Bortizkeria noiz da zilegi ?

By , 2019/05/07 12:46

“Besomotz horien” ibilaldi zenbait gaizki burutu dira Frantziako karriketan, bakarrak hastetik hala joan ere, talde gogor batzuren eraginez. Ekintza zinez bortitzik agertu da telebistako leihotik. Manifestari batzuek justifikatu dituzte injustiziaren aitzi borrokatu beharraz, politikari batzuek bermatu iraultzaren izenean, 1793ko Terrore delakoaren etsenplua goraipatuz. Beraz galdera bat gogora heldu zait: bortizki oldartzea noiz da haizu?

Hor Eliza katolikoak ikuspegi aberatsa du, aspalditik hasia eta luzaz hazia, berak ez balin badu beti errespetatu ere. Pentsalari nagusia San Tomas Akinokoa du (1225-1274), “gerla zuzenaren” teoria sortu zuena. Horren arabera, orokorki, noiz ote haizu da jazarleen bortizkeria, hala beharrez armekilakoa? Eraso baten aurka, zapalkuntza baten aitzi, horren izarira mugatuz ordea. Erantzun mota horrek zilegi izateko bost baldintza bete behar ditu:

  • Erasotzaileak herriari eta populuari egiten dion kaltea dudarik gabekoa da, iraunkorra eta larria.
  • Egoera kaltegarri horren ezabatzeko beste molde guziak ezinezkoak izan dira, edo eraginik gabe gelditu.
  • Garaitzeko xantza seriosak bilduak dira.
  • Bortizkeriaren erabiltzeak ez du ekarri behar ezabatu nahi den gaitzak baino gaizki eta nahasmendu handiagorik.
  • Oldarraldiak herriko aitzindari eta zuhurren bermea badu.

Bistan dena, Frantziako Errepublika ez da gerla zibilean sartua, ez eta sartzeko irian ere,

oraiko ustez bederen. Haatik manifestaldietan ekintza ezinago bortitzak ikusi dira, poliziakoen hiltzeko arriskua hartzen zutenak ; gerla zibilerako deiak entzun dira manifestari batzuren ahotik, eta politikari zenbaitenganik usnatu, Frantziako Iraultza handiaz eginiko ahapaldien artetik. Beraz iduri zait maila horretako boztizkeriari lotzen ahal zaizkiola

Tomas Akinokoak aipatu bost puntuak. Bakoitzak ihardesten ahal die bere kontzientziaren arabera. Ene aldetik entseatuko naiz hemen berean, eta hona zein ditudan mementoko erantzunak :

  • Jende xehea bere bipideetan zinez kaltetzen ote du oraiko sistemak? Ene aburuz bai, duda

izpirik gabe.

  • Sistema horren aldatzeko ahal den guzia egin ote da? Ez dut uste, hortik urrun, hainbeste herritar sindikatu gabe dagoelarik, hauteskundeetan bozik eman barik, eta abar luze bat…
  • Poliziakoak erasoz eta saltegiak suntsituz, mugimendu horrek sistemaren uzkailtzeko xantza izpirik ote du? Ez, oso alderantziz: langile franko kaltetuz, jendea izituz, sistema gogortzen du, azkenean indartzen.
  • Ezabatu nahi den sistemak baino kalte gehiago ekar ote lezake mugimendu jazarle horren garaipenak? Nik uste baietz, norabiderik ez baitu. Ondorioz Frantziako ekonomian eta zerbitzuetan izigarriko nahasmendua heda lezake, tirania gogor bati ateak irekiz. Bulta honetan gauza jakina da iraultza sozial baikor bat ez dela posible erresuma bakarrera mugatuz. Gaurko munduan etsenplu txarrak hor ditugu, begi bistan, bereziki Venezuelak ematen diguna.
  • Hastapenetan “besomotz horien” mugimenduak aburu publikoaren onespena bazuen, baina manifestari talde bortitzen faltaz ihes egin dio.

Egia da iragan larrazkenean hamar miliar euro gobernutik erakarri dituela jende xehe mota zenbaiten alde, elkarrizketa bat piztu, agian hortik erreforma batzuei bidea zabaldu, nahiz berak ez dituzkeen gustukoak. Haatik ene ustez huts galgarri bat egin du: orduz ez gelditzean edo jokamoldez ez aldatzean, elkarrizketei ere mutur eginez, ondorioz iritzi publikoaren bermea galduz,

indarra joan zaio.

Jean-Louis Davant

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu