ELIZA eta eliza

By , 2019/05/07 12:40

ELIZA eta eliza

 

Parisko “Notre Dame” katedralaren suteak jendeen gogo-bihotzak barnaki jo eta hunkitu ditu mundu osoan gaindi, sinestunak berdin ez-sinestunak.

Lehenbiziko harridura eta emozioa pasa eta gero, gertakari huntaz irakurketa asko egiten ari da. Kalte edo makur materiala baino haratago, asko dira gertakari huntan “aldien ezaugarri” bat ikusten dutenak. Huntaz nahiko nuke gaur arizan, ene iritzia beste batzuenari juntatuz.

Berehala baztertuko nuke okerra iduritzen zautan irakurketa hauxe: gertakari huntan ikustea Jainkoaren aserrearen agerbidea, edo Haren gaztigua eta mendekua, gizakiek egin bekatu guziengatik merezitua. Aspaldi du, beste anitzek bezala (agian!), beldurraren pastoraltza garaian erakatsi zaukuten Jainko justizigile zorrotz eta gaztigatzaileari bizkarra eman niola, Jesusek errebelatu Maitasunezko Jainkoaren baitan sinestea eta konfiantza jartzeko.

Neretzat, sutearen irudirik indartsuena eta deigarriena gezi gisako dorrearen lehertzea gelditzen da. Horrekin batera zizpildurik gelditu da 800 bat urte zituen zurezko teilatua, “oihana” deitua. Nere bigarren harridura izan da biharamunean ikustea katedrala barnean gertatu kalteak uste baino arinagoak zirela. Hala nola, gurutzea eta aldarea han zeuden xutik eta sendo, batere kaltetuak. Berdin, nahiz beharbada piska bat inarrosiak, zutik gelditu dira ere pareta nagusiak.

Nola ez ikusi hor kleroek maila desberdinetan osatzen duten Eliz-piramidalaren lehertzea eta aldi berean kristau herriak osatzen duen azpi-egituraren sendotasuna?

            Irakurketa profetiko horren egitera deitzen gaituzte tokian berean ikusle batenganik altxatu hitz hauek: “Neretzat, gertakari hunek zerikusia du Elizaren gaurko egoerarekin. Suak berea egin du, ondotik hobeki bireraikitzeko parada emanez. Biluzte bat da.” Eta ere Jean Casanave-n lerro hauek: “Eliza, fededunen herria, ez ote da bere barnean bizitzen ari Parisko harrizko untzia zauritu duen drama berdina? Zurezko eta berunezko teologien arteko ezkontzak historiaren ekaitzaldi eta inarrosaldietarik gerizatzeko muntatu teilatu sendoa ez ote da hurtzen ari? Bi mila urteko tradizio biziaren egitura ez ote bera arraildua? Hainbeste instituzio eta kongregazioen arteko nahasketak ez ote du sutea hazten? Segurantzazko zimendu gainean finkatuak zeuden zutabe eta ostiko-arkuen sendotasuna ez ote du inarrosten aldi berean liluratzen eta beldurtzen gaituen unibertso berri batek? “Notre Dame”n suteak mingarriki markatzen du aldi baten amaiera eta zabaltzen beste baten hastapena.

Hitz hauek ere altxatu ditut bestalde Yann Raison du Cleuziou historialari eta soziologoaren ahotik: “Bata bestearen ondotik agertu diren eskandaloek (pedofilia, apezeriaren homosexualitatea, seroren bortxaketak…) ondorio larriak ekarri dituzte, Joanes Paulo II.ak Eliza birkokatu nahian jarri zituen lau ardatzak kordokatzen dituelako: morala sexuala, boterearen zentralizazioa Erroman, komunitate berriak, gazteria. Ondorioz, katolizismoaren instituzionaltasuna bera da inarrosia eta “ebanjelizatze berria”ren sinesgarritasuna zalantzan jarria.“

ELIZA – fededunen Herria – arra-eraikitzea da orai erronka, eliza – harrizko eraikinaz aparte. Galderak orduan sortzen dira: nor izanen da arkitektoa, nor langileak? Zoin izanen dira planoak?

Gauza bat argi dago: behar premiatsuena da indarrean dagon eklesiologia errotik berrikustea. Elizaren diseinu piramidalak kleroak jarri ditu bataiatu guzien gainetik, hauen gain “botere sakratu“ bat jarriz. Desoreka hau gehiegikeri eta nahasketa askoren iturria izan da, eta errotik xuxendu beharra dago. Lan huni artaz eta kuraiaz lotu behar da, semenarioetarik hasita.

Jesus “Arkitekto Buruak“ hortarako “planoak“ utzi zauzkigun: “…zuen artean lehen izan nahi duena izan bedi zuen mutil“ (Mt 20, 27), eta helburua argi eta garbi jarri zuen: itsuek ikus dezaten, mainguak ibil diten, lepradunak garbi geldi diten eta elkorrek entzun dezaten, hilak pitz diten eta behartsueri berriona mezutua izan dadin. Hori da “Erreinua“ bideratzea. Azkenean, ez dira harriak garrantzizkoak. Zapalduak diren bizitza guziak – miseria ekonomikoagatik, indarkeri politikoagatik, nagusigo kulturalengatik… – dira arra-altxatu beharrak. Harri biziak harrizko harriak baino lehen. Makurrik handiena ez da tenplo baten andeatzea, bainan bai, injustiziaren ondorioz, pertsoneri eta planetari egina zaioten eguneroko indarkeria eta kalte izigarria.

Hortarako eskuak, langileak, behar dira, segur! Eta gogo-oneko guziak ongi-etorriak dira, fededun izan ala ez, berdin beste erlijionetakoak, emazteeri toki nasaia emanez. “Notre Dame“ katedralaren sutea ikusiz mundu osoan denek bat egin duten bezala.

Eta… ez da bost urtetako lana izanen…

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2019-04-29

 

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu