Rakham gorria

By , 2018/07/19 05:46

1700 urte inguruetan gira. Merkatu eguna Donibane Lohitzunen. Kaia bazterrak jendez ihaurri. Solasak eta algarak ozen. Aferak pil-pilean. Bapatean oihu batek urratzen ditu bazterrak: “ Calico-Jack! Rakham-Gorria pirata, portuan !”

Eta hor dator “Adarbakar”, bela-untzi beldurgarria portuko sarbidean. Rakham kapitaina brankan, ezpata iguzkitan dir-dir. Jendea zur eta lur, ustegabeko izidurrak joa. Itsas lapur abreek, kaiara salto eginik, oihu ta sakre basati, ezpataren puntan, jende guzia ezartzen dute lerro lerro inguruko etxeetako pareteri kontra. Eta harrapa ahala, nahi duten janari guzia hartu eta untziratzen dute.

  • Come on, cowards!! Is there anyone able to speak to me?

Nehork ez ulertzen Rhakam Gorria.

Orduan, agertzen da Ttulun, Azkaingo zoko moko batetako Ttulun, gizon emekia, adina bizkarrean, ttonttortua. Beti noizbait heltzen merkatura, otarre bat arraultzez betea esku batean eta bi oilo bestean.

  • Zu itsas mutil izana, itsasoak kurritua, mintza zakizkio Rhakham-Gorriari.
  • ‘Aka’ gorri edo beltz hunek, zer arraio du guk baino gehiago?

Rakham-i hurbiltzen zaio eta aintzinean pausatzen dizkio bere otarre eta oilasko parea. Bi gizonak hor daude bekoz-beko.

Piratak, mahatxuz, Ttulunen mutur-muturrera altxatzen dio behatz erakuslea tente.

Ttulunek berdin bi behatz altxatzen dizkio begien heinera. Pirata marmarka :

  • Right!

Rakham gorriak, berriz, behi gasna zuria sakatzen dio Ttuluni sudurpera. Ttulunek berdin otarretik bi arraultze sudurrera. Rakhamek ihakin batekin:

  • Aye !

Piratak zaku batetarik ogi bihi ahurtara bat hartu-ta  errabiaz lurrera botatzen dio. Ttulunek berehala bi oiloak  libratzen ditu, bihiak jan ditzaten.

Kapitainak Ttuluni begiratzen dio goratik:

Hear hear ! … Let’s go!…  Farewell folks !…

 

Rakham joan orduko, denak Ttuluni hurbiltzen zaizkio.

  • Ez dugu deus ulertu !! Zer erran duzue ?
  • Behatz bat altxatu duelarik, erran nahi zautan nahi zitzaidala begi bat okertu. Eta nik bi behatz altxatu dizkiot. Bi begiak lehertuko nizkiola.

Gero behi gasna hartu duelarik. Galdatu daut hea behi zuriek ala beltzek emaiten zuten esne zuria. Nik, arroltzearekin erantzun diot : gorri ala beltz, oilo guziek kolore bereko arroltzeak egiten dituztela, behiek esnea bezala.

Gero bihia errabiaz lurrera bota duelarik, ez nuen funditzera uzten ahal. Oiloak libratu ditut eta kitto. Holako janari baliosa!

  • Biba zu! Ttulun

 

Santa Barbarako ubidetik itsasoratzean, bela-untzian, lapur guziak Rakham-Gorriari ondoratu zaizkio.

  • Nola deabru moldatu zirezte elgarrekin  ?
  • Behatza altxatuz erran nahi nion ni nintzela nagusi bakarra plazan. Hark bi behatz, altxatuz erran daut bi baginela : ni eta hura!

Gero gasna xuriak erakutsiz adierazi nahi nion jateko nahikoa baginuela. Eta hark arraultzeekin erakutsi daut haiek ere  bazutela oraindik.

Gero ogi bihia bota diotet lohira, erraiteko haien bihiek ez zutela kaka balio. Gaizoak, oiloak libratu ditu!! Ha, ha, ha ! Beute jende horiek beren lohian, oilo bustiarena egiten…. Hoist the Colours!

 

Bizkarrez itzuli delarik, itsaslapurrak beharrik ez duela ikusi Ttulunek egin dion keinua : beso bat ukabila tinko goratu eta beste eskuarekin besaitzina jo!  “Popatik…. !” Haserrearen eta ezinaren keinua. Sumina eta saminarena…. Gurea !!  Indarrean denak ezpata erabiltzea haizu eta gu, beti nolazpaiteko ezpataren eta lege arrotzen puntan zokoraturik bipilduak. Nola atera ? Indarrarekin ezin, hitzekin oker, herrarekin antzu, beldurrarekin mutu. Aldez edo moldez ihardoki behar.  Hor gaude zain noiz beharrak bilduko gaituen ezina garaitzeko.

Johanes Bordazahar.

 

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu