RSS

BATIKANOA ORDAINEZINEAN OTE?

22 martxoa

Pentsa genezakeen Eliz agintaritzak aspaldisko huntan estaltzen edo berdin sortu zituen
eskandaloen zerrenda zerbait gisaz hesten ari zela, eta “erreparazioaren” bidean sartuak ginela.
Baina huna nun Gianluigi Nuzzi italiar kazetariak beste atal edo kapitulu bat zabaltzen duen
argitaratu berri duen “Giudizio universale” (Jujamendu unibertsal) izenburuko liburuan. Aldi
huntan, Batikano barneko diru kudeaketa da auzitan jarria. La Croix egunkariak huntaz berri eman
du urriaren 22ko alean eta hauxe aipatzera noa.
Kazetariak salatzen du Egoitza Sainduko aintzinkonduaren defizita hirukoiztu egin dela
azken bi urte hauetan: 32 miliun euroko defizita zen 2017an, 95 miliunez goragokoa ditaike
2019an(!!!). Harridura eta ikara sortzen dute xifrek berek, 2012az geroztik Batikanoak ez duelarik
kondu zehatzik publikatu. Salatzen du ere Frantzisko Aita Sainduak bideratu erreformak
“sabotatzen” dituela Kuriak, kontrola guzieri buru eta kontra eginez. Nagusiki “Jondoni Petriren
eliza saria” da auzitan, frantziar katolikoak emaile nagusienetarik direlarik.
Galdera hunela adierazten du Gianluigi Nuzzi-k: Batikanoa ordainezinean aurkitzen ote da?
Batikanoko diru arduradun batek ukaturik ere, arriskua zinezkoa da 2023 urteari begira. Aita
Sainduak xahubideak murrizteko aginduak emanik ere, gastu orokorrak eta langilegoari
doazkiotenak ikaragarri goratu dira. Eta, kazetariaren arabera, gastuen %90ak arauez kanpo egiten
dira.
2018ko primaderan jada Ekonomia Kontseiluak oharpen hau egiten zuen: “defizita,
errepikatua eta egiturazkoa izanik, hein arranguragarrietara heldua da, eta, berehalako neurriak
hartzen ez badira, ordainezineko egoerara eraman dezake.” Kontseilu berak abisu zorrotz hau
gehitzen zuen: “Egoera larri hunek arriskuan jar lezake epe ertainera Egoitza Sainduaren diru
jasangarritasuna, eta ez da ondoriorik gabe Elizak bere misionea betetzeko beharrezkoak dituen
ahalbideen gain”.
Alta, Aita Saindutza kargua hartu zuenetik, Frantziskok finantzen erreforma sakon bat
bidean jarri zuen. Baina hau, dio Gianluigi Nuzzi-k, “anestesiatu, blokatu, sabotatu” du Kuriak.
Kazetariak azpimarratzen du kontrola zehatzak egitetik trabatuak izan direla ardura hori zutenak,
oinarrizko informazioak falta zirela defizita zuzen eta zehazki neurtzeko, gastoen kasik erdia
kontrolarik gabea litekelarik. Aita Sainduaren gastoak kudeatzeko ardura duen Estado Idazkaritzak
ez du niholako kontrolarik onartzen, ez eta Aita Sainduak igorrien ganik ere. Idazleak salatzen du
ere bulego hunek berak eliza sariaz egiten duen kudeaketa arriskutsua.
Salatzen du ere bestalde “ontasun higiezinen kudeaketa katastrofikoa”: ondarea 2,7 miliar
eurotan estimatua da, 3200 ontasun dira alokatuak, baina %15a kitorik okupatua da eta
gaineratekoak eman beharko lukeen irabaziaren %10a du soilik emaiten…
Eta kasik eskandalagarriena ondare higigarriari doakiona da: espertek auzitan jartzen dute
“kudeaketa makur eta eskumenik gabea, korrupzioari bide emaiten duena”. Kardinale zonbaitek bi
miliun euroz goitiko banko konduak badituzte!!! Hunek Aita Sainduaren haserre bizia piztu du,
kondu hoiek “be-re-ha-la” hestera behartzeraino… Eta horrela segi genezake luzeago…
Nola ez gintezke aldi bat gehiago engainatuak eta abusatuak sendi?
Ahalgegingarria… eta are asaldagarriagoa pentsatzen dugularik “jende” hoiek denak bere
“buruaren finkatzekorik” ez duenaren ordezkariak (omen) direla… eta kardinalek janzten duten
kolore gorriak Kristoren alde beren odola ixurtzeko prest direla adierazten (omen) duelarik…
Ez dute zinez hauek zerikusi handirik joanden asteko bere paperean Joxe Arregi-k gogora
ekartzen zituen duela 30 urte San Salvador-eko unibertsitatean “garbituak” izan ziren Ignacio
Ellacuría Beascoechea eta bere bost jesuita lagunekin eta bi emazte laikoekin…
Agiantzen garaian sartzen ari giren huntan, gogo eta bihotz guziz opa diogu Frantzisko Aita
Sainduari abiatua duen Bakikano barneko garbiketa lana bururaino eraman dezan, sukaldariak
fruitutik salba daitekeena salbatu nahiz har gizen eta alferrak artoski kentzen dituen bezala…
Peio Ospital
2019-12-02

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu