Orriako iduzki sainduaren zilo beltza.

By , 2018/10/06 16:06

Aurten ere Orreagako beilak jende ostea bildu du, basilikako zoko guziak betetzen zituela, mezako tenorea baino oren erdi bat lehenago, kartsutasun eta alaitasun handian. Elizkizuna euskara hutsean  egiten da. Euskal giristinoen bihotz pizgarri hauta bilakatua da Santxo Azkarrak eraikiarazi zuen Santa Maria eliza. Hori erabaki zuen Las Navas herrian Almohadesak (« Jainkoaren batasuna » arabieraz)  garaitu ondoan, 1212an.

Santxo VII. “azkarra” deitzen zuten; ez dakigu zonbatetaraino hala zen bainan handia zela segurtatzen dute haren izter hezurrek, 2 m eta 20 cm-z gora omen. Badakikezu, irakurle, Orreagan dela hilobiratua.

Gure fedea ozenki aitortzea, gure mintzairan, kasik Santxo Azkarraren gerizapean, lagun eta adiskidez inguratua: zer loria ! Ikus eta entzun “Ogi zerukoa” http://fedeola.eus/

Ogi Kristotua,

Fede hazkurria,

Jainkora mundua,

Piztuz goi-argia !

Haiza bekatua,

Denak bozkaria,

Izan denen iguzkia !

Arratsaldeko arrosarioan, kasik mekanikoki ari zitzaizkidan ezpainak “Agur Maria” eta “Agur Maria”. Gogoa aldiz, bereber alhan zebilkidan.

“… ongi gaituk hemen, gure gurean sendoki finkaturik, harrizko ohantze sosegagarri huntan ongi gerizatuak… Ohantze hauxe, kokatua Lur gure planetako hainbat mintzaira eta erlijio edo filosofi desberdinen artean… Lur izarbela, eguzki sistemako gauza xume bat… Gure eguzkia, izar bat bertze miliar batzuen artean, gure galaxian errauts bat. Esne Bidea, galaxi bat bertze miliarren erdian,  “zilo beltz” baten inguruan antolatua, seguraski…

 2002an, Amerikar eta Errusiarrek aurtiki INTEGRAL satelitetik ikusiari esker, jakintsuak hauxe ulertzen ari dira: zilo beltz ikaragarri bat balegoke gure galaxiaren zentroan! Eguzkia baino 2,6 milioi aldiz handiagoa!  Holako zerbeit susmatzen zuten, 1971an jadanik,  Lynden-Bell eta Rees astrofisikari ingelesek.

Zilo beltzak bereganatzen lituzke inguruko masak, bera ere hil liteke, Stephen Hawking (1942-2018), fisikari teorizatzaile enbaldituak zioenez. Bere lankide ohia urrunago doa: balitezke zilo beltz “mamu” batzu, unibertsoa jadanik hortarik pasatua denaren seinale…

Dominique Cornu apezak iduzki saindua ekartzen du. Osti kontsakratua ezartzen dio zentro hutsean. hasten da adorazioa, “Benedikatua izan bedi…

Zinez harrigarria frogatua edo susmatzen den gizakiaren jakitatea!

Hauxe ere baieztatua omen da: eguzkitik jalgi partikula batzuk aldean bertze zeharkatzen gaituzte, alta ba omen dute masa bat neutrino deitu partikula hoiek…. Gainera hiru izate desberdin har lezakete:  elektronikoa, muonikoa, auikoa…

Azkenean giristinoen zerua non den  aurkituko dute jakintsu horiek, eta arima non ibiltzen den ere !

“Nekez!” Diozu irakurle? Arrazoin dukezu.

Anartean hemen nago, toki zoragarri huntan kezka guziak jabaldurik.

Ongi ginen iduzki sainduaren osti xuriari beha, “Sakramendu handi huni ahuspez genizkiola …

Orai bukatu da adorazio.

Dominiquek osti sakratua kentzen du eta iduzki saindua han berean uzten, bere zentroko zilo beltza denen begi bistan, jendea etxera abian dela, eguneroko biziari aurpegia emateko xedearekin.

Misterioak dirau.

Mandio

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu