izan da biharamunean ikustea katedrala barnean
gertatu kalteak uste baino arinagoak zirela. Hala nola, gurutzea eta aldarea han zeuden xutik
eta sendo, batere kaltetuak. Berdin, nahiz beharbada piska bat inarrosiak, zutik gelditu dira
ere pareta nagusiak.
Nola ez ikusi hor kleroek maila desberdinetan osatzen duten Eliz-piramidalaren
lehertzea eta aldi berean kristau herriak osatzen duen azpi-egituraren sendotasuna?
Irakurketa profetiko horren egitera deitzen gaituzte tokian berean ikusle baten
ganik altxatu hitz hauek: “Neretzat, gertakari hunek zerikusia du Elizaren gaurko
egoerarekin. Suak berea egin du, ondotik hobeki bireraikitzeko parada emanez. Biluzte bat
da.” Eta ere Jean Casanave-n lerro hauek: “Eliza, fededunen herria, ez ote da bere barnean
bizitzen ari Parisko harrizko untzia zauritu duen drama berdina? Zurezko eta berunezko
teologien arteko ezkontzak historiaren ekaitzaldi eta inarrosaldietarik gerizatzeko muntatu
teilatu sendoa ez ote da hurtzen ari? Bi mila urteko tradizio biziaren egitura ez ote da bera
arraildua? Hainbeste instituzio eta kongregazioen arteko nahasketak ez ote du sutea hazten?
Segurantzazko zimendu gainean finkatuak zeuden zutabe eta ostiko-arkuen sendotasuna ez
ote du inarrosten, aldi berean liluratzen eta beldurtzen gaituen unibertso berri batek? “Notre
Dame”n suteak mingarriki markatzen du aldi baten amaiera eta zabaltzen beste baten
hastapena.”
Hitz hauek ere altxatu ditut bestalde Yann Raison du Cleuziou historialari eta
soziologoaren ahotik: “Bata bestearen ondotik agertu diren eskandaloek (pedofilia,
apezeriaren homosexualitatea, seroren bortxaketak…) ondorio larriak ekarri dituzte, Joanes
Paulo II.ak Eliza birkokatu nahian jarri zituen lau ardatzak kordokatzen dituelako: morala
sexuala, boterearen zentralizazioa Erroman, komunitate berriak, gazteria. Ondorioz,
katolizismoaren instituzionaltasuna bera da inarrosia eta “ebanjelizatze berria”ren
sinesgarritasuna zalantzan jarria.“
ELIZA – fededunen Herria – arra-eraikitzea da orai erronka, eliza – harrizko eraikinaz
aparte. Galderak orduan sortzen dira: nor izanen da arkitektoa, nor langileak? Zoin izanen
dira planoak?
Gauza bat argi dago: behar premiatsuena da indarrean dagon eklesiologia errotik
berrikustea. Elizaren diseinu piramidalak kleroak jarri ditu bataiatu guzien gainetik, hauen
gain “botere sakratu“ bat jarriz. Desoreka hau gehiegikeri eta nahasketa askoren iturria izan
da, eta errotik xuxendu beharra dago. Lan huni artaz eta kuraiaz lotu behar da,
semenarioetarik hasita.
Jesus “Arkitekto Buruak“ hortarako “planoak“ utzi zauzkigun: “…zuen artean lehen
izan nahi duena izan bedi zuen mutil“ (Mt 20, 27), eta helburua argi eta garbi jarri zuen:
itsuek ikus dezaten, mainguak ibil diten, lepradunak garbi geldi diten eta elkorrek entzun
dezaten, hilak pitz diten eta behartsueri berriona mezutua izan dadin. Hori da “Erreinua“
bideratzea. Azkenean, ez dira harriak garrantzizkoak. Zapalduak diren bizitza guziak –
miseria ekonomikoagatik, indarkeri politikoagatik, nagusigo kulturalengatik… – dira arraaltxatu
beharrak. Harri biziak harrizko harriak baino lehen. Makurrik handiena ez da tenplo
baten andeatzea, bainan bai, injustiziaren ondorioz, pertsoneri eta planetari egina zaioten
eguneroko indarkeria eta kalte izigarria.
Hortarako eskuak, langileak, behar dira, segur! Eta gogo-oneko guziak ongi-etorriak
dira, fededun izan ala ez, berdin beste erlijionetakoak, emazteeri toki nasaia emanez. “Notre
Dame“ katedralaren sutea ikusiz mundu osoan denek bat egin duten bezala.
Eta… ez da bost urtetako lana izanen…
Peio Ospital
2019-04-29

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu