Adrien (+ 1914)

By , 2018/11/28 10:02

Joan den azaroaren 11an, Hamalauko Gerlaren 100. urteurrena ospatsuki omendua izan da Parisen, munduko gobernuburuak saldoan gomitaturik. Hor ziren batzuk eskuak odolez blai, baina denak aho batez bakearen alde! Aukera paregabea bazkari gaitzak egiteko, arno garestiak edateko eta munduko telebista guzien aitzinean, dena ele, zeremonia eta jestu, beren burua ospetan erakusteko…

Gu ere gure heinean oroitu gira. Bastidako elizaren lorioan, oroitarri xume bat bada. Hartan daude bernuzatuak urreztatu letretan Hamalauko Gerlan erail herriko soldadu dohakabeen izenak. Aitzinetik pasatzean aldi guziez tristura handiz begiratzen dugu oroitarria, izenen artean aurkitzen baita gure aitatxiren anaiarena, Adrien… Hogei urte zituen doi-doia gerlara deitu zutenean. Ez dakigu nola hil zen. Haren gorputza ez zuten sekula atzeman. “Baïonnette au canon, chargez!…”(1) izan ziren erdaraz entzun zituen lehen hitzak. Soldadu xumeenek ere, euskaraz baizik ez zekiten heiek, bazekiten hitz horiek zer erran nahi zuten.(2)

Frontetik permisioz jin zenean etxera, aita-amak izutu zituen.

— Ez dut nire semea ezagutzen, erran zion amak aitari. Ametsetatik ohean oihuka entzuten dut, edo gau guzia ganbaran kurri eta irria galdu du…

Etxaldeko lanetan lehen bezala lagundu zuen bere aita laboraria. Aitarekin jetzi zituen behiak barrukian eta iratzetan arizan. Baina xorien kantuen ordez balen txistua entzuten zuen, eta behien marrumak obusen burrunba gogoratzen. Eta beti kolpatuen oihuak, lohia, odola, izua gogoan. Oroz gainetik izua…

Frontera itzultzean, etxe aitzinean ama despeditzean, besoetan tinkatu zuen luzaz, isilkor. Ama penatu zen biziki eta haren malkoak barnera isuri ziren. Barnera isurtzen direnak dira latzenak.

— Nire haur maitea!… Errazu zerbait amari!…

Orduan semea mintzatzen hasi zen eta erran zion:

— Azken aldikoz ikusten nauzu, ama…

Aitak lagundu zuen tren geltokiraino. Han zeuden bere lagunak, kasik denak laborari seme gazteak, frontera eramanen zituen trenaren zain. Trenean sartzeko mementoan, aita besarkatu zuen goibel. Aitak, zerbait erran behar eta ez jakin zer, erran zion:

— Nire semea!… Noiz itzuliko zira berriz?

Ordu arte isilkor, semea mintzatzen hasi zen orduan.

— Azken aldikoz ikusten nauzu, aita…

A l’assaut!…”(1) oihukatu zieten. Alta bazekiten zenbait orenen buruan soldadu bat ere ez zela bizirik aterako. “A l’assaut!… A l’assaut!…”. Obusak zapartaka hasi ziren. Bere ondoan, lagunak azken hatsetan intzirika entzuten zituen, “Ama… Ama…”, haurrak bezala amari deika. Ehun metrotan etsaiak, laborari seme anaiak, “Mama… Mama…” berdin. Bat-batean, dena isildu zen. Akidura handi batek hartu zuen. Begiak lanbrotu. Eta lanbroaren gibeletik, urrunean, amaren ahotsa entzun zuen:

— Adrien!… Non zira?… Adrien!… Errazu zerbait amari!… Nire haur maitea!… Adrien!… Adrien!… Adrien?????…

David Acheriteguy

(1) Hitz arrotz eta higuingarri horiek ez dira euskararenak. Ez ditugu euskarara itzuliko.

(2) Gerlako artatzaileen erranetan, zauri itsusienak baionetaz ziren eginak.

JUSTIZIA ERREPARATZAILEA

By , 2018/11/28 09:58

 

JUSTIZIA  ERREPARATZAILEA
Joanden udan ezagutzerat emanak izan zaizkigun eliz-gizonek egin sexu abusuek erreakzio ugari sortu dute Elizaren baitan eta Elizatik kanpo. ELIZAN MINTZA lan taldearen azken bilkura orokorrean hauetaz gogoetak egiteko parada izan dugu Ebanjelio pasarte batetik abiatuz (Lk 10, 25­37). Biktimekin bat eginez, parte hartzaileek argi eta garbi agertu dute krimen hoiek sortarazten duten higuindura eta jazartzea, bai kaltegileeri buruz eta bai hau guzia urtetan estali duten apezpiku eta eliz agintarieri buruz. Ainitzek, biktimak haurrak izanik, beren burua ere kaltetua senditu dute.
Gure ingurune hurbilean agertu erreakzioetan altxatu dut Xipri-rena (HERRIA N° 3470 eta 3471). Erreakzio nahiko “korporatista” iduritu zait. Aitortzen du pedofilia Elizaren historian gertatu nahaskeri eta “eskandaluak baino larriagoa [dela] batere dudarik gabe, haurrak hunkitzen baititu.” Eta eskandalu hauen plazaratzea emaiten du GPA, PMA edo homoen arteko ezkontzaren aldeko “lobien” kondu, edo “antiklerikalismo zaharkitu” baten kondu. Esplikazione nahiko motza iduritzen zait, eta ez du aipatzen Justiziaren egitekoa eta biktimeri egin kaltearen erreparatzea.
“Erreparatzea” aipatzen du aldiz apezpikuak fededunak deituz azaroaren 16an “otoitz eta barur” egun bat egitera. Otoitz eta barurak lagunt dezakete agian biktimeri egin kalteaz kontzientzia hartzen, bainan nihundik ere ez dira nahikoak “elizkide batzuek gure diosesan haur heldugabeen gain egin sexu abusu guzien erreparatzeko”. Erreparazioak besterik eta ainitzez gehiago galdegiten du, aski da biktimen lekukotasunak entzutea edo irakurtzea, bihotza zabalduz.
“Panorama” huntan bi “berri on” ikusten ditut. Lehena, Frantziako Apezpikuen Konferentziak Lourdes-en hartu erabakia: apezek egin sexu abusuen aztertzeko eta argitzeko komisio independente bat sortzea. Beste baldintzarik gabe. Misione hau Jean-Marc Sauvé-ren esku uzteak berme edo “garantia” bat ere emaiten du (agian ez da  trabarik izango han edo hemen!).
Bigarren “berri ona” da Stéphane Jacquot politika-kontseilari eta idazleak (adibidez “Pardonner l’irréparable” – Ed. Salvator) Frantziako apezpikueri luzatu eskaera: diosesa bakotxean “Justizia Erreparatzaile” komisione bat sortzea. Hau da hemen doi bat argitu nahiko nukeena.
Stéphane Jacquot-k, kristau fedeak eta Errepublikaren ideia zehatz batek sustaturik, dio gizaki baten bizitza ez dela berak egin delituetan mugatzen. Hobeago bihur daiteke bigarren aukera edo xantza bat emaiten baldin bazaio barkamenaren bidez. Pedofiliari dagokionez, biktimek erreparazio ekintza konkretu bat igurikatzendutela idazten du apezpikueri. Bidea Justizia Erreparatzailea izan daiteke. Zer da bada kontzeptu hau?
Justizia Erreparatzailearen oinarrian dago printzipio hau: jarrera kriminalak, biktimari egin kalteaz gain, komunitate osoa eta krimen egilea bera kaltetzen ditu.
Krimenak zuzeneko biktima du lehen lehenik kalteturik uzten. Justizia Erreparatzaileak emaiten dio biktimari bere bizitzaren gain ekintza kriminalak izan duen ondorio zehatza adierazteko aukera, bere burua oinaztatzen duten galdeeri erantzuna ukaiteko aukera, eta krimen egilea berak egin jestu edo ekintzetaz errespontsabilizatze prozesuan parte har arazteko aukera.
Aldi berean, krimen egileari emana zaio krimenaren zergatiaren historia kondatzeko aukera, krimenak zer ondorio izan duen bere bizitzan kondatzeko aukera, eta biktimarekin gauzak, ahal den neurrian, xuxentzeko aukera. Kaltegilea biktimari egin kalteaz jabetu behar da, egin kaltearen erreparatzera behartua da, hortarako ahalbideak hartuz, kaltea ahal den neurrian erreparatzeko. Horrek biktimari buruzko enpatia eskatzen du, damu sendimendua, borondate ona eta aldatzeko xedea.
Krimenak zeharkako biktima bat ere egiten du: komunitatea. Hau arras argi gelditzen da krimen egileak eliz-gizon edo eliztar laikoak direnean. Kristau Komunitate osoa da zauritua eta kaltetua gertatzen. Eta horrek Komunitateari erantzunkizunak sortzen dizkio: alde batetik ekintza kriminalen biktimak lagundu eta bestetik kaltegileen bergizarteratzean parte hartu. Biktimak bide hortarik ardiets ditzake justizia penalak asetzen ez dituen beharrak (informazio beharra, gertatuaz egia erraiteko beharra, justizi prozesuan bere tokia hartzeko eskubidea, erreparazio beharra…) betetzeko bidea. Gisa berean Komunitateak kaltegilea lagunt dezake egin duen kalteaz kontzientzia
hartzen eta hunen erreparatzeko ahalbideak hartzen. Helburua da kaltegilea ere Komunitatean ber­integratzea, kasu zonbaitetan presondegiratzea baztertu gabe.
Azkenean, Justizia Erreparatzaileak biktimaren, kaltegilearen eta komunitatearen parte hartzea suposatzen du, hiruak dira erreparatze prozesuaren erdigune. Helburua da alderdi guzieri krimenak egin zauriak sendatzea eta egin kaltea erreparatzea, eta, ondorioz, denen arteko lokarria ber-lotzea, bake soziala indartzea eta krimenen errepikapena saihestea.
Justizia Erreparatzailea(edo Errestauratiboa)ren nozioa 2014an sartua izan da frantziar legean, justizia penalaren osogarri bezala, bainan ez ordezko bezala. Eta hunen arauekin guziak ez ados izanikan ere, ebaluaketetan agertzen da biktimek ainitz estimatzen dituztela esku hartze erreparatzaileak justizia tradizionalaren osogarri bezala.
Burutzeko, iduritzen zait gure berehalako eginbidea bikoitza dela:
-gure inguruan ezagut ginetzazkeen biktimak hitza hartzera gomitatu, preskripzioa egon edo ez (biktimen sufrimenduak ez du prezkripziorik), eta haueri geriza eskaini, -S. Jacquot-ren proposamena bultzatu eta apezpikuaren ganik ardietsi Justizia Erreparatzaile
komisione bat baitezpada eta lehen bai lehen sort gure diosesan.
Peio Ospital 2018-11-26

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu