Liturgiako itzultzaileak Euskaltzaindiak omenduak.

By , 2019/04/23 06:14

Irakur ere, artikulu honen behereko aldean,  Mattin Larzabalen ikuspegia:

Euskal diozesak noiz abiatuko dira ote ardi galduaren bila ?

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

 

Euskararen ibilbidea gure elizbarrutietan: liturgiako itzultzaileen e(us)karria

Euskararen ibilbidea gure elizbarrutietan : liturgiako itzultzaileen e(us)karria

Gaur egun otoitz eta kantu egiten badugu euskaraz gure elizetan, hainbat apez eta frailek duela berrogei ta hamar urte egin lanari esker da : hauek latinetik eta grezieratik euskaratu zituzten testu liturgikoak Vatikanoko II. Kontzilio garaian apezpikuek 1963ko abendoaren 4eko “Sacrosanctum Concilium” liturgia sainduaz argitaratu Konstituzioan adierazi xedeari jarraikiz.

Bere ehungarren urteburukari, Euskaltzaindiak omendu nahi izan ditu itzultzaile hauek Bilboko bere egoitzan 2019ko martxoaren 28an Bilboko elizbarrutiaren laguntzarekin antolatu duen ospakizunean. Ekitaldi hortara gomitatuak ziren Baiona, Bilbo, Iruñea eta Donostiako elizbarrutietako ordezkariak.

Gure elizbarrutiko ordezkariek kantatu dute ospakizunaren hastapenean “Euskal Semea” Iratzeder-ek idatzi kantua eta amaieran “Jauna dut Artzain” 22. salmoa.

Omenaldian hitza hartu dute Mario Iceta Bilboko apezpikuak, Eustasio Etxezarreta Donostiako elizbarrutiko apez eta 1967an sortu elizbarruti arteko itzultzaile taldearen koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak.

Ospakizun hortan, gure elizbarrutiak hiru euskarri errezebitu ditu Euskaltzaindiaren ganik zurezko “Iguzki lore”aren itxuran, Errioxako probintzian (XI. mendea) Donemiliaga Kukulako monastegian “Glosas Emilianenses” esku idazkietan aurkitu hitz hauez apaindurik “Izioqui dugu… guec ajutu ez dugu”:

– bat Pierre Andiazabal kalonjearentzat – Jean haren ilobak errezebitu duena ;

– bat gure elizbarrutiko Liturgia Pastoraltza Zerbitzuarentzat – Joachim Jauregi apezak errezebitu duena ;

– bat Belokeko Monastegiko fraileen Komunitatearentzat – Jean-Michel Barnetche apezak errezebitu duena.

Bistan dena, Eliza eta euskal hizkuntzaren arteko lokarria XX. mendea baino aitzinagokoa da, XVII. mendeko zonbait liburuetan argitaratu hainbat kantikek adierazten duten bezala. Vatikanoko II. kontzilioaren ildotik egin izan den itzulpen lana guziz garrantzizkoa eta erabakigarria gelditzen da ez bakarrik Euskal Herriko Elizarentzat bainan ere diktadura frankistak markaturik zen garaiko gizartearentzat. Aldien ezaugarri, euskara batuan 1968an argitaratua izan den lehenbiziko testua “Gure Aita” da : sinbolo ederra !

Ezaupide zonbait :

– 1964an, Xabier Diharce – Iratzeder Belokeko beneditarrak euskarazko “Salmoak” argitaratu zituen, Gabriel Lerchundi-k, beneditarra ere, musikaturik.

– 1964az geroztik, itzultzaile lehen talde bat sortua izan zen Pierre Andiazabal apezak kudeaturik : orduko Meza Liburu erromanoa eta Irakurgaien Liburua euskaratu zituzten 1965a eta 1967a artean. Talde huntan barne ziren apez eta erlijioso hauek : Pierre Andiazabal ; Pierre Charriton ; Xavier Diharce, beneditarra ; Guillaume Eppherre ; Pierre Etchebarne ; Marcel Etchehandy, beneditarra ; Jean Hiriart-Urruty ; Pierre Lafitte ; Emile Larre ; Pierre-Pascal Narbaitz ; Joseph Olçomendy, beneditarra; Benoît Olhagaray. Lan bilkurak egiten ziren astelehen aratsalde oro Belokeko monastegian. Pierre Andiazabal-ek berak egin lehen itzulpena aurkezten zuen taldekideeri eta hauek egokitzapen batzuk proposatzen. Lan molde hau indarrean egongo da itzulpenek iraun zuten denbora osoan, itzultzaileen bigarren taldearekin ere.

Beloken 1964 urtean : Iratzeder ; Marcel Etchehandy ; Emile Larre eta Pierre Andiazabal.

– Bigarren talde bat sortua izan zen 1967an elizbarruti arteko itzulpen batzordea sortua izan zenean, Paulo VI. Aita Sainduak aldarrikatu Meza Liburu Erromano berriaren argitalpena bideratzko. Talde huntan barne ziren : Pierre Andiazabal ; Xabier Diharce Iratzeder ; Benoit Olhagaray ; Emile Larre ; Pierre Xarriton ; Arnaud Indart ; Michel Idiart ; Jean Hiriart-Urruty ; Pierre Narbaitz. Talde huntako kide zonbait Erromara ere izan ziren mugaz bestaldeko beste kide zonbaitekin.

Erroman 1967 urtean : Bizente Hernandorena ; Karmelo Etxenagusia;  Pedro Mari Zabalza ; Mixel Idiart ; Miguel Azpiroz ; Piarres Xarriton eta Jesús Gaztañaga. Argazkia : Karmelo Etxenagusiaren liburutik.

– Itzulpen lanak segituko du Vatikano II.aren ondotik, 1970. eta 1980. urteetan argitaratuak izan ziren beste liturgia liburuentzat, 1983an argitaratua izan zen Meza Liburuaren azken argitalpena arte.

Itzutzaileek Setien apezpikuarekin eta Pierre Andiazabal apezarekin eskuin beherean.

– Baionako gure elizbarrutiari dagokionez, 1964az geroztik gaur arte, Pierre Andiazabal kalonjea geldituko da liturgiaren egundoko itzulpen lan horren egile ezinbestekoa.

– Azkenik, aipatu behar da ere Belokeko Aita Marzel Etchehandy beneditarrak egin lana: Biblia osoaren itzulpena lapurtarrez eta hunen argitalpena, interneten bidez eskuragarria: http://www.amarauna.org/biblia/

HERRIA 2019ko apirilaren 19ko edizioa

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Euskal diozesak noiz abiatuko dira ote ardi galduaren bila ?

Zertxobait aipamen ukaiten du azkenean joan den martxoaren 28an Euskaltzaindiak eskaini duen omenaldiak giristino liturgia euskaraz ezarri duten itzultzaileei. Giristinotasuna beren gogo bihotzetik uxatua duten euskaltzalek ez dute energia gehiegirik higatu omenaldi horren hedatzen. Paraleloki azpimarra daiteke ere zeinek bere barrutian Euskarazko liturgiaren ardura duten apezpikuek ez dutela, batek salbu, omenaldi hori beren presentziaz ohoratu. Aipatu dutea bederen beren eskuko hedabide katolikoetan ? egia da Elizak epe luzeko kontratua aspaldidanik izenpetua duela pazientziarekin. Anartean zorionak HERRIAri lehen orrialdea osoki gai horri eskaini baitio 2019ko apiril honen 19ko edizioan ; Baionako elizbarrutiaren web gunean gaia euskaraz tratatua da, baina  dakidala ez frantsesez. Nik diot hemen gaindiko frantsesei beren hizkuntzan berri hori hedatzea inportantea dela, gutxienez euskal giristinoak hor direla ohar daitezen.

Artikuluaren izenburua zehazki irakurri dutenak ohartu bide dira artikuluaren mamia itzultzailek 1950-1980 urtetan egin duten lan erraldoian kokatzen dela, ez duela zehatz mehatz deusik erraiten gaur egun elizbarrutietan euskararen ibilbidea zertan den gaiaz. Konbentzitua naiz ordea gai honek merezi lukeela funtsezko gogoeta aldi bat euskara beren eremuetan duten diozesetan.

Zergatik ote ? Elizako eragile guziek gogoan dute Matiuren ebanjelioan, 18 garren kapituluan ekarria den “ardi aurkituaren parabola” (mat 18, 12-14). Pentsatzen dut alabaina gure elizako euskarak ardi galduaren egite duela gero eta gehiago. Jendea gero eta gutxiago  dabila euskarazko ofizioetan. dudarik ez da euskal diozesetako hierarkiak lanez itoak direla eta euskal giristino legitimistak ari garela xahartzen ezti eztiki, arrabotsik egin gabe. Behingoz Euskal Herri barneko aldetan ehorzketak  eguneroko ogia bilakatuak dira, eta horietan du gure hizkuntzak bere distira handiena erakusten.

Hots euskara elizatik urruntzen ari da beti eta gehiago, zendu legitimistak doazela agur sarkor bat herritarrek eta eliztarrek eskainirik, baina aldi bakoitz jende gutxiago elizan gero, eta guziz fedea beren gogotik kendua duten euskaltzaleak ere, noizbait, ixil ixila urrundu baitira Elizatik. Gure hierarkiek errealitate hori gogoan erabiltzen dutea ? oroitzen direa Jesusen parabolaz ? beren artaldearen barnetik urrundu diren ardiek, nahiz biziki gutxi izan, ez litekea zilegi beste guziak utzirik lehentasun osoz beraiez axolatzea ? Liturgiako itzulpen haien garaian (1970-1980) muntatu omen zen bost diozesen arteko euskal idazkaritza bat, zein euskal giristinok ba daki horrelako egitura bat sekulan izan denik ere ? Iraganak iragan zerbait ari dea egitura hori gaur egun ? errautsa metaka kendu ondoan agertzen da idazkaritza haren segida zerbait hartu lukeen egituraska batek itzulpen lan batzuk egiten dituela, hierarkien galde arrarotan arraroenei ihardetsiz.

Berriki hestear dute Aldudeko posta bulegoa. Dudarik ez da ekonomiari so eginez bulego horretara datorren bezero kopuruak ez diola berez bizitzekorik ekartzen. Baina inguruko hautetsi guziek eskua elkarri eman diote eta administrazioari onarrarazi, ekonomiaz haratago posta bulegoa irekirik atxiki behar zela, baleako bizia hazten laguntzen duelako. Arrazoinamendu bera ekartzen ahal diogu giristinotasunari. Euskal giristinoak gutxiago garela ? ez da dudarik. Baina gu ere Jainkoaren haurrak gara, eta gure fedea euskaraz bizitzeko oinarrizko tresna guziak merezi ditugu, gostarik gosta. Aski da itzuli bat egitea Baionako Katetxea saltegi barnean, ohartzeko frantses giristinoek zenbat liburu eta dokumentu ba duten eskupean fedearen hazteko naturalki, beren hizkuntzan. Jainkoaren aitzinean denek balio berdina dugu, izan hemengo edo hango. Euskal bost diozesen eginbidea da beren eremuan bizirik aurkitzen duten hizkuntza horretan fedea lantzeko tresnak berritzea eta berriak asmatzea.

Mattin larzabal 2019 04 19

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu