Emazteak ez dira apez izanen

By , 2019/05/16 07:54

Erregularki galdea egina da: «Zergatik emazteak ez dira apez?» edo bertzela erraiteko: «Behar dira emazteak apez direnak», bai eta ere, «Apezak falta dira, gero eta gutiago dira, beraz emazteak behar dira onartu apez izaitera!»

Eliza katolikoak eraiki du sistema bat nun apezak eta bereziki mezak, giristinoaren bizian leku handiena hartu duena. Ez da hastapenetik hola izan eta mendeak eman ditu, katedrala bat bezala, egun dugun sistema eraikitzeko, bereziki 16garren mendetik goiti protestanten kontra. Jesusen denboran, ebanjelioek erraiten duten arabera, Jesus ikusten da jenden artean eriek sendatzen, bere erakaspena emaiten, batekin eta bertzearekin solasean, farisauekin eztabaidan, frangotan jaten, tenploan erakasten eta ebanjelistak idazten dute otoitz egiten zuela, bakarrik joanez mendirat edo bakar izanen zen toki baterat.

Bere dizipuluak igortzen dituelarik manu hauek emaiten diozkate: «Bidean zoaztela, oihuka zazue Jainkoaren erregetza hurbildua dela. Senda eriak, hilak pitz, garbi legendunak, haiza deabruak.»[1] eta Marken ebanjelioa bururatzen da manu hunekin: «Zoazte mundu guzian gaindi eta oihuka zazue berri ona kreazione guziari», eta Joanesek bere ebanjelioan ekartzen du nola Jesusek Maria Magdalenari manu hau eman dion: «Zoazi nere haurrideen ganat eta errozute nere eta zuen Aitaren ganat noala, nere eta zuen Jainkoaren ganat».[2] Eta Samarriar emazteak ditu bere herriko jendeak ekartzen Jesusen ganat: «Zatozte, egin dutan guzia erran dautan gizon baten ikustera. Ez ote da Mesias? Jendea hiritik atera eta Jesusen ganat joan zen». [3]

Manu horiek erakusten dute mugimendu badela, berri on bat oihukatzea dela lana, akaziaren usain ona haizeak deneri zabaltzen duen bezala sasoin huntan, eta jendeak laguntzea. «Zoazte» da Jesusen ardurako hitz bat, ez egon lehio eta ate hetsiak, ez izan bihotz eta gogo zerratuak.

Horiek oro Eliza katolikoak egiten du eta egin nahi giristinoen bitartez, izan diten emazte ala gizon, laiko ala apez, fraile ala serora, heldu ala haur eta gazte. Jesusen mezu hori eta manu horiek ezagutuak dira eta ahal bezala, mainguka batzuetan eta herrestan bertzetan, giristinoek bide hori hartzen dute. Bainan Elizak eraiki du ere bere sistema, erakunde guziek bezala eta hor, emeki eta segurki, murriztu du bakotxaren ahala. Hegalak moztuak izan dira. Lehen eta baitezpadakoa ezarri du apezpikua eta haren ondotik apeza. Hauen eskuetan ezarri du eukaristia, hauen eskuetan ezarri ditu sakramenduak, haueri eman dio erakaspena eta erakaspenak emaiteko ahala, haueri eman dio parropia baten gobernamendua eta haueri eman dio moralaren jujamendua, jendeen eguneroko biziaren jujamendua. Nola ditake hau? Nola batzuen esku ezarri bertzen bizi guzia? Jesusek bere bizia pasatu du jendeak libratzen, sendatzen, beren bizia beren gain hartzen eta ez haurtzen edo ñiñitzen. Eta horra nun elizgizonen eskuetan ezarria dela izpirituaren, arimaren den dena? Klerikalismo sistema hortan, apezik ez bada, ez da Elizarik, ez da giristinorik. Ez ote da Jesusik?? Jainkoa sisteman gakotu du Elizak?

Ez, emazteak ez dira Elizaren eraikitze hortako apezak izanen. Ez dira hor gizonek bezala egiteko edo heiek egiten ez dutena egiteko. Eguneroko bizian Jesusen mezua dute, lehen eta orain bezala, zabalduko. Eukaristia da elgarretaratzea Jesusen ondoan eta harekin bazkaria partekatzeko, berak egin duen bezala. Elizaren lehen urteetan, giristinoek hola elgarretaratzen ziren, baten eta bertzearen etxean, ogia eta arnoa partekatzeko: «Jainkoaren  Hitza eta Ogia». Sakramenduak dira Jainkoaren emaitzak, Jainkoaren graziak, dohainak eta dohain horien galdetzea eta errezebitzea, gure erantzuna da Jainkoaren amodioari. Ebanjelioaren erakaspena, ttiki ttikitik amaren eta amatxiren altzoan ikasten dira, handitzearekin katiximan eta bizi guzian, biziaren erakasle diren emazte eta gizon guziekin.

Pariseko katedralearen parte bat erre da. Eliza katolikoaren parte bat erretzen ari da ere. Izpiritu Sainduaren sua dela pentsa ditake, berritzen duen sua, garbitzen duen sua, argitzen duen sua, berotzen duen sua, airosten duen sua, hunen inguruan kantatzen den sua.

Maite Irazoqui

[1]Mt 10,7-8

[2]Jn 20,17

[3]Jn 4,29-30

Bortizkeria noiz da zilegi ?

By , 2019/05/07 12:46

“Besomotz horien” ibilaldi zenbait gaizki burutu dira Frantziako karriketan, bakarrak hastetik hala joan ere, talde gogor batzuren eraginez. Ekintza zinez bortitzik agertu da telebistako leihotik. Manifestari batzuek justifikatu dituzte injustiziaren aitzi borrokatu beharraz, politikari batzuek bermatu iraultzaren izenean, 1793ko Terrore delakoaren etsenplua goraipatuz. Beraz galdera bat gogora heldu zait: bortizki oldartzea noiz da haizu?

Hor Eliza katolikoak ikuspegi aberatsa du, aspalditik hasia eta luzaz hazia, berak ez balin badu beti errespetatu ere. Pentsalari nagusia San Tomas Akinokoa du (1225-1274), “gerla zuzenaren” teoria sortu zuena. Horren arabera, orokorki, noiz ote haizu da jazarleen bortizkeria, hala beharrez armekilakoa? Eraso baten aurka, zapalkuntza baten aitzi, horren izarira mugatuz ordea. Erantzun mota horrek zilegi izateko bost baldintza bete behar ditu:

  • Erasotzaileak herriari eta populuari egiten dion kaltea dudarik gabekoa da, iraunkorra eta larria.
  • Egoera kaltegarri horren ezabatzeko beste molde guziak ezinezkoak izan dira, edo eraginik gabe gelditu.
  • Garaitzeko xantza seriosak bilduak dira.
  • Bortizkeriaren erabiltzeak ez du ekarri behar ezabatu nahi den gaitzak baino gaizki eta nahasmendu handiagorik.
  • Oldarraldiak herriko aitzindari eta zuhurren bermea badu.

Bistan dena, Frantziako Errepublika ez da gerla zibilean sartua, ez eta sartzeko irian ere,

oraiko ustez bederen. Haatik manifestaldietan ekintza ezinago bortitzak ikusi dira, poliziakoen hiltzeko arriskua hartzen zutenak ; gerla zibilerako deiak entzun dira manifestari batzuren ahotik, eta politikari zenbaitenganik usnatu, Frantziako Iraultza handiaz eginiko ahapaldien artetik. Beraz iduri zait maila horretako boztizkeriari lotzen ahal zaizkiola

Tomas Akinokoak aipatu bost puntuak. Bakoitzak ihardesten ahal die bere kontzientziaren arabera. Ene aldetik entseatuko naiz hemen berean, eta hona zein ditudan mementoko erantzunak :

  • Jende xehea bere bipideetan zinez kaltetzen ote du oraiko sistemak? Ene aburuz bai, duda

izpirik gabe.

  • Sistema horren aldatzeko ahal den guzia egin ote da? Ez dut uste, hortik urrun, hainbeste herritar sindikatu gabe dagoelarik, hauteskundeetan bozik eman barik, eta abar luze bat…
  • Poliziakoak erasoz eta saltegiak suntsituz, mugimendu horrek sistemaren uzkailtzeko xantza izpirik ote du? Ez, oso alderantziz: langile franko kaltetuz, jendea izituz, sistema gogortzen du, azkenean indartzen.
  • Ezabatu nahi den sistemak baino kalte gehiago ekar ote lezake mugimendu jazarle horren garaipenak? Nik uste baietz, norabiderik ez baitu. Ondorioz Frantziako ekonomian eta zerbitzuetan izigarriko nahasmendua heda lezake, tirania gogor bati ateak irekiz. Bulta honetan gauza jakina da iraultza sozial baikor bat ez dela posible erresuma bakarrera mugatuz. Gaurko munduan etsenplu txarrak hor ditugu, begi bistan, bereziki Venezuelak ematen diguna.
  • Hastapenetan “besomotz horien” mugimenduak aburu publikoaren onespena bazuen, baina manifestari talde bortitzen faltaz ihes egin dio.

Egia da iragan larrazkenean hamar miliar euro gobernutik erakarri dituela jende xehe mota zenbaiten alde, elkarrizketa bat piztu, agian hortik erreforma batzuei bidea zabaldu, nahiz berak ez dituzkeen gustukoak. Haatik ene ustez huts galgarri bat egin du: orduz ez gelditzean edo jokamoldez ez aldatzean, elkarrizketei ere mutur eginez, ondorioz iritzi publikoaren bermea galduz,

indarra joan zaio.

Jean-Louis Davant

ELIZA eta eliza

By , 2019/05/07 12:40

ELIZA eta eliza

 

Parisko “Notre Dame” katedralaren suteak jendeen gogo-bihotzak barnaki jo eta hunkitu ditu mundu osoan gaindi, sinestunak berdin ez-sinestunak.

Lehenbiziko harridura eta emozioa pasa eta gero, gertakari huntaz irakurketa asko egiten ari da. Kalte edo makur materiala baino haratago, asko dira gertakari huntan “aldien ezaugarri” bat ikusten dutenak. Huntaz nahiko nuke gaur arizan, ene iritzia beste batzuenari juntatuz.

Berehala baztertuko nuke okerra iduritzen zautan irakurketa hauxe: gertakari huntan ikustea Jainkoaren aserrearen agerbidea, edo Haren gaztigua eta mendekua, gizakiek egin bekatu guziengatik merezitua. Aspaldi du, beste anitzek bezala (agian!), beldurraren pastoraltza garaian erakatsi zaukuten Jainko justizigile zorrotz eta gaztigatzaileari bizkarra eman niola, Jesusek errebelatu Maitasunezko Jainkoaren baitan sinestea eta konfiantza jartzeko.

Neretzat, sutearen irudirik indartsuena eta deigarriena gezi gisako dorrearen lehertzea gelditzen da. Horrekin batera zizpildurik gelditu da 800 bat urte zituen zurezko teilatua, “oihana” deitua. Nere bigarren harridura izan da biharamunean ikustea katedrala barnean gertatu kalteak uste baino arinagoak zirela. Hala nola, gurutzea eta aldarea han zeuden xutik eta sendo, batere kaltetuak. Berdin, nahiz beharbada piska bat inarrosiak, zutik gelditu dira ere pareta nagusiak.

Nola ez ikusi hor kleroek maila desberdinetan osatzen duten Eliz-piramidalaren lehertzea eta aldi berean kristau herriak osatzen duen azpi-egituraren sendotasuna?

            Irakurketa profetiko horren egitera deitzen gaituzte tokian berean ikusle batenganik altxatu hitz hauek: “Neretzat, gertakari hunek zerikusia du Elizaren gaurko egoerarekin. Suak berea egin du, ondotik hobeki bireraikitzeko parada emanez. Biluzte bat da.” Eta ere Jean Casanave-n lerro hauek: “Eliza, fededunen herria, ez ote da bere barnean bizitzen ari Parisko harrizko untzia zauritu duen drama berdina? Zurezko eta berunezko teologien arteko ezkontzak historiaren ekaitzaldi eta inarrosaldietarik gerizatzeko muntatu teilatu sendoa ez ote da hurtzen ari? Bi mila urteko tradizio biziaren egitura ez ote bera arraildua? Hainbeste instituzio eta kongregazioen arteko nahasketak ez ote du sutea hazten? Segurantzazko zimendu gainean finkatuak zeuden zutabe eta ostiko-arkuen sendotasuna ez ote du inarrosten aldi berean liluratzen eta beldurtzen gaituen unibertso berri batek? “Notre Dame”n suteak mingarriki markatzen du aldi baten amaiera eta zabaltzen beste baten hastapena.

Hitz hauek ere altxatu ditut bestalde Yann Raison du Cleuziou historialari eta soziologoaren ahotik: “Bata bestearen ondotik agertu diren eskandaloek (pedofilia, apezeriaren homosexualitatea, seroren bortxaketak…) ondorio larriak ekarri dituzte, Joanes Paulo II.ak Eliza birkokatu nahian jarri zituen lau ardatzak kordokatzen dituelako: morala sexuala, boterearen zentralizazioa Erroman, komunitate berriak, gazteria. Ondorioz, katolizismoaren instituzionaltasuna bera da inarrosia eta “ebanjelizatze berria”ren sinesgarritasuna zalantzan jarria.“

ELIZA – fededunen Herria – arra-eraikitzea da orai erronka, eliza – harrizko eraikinaz aparte. Galderak orduan sortzen dira: nor izanen da arkitektoa, nor langileak? Zoin izanen dira planoak?

Gauza bat argi dago: behar premiatsuena da indarrean dagon eklesiologia errotik berrikustea. Elizaren diseinu piramidalak kleroak jarri ditu bataiatu guzien gainetik, hauen gain “botere sakratu“ bat jarriz. Desoreka hau gehiegikeri eta nahasketa askoren iturria izan da, eta errotik xuxendu beharra dago. Lan huni artaz eta kuraiaz lotu behar da, semenarioetarik hasita.

Jesus “Arkitekto Buruak“ hortarako “planoak“ utzi zauzkigun: “…zuen artean lehen izan nahi duena izan bedi zuen mutil“ (Mt 20, 27), eta helburua argi eta garbi jarri zuen: itsuek ikus dezaten, mainguak ibil diten, lepradunak garbi geldi diten eta elkorrek entzun dezaten, hilak pitz diten eta behartsueri berriona mezutua izan dadin. Hori da “Erreinua“ bideratzea. Azkenean, ez dira harriak garrantzizkoak. Zapalduak diren bizitza guziak – miseria ekonomikoagatik, indarkeri politikoagatik, nagusigo kulturalengatik… – dira arra-altxatu beharrak. Harri biziak harrizko harriak baino lehen. Makurrik handiena ez da tenplo baten andeatzea, bainan bai, injustiziaren ondorioz, pertsoneri eta planetari egina zaioten eguneroko indarkeria eta kalte izigarria.

Hortarako eskuak, langileak, behar dira, segur! Eta gogo-oneko guziak ongi-etorriak dira, fededun izan ala ez, berdin beste erlijionetakoak, emazteeri toki nasaia emanez. “Notre Dame“ katedralaren sutea ikusiz mundu osoan denek bat egin duten bezala.

Eta… ez da bost urtetako lana izanen…

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2019-04-29

 

Nola ikasten zuten jendeek

By , 2019/05/07 12:35

Lehenago jendeek deus ez zakitela bazakitelarik, artoski entzunez, usnatuz, haztatuz eta begiratuz ikasten zuten.

Prehistoriako gure arbasoek animaliekin eta naturarekin zituzten harremanak gaur egun dauzkagunak baino askoz aberatsagoak zituzten. Bazakiten bizidunen parte bat baizik ez zirela. Guk, batez ere hiritarrek, natura menpeko, eskupeko gauza daukagu. Naturaz kanpo, gorago senditzen gira!  Bainan lehenago gizakiak animalien artean atera behar zuen bere bizibidea. Den bizidun ttikienari kasu handiena emanez, imitatuz; behar orduan zepoan harrapatzeko.

Ihizi basaren oin hatzak segitzea ez zuen lan bakarra. Gizaki prehistoriko hark, begiekin, sudurrarekin, beharriarekin hautemaiteko behar gorria zaukan. Bainan ere ulertu ihizia zerk zerabilan eta nola jokatzen zen. Ihiztariak, zein animalia barrandu eta haren gogoan edo larruan sartu behar zuen.

Halako moldez, Aitorrek, ihizin dabilalarik, begiratzen du andderederra sasipeko zilotik jalgitzen; ziloaren inguruak hoztoz eta lurrez tapaturik urruntzen. Aitor bertan dago haiduru, noiz, nola itzuliko den animalia. Laster, hor dator berriz, hatsankatua, suge tzar bat gibeletik.

Sugeari uzker usaindu bat botatzen dio. Debaldetan. Zutik, tente, buru egiten dio desafioz, baina etsaiak ez du amore emaiten. Harrapaladan andderea bere ziloan sartzen da, kumeak defendiatzeko. Sugea ere haren ondotik. Aitorrek lurra daldaran ikusi du. Zer joka partida izan behar den barnean! Pentsatzen baitu suge handia aterako dela lehenik, Aitor hor dago, makila airean, ziloari begira, atakatzailea kalitzeko prest… Ez! Andderea da lehenik ateratzen eta ziloaren gainekaldean plantatzen, adi-adi.

Suge handia gero ateratzen da, herrestan, tripa hanpatua. Hortan andderederra jauzian lepotik lotzen zaio, hortzez eta aztaparrez. Kalapita gorrian sugeak nehondik ezin etsaia ingura. Azkenean, andderederrak sugea hor berean itoa uzten du.

Tripa urratzen dio eta bi umeak libratzen, hilak, iduriz. Andderea urrundurik berriz etortzen da belar batzu ahoan. Kumeen muturra behin eta berriz torra eta torratearen bortxa, umeetarik bat arrapizten du. Gero garondotik hartu eta nonbait gordetzera joaten da. Anartean, ihiztaria ez da mugitu. Anddereak utzi belarrak artoski bildu ditu eta etxera eraman.

 

Aitorrek ikusia zuen jadanik ahuntz basa suge batek ausikirik nehoiz hunkitzen ez duen esne-belarra marruskatzen. Gorriak sofrituko zituen baina landareak suge pozoina gaindituko zuen. Ondorioz, Aitorrek delako landarea baztertuko zuen. Beste behin begiztatua zuen suge batek ausiki otsoa urruntzen eta honek lurra aztaparkatzen  sugebelarraren erroak ateratzeko eta han berean jateko.

 

Ondoko egun batez, gure Aitorri auzo bat jinen zaio, suge batek semea ausiki diola, zerbait ez dezakeenetz egin. Gure belagileak baztertu dituen belarrak baliatuko ditu eta torratzearen bortxaz, mutikoak hobera eginen du.

 

Harrigarria da animaliek, jitez, zer jakitatea duten. Bainan landareek dakitena, bestela erranez haien ahalak edo dohainak, askoz handiagoak dituzte. Oraindik anitz sekretu badaukate ezagutarazteko… Ipuinetako basandereak, gizonek harrapatu lamina gazteari oihukatzen zion oihartzunak beti dirau “Behaun hortik! Jendeek ez dine nehoiz jakin behar haltz hostoaren sekretua!!

 

Johanes  Bordazahar

Nola ikasten zuten jendeek

 

 

Lehenago jendeek deus ez zakitela bazakitelarik, artoski entzunez, usnatuz, haztatuz eta begiratuz ikasten zuten.

Prehistoriako gure arbasoek animaliekin eta naturarekin zituzten harremanak gaur egun dauzkagunak baino askoz aberatsagoak zituzten. Bazakiten bizidunen parte bat baizik ez zirela. Guk, batez ere hiritarrek, natura menpeko, eskupeko gauza daukagu. Naturaz kanpo, gorago senditzen gira!  Bainan lehenago gizakiak animalien artean atera behar zuen bere bizibidea. Den bizidun ttikienari kasu handiena emanez, imitatuz; behar orduan zepoan harrapatzeko.

Ihizi basaren oin hatzak segitzea ez zuen lan bakarra. Gizaki prehistoriko hark, begiekin, sudurrarekin, beharriarekin hautemaiteko behar gorria zaukan. Bainan ere ulertu ihizia zerk zerabilan eta nola jokatzen zen. Ihiztariak, zein animalia barrandu eta haren gogoan edo larruan sartu behar zuen.

Halako moldez, Aitorrek, ihizin dabilalarik, begiratzen du andderederra sasipeko zilotik jalgitzen; ziloaren inguruak hoztoz eta lurrez tapaturik urruntzen. Aitor bertan dago haiduru, noiz, nola itzuliko den animalia. Laster, hor dator berriz, hatsankatua, suge tzar bat gibeletik.

Sugeari uzker usaindu bat botatzen dio. Debaldetan. Zutik, tente, buru egiten dio desafioz, baina etsaiak ez du amore emaiten. Harrapaladan andderea bere ziloan sartzen da, kumeak defendiatzeko. Sugea ere haren ondotik. Aitorrek lurra daldaran ikusi du. Zer joka partida izan behar den barnean! Pentsatzen baitu suge handia aterako dela lehenik, Aitor hor dago, makila airean, ziloari begira, atakatzailea kalitzeko prest… Ez! Andderea da lehenik ateratzen eta ziloaren gainekaldean plantatzen, adi-adi.

Suge handia gero ateratzen da, herrestan, tripa hanpatua. Hortan andderederra jauzian lepotik lotzen zaio, hortzez eta aztaparrez. Kalapita gorrian sugeak nehondik ezin etsaia ingura. Azkenean, andderederrak sugea hor berean itoa uzten du.

Tripa urratzen dio eta bi umeak libratzen, hilak, iduriz. Andderea urrundurik berriz etortzen da belar batzu ahoan. Kumeen muturra behin eta berriz torra eta torratearen bortxa, umeetarik bat arrapizten du. Gero garondotik hartu eta nonbait gordetzera joaten da. Anartean, ihiztaria ez da mugitu. Anddereak utzi belarrak artoski bildu ditu eta etxera eraman.

 

Aitorrek ikusia zuen jadanik ahuntz basa suge batek ausikirik nehoiz hunkitzen ez duen esne-belarra marruskatzen. Gorriak sofrituko zituen baina landareak suge pozoina gaindituko zuen. Ondorioz, Aitorrek delako landarea baztertuko zuen. Beste behin begiztatua zuen suge batek ausiki otsoa urruntzen eta honek lurra aztaparkatzen  sugebelarraren erroak ateratzeko eta han berean jateko.

 

Ondoko egun batez, gure Aitorri auzo bat jinen zaio, suge batek semea ausiki diola, zerbait ez dezakeenetz egin. Gure belagileak baztertu dituen belarrak baliatuko ditu eta torratzearen bortxaz, mutikoak hobera eginen du.

 

Harrigarria da animaliek, jitez, zer jakitatea duten. Bainan landareek dakitena, bestela erranez haien ahalak edo dohainak, askoz handiagoak dituzte. Oraindik anitz sekretu badaukate ezagutarazteko… Ipuinetako basandereak, gizonek harrapatu lamina gazteari oihukatzen zion oihartzunak beti dirau “Behaun hortik! Jendeek ez dine nehoiz jakin behar haltz hostoaren sekretua!!

 

Johanes  Bordazahar

 

Ohointza

By , 2019/05/06 16:41

Azken hilabete hauetako gertakari eta berrietan, gai bat nahi nuke barnatu, astekari hunek emaiten duen sailean ezarriz. «Jainkoa, biza, jendea» izendatzen den sail hau nahi nuke, artikulu baten denboran, hunen hitzak aitzinekoz gibel eman. Aipatuko ditut beraz jendeak, eta hauen artean jende batzuk, horien bizia eta Jainkoak…. zer dio?

Pedofilia psikiko nahasmen bat da, nun heldu batek bere sexual tirria haur baten edo haurren alde baitu. Helduak haurrak hautatuko ditu, bere menpean dituen haurrak eta inguruko jendeek ez dute deusen mesfidantzarik senditzen heldu horren kontra, alderantziz konfiantxa handia agertzen dute.

Frantzian eta Espainian, bi egunetik, emazte bat hiltzen da bere bizi lagunaren kolpeengatik. Bortizkeria gorputzean eta hitzetan, indarkeria fisikoki eta espiritualki, mespretxu eta mehatxu dira eguneroko emazte horien jan-edariak, hiltzeraino!

Afrikatik eta ekialdeko herrialdetik heldu diren neska gazte anitz gizon maltzurren aztaparretan erortzen dira beren gorputza prostituzioari emanez. Ostatu eta hotel ederretan eginen dutela lan errana izana zaiote beren herrian eta Pariserat edo Nize edo bertze leku eder horietarat heltzean, bertzerik aurkitzen dute, esklabotasunean sartuz.

Bertze gazte batzuk, beren bizia Jainkoari eman nahiz, seroren bizi moldea hautatzen dute eta hor zenbait apezen aztaparretan erortzen dira batzuk, beren kastitatearen botua hautsiz beren gogo kontra.

Nola ditake hori? Zer lotura ditake egoera hauen artean, haur horien eta emazte horien artean?

Ba ote dira puntu komunak? Ikus dezagun zer pasatzen den emazte horien eta gizonen artean.

Erlazio ezberdin bat daukate eta maizenik erlazio desorekatu bat. Emaztea autoritate baten aitzinean dago eta bere burua ahul, apal senditzen du. Ongi senditzen du, gauzak ez dabiltzala zuzen, gogoz kontrako jestu eta jokamoldeak egiterat bortxatuak dela. Ez da ausartatzen bere ez nahia erraitea. Beldurra sartua zaio hezurreraino. Norekin mintza? Zer erran? Nori? Eta gizon horiek untsa badakite nola jokatu: goxotasuna eta kontsolamenduko hitzak alde batetik, erdi tapatuko mehatxuak bertzetik, alegia eta ez deus! Serora abusatua komentuan, neska gaztea karrikan prostitua, ama familiakoa etxean joa, emazte horiek ez dakite zer pentsa, zer egin. Laino pean bezala dira eta laino hori abilki mantendua da beren harraparien partez. Bakartasun pisu eta dorpe bat dute bizkar gainean.

 

Eta zer lotsa! Beren bizia, bizi ideala edo normala pentsatua zuten. Eta hor dira beren gorputza zikinduakin, lohituakin, ezin konprenituz nolaz eta zergatik hortan diren. Beren gorputzaren garbitasuna, edertasuna, gaztetasuna, beren bizia, ebatsia izana zaiote eta ohointza horrek ez du antolatzerik. Gizon ebasle horiek ohoinak dira eta pozoina isuri dute emazte eta haur horien gorputzean. Pozoin horrek hiltzen du nor beraren estimua. Biktimak gohaindura handia dute beren buruaren alde, bai eta ezin jasanezko ahalgea.

 

Ondorioz, hesten dira eta bakartasun ilun batean sartzen. Beren aldeko jujamendua zorrotza dute eta beren burua deusetako dute, balorerik gabekoa. Etxe baten altxorra ohoinak ebatsi duelarik, etxea hutsa da! Bere balioa galdua du. Haur eta emazte abusatu horien biziak bere balorea galdua du. Batzuk bizi dira itzalak bezala, lotsatuak eta beldurrean, menperatuak, bertzeak probokatzea eta beren sendimenduak ez agertzea dute deliberatu, bainan denak malurus dira.

 

Alta, bada bertzerik egiteko. Jesusen biziak erakusten du nola izan den emazteekin. Izan dezan alarguntsa behartsua, doi doia bi sos emaiten dituena tenploko dirutegian ; izan dezan adulterioan harrapatu emaztea ; emazte kanaandarra ; ama alarguntsa eta bere semea ; Jerusalemeko emazteak ; Martta eta Maria ; Samariar emaztea… Jesusek beti errespetu handia agertzen du eta behin baino gehiago miresten ditu emazteak. Samariar emaztearekin parez-pare mintzo da. Alta juduek ez dute harremanik samariarrekin, eta are gutiago emazte batekin. Bainan Jesusek pertsona ikusten du eta ez dio nehoreri kentzen bere duintasuna. Errespetua, mirespena, duintasuna, adiskidetasuna, sustengua, estimua, izan dira Jesusen jarrerak emazteen alde.

 

Elizako hierarkiak ez dezala hori sekulan ahantz bainan izan dadila lehen hori oroitarazteko eta errespetatzeko.

 

 

Maite Irazoqui

 

Eliza ontzia ekaitzean.

By , 2019/05/06 16:38

(Antzerki laburra. Ekitaldi bakarra. Agerraldi bakarra.)

 

Eliza ontzia lakuan dabil eta bat-bateko haize boladak astintzen du ontzi guzia.

BARBAREN. Oreka galdurik. Erdiz-erdi jo nau haize gaizto horrek!….

BURUBERO. Isil!…

BARBAREN. Berriz. Lur jota naiz!…

BURUBERO. Isil!… Ez iratzar Jauna!… Gaixoa!… Eguna iragan du predikuan eta gaua otoitzean.

FRANTSES. Larderiatzen du BURUBERO. Ez!… Ez isil!… Mintza!… Mintza!… Oihu egin!…

Urrunean (antzeztokiaren kanpotik), ortzantzaren burrunba hurbiltzen ari da.

FRANTSES. Jaunari lotan begiratzen dio. Nora goaz?… Gaitzeko ekaitza jasan behar dugu. Eta Jauna lo!…

BARBAREN. Hain denbora ederra zen itsasoratu ginenean!

Berriz burrunba. Hurbilago orain. Denek burrunba heldu den aldera itzultzen dute burua.

Haizea azkartzen da firurika.

BURUBERO. Brrrrrrr…..

BARBAREN. Lehorra urrun dago oraino…

FRANTSES. Beharrik Jauna gurekin dugu!

BURUBERO. Ba!… Gizon hori beti lo!… Jainkoa balitz, aspaldi lehorreratuak izanen ginen dagoeneko!

Ortzantza eta haizea biak batean pasatzen dira ontziaren gainetik. Uholdeak gainditzen du ontzia.                   

BARBAREN. Izuturik. Aaaaaa!…

Ontziko guziak ez dira Jauna lotarik iratzarraraztea ausartzen. Ekaitza gainean dute. Haizea zirimolaka. Ontzia hondatzear.

DENAK. Izu laborrian. Aaaaaa!…..

BARBAREN. Jauna behar dugu baitezpada iratzarrarazi!

DENAK. Bai!… Otoi zuk egizu, FRANTSES! Zu zira gure artzaina ala ez?

Ortzantza eta haizearen ikaragarriko harrabotsarengatik ere, Jauna beti lo…

FRANTSES. Azkenean Jauna inarrosten du. Iratzar, Jauna! Zergatik zaude lo? (Salmoak 44,26).

DENAK. Oihartzun. Jauna!… Otoi iratzar!…

JAUNA. Begiak irekitzen ditu. Zer gertatzen da?

FRANTSES. Jauna, itoko gira!… Salba gaitzazu!…

BARBAREN. Urpera goaz!…

BURUBERO. Gureak egin du!…

Jauna xutitzen da.

JAUNA. Zergatik izitu zirezte? Ez duzue oraino federik? (Mark 4,40).

BURUBERO. Irriz karkailaka hasten da. Bortxatu ditut serorak! Ah!… Ah!… Ah!… Zikindu haurrak! Ah!… Ah!… Ah!… Urera botatzen du bere burua eta itotzen da.

JAUNA. Haizeari manatzen dio, azkar. Haizea, geldi!

Haizea bat-batean jabaltzen da eta Jaunaren aitzinean ahuspekatzen.

ONTZIKO GUZIAK. Denak harriturik. Oooooo!……

JAUNA. Ortzantzari manatzen dio, azkar. Ortzantza, geldi!

Ortzantza bat-batean jabaltzen da eta Jaunaren aitzinean ahuspekatzen.

ONTZIKO GUZIAK. Berriz. Oooooo!……

Beldurtzen dira eta harriturik egoiten, elkarri diotela: «Nor dugu hau, haizeari eta urari manatu eta heiek obeditzeko?» (Luk 8,25).

ONTZIKO GUZIAK. Otoitzean. Sinesten dut Eliza katoliko Sainduan!…

 

Erridaua.

David Acheriteguy

Euskal diozesak noiz abiatuko dira ote ardi galduaren bila ?

By , 2019/05/04 07:05

Zertxobait aipamen ukaiten du azkenean joan den martxoaren 28an Euskaltzaindiak eskaini duen omenaldiak giristino liturgia euskaraz ezarri duten itzultzaileei. Giristinotasuna beren gogo bihotzetik uxatua duten euskaltzalek ez dute energia gehiegirik higatu omenaldi horren hedatzen. Paraleloki azpimarra daiteke ere zeinek bere barrutian Euskarazko liturgiaren ardura duten apezpikuek ez dutela, batek salbu, omenaldi hori beren presentziaz ohoratu. Aipatu dutea bederen beren eskuko hedabide katolikoetan ? egia da Elizak epe luzeko kontratua aspaldidanik izenpetua duela pazientziarekin. Anartean zorionak HERRIAri lehen orrialdea osoki gai horri eskaini baitio 2019ko apiril honen 19ko edizioan ; Baionako elizbarrutiaren web gunean gaia euskaraz tratatua da, baina  dakidala ez frantsesez. Nik diot hemen gaindiko frantsesei beren hizkuntzan berri hori hedatzea inportantea dela, gutxienez euskal giristinoak hor direla ohar daitezen.

Artikuluaren izenburua zehazki irakurri dutenak ohartu bide dira artikuluaren mamia itzultzailek 1950-1980 urtetan egin duten lan erraldoian kokatzen dela, ez duela zehatz mehatz deusik erraiten gaur egun elizbarrutietan euskararen ibilbidea zertan den gaiaz. Konbentzitua naiz ordea gai honek merezi lukeela funtsezko gogoeta aldi bat euskara beren eremuetan duten diozesetan.

Zergatik ote ? Elizako eragile guziek gogoan dute Matiuren ebanjelioan, 18 garren kapituluan ekarria den “ardi aurkituaren parabola” (mat 18, 12-14). Pentsatzen dut alabaina gure elizako euskarak ardi galduaren egite duela gero eta gehiago. Jendea gero eta gutxiago  dabila euskarazko ofizioetan. dudarik ez da euskal diozesetako hierarkiak lanez itoak direla eta euskal giristino legitimistak ari garela xahartzen ezti eztiki, arrabotsik egin gabe. Behingoz Euskal Herri barneko aldetan ehorzketak  eguneroko ogia bilakatuak dira, eta horietan du gure hizkuntzak bere distira handiena erakusten.

Hots euskara elizatik urruntzen ari da beti eta gehiago, zendu legitimistak doazela agur sarkor bat herritarrek eta eliztarrek eskainirik, baina aldi bakoitz jende gutxiago elizan gero, eta guziz fedea beren gogotik kendua duten euskaltzaleak ere, noizbait, ixil ixila urrundu baitira Elizatik. Gure hierarkiek errealitate hori gogoan erabiltzen dutea ? oroitzen direa Jesusen parabolaz ? beren artaldearen barnetik urrundu diren ardiek, nahiz biziki gutxi izan, ez litekea zilegi beste guziak utzirik lehentasun osoz beraiez axolatzea ? Liturgiako itzulpen haien garaian (1970-1980) muntatu omen zen bost diozesen arteko euskal idazkaritza bat, zein euskal giristinok ba daki horrelako egitura bat sekulan izan denik ere ? Iraganak iragan zerbait ari dea egitura hori gaur egun ? errautsa metaka kendu ondoan agertzen da idazkaritza haren segida zerbait hartu lukeen egituraska batek itzulpen lan batzuk egiten dituela, hierarkien galde arrarotan arraroenei ihardetsiz.

Berriki hestear dute Aldudeko posta bulegoa. Dudarik ez da ekonomiari so eginez bulego horretara datorren bezero kopuruak ez diola berez bizitzekorik ekartzen. Baina inguruko hautetsi guziek eskua elkarri eman diote eta administrazioari onarrarazi, ekonomiaz haratago posta bulegoa irekirik atxiki behar zela, baleako bizia hazten laguntzen duelako. Arrazoinamendu bera ekartzen ahal diogu giristinotasunari. Euskal giristinoak gutxiago garela ? ez da dudarik. Baina gu ere Jainkoaren haurrak gara, eta gure fedea euskaraz bizitzeko oinarrizko tresna guziak merezi ditugu, gostarik gosta. Aski da itzuli bat egitea Baionako Katetxea saltegi barnean, ohartzeko frantses giristinoek zenbat liburu eta dokumentu ba duten eskupean fedearen hazteko naturalki, beren hizkuntzan. Jainkoaren aitzinean denek balio berdina dugu, izan hemengo edo hango. Euskal bost diozesen eginbidea da beren eremuan bizirik aurkitzen duten hizkuntza horretan fedea lantzeko tresnak berritzea eta berriak asmatzea.

Mattin larzabal 2019 04 19

Musulman emazteak publikoki zapia buruan ibiltzeaz

By , 2019/05/04 06:52

Printzipioz karrikan ibiltzea zapia buruan ala ez bakoitzaren askatasuna dela uste dut.

Bigarrenik : normal daukat gizonak ere zapia buruan eta gainetik behereraino beztitzen duen tunikak soinean dabiltzan eremuetan, emazteak ere zapia buruan ibil daitezen. Horrengatik ezin onartua daukat emazteak zapia buruan ibiltzera behartuak izan daitezen, musulman gizonak europar moldean jantziak eta maiz djinn amerikarrak soinean dabiltzalarik.

Hirugarrenik : begitartea osoki gorderik uzten duten jantziekin karrikan ibiltzea kondenagarria zait. Gizakia kanpoan ba dabilelarik, gurutzatzen dutenei gizona ala emaztea den gordetzea ez baita bidezkoa. Kondenagarri zaidan bezala biluzgorririk ibiltzea karrikan.

Oharra : musulman adituek publikoki egiaztatu dute Coranek ez duela begitartearen gordetzea gomendatzen.

Laugarrenik : saiatzen naiz ikuspuntu koherente bat ukaiten erlijioen edo aspaldiko ohitura zaharren medioz haur eta nerabeei inposatzen zaizkien ebakuntza intimoez, ekialde hurbil eta urrunean (ez bakarrik) mutikoen ebakuntza intimoa praktikatua da komunzki. Horrek ez du inon eztabaida publikorik sortzen.

Nerabe nesken kasuan aldiz eszisioa praktikatua da aspaldidanik, Judu, Kristau eta Musulman erlijioak sortu baino aise lehenagodanik. Eszisioa ez da legezkoa hiruetarik bihi bateko testuetan. Praktikatzen dute, gutxiz gehienetan emaztek, mendez mende, komunitate kristauetan, budistetan eta musulmanetan. Naturalki ez dut eszisiorik onartzen, hainbat petizio izenpetu ditut praktika horren kontra. Baina ez dut inoiz mutikoen ebakuntzaren kontrako petiziorik izenpetzeko paradarik izan.

Mattin larzabal 2019 04 30

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu