Erregea asto !

By , 2018/10/06 16:57

Gartzea III.a Naiarakoa, orduan Iruñeko errege egin berria zen. Ramiro anaiak kontra egin zion Nafarroako lurrez jabetu nahiz. 1035 urte inguruetan Tafallan gertatu zen bi anaien armaden arteko gudua eta Gartzeak menderatu zuen Ramiro anaia.

Orain Naiaran gaude, orduan Errioxako hiriburuan, Nafarroako erregeen egoitzan.

Jauregiko jateko sala nagusiko atetik gizon arrunt bat sartzen da. Gartzea hor dago mahainean jarria, zenbait aitorensemez eta guardiaz inguratua, bazkal ondoko asebetea gozatzen. Bisitaria, erreberrentzia apal eginik, hasten zaio :

* Majestate ! Ni nauzu, Luis Rebollar bardo-kontalaria… Populuak bidali nau mezulari. Aski badugu zuen anaien arteko guduekin. Judu, musulman, kiristi, nomada, eskale, menditar edo hiritar, jendeak jendea balio du. Zu Nafarroako Errege, Gartzea hirugarrena, zuri tokatzen zaizu erakustea bihotz handiko bai-ta goi mailako zalduna zirela, barkamenarekin bakea eskainiz populuari.

* Hitz ederrak… Nork daki ez ziren erahilzaile bat ?

* Ni kontalaria nauzu… bardoa.

* Hea bada bardoa zirela eta erradazu nortzat naukazun ? Zakur? Asto ? Azeri ? Oilar? Ardi ?

* ASTO ! Dudarik gabe !

Guardiak oro jauzian zutitu dira, eskua puñalean. Gartzeak besoak zabaladuz :

* Lasai ! Jaunak, jar zaitezte ! … Beraz, kontalari, asto naizela diozu ?

* “ Bai, gure zeruko Aitak, mundu hau sortu zuelarik animalia gotor bakoitzari bizi iraupen berdin-berdina eman zion. Hogoita hamar urte. Denbora luze baten buruan astoa jin zitzaioan eskatuz, otoi bizia labur ziezaion. Leher egiten zuela ikaragarriko zamak eta jendeak ezin eramanez. Bizkarra eta belaunak minbera. Bizia kurutzearen bide zitzaiola ?

Eta zeruko Jainko aitak, doluturik, 12 urte kendu zizkion.

Ondotik zakurra, hatsankatua, hurbildu zitzaion otoitzez :

* Jauna, horrenbeste urte ! Sobera zait ! laster harat, laster hunak, beti lurrean etzana, gauez gau iratzarririk, saingaka, zaunkaka eta haumaka…Ez jan, ez lo onik! Lepotik kate eta tripan ostiko. Aski!

Zeruko Aitak 18 urte kendu zizkion hor berean.

Gero , horra behia hurbiltzen zaiola pausoki. Marrumaz, zahartzearekin beti-ta gehiago xahal eta esne eman behar, noiznahi uztarrian edo barrukian lotua. Hea bada bere bizi tristeari hamar urte kentzen ahal zizkionetz ? Baietz eta kendu.

Gizakumea ere otoizka hasi zen. Hau ere kexati.

* Jauna ! Baina 30 urte ez da aski guretzat. Horrenbeste gauza interesgarri bada egiteko bizian, ikasteko eta gozatzeko… Mila ikusteko sortuak gira…

Jaungoiko onak, deus erran gabe, astoari kendu hamabi urteak, zakurraren hemezortziak eta behiaren hamarrak eman zizkion gizakumeari. Horra zergaitik gure bizi iraupena 70 urtekoa den.

Eta zu, Gartzea, astoaren adin bete betean zira, ikaragarriko lan zamak pazientziarekin jasaiteko gai. Ondoko hemezortzi urtez zakurtuko zira, alde guzietarik

saingaka, lasterka eta ausikika…Azkeneko urteetan, heltzen bazira, zaharminak joa behi bilakatuko zira. Barruki zokoan, astiro, hausnarrean, azken putarrak eta adarkadak banatuz. Hortarako diozut zure adinean astotan zirela ! Bihotzeko gizon zirelako, anaiari askatasuna eta zaldia utzi dizkiozu, beraz orroit nolako errespetua ere zor diozun animalia bakoitzari. Haien biziaz gain, haien lanaz eta haragiaz gain, zenbat zerbitzu ez dauzkizu emaiten !”

Eta ixiltasunean, gurtza biziki apal eginik Luis atera da gibelka.

Johanes Bordazahar

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu