Giza eskubideak denentzat

By , 2018/12/29 16:57

Duela 70 urte, 1948ko abenduaren hamarrean, Parisko Chaillot jauregian, ONU erakundeko Estatuen gehiengo zabalez bozkatua izan zen « La Déclaration Universelle des Droits de l’Homme » delakoa, orain emazteen errespetuz erran genezake « des Droits Humains », hots Giza Eskubideen Aldarri Orokorra. Haatik oroitu behar da munduko Estatu subiranoak 58 baizik ez zirela ordu hartan, gaurko kasik berrehunetarik urrun.

Aldarriaren idazle nagusia René Samuel Cassin Baionako semea dugu (1887-1976), zeinen zirriborroa Estatu gutiz gehienek onartu zuten aldaketa txiki zenbaitekin. Beraz ohore Cassin jaunari. Frantziak ospatu zuen Pantheonean sartuz 1987an, sortzeko mendeburuan, eta Sohüta / Sorhoeta herriak 2013an René Cassin trajeriaren arartez. Baina oroz gainetik aipatu behar dena Aldarria da, betetzetik urrun baitago erresuma gehienetan : aitzitik atzeraka ikus dezakegu heren munduko leku frankotan, baita Europako Estatu batzuetan ere : ez ditut izendatuko, denen gogoan baitaude. Gainera bazterretan entzuten da, gero eta gehiago, erresuma xuri aberatsentzat balio dutela, mendebaldeko baloreetan oinarrituak direlako. Ikus dezagun egia ote den.

Goazen beraz iturrira, eta iturria nahi ala ez ekialdean sortzen da, Biblian, adibidez lehenbiziko lege sozialarekin : astean egun bat pausu denentzat, jende ala kabala. Geroztik gobernu zenbaitek hamar egunetara mugatu nahi ukan dute, bereziki Frantziako lehen errepublikak eta Sobiet Batasunak, baina populuak astekoa hobetsi du, « décadi » delakoari bizkarra emanez ! Hola da, eta XVIII. Mendeko filosofo ingeles eta gero frantses famatuen « Argiek » ere sorgia Biblian dute, nahiz ez duten aitortzen. Adibidez laikotasuna bera, zentzu baikorrean, Ebanjeliotik datorkigu, Jainkoari zor dioguna Zesarren agintetik askatuz.

Bibliatik datozen erlijioak ere niholaz ez dira mendebaltiarrak : erroak Palestinan dituzte, urrunago joanez Mesopotamian – gaurko Iraken – eta Egiptoan. Koran liburua halaber ekialdetik

datorkigu, gainera erro nagusiak Biblian edukiz.

René Samuel Cassin israelita dugu, erlijioz judua, eta berak dioen bezala, Giza eskubideen aldarri orokorra Biblian oinarritzen du, Dekalogoa laikotuz. Nolaz erran daiteke mendebaldekoa

dela, eta beraz giza eskubideek mendebaldera mugatu behar luketela. Kulturen arteko diferentziek

ez dute jendetzaren oinarrizko batasuna hausten, batasun hori ADNean finkatzen baita : munduko edozein toki eta klase sozialetan, jende batetik besterako maila genetikoak ez du milatik bateko jauzi mikoa gainditzen. Eta hori da gure funtsezko batasuna, burmuinean idatzia. Beraz kulturen arteko diferentziek ez dute aitzakiarik eman behar xuriak ez diren jendeak baztertzeko, apaltzeko, xurgatzeko, hots giza eskubideez gabetzeko.

Beraz estakururik ez zaie utzi behar, ez hemengo baliatzaileei, ez Afrika, Asia, Hegoamerikako tiranoei hango populuez itsuski baliatzeko edo iraganean uzteko, gaurko dretxo, zuzen, eskubideetarik urrun, iñorantzian, pobrezian, ezinean. Populu horiek ez dituztela gure ber usaiak, pleguak, pentsabideak, segurki baietz. Gaurko zibilizazioari begira berant bat badutela, eta horren betetzeko denbora pixka bat utzi behar zaiela, baietz. Giza eskubideen aitormenak horien kultura eta hizkuntzetan bere bidea egin behar duela bere hizkera egokituz eta behar diren pleguak hartuz, hori guzia naski egia. Hitz batez ala milaz errateko, pedagogiari eta bakoitzaren ibilerari denbora pixka bat utzi : ados. Haatik oinarrian kristauek ez genuke amore eman behar, gure pentsakeratik haste : ez teorian, ez praktikan, giza eskubideak ezin ditugu mendebaldeko erresuma xuri aberatsetara mugatu, ez baitira mendebaldean sortuak ere, baina sustut munduko jende guziek horien beharra baitute hobeki bizitzeko, elkarren errespetuan eta kidetzan.

Badakit, ene hitzek ez dute deus konponduko, baina guduka hortik hasten da : kulturatik, gauzak diren bezala ikus eta izendatzetik. Giristinoek bederen eginbide bat badugu, bereziki Eguberri bezperan : gure gogo-bihotzen berritzekoa, konbertitzekoa, haurride guzien alde jartzeko.

Jean-Louis Davant

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu