LUR BERRI BAT MOLDATZERAT DEITUAK

By , 2018/05/10 07:47

Segitzen dut urtarrilaren 25eko (N° 3434) eta martxoaren 15eko (N° 3441) astekari hunen aleetan abiatu sailarekin, hiru goi-mailako unibertsitate-ikasle gaztek berriki argitaratu duten liburuaren irakurketarekin (Pierre-Louis Choquet, Jean-Victor Elie eta Anne Guillard). Liburuaren izenburua da “Plaidoyer pour un nouvel engagement chrétien” (Ed. De l’Atelier). Kontserbatismoaren bide antzuari uko eginik eta garapenezko bidearen hautua eginik, gazte hauek proposatzen dute bestelako urrats bat: munduaren bidera joaitea, Jainkoarekin topo egiteko menturan. Liburuaren hirugarren eta azken partean, aztertzen dute nola Lur berri bat moldatzerat deituak giren, gogo onez bide egiten duten gure garaikide guziekin batera.

Gizarte sekularrak Jainkoa baztertu badu ere, Biziak beti indarrean sartzen segitzen du gizon-emazteen baitan eta artean, bereziki elkar-ezagutzeak eta elkar-lokarritzeak sustatzen duten esperantza frogatuz. Hauxe diote gure ikasle gazteek: “Guk, kristau gazteak, goraki aitortzen dugu elkar-ezagutzearen dinamikari eskubide osoa egingo dion jendartearen ezinbesteko eraikuntzan parte hartu nahi dugula… Gure herritar engaiamenduaren helburua hauxe da: guzientzat bizigarri izango den Lurrean, norberaren loratze librea bermatuko duen mundua eraiki.”

Ondorioz, gure misionea bikoitza da: batetik, guzientzat desigarri izango den munduaren eraikuntzan parte hartu, eta bestetik, errotik bestelakoa izango den mundu bat posible dela esperantzaz iragarri eta aukera hori gure artean jada obratua dela jakinik jokatu. Gogora heldu zaut errepika hau: “Jainkoaren Erreinua noizko den ez galda! Jainkoaren Erreinua gure artean da!”

Gauza frogatua da engoitik giza aktibitateen eragina Lur planetaren gainean, aitzinekorik gabekoa dela. Garai ekologiko berri batean sartuak gira, Antropozena deitzen da hau. Lurra guzientzat bizigarri geldi dadin etorkizunerako, premiazkoa da gure eguneroko bizimoldeak (elikamoldea, garraioa, energia…) aldatzea. Horrek eramango gaitu beste kultura eta erlijio batzuek Naturarekiko duten harremana deskubritzerat, hauekin lokarritzerat, munduaz ditugun ikuspegi desberdinak trukatzera. Utzi behar dugu gure burua “ebanjelizatzerat”, gizakia bere ingurune naturalarekin baketzeko beren bizia eman dutenenganik, nahiz, hauentzat, Jainkoari erreferentzia baitezpadakoa ez izan. Trukaketa hortan elgarrekin ikasi behar dugu gure egoera berriaz jabetzen: ez dugu soilik gizatiarrak izan nahi, baina ere zinezko lurtarrak.

Ondorioz bihozberritze bide bat hartzera deituak gira, gure baitan aldi berean beldurra eta zoramena sortzera utziz: elgarri josiak dauden ekosistemak desagert ditezkelako beldurra alde batetik, eta engaiamendu argi eta gozagarri bat hartzeko aukera bestetik.

Eta hemen nere lekukotasuna agertu nahi dut “Bizi!” elkarteak gure artean bultzatu duen “Eliza Berdea Labela” aipatuz. Ekimen hau ez du “Bizi!”-k sortu, baina bai bultzatu Iparraldeko kristau elizen artean. Erronkaren premiatasunaren aitzinean jarri gaitu, eta huni buru egiteko elgarrekin lanean hartzera lehiatu, molde ekumenikoan (bereziki Protestanteekin) eta gozagarrian. Dakigularik “Bizi!” elkarteko militante asko ateoak edo sinesgabeak direla. Hola ulertzen dut “gure burua “ebanjelizatzerat” uztea”.

Engaiamendu hori hiru arlo nagusitan planteatzen dute gure ikasle gazteek:

– bizitza baldintzak kolektiboki aldatzerat lehiatu: lanaren antolakuntza zientifikoaren gizalege gabetasuna salatu, eztabaida sakon bat zabaldu ekoizpen sistemen antolakuntzari dagokionez, elgarrekin bizitzeko jartzen ditugun legeak eta arauak ber-definitu, zerga sistema ekologiko anbiziotsu bat bideratu…

– bide sozial eta ekologikoak elkar-lotu: “martxandizatze” fenomenoa, desberdintasun sozio-ekonomikoen areagotze eskandalagarria, “eskaintza-guttiena”-ren bilaketa lehiatsua salatu eta hauen kontra gogorki borrokatu. Justizia soziala berdin ekonomikoa jokoan dira, hertsiki lotuak izanik.

– ostatu-emaitearen zentzua biraurkitu: badira egoera larriak (etorkinena adibidez), baina eguneroko bizian emana zaiku “besteari” ongi etorria egiteko aukera, berari hitza emanez eta bera entzunez. Harreman hori probetxugarri gertatzen da bakotxarentzat, barne aldaketa sustatzen du.

Azkenik, erran dezagun ez dela aski norberak bere kontsumo moldeak aldatzea. Kolektiboki jokatuz, ekintza politikorako altxagailu bihurtu behar dugu, gure botoa erabakigarria dela argi izan behar dugu. Molde hortan munduan ari den Izpirituaren lanean parte har dezakegu, guhaur ko-kreatzaile bihurtuz. Gizakia, ospatzeko egina da, besterik gabe. Dena arra-asmatu beharra dago. Lur berri bizigarri baten eraikuntzan parte hartzeko agertzen dugun gaitasunean jokatzen da, orai eta hemen, Erreinuaren baitako gure inplikazioa. Hara Misionea!

Peio Ospital

2018-05-07

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu