Diozesaren bestako bezperak euskaraz eta sirieraz.

By , 2018/05/06 06:06

Jerusaleme Abu Gosh eta Belokeko apezak 1895-1952.

Euskal fededunek beldurrik gabe so egiten diete munduko beste lurraldei. Irekidura horren froga agertuko da ezin hobeki heldu den maiatzaren seian, diocèse en fête” lemaren pean Baionako katedralaren inguruan antolatua den ekitaldian. Igande horretan bezperak kantatuko baitira euskaraz…. eta sirieraz ! hauxe gauza bat ustekabekoa. Alabaina euskal fededunek gonbidatzen dituzte Siriatik ihes alde hauetara etorriak diren siriarrak  hauek kantatuko diote kantu bat andredena Mariari, bai eta “gure aita” Azpimarratzekoa da ekialdeko eliza siriakoak kantatzen duen gure aita emanen dutela, aramear hizkuntzan, hots Jesu Kristo bera mintzo zen hizkuntzan. Hara euskal fededunek frogatuko dutela igande horretan beren sorterritik ihes heldu direnei Elizak ekartzen dioten sustengua, salmoak euskaraz ezin ederkiago xaramelatzearekin batera. Siriar iheslariekiko partaidetza horrek erreferentzia zuzena egiten dio, iparraldeko giristinoek joan den mendean Belokeko komentutik abiatu eta Eliza siriakoaren baitan bizitu duten mende erdiko ibilaldiari.

Argazki honetan Abu Gosheko apezgaitegian urte luzez egon diren belokeko fraideak. Gaineko lerroan (7) : Philippe Zurutuza (ezker puntan), Benoit Bordalt (ezkerretik laugarrena), Paul Irastorza (ezkerretik bosgarrena), Louis Bereciartu (ezkerretik seigarrena), Alexandre Lannes (ezkerretik zazpigarrena). Erdiko lerroan (10) : Teofano Ardans (ezkerretik bigarrena), Bertrand Hiriart (hirugarrena), Anselme Chibas-Lassale (seigarrena), Olazabal (zortzigarrena). Behereko lerroan (5) : Benoit Gariador (ezkerretik hirugarrena).

Goragoko argazkian diren fraidetan bederatzi iparraldekoak ba dira, Jerusalemen, Abu Gosheko apaizgaitegian zirelarik argazkitan hartuak. Ikusteko da zer kariaz joan ziren eliza siriakoaren zerbitzuko hainbeste euskal fraide Beloketik. 1895-1900 urtetan gara, Frantzian eskolaren gerla hasia da ; hala ere botere zibilak Eliza katolikoari dei egiten dio, Jerusalemen Abu Gosh deitu lekuan eroria den eliza baten berreraikitzeko, Inperio otomanoak Frantziari utziak dizkion zenbait kilometro kuadraturen barnean. Leon XIII Aita Sainduak beneditar ordenari galdatzen dio fraide multzo bat igor dezan Abu Gosherat, eliza hori berreraiki ondoan, eliza siriakoaren apezgaiak moldatzeko. Leon XIIIak zehazten du errito siriakoa beharko dutela beneditarrek errespetatu, ezagutu eta apezgaiak horretan moldatu. Vatikanoaren proposamena beneditarren ordenaren barnean jaisten da… Belokeko komenturaino. Beloke 1875ean irekia duen Jean-Leon Bastres aitak fraide ekipo bat bidaltzen du Jerusalemera. Fraideak segidan lotzen dira lanari, haien artean Aldude Xiloeneko Benoît Garador eta Mentako J.B. Ardans Teofano fraide izenekoa.

1883an sortua da Teofano Ardans, eta 1901ean sartzen da Beloken. Kasik berehala igorria da Jerusalemera. Argazki pean agertzen dira beste zazpi euskal fraideren izenak. Argazkian dira ere Biarno aldeko bi fraide : Anselme Chibas-Lassale eta Alexandre Lannes, Palestinan oroitzapen hunkigarria utzi dutenak. 1947 urtean eginik izan den beste argazki batean gutxienez hiru euskal fraide ageri dira : Alphonse Arregui Baigorriarra, Placide Berasategui Gipuzkoa-Zegamatik Belokerat etorria, eta Gabriel lertchundi Ziburutarra. Argazki hau ere Belokeko artxibategian artoski zaindua da.

Gabriel lertchundik Frantzian egin zitezkeen maila goreneko musika eskolak eginak ditu. 41 urtetan bidali zuten Beloketik Abu Gosherat. Bi urte iragan zituen lekuko apez batzuekin Siriako elizako salmo eta kantutegia biltzen. Kantaria entzutearekin notak markatzeko gai da. Belokeko artxiboetan aurki daiteke liburu bat gotorra Gabriel lertchundik osatua salmo eta kantika siriakoekin. 1948-1950 etan Jerusalemen zen egoera nahasi eta lanjerosaren gatik, 1952an Abu Gosheko apezgaitegia utzirik Belokerat itzuli ziren fraideak. Hargatik, Gabriel Lertchundi lotu zen hemengo elizkantutegia biltzeari, eta aita Iratzederrek ontu zuen hainbeste olerkiri aireak sortu zizkion. Beloke-Abu Goshen historiako parte hori oro gogoan segur siriar iheslariak arras guri hurbilago sentituko ditugula euskal bezpera horiek kantatzean, Baionako katedralean, maiatzaren seia arratsaldeko lau eterdietan.

Mattin larzabal

2018 04 23 herria

Ikus ere

http://www.baskulture.com/les-benedictins-de-belloc-a-jerusalem-110289

 

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu