Eliza berdea

By , 2018/09/16 15:59

Duela dozena bat urte Chirac Frantziako presidenteak  zioen: « Etxea sutan dugu, eta gu beste norapait so ! » Geroztik sua zinez indartu zaigu, eta beharrik ikusten hasi gatzaikio, haatik ez aski, hortik urrun. Nicolas Hulot ekologiako ministroak bere kargutik lekutuz, gobernua utziz, finki oroitarazten digu arazoa zinez larria dela, eta horri buru egiteko presa handia dugula. Gizateriaren eta jendetzaren geroa jokoan dago, eta orain berean finki mugitzen ez bagara, ongi ateratzeko bideak hesten dizkiogu.    

Jende zenbaitek ez dute sinetsi nahi klima kanbiatzen ari dela, baieziz eta lehenago ere uda berorik egin ukan duela. Haatik ene bizitza franko luzean, baina lazgarri fite joan zaitan horretan, aurtengoa bezalako gutiño ezagutu dut berriki arte  : ene lehenbiziko mende erdian 1949 urtekoa, eta beharbada beste pare  bat ? A1diz azken bizpahiru hamarkadetan bospasei bederen. Beraz « kanikula » delako horiek gero eta maizago gertatzen ari zaizkigu. Ber denboran kanzer edo minbizia eritasun arrunta bilakatu zaigu, haur eta gazteen artean ere hedatu : gorapen hori gauza berria dugu eta oso kezkagarria. Gainera laborantzako lur hoberenak betoin eta gudroin azpian galtzen ari zaizkigu toki askotan, hala nola industriaz hain joria ez den Zuberoako urrupera / errepira / erribera honetan. Eta energia burrustan erretzen dugu, batetik erregai fosiloen agortzea erakarriz, bestetik CO2 delakoa airera isuriz, beste gas kaltegarrri eta ke pozoitsuekin batean.

Beraz zer egin ?  Munduan zazpi miliar jendez goiti gara. Bakoitzak ahal duen poxiño hura obra baleza, denetara izigarriko emaitza erdiets genezake. Mementoan alderantziz gabiltza. Etsenplu xumetzat, Larrabileko patar erditan bizi bainaiz, hemendik jende franko paseatuz igaten da, bereziki autoz ala bizikleta / pirripita / txirrindulaz, eta bidera jalgitzen naizen aldikal, bi bazterreta ondarkin txikia edireten ditut : zigarreta estalki, garagardo edo bierra ontzi huts, janari edo edari bat eden duten kartoi eta beste… Mundu osoa gisa berean ari baldin bada, zer ondarkin, zabor, zakar meta denen artean ! Baina beste aldera jokatuz, bakoitzak indarño bat eginez, zer kanbioa genukeen bizitzaren alde ! Presa handia dago, etxean sua nagusitzen ari baitzaigu..

Azkenean Eliza Katolikoa atzarri zaigu, bereziki Frantses Aita Sainduari esker. Horren Laudato si gutun famatuak hautsak harrotu ditu, eta ez bakarrik katolikoen artean. Egiaz, letra baino gehiago da, liburutto bat, eta klimaren kanbiotik haratago, beharrunen intzuli osoa egiten du Bibliatik abiatuz, kreazioaren errespetuan oinarrituz. Errespetu horren behar izigarria dugu guhaurentzat ere, zeren naturalezak bizirik atxikitzen gaitu, haritz adarrak txori habia dakarren bezalaxe. Haatik zuhaitz hori, denen egoitza, sutan dugu, eta guzien artean salbatu behar dugu, sugarren haztea utzirik, hori gure ahal guziez itoz elkarrekin.

Besteen akulatzea Elizari ez zaio aski izan behar, etsenplu ona eman behar du, eta bere partea egin. Hori bera pentsatu du kristau andana batek juntaturik, katoliko, protestante, ortodoxo, lehenik Bretainia Handian, gero Frantzian, azkenik Euskal Herrian ere, « Eliza berde » labela sortuz bere webgunearekin : www.egliseverte.org. Bilkura bat egin izan da Angelun, bigarren bat Hazparnen CMR / Herri Ekintza baserri mugimenduko kideekin. Laster beste bat eginen da barneko aldean. Horretara gomitatuko gaituzte. Deiari ahal bezain ontsa ihardets diezogun, eta oroz gainetik ahal dugunaren egitera lehia gaitezen denak, bakoitza bere tokian, adibidez katiximan haurrak kreazioaren alde argituz eta sustatuz, parrokian paper gutiago gastatuz, Elizaren eraikin, ekipamendu eta obra guzietan erregaiak aurreztuz eta energia berriztagarrien hautua eginez, amoregatik eta denen etxea ez dakigun bururaino erre.

Bistan da su horren aitzi, giristino bakoitzaren eginbidea ez dela Elizaren eremura mugatzen : bizi publikoan ere parte hartu behar dugu beste herritar eta jende guziekin batera, politikako hautuak barne, haatik etxetik hasiz.

 

J-L.D.

Mendiaren edertasuna

By , 2018/09/03 06:52

Jendalde alegera, ibilera arina, irriñoa ezpainetan, iduzki airosa zeru ezin urdinago batean…bai lekuak badu arrakasta ! Bozkarioa da lehenik ikusten, sentitzen. Autoa aparkatzean berean eta jaustean, halako ezinegon bat bezala badago airean, bainan ezinegon alegera bat, hitzordu igurikatu batek emaiten duen kilikadura. Mendiko oinetakoak ezarri, eskuko makila hartu, bizkarreko moltsak beharrezko ur botoila baduen kontrolatu bai eta buruko kasketa eta, nork daki, haize edo uriko soinekoa. Mendian aroa laster aldatzen dela errana da, bai eta frogatua. Prest ?

 

Urrats batzu egin, herrixkatik ateratu eta hor agertzen da ibilketaren helburua : Gabarniko zirkua ! Bekoz-beko !  Hitza bezala hatsa mozten da. « zer gauza ! » Lehen ixiltasuna hor egiten da : gelditu eta ixildu. Hitz batzu entzuten dira : « Zoin ederra ! » eta horiek errepikatzen dira berriz ixildu aitzin. Edertasunak bere baitan ditu hitzak eta sendimenduak ; gure hitzak arras pobre eta hutsak iduritzen zauzkigu. Gizadia hor da gure aitzinean, bere edertasun haundian, gure begieri emana, dohainik. Zentzu guziak erne dira eta oldar batek betetzen du gorputz eta adimen osoa. Goazen ! Aitzina ! Sakelako mugikorrak argazkiak egiten baikituzte orain, bakotxak hartzen du nahi duen argazkia ibilaldia hasi aitzin. Sakelan sar ditake mendiaren edertasuna ? Gure begiek miretsi dute bainan oroitzapena zimelduko da. Argazkiak froga iduriko zerbait atxikiko du, aldiz emozioa, hunkipena barnean egonen dira.

 

Bada zernahi jende eta adin guzietakoak ! Ñiñiak ama edo aitaren bizkar gainean, haur ttikiak arras deliberatuak, gazteak neska eta mutil taldetan lagunekin edo burasoekin, familiak, helduak, adinekoak. Prozesio bat bezala, bide guzian ikusten da jendea, edo tropaka edo banazka, koloretsu, airos eta omore onean. Batzuek zalu zalua kurritzen dute, bertze batzuek erreposki ; batzuek ixilik eta bertzeak solasean eta irriz ; batzuek argazkiak hartuz eta bazterrak miretsiz bertzeak kirol ibilaldi batean bezala, pixkat konkortua deus eta nehor ikusiz. Ainitz mintzaira entzuten dira : frantsesa, euskara, inglesa, alemana, española, portugesa, eta ez ezagunak ere..  Denek puntu komun edo berdin bat badute: mendiaren deiari erantzuna eman.

 

Mendiak liluratzen du. Haunditasuna, edertasuna, maiestatea, duintasuna horiek oro tiratzen dute bere gana ; hurbiltzea amesten da, mundu xoragarri bat badela hor susmatzen da eta orratz harri bat iduri, mendiak lotzen ditu gure urratsak haren aldapari. Indar, neke, hats, iraupen, pazientzia, fede, konfiantza emaiten dira moltsan, denak beharrezko osagaiak kaskorat edo leporat heltzeko. Orduan, saria. Neke guzien saria, mendiak eskaintzen duen ikusgarria : munduaren edertasuna eta haunditasuna gure txikitasunaren ondoan. Orduan garaipena. Ez mendia garaitugatik ez, bainan gure nekea, gure ahulezia, gure hats ilauna nagusitugatik, gure etsipena bentzutugatik. Mendia eskola bat da, biziaren eskola bat. Denek ez berdinak izanagatik ere, denek helburu bera dugu eta airoski hartzen dugu biziaren bidea. Bakotxak bere urratsean, bere neurrian eta bere moldean. Batzuekin solas eta bertzekin ixilik edo makur, batzuetan laguntza emanez eta bertzetan laguntza hartuz, batzuetan pixkor eta zangoa arin, eta bertzetan gorputza eta izpiritua pisu eta hanka maingu.. eta beti mendiaren deia, biziaren deia, biziaren tirria. Jo aitzina !

 

Mendian gora eta aski nekatua delarik, bizkarreko moltsa arintzen da behar ez direnak baztertuz eta baitezpadakoak atxikiz. Izpirituan ere gauza bera gertatzen da. Orenak eta orenak mendian ibili ondoan, izpiritua argitzen da eta gauzak ez dira batere berdin ikusten. Arazoek bertze neurri bat hartzen dute, hertzen dira eta nor berak bere indarrak frogatu ondoren, bere burua hobeki estimatzen du. Mendiak bakotxari bere egia aterazten du.

Gabarniko zirkua miretsiz Jainkoa da goresten holako kreazionea guri eman gatik.

« Zeure eriez moldatu duzun ortzia,

han zuk ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita,

zer da gizakia, zu hartaz oroitzeko ?

Zer jendea, zu hartaz arduratzeko ?

Jainko baten heintsukoa egin duzu

ohorez eta aintzaz koronatu ;

zeure eskulanen buru ezarri duzu,

denak haren menpera bildu,

ardi eta idi guziak,

bai eta landako basihiziak,

zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,

itsasoetan barna dabiltzanak.

Jauna, gure Jauna,

zein miragarria mundu osoan zure izena !

8. salmoa

Maite Irazoqui

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu