Bortizkeria noiz da zilegi ?

By , 2019/05/07 12:46

“Besomotz horien” ibilaldi zenbait gaizki burutu dira Frantziako karriketan, bakarrak hastetik hala joan ere, talde gogor batzuren eraginez. Ekintza zinez bortitzik agertu da telebistako leihotik. Manifestari batzuek justifikatu dituzte injustiziaren aitzi borrokatu beharraz, politikari batzuek bermatu iraultzaren izenean, 1793ko Terrore delakoaren etsenplua goraipatuz. Beraz galdera bat gogora heldu zait: bortizki oldartzea noiz da haizu?

Hor Eliza katolikoak ikuspegi aberatsa du, aspalditik hasia eta luzaz hazia, berak ez balin badu beti errespetatu ere. Pentsalari nagusia San Tomas Akinokoa du (1225-1274), “gerla zuzenaren” teoria sortu zuena. Horren arabera, orokorki, noiz ote haizu da jazarleen bortizkeria, hala beharrez armekilakoa? Eraso baten aurka, zapalkuntza baten aitzi, horren izarira mugatuz ordea. Erantzun mota horrek zilegi izateko bost baldintza bete behar ditu:

  • Erasotzaileak herriari eta populuari egiten dion kaltea dudarik gabekoa da, iraunkorra eta larria.
  • Egoera kaltegarri horren ezabatzeko beste molde guziak ezinezkoak izan dira, edo eraginik gabe gelditu.
  • Garaitzeko xantza seriosak bilduak dira.
  • Bortizkeriaren erabiltzeak ez du ekarri behar ezabatu nahi den gaitzak baino gaizki eta nahasmendu handiagorik.
  • Oldarraldiak herriko aitzindari eta zuhurren bermea badu.

Bistan dena, Frantziako Errepublika ez da gerla zibilean sartua, ez eta sartzeko irian ere,

oraiko ustez bederen. Haatik manifestaldietan ekintza ezinago bortitzak ikusi dira, poliziakoen hiltzeko arriskua hartzen zutenak ; gerla zibilerako deiak entzun dira manifestari batzuren ahotik, eta politikari zenbaitenganik usnatu, Frantziako Iraultza handiaz eginiko ahapaldien artetik. Beraz iduri zait maila horretako boztizkeriari lotzen ahal zaizkiola

Tomas Akinokoak aipatu bost puntuak. Bakoitzak ihardesten ahal die bere kontzientziaren arabera. Ene aldetik entseatuko naiz hemen berean, eta hona zein ditudan mementoko erantzunak :

  • Jende xehea bere bipideetan zinez kaltetzen ote du oraiko sistemak? Ene aburuz bai, duda

izpirik gabe.

  • Sistema horren aldatzeko ahal den guzia egin ote da? Ez dut uste, hortik urrun, hainbeste herritar sindikatu gabe dagoelarik, hauteskundeetan bozik eman barik, eta abar luze bat…
  • Poliziakoak erasoz eta saltegiak suntsituz, mugimendu horrek sistemaren uzkailtzeko xantza izpirik ote du? Ez, oso alderantziz: langile franko kaltetuz, jendea izituz, sistema gogortzen du, azkenean indartzen.
  • Ezabatu nahi den sistemak baino kalte gehiago ekar ote lezake mugimendu jazarle horren garaipenak? Nik uste baietz, norabiderik ez baitu. Ondorioz Frantziako ekonomian eta zerbitzuetan izigarriko nahasmendua heda lezake, tirania gogor bati ateak irekiz. Bulta honetan gauza jakina da iraultza sozial baikor bat ez dela posible erresuma bakarrera mugatuz. Gaurko munduan etsenplu txarrak hor ditugu, begi bistan, bereziki Venezuelak ematen diguna.
  • Hastapenetan “besomotz horien” mugimenduak aburu publikoaren onespena bazuen, baina manifestari talde bortitzen faltaz ihes egin dio.

Egia da iragan larrazkenean hamar miliar euro gobernutik erakarri dituela jende xehe mota zenbaiten alde, elkarrizketa bat piztu, agian hortik erreforma batzuei bidea zabaldu, nahiz berak ez dituzkeen gustukoak. Haatik ene ustez huts galgarri bat egin du: orduz ez gelditzean edo jokamoldez ez aldatzean, elkarrizketei ere mutur eginez, ondorioz iritzi publikoaren bermea galduz,

indarra joan zaio.

Jean-Louis Davant

ELIZA eta eliza

By , 2019/05/07 12:40

ELIZA eta eliza

Parisko “Notre Dame” katedralaren suteak jendeen gogo-bihotzak barnaki jo eta hunkitu ditu mundu osoan gaindi, sinestunak berdin ez-sinestunak.

Lehenbiziko harridura eta emozioa pasa eta gero, gertakari huntaz irakurketa asko egiten ari da. Kalte edo makur materiala baino haratago, asko dira gertakari huntan “aldien ezaugarri” bat ikusten dutenak. Huntaz nahiko nuke gaur arizan, ene iritzia beste batzuenari juntatuz.

Berehala baztertuko nuke okerra iduritzen zautan irakurketa hauxe: gertakari huntan ikustea Jainkoaren aserrearen agerbidea, edo Haren gaztigua eta mendekua, gizakiek egin bekatu guziengatik merezitua. Aspaldi du, beste anitzek bezala (agian!), beldurraren pastoraltza garaian erakatsi zaukuten Jainko justizigile zorrotz eta gaztigatzaileari bizkarra eman niola, Jesusek errebelatu Maitasunezko Jainkoaren baitan sinestea eta konfiantza jartzeko.

Neretzat, sutearen irudirik indartsuena eta deigarriena gezi gisako dorrearen lehertzea gelditzen da. Horrekin batera zizpildurik gelditu da 800 bat urte zituen zurezko teilatua, “oihana” deitua. Nere bigarren harridura izan da biharamunean ikustea katedrala barnean gertatu kalteak uste baino arinagoak zirela. Hala nola, gurutzea eta aldarea han zeuden xutik eta sendo, batere kaltetuak. Berdin, nahiz beharbada piska bat inarrosiak, zutik gelditu dira ere pareta nagusiak.

Nola ez ikusi hor kleroek maila desberdinetan osatzen duten Eliz-piramidalaren lehertzea eta aldi berean kristau herriak osatzen duen azpi-egituraren sendotasuna?

            Irakurketa profetiko horren egitera deitzen gaituzte tokian berean ikusle batenganik altxatu hitz hauek: “Neretzat, gertakari hunek zerikusia du Elizaren gaurko egoerarekin. Suak berea egin du, ondotik hobeki bireraikitzeko parada emanez. Biluzte bat da.” Eta ere Jean Casanave-n lerro hauek: “Eliza, fededunen herria, ez ote da bere barnean bizitzen ari Parisko harrizko untzia zauritu duen drama berdina? Zurezko eta berunezko teologien arteko ezkontzak historiaren ekaitzaldi eta inarrosaldietarik gerizatzeko muntatu teilatu sendoa ez ote da hurtzen ari? Bi mila urteko tradizio biziaren egitura ez ote bera arraildua? Hainbeste instituzio eta kongregazioen arteko nahasketak ez ote du sutea hazten? Segurantzazko zimendu gainean finkatuak zeuden zutabe eta ostiko-arkuen sendotasuna ez ote du inarrosten aldi berean liluratzen eta beldurtzen gaituen unibertso berri batek? “Notre Dame”n suteak mingarriki markatzen du aldi baten amaiera eta zabaltzen beste baten hastapena.

Hitz hauek ere altxatu ditut bestalde Yann Raison du Cleuziou historialari eta soziologoaren ahotik: “Bata bestearen ondotik agertu diren eskandaloek (pedofilia, apezeriaren homosexualitatea, seroren bortxaketak…) ondorio larriak ekarri dituzte, Joanes Paulo II.ak Eliza birkokatu nahian jarri zituen lau ardatzak kordokatzen dituelako: morala sexuala, boterearen zentralizazioa Erroman, komunitate berriak, gazteria. Ondorioz, katolizismoaren instituzionaltasuna bera da inarrosia eta “ebanjelizatze berria”ren sinesgarritasuna zalantzan jarria.“

ELIZA – fededunen Herria – arra-eraikitzea da orai erronka, eliza – harrizko eraikinaz aparte. Galderak orduan sortzen dira: nor izanen da arkitektoa, nor langileak? Zoin izanen dira planoak?

Gauza bat argi dago: behar premiatsuena da indarrean dagon eklesiologia errotik berrikustea. Elizaren diseinu piramidalak kleroak jarri ditu bataiatu guzien gainetik, hauen gain “botere sakratu“ bat jarriz. Desoreka hau gehiegikeri eta nahasketa askoren iturria izan da, eta errotik xuxendu beharra dago. Lan huni artaz eta kuraiaz lotu behar da, semenarioetarik hasita.

Jesus “Arkitekto Buruak“ hortarako “planoak“ utzi zauzkigun: “…zuen artean lehen izan nahi duena izan bedi zuen mutil“ (Mt 20, 27), eta helburua argi eta garbi jarri zuen: itsuek ikus dezaten, mainguak ibil diten, lepradunak garbi geldi diten eta elkorrek entzun dezaten, hilak pitz diten eta behartsueri berriona mezutua izan dadin. Hori da “Erreinua“ bideratzea. Azkenean, ez dira harriak garrantzizkoak. Zapalduak diren bizitza guziak – miseria ekonomikoagatik, indarkeri politikoagatik, nagusigo kulturalengatik… – dira arra-altxatu beharrak. Harri biziak harrizko harriak baino lehen. Makurrik handiena ez da tenplo baten andeatzea, bainan bai, injustiziaren ondorioz, pertsoneri eta planetari egina zaioten eguneroko indarkeria eta kalte izigarria.

Hortarako eskuak, langileak, behar dira, segur! Eta gogo-oneko guziak ongi-etorriak dira, fededun izan ala ez, berdin beste erlijionetakoak, emazteeri toki nasaia emanez. “Notre Dame“ katedralaren sutea ikusiz mundu osoan denek bat egin duten bezala.

Eta… ez da bost urtetako lana izanen…

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2019-04-29

Nola ikasten zuten jendeek

By , 2019/05/07 12:35

Lehenago jendeek deus ez zakitela bazakitelarik, artoski entzunez, usnatuz, haztatuz eta begiratuz ikasten zuten.

Prehistoriako gure arbasoek animaliekin eta naturarekin zituzten harremanak gaur egun dauzkagunak baino askoz aberatsagoak zituzten. Bazakiten bizidunen parte bat baizik ez zirela. Guk, batez ere hiritarrek, natura menpeko, eskupeko gauza daukagu. Naturaz kanpo, gorago senditzen gira!  Bainan lehenago gizakiak animalien artean atera behar zuen bere bizibidea. Den bizidun ttikienari kasu handiena emanez, imitatuz; behar orduan zepoan harrapatzeko.

Ihizi basaren oin hatzak segitzea ez zuen lan bakarra. Gizaki prehistoriko hark, begiekin, sudurrarekin, beharriarekin hautemaiteko behar gorria zaukan. Bainan ere ulertu ihizia zerk zerabilan eta nola jokatzen zen. Ihiztariak, zein animalia barrandu eta haren gogoan edo larruan sartu behar zuen.

Halako moldez, Aitorrek, ihizin dabilalarik, begiratzen du andderederra sasipeko zilotik jalgitzen; ziloaren inguruak hoztoz eta lurrez tapaturik urruntzen. Aitor bertan dago haiduru, noiz, nola itzuliko den animalia. Laster, hor dator berriz, hatsankatua, suge tzar bat gibeletik.

Sugeari uzker usaindu bat botatzen dio. Debaldetan. Zutik, tente, buru egiten dio desafioz, baina etsaiak ez du amore emaiten. Harrapaladan andderea bere ziloan sartzen da, kumeak defendiatzeko. Sugea ere haren ondotik. Aitorrek lurra daldaran ikusi du. Zer joka partida izan behar den barnean! Pentsatzen baitu suge handia aterako dela lehenik, Aitor hor dago, makila airean, ziloari begira, atakatzailea kalitzeko prest… Ez! Andderea da lehenik ateratzen eta ziloaren gainekaldean plantatzen, adi-adi.

Suge handia gero ateratzen da, herrestan, tripa hanpatua. Hortan andderederra jauzian lepotik lotzen zaio, hortzez eta aztaparrez. Kalapita gorrian sugeak nehondik ezin etsaia ingura. Azkenean, andderederrak sugea hor berean itoa uzten du.

Tripa urratzen dio eta bi umeak libratzen, hilak, iduriz. Andderea urrundurik berriz etortzen da belar batzu ahoan. Kumeen muturra behin eta berriz torra eta torratearen bortxa, umeetarik bat arrapizten du. Gero garondotik hartu eta nonbait gordetzera joaten da. Anartean, ihiztaria ez da mugitu. Anddereak utzi belarrak artoski bildu ditu eta etxera eraman.

Aitorrek ikusia zuen jadanik ahuntz basa suge batek ausikirik nehoiz hunkitzen ez duen esne-belarra marruskatzen. Gorriak sofrituko zituen baina landareak suge pozoina gaindituko zuen. Ondorioz, Aitorrek delako landarea baztertuko zuen. Beste behin begiztatua zuen suge batek ausiki otsoa urruntzen eta honek lurra aztaparkatzen  sugebelarraren erroak ateratzeko eta han berean jateko.

Ondoko egun batez, gure Aitorri auzo bat jinen zaio, suge batek semea ausiki diola, zerbait ez dezakeenetz egin. Gure belagileak baztertu dituen belarrak baliatuko ditu eta torratzearen bortxaz, mutikoak hobera eginen du.

Harrigarria da animaliek, jitez, zer jakitatea duten. Bainan landareek dakitena, bestela erranez haien ahalak edo dohainak, askoz handiagoak dituzte. Oraindik anitz sekretu badaukate ezagutarazteko… Ipuinetako basandereak, gizonek harrapatu lamina gazteari oihukatzen zion oihartzunak beti dirau “Behaun hortik! Jendeek ez dine nehoiz jakin behar haltz hostoaren sekretua!!

Johanes  Bordazahar

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu