Meza bat kontsakrazio hitzik gabe?

By , 2018/08/09 07:15

Joan den 1939-1945eko gerlan, ostatu batean, Hitler-en SS multzo bat bildua zen jaten eta edaten, eta heien artean bazen apez bat, Nazien alde jarria. Denak mozkorrak, memento batez apeza jaikitzen da mahaiari lotuz, mozkor arraildua hura ere, eta dena zeremonia hasten da ogiak eta baso arnoak benedikatzen eta kontsakrazioko hitzak errezitatzen: “Har zazue, hau nere gorputza da…” (Mark, 14,22). “Hau nere odola da…”(Mark, 14,24), SS guziak irriz urratuak hari beha. Heien mozkortzeko tirria bizkortu baizik ez zen.

Lekuak hustu zituztenean, batzuk arno kontsakratu soberakinak goiti botatzera, besteak lotara zerrien antzera arno kontsakratuan borborka, ostatuko zerbitzari gazte bat eskandalizatu zen pentsatuz arno kontsakratu hondarrak zabor ontzira botaiak izanen zirela. Orduan, mahai gainean gelditzen ziren baso guziak hustu zituen bat bestearen ondotik eta bere biziko mozkorra bildu.

 

Ez zuena ba Erdi-Aroko Akinoko Tomas sainduak idatzi: “Apezak erraten balitu kontsakrazio hitzak (hau nere gorputza da…, hau nere odola da…), eta horiek baizik, sakramentua egiaztatzeko xedearekin, hau egina izango litzateke”. (Thomas d’Aquin, S. Th. IIIa 78, 1,4). Nehork baino gehiago Erdi-Aroko Tomas sainduak aldarrikatu ditu kontsakrazio hitzen ahala eta apezaren botere ikaragarria: apezak kontsakrazio hitzak ahoskatzen dituen memento berean ogia eta arnoa Jesus-Kristoren Gorputz eta Odol bilakatzen dira, “abrakadabra” maneran… Kultura horretan haziak izan gira, eta ostatuko zerbitzari gaizoa ere… Zer erranen zuen Jesusek ostatuko zerbitzaria mozkorra ikustean? Oroitzen naiz nola, nire haur denboran, kontsakrazio mementoan, denak “brau” belaunikatzen ginen mirariaren lekuko, Jainkoaren Gorputz eta Odol egin berriak adoratuz. Jakin behar da ostiaren altxatzea Erdi-Aroan ere (XIII. mendean) sartua izan zela, “jendeak ikas zezan Kristoren Gorputza adoratzen”.(1)

 

Utz dezagun Erdi-Aroa bere bihurrikeriekin, eta goazen mendeetan barna lehen giristinoetara. Euphrateko ekialdean sortutako lehen giristinoen eukaristiako otoitz bat kontserbatua izan da gaur arte: “Addai eta Mariren” eukaristiako otoitza. Otoitz hori kristauen zaharrenetarik bat da, oraino baliatua. Jesusen hiltzea eta piztea aipatzen baditu, bai eta ere Jesusen Gorputza eta Odola, lehengo eukaristiako otoitz horrek ez du aipatzen Azken Afariaren kontakizuna (hau nere gorputza da…, hau nere odola da…), gaur apezak Jesusen Azken Afarian bagina bezala erraten dituenak. Lehen-lehenetako eukaristiako otoitzen aztarna da, non Azken Afariaren kontakizuna (hau nere gorputza da…, hau nere odola da…) ez zen oraino eukaristiako otoitzean gaur bezala integratua.

Alta, 2001eko urrian, Jondoni-Paulo II Aita Sainduak ontzat eman du “Addai eta Mariren” eukaristiako otoitza, “Azken Afariaren izpirituan eta Elizaren intentzioan” lotua delako eukaristia guziei(2). Guy Vanhoomissen jesuitak komentatzen du erabaki hori, erranez eukaristiako otoitz OSOAK egiten duela kontsakrazioa, Jesusen hitzak barne, eta ez formula batek, gainerakoaz baztertua(3). Delibero horrek azkartu eta zoritu baizik ez luke egin behar gure Jesusenganako fedea.

 

Erdi-Aroan gelditu behar girea, gureak gehiago ez diren arazoekin? Eliza katolikoak baieztatu duen “Addai eta Mariren” mezako otoitza berme, apezak kontsakrazio mementoan, eskuak ogia eta arnoaren gainean hedatuz, Jesusen hitzak (hau nere gorputza da…, hau nere odola da…) ahoskatzen dituen memento berean, Izpiritu Saindua zerutik jautsarazirik, xilintxa zanpaka, ogia eta arnoa Jesus-Kristoren Gorputz eta Odol “materialki” transformatzen direlako haurkeria horietatik ez dea ateratzeko tenorea, eta Jesus-Kristoren eukaristiako presentzia erreala zorituago, helduago sinesteko mementoa?

Irakurle adiskidea, zuri azken hitza, Izpiritu Sainduaren argitan…

David Acheriteguy

(1) ROUET Albert: La Messe dans l’histoire, Les Editions du Cerf, 1979, 116. or.

(2) http://www.vatican.va/roman_curia/pontifical_councils/chrstuni/sub-index/index_east-assyrian_fr.htm

(3) http://www.theologica.fr/!_Eglise_Chaldeenne2/Une_Messe_sans_paroles_de_consecration-2.pdf

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu