RSS

Daily Archives: 2020/03/21

Non dago tolerantzia ?

Sare sozial batean hamasei urtetako neskatoxe batek msulmanei buruz idatzi du : « Zuen erlijioa kaka da ! » Erran duena itsusi zait, are itsusiago jasan duen mehatxu meta. Nerabe hori bego handitzera, agian hobeki mintzatzen ikasiko du denborarekin ! Askoz ere gehiago kezkatzen naute irrati eta telebistetan kasetalarien galderei ihardesten duten hizlari batzuen iruzkin eta komentarioek, usaian bezala « blasfematzeko zuzena »  aldarrikatzen dutelarik. Nondik ote ?

Legeak ez du holakorik ekartzen, « blasfemio » edo birau hitza ez du ezagutzen ere. Ez da hitz laikoa, erlijiokoa da. Nolaz hein hori ez dakite beren ustez hain jakintsu diren katixima laiko egile horiek ? Zertara doa Jainkorik ez dela erran eta horren gaizkitzeak ? Eta zer balio du ez omen den norbaiten erasotzeak ? Ez du zentzurik. Blasfematzeko, fedea behar da, Jainkoaren laidostatzeko lehenik hartan sinetsi behar da. Fededuna da blasfematzen ahal duen bakarra.

Jainkoatan sinesten ez duenak bere ustez blasfematzen duelarik, nori lotzen da egiazki ? Fededunei bistan da, guri bereziki, katolikoei, aspalidko etsaiei. Nola bereizten ahal dira fedea eta fededuna ? Fededunik gabeko federik ezin izan da, ez eta federik gabeko fededunik, biak elgarri lotuak daude, hosto bateko bi mazelak bezala.

Erlijioen etsai errabiatu horiek gobernuan balira, zer ikusi behar genuke ? Europako ekialdean ez du aspaldi gertatu zena bezalako zerbait ote ? Beren sineste kristaua isiltzen ez zutenei lana ken, gehiegi agertzen zirenak presondegian edo psikiatrian sar, apez bat erahil Polonian … Gaur oraino, musulmanak zinez tinkatzen dituzte Indian eta Txinan, halaber giristinoak musulman erresuma zenbaitetan…

Beharrik zentzu gehiago badute politikariek. Iragan igande batez, eguerdiko berrien aitzinetik, frantses irrati batetik mintzo zen « France insoumise » alderdiko diputatu bat. Ez da batere nik bozkatzen dudan alderdia, jakobinoa delakoz, bainan egiaren parte bat ukan dezake nornahik, eta uste dut gizon hori zuzen ari zela holaxe mintzo zelarik :  « Estatua laiko da, bainan ez jendartea. Hori bera dio 1905eko legeak, zoinek estatua elizetarik bereizten du, eta jendea bere sinesteetan libre uzten. Lege hori bete bedi, eta hortik hara pertsona bakoitza bakean utz bere sinesteekin. » Zentzu oneko hitzak, hori bera baita egiazko laikotasuna : denen errespetua. On egin didate. Gogoan iragan dut : ezker puntako diputatu bat hola mintzo delarik, politikariei fidatzen ahal gara denen zaintzeko gure zuzenetan.

Zernahi gisaz badakigu giristino fedea ez dagoela modan. Gaizki hartua zen Jesusen denboran jadanik, eta berak erran zigun horrengatik sufrituko genuela. Pairamen ahula da guk orain eta hemen ezagutzen duguna, beste anitzek mundu zabalean jasan behar dutenaren aldean. Kristau agertzeko mementoan ez gaitezela beldur, ahalgeak ez gaitzala ito.

Erlijioen etsaiez aski gaizki erranik, orain bi aldiz eskertu nahi ditut. Lehenik esker mila horiei, tzistatuz iratzartzen gaituztelakoz, eta gure fedearen barnatzera behartzen, ber denboran basa sinestetarik garbitzen. Ene gazte denborako idiek bezala, akuluaren beharra badugu artetarik, ildoan aitzina joaiteko, sobera mantsotu gabe.

Bigarrenik fedegabeak Jainkoa gehienik aipatzen dutenak dira, non ez diren bakarrak Europa zaharrean, fededunak ez baigara horretaz mintzatzeko fida. Jainkoaren gaitzesteko egiten dute, baina ber denboran ahantzirik uzten dugun zokotik jalgitzen dute argira, denen bistara. Aitzina eman dezatela beti hola, intsentsu gorri edo beltzaz Jainkoa goretsiz beren gisa, ustekabean !

Jean-Louis Davant

 
Tresna-barrara saltatu