*Balizko diozesako bestak.

By , 2018/06/30 12:48

Egin dezagun behingoan haurrek bezala, aditzaren iragana baliatzen dute errealitatetik ihes egin eta josteta munduan sartzeko: «Ni nintzen artzaina eta zu zinen ardia…» adibidez. Horri esker beren errealitatea sortzen dute eta… bizitzen.

Igande arrasaldean, kalostrapera hurbildu nintzenean, lehenik ikusi nuena etzen izan sotana beltz andana bat, baina jendea nahas-mahas, zahar eta gazte, Herri Urratseko bolondres eta bisitari inplikatuen itxurakoa, batzu lanean, bertzeak bestan, denak loriatuak.

Erakusmahai bakotxaren sonoak errespetatzen zuen auzoaren dezibel eremua, apezpikua hurbildu zen Fedeolaren mahaira, miretsiz Fedea eta Kulturakoek egiten duten lana. Aipatu zuen euskal pastoraltza, nola egitura bat sortuko zuen laster, hein oneko baliabidez ornitua.

Kanpoan « Parvis des gentils » famatuko taula gainean, trikia jotzen zuen haurrak erran ziolarik ondoan zuen sotanadun apezari «Orai kantatu behar da ! » Apezak obeditu zuen, etzuen kantatu erdi ahalketua «A Léon Léon, roi de Bayonne et des couillons » bainan «Ai Ximun, Ximun errota azpian lo zagon !»

Bezperak hastean etzen izan apez, diakre et bertzeen prooxione pikarta, urre, ori, ferde, beltz, xuri, gorri, ihauteriak iduri, bainan sotanarik gabe ibiltzen zaizkigun gure arteko apez horiekin batean siriar aterpetuak, ondotik apezpikua pobreki bezti. Azken hunek etzuen aipatu, luzaz, goiz hartan eman mezaren balioa, aspaldiko topikoak bertze behin errepikatuz, bainan aurkeztu zituen laburzki ziriak elizako giristinoak, gerla eta bakea aipatu, gogarazi zuen ere Euskalherriak hartu bake bidea, erranez etzela batere ados hego euskalherriko obispoen ageriarekin. bakea egiten ari zela, hortarako behar zela elgarrekin mintzatu, etzen hasi erailketen balantzea egiten, batzuek ehunka bertzeek milaka, oroitarazi zuen soilik funtsezko erranaldi hau « Bakea ez da nere bakea, bakea ez da zure bakea, bakea da gure bakea » Erran zuen xinpleki, bortizkeria mota bat zela gelditu, bakea etzela egina, bide onean zela baizik, otoitz egin behar zela alderdi guziek urrats bat aintzina egin zezaten, kataskaren iturria ongi aztertu eta erantzun egokiak eman…

Gero goraipatu zuen euskaldunen idekidura eta lana. Hitza utzi zion Tote Saldubehere apezari. Hunek kontatu zuen bere birrosaba, Aldude Xiloineko Benoît Gariador, Abu Gosheko beneditanoen buruaren bizia, Xiloineko batzuentzat balizko apezpiku Jerusalem…

Hitza pasatu zion Mikel Erramousperi; hunek bere arbaso bat  aipatu zuen, Ardans Teofano, Aldude Mentakoa, hau ere Abu Gosheko beneditano… Jakinarazi zuen, Mikelek, aita Lertxundi han egon zela, nola bildu zituen ziriak elizako melodiak, gurekin genituen aterpetu siriarrak loriatu baitziren ikastean Bellokeko artxibategian aurkitzen ahal zirela eltzurre horiek.

 

Gero siriarrekin batean Gure aita erran genuen, kasik Jesusen mintzairan, hauxe eskutan genuela :
Awoun douèshméïa,
Nèth (q)radash(e) shmarh
Tété merkouzarh (“z”=ingles th)
Névé sévianarh
Eikén en douèshméya abb’hara

Haoul’ann lar’man-sourane èn’yomana
Ouérsh’ourl’ann houbènn ou arbarènn
Eikén ann-ap nann shouaria faïawénn

Oulla tal’ann in tçiona
Ella-pass’ ann èn bicha
Motorrl-dilar’y merkouzarh
Ourhail’o tèchporta all’almine.

Ondokit Berdin egin genuen siriak Agur Mariarekin.
Jarraian gurea eman genuen ozenki, bihotzaren erditik.
Gero salmoak kantatu genituen, behingoan osoki euskaraz Baionako katedralean.
Kantuz ari zait nere arima pizgarri baten oiharzuna buruan atera ginen, denak aurpegia argi eta bihotza alai.

Hala bazan ala ez bazan,
sar dadila kalabazan
eta atera dadila Baionako plazan.

Mandio

* Balizko errotak, irinik ez.
Balizko esnearekin ezin gosaldu.
Balizko olak burdinik ez.
Balizko diosesak, Mandiok nahiko zuen bestarik ez.

 

Haurren nigarrak

By , 2018/06/30 12:40

Amerikar Estatu Batuetako oraiko lehendakariak, bere herrialdea begiratu nahiz, Mexikotik etorri jendeak kanporatu ditu, beren etxetarat haizatu, bainan heien haurrak, ttikiak, Estatu Batuetan atxikiz. Zer bortizkeria, bai haurrentzat, bai burasoenzat ! Ez da azken kolpea presidente horren partetik eta ez ditake azkena !

Bainan, haur horien nigarrak sare sozialetan zabalduak izan dira eta mundu osoan entzun dira. Haurren oihuek, etengabe aita galdeginez, eresi eta kexu, bihotza urratzen zuten. Burasoen besoetatik ebatsiak zirelako nigarrak ziren. Ez ziren haserrezko oihuak, ez ziren goseak sustatzen dituen oihuak, ez ziren beldurrezko oihu minak, bainan etengabe errepikatu oihu fermuak, amore emaiten ez duten oihuak. Haurren nigarrek ez dute etsitzen.

Izena bera ahantzi behar ginukeen lehendakari horrek, berak hartu erabakia aldatu du eta dekretu berri bat izenpetu du, haurrak ez diten beren burasoen altzoetatik kenduak izan. Eta hori, mundu zabaleko haserrea entzun ondoan. Munduan gaindi erreakzio ainitz eta ainitz ukan ditu eta heieri ez zela mutu eta gogor egoiterik ikusi du.

Haur bati ipurdian zafraldia emaiten den bezala, lehendakari horri munduak eman dio zafraldia oraingoz.

Bada bertzerik haurreri nigar emaiten dionik. Joanden apirilan Lur Sainduetan egin beilan, umezurtz etxe baten zuzendariarekin mintzatu gira Bethleem hirian. Serora da, Jondoni Bixintxoren serora horietarik, eta begiak nigarrez beterik mintzatu zauku.

Etxe hortan neskatxa gazte gazte batzuk errezebitzen dituzte, haur beharretan diren hamabi-hamasei urteko neskatxak, denak musulmanak. Gehienak bortxatuak izanak, beren aita edo anaia edo osaba baten partetik. Haurdun bilakatu neskatxa horiek gorde behar dira eta beren etxetik ihes egin behar dute, beren familiaren ohorearen izenean. Beren familia desohoratu dutelakotz, hiltzea dute merezi ! Zorte izigarri horri eskapatzeko, batzuk etxe hortarat heltzen dira beren haurrari bizia emaiteko. Israelen eta Palestinan ez da legezko aborturik, ez intzestuaren aitorpenarik. Haur beharretan direla ez sobera agertzeko, neskatxa gazte horieri zazpi hilabete hirian haurra sortarazten dute eta berehala umezurtz etxe hortarik joan behar dute.

Haur sortu berriaren nigarrak ! Hamabi, hamahiru… urteko amaren nigarrak ! Lehen orduko biziaren nigarrak ! Hor zaintzale diren seroren eta langileen nigarrak !

Ama gazte horiek ez dute sekulan beren haurra ikusten eta ikusiko. Haur horiek ez dute sekulan jakinen nor den beren ama, ez eta beren aita. Ama gazte horien bizia hautsia da, ez daitezke beren familiarat itzuli, “desohorea gatik”, eta beren bizia bera arriskuan da; ama direla ikasten bada, ez dira ezkontzen ahal.

Beren haurra, umezurtz etxe hortan egonen da 6 urte arte arras ongi zaindua eta oroz gainetik maitatua. Serora eta laiko, denek beren bihotz osoa emaiten dute haur horieri biziaren zoriona ahalaz pizteko. Maitasunezko lokarriak sortzen dituzte, eta haurrak zoriontsu bizi dira hor sei urte bete arte. Sei urte bete ordu, joan behar dute leku maitagarri eta goxo hortarik. Bi aterabide badira: edo haurra adoptatua da, eta familia musulmanek baizik ez dute adoptatzen ahal, edo ez da adoptatua eta orduan nerabe etxe batetarat joanen da bere adinetara heldu arte. Kasu huntan, izen gabea izanik (aitaren izena baizik emaiten baita), bere bizia biziki zaila izanen da. Umezurtz etxe hortarik ateratzen diren haurrak, sei urtetan, nigarrez ateratzen dira eta beren zaintzale eta haurtzainek nigar egiten dute urruntzen direlarik.

Haurren nigarrek gizartearen osagarria salatzen dute.

Haurren nigarrek munduaren oihu mina entzunarazten dute.

Maite Irazoqui

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu