RSS

Bakeaz eta bizi guzirako presondegi zigorraz

22 martxoa

Frantziskoren hausnarketak
Bake prozesua ataka gaizto batean sarturik dagola ikusirik, eta zonbait preso niholako epemugarik
izan gabe 30. presondegi urtean sartzera doazela kondutan harturik, bururatu zait Frantzisko Aita
Sainduaren hausnarketa eta erranaldi zonbait gogoeta gai bezala eskaintzea gaurkoan.
“Ez dezakegu onartzera utzi gaurko eta ondoko belaunaldiek gertatu denaren memoria gal
dezaten, memoriak gaituelarik etorkizun zuzenago eta haurridekorrago bat eraikitzera lehiatzen eta
bermatzen.”
“Oroz gainetik kontzientzia morala da sustatu beharra, berdin nahikari pertsonala eta politikoa.
Izan ere, bakeak giza bihotzaren barnenean du bere iturria aurkitzen, eta nahikari politikoa beti
akuilatu beharra dago pertsonak eta erkidegoak baketzen eta batzen dituzten prozesu berriak
bideratzeko.”
“Elgarren arteko jarrera entzunkorra, bestearen aldeko ezagutza eta estimua hazi daitezke
etsaiaren baitan anaia edo arrebaren aurpegia ikusteraino.”
“Bake prozesua denboran irauten duen engaiamendua da. Egia eta justizia bilatzeko lan
pazientziatsua da. Lan hunek biktimen memoriari ohore egiten dio, eta urratsez urrats
mendekioari nagusitzen den esperantza amankomunari bidea egiten.”
“Bestea ez da sekula behin betiko gakatu behar egun batez egin edo erran duen hartan, baina bere
baitan dakarren promesa da baloratu beharra. Errespetua da mendekioaren ingurubila apurtzeko eta
esperantzari buruz abiatzeko bide bakarra.”
“Baketzearen bideak lehiatzen gaitu guhauren baitan barkamenaren indarra aurkitzera eta anaiarreba
bezala elgar ezagutzera. Barkamena bizitzen ikasteak hazten du gure baitan bakeemazte/
gizon bihurtzeko gaitasuna.”
“Baketzearen/adiskidetzearen bideak pazientzia eta konfiantza galdegiten du. Bakea ez daiteke
ardietsi esperantzarik gabe.”
“Oroz gainetik bakea posible dela sinetsi behar dugu, besteak gure bake behar edo gose bera duela
sinetsi.”
Frantziskoren iritzia bizi guzirako presondegi zigorraz
“Ez dago epemugarik gabeko gizalegezko gaztigu/zigorrik. Nihork ez dezake bere biziera aldatu
epemugarik ikusten ez badu” aitortzen du Frantziskok bizi guzirako presondegi zigorraz
hitzegiterakoan. Bere iritziz, hau “eztabaidagarria” da eta “epemuga bat beharko luke”.
Presoeri bereri hitzegiterakoan, “kuraia/adorea” hitza erabili du Frantziskok: “Ukan kuraia, ez
sekula ito edo itzali esperantzaren sugar ttipia” erraiten diote.
Frantziskoren iritziz, jendarte orok beharko luke sugar ttipi hori elikatu “zigorrak galbidean jar ez
dezan esperantza eskubidea, berlokarritze eta bergizarteratze perspektiba/menturak bermatuak
izan diten”. “Bizi guzirako presondegi zigorraren” kontra altxatu da Aita Saindua, “arazoen
konpontzeko era/moldea ez delako, bainan bai konpondu beharreko arazoa”. “Preso gela batean
giltzatzen bada esperantza, ez dago gizartearentzat etorkizunik” gaineratu du. Azkenik, bere
entzulego osoa “esperantza eskubidearen eta bigarren aukera baten eskubidearen” “lekuko” izaitera
deitu du.
Bere aitzinekoak baino urrunago joaiten da Aita Saindua bizi guzirako presondegi zigorraren kontra
altxatzen denean. Urria ondarrean, bizi guzirako presondegi zigorra “heriotze zigor estalia”rekin
parekatu zuen Frantziskok. 2013ko uztailean, bizi guzirako presondegi zigorra Vatikano Estadoaren
Zigor Kodetik kentzea erabaki zuen Aita Sainduak.
Peio Ospital
2020-03-02

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu