Adio Xiria, agur Telebista!

By , 2018/04/25 04:59

Joan den mendean, euskaldun haurren ahotik euskara kasatzeko, Frantses Hezkuntza Ministerioak “xiria” asmatu zuen: eskolako aire hartze denboran ikasle bat harrapatua bazen euskaraz, makilatxo bat behar zuen hartu, “xiria”, eta errientak zigortzen zuen ikasgelan… Ahalketurik gorri-gorria, haur gaixoa entseatzen zen ba xiria zoko batera botatzea baina berehala eskola-lagunek, “garde-le!… garde-le!…”(1) garrasika bilarazten zioten berriz…

Ez zuena Jules Ferry handiak (gure eskola publikoaren aitak) 1885ko uztailaren 28an, diputatuen ganbaran oihukatu: “…Errepikatzen dut badela dretxoa goiko arrazentzat, eginbide bat badutelako: azpiko arrazen zibilizatzeko eginbidea.”(2) (sic). Nor izaten ahal zen ba zibilizatu behar “azpiko arraza” hori? Galdegin xiriari…

 

Xiri dohakabea! Hik uste baino hobekiago bete duk hire lana! Frantsesa sartu diek, bai, baina ikaragarriko desmasia eginez: heien kulturaz, heien aita-amen hizkuntzaz ahalkearaziz!… Frantsesa zelako munduko hizkuntza ederrena, garatuena eta garbiena, eta euskara ez bezala dena ñabardurez eta fintasunez josia. Frantsesa, jakintsuen eta idazle handienen hizkuntza, jende argienek, Pariseko moda egiten duten modeloek, enpresaburu handiek eta erregeek mintzatzen dutena. Frantsesa, hitz laxoz idazteko egokiena eta hitz neurtuen moldatzeko paregabea. Hots, euskara aldiz, behialako “xarabia” arkaiko hori, lehengo jende arruntentzat nahikoa baina guztiz baldarra sentimendu kartsuen adierazteko edo hitz neurtuen moldatzeko.

Horiek hola, euskara ezarri dute azkenean Frantziako ondareen museoan, lehengo dinosauro eskeletoen artean. Kontsola gaitezen, baitakigu horrela gure mintzaira ez dela galduko: hain zuzen gauaz museoaren ateak gakotuak dira eta egunaz badira zaindariak.

 

Xiriaz geroztik tresna berri bat sortu da: Telebista! Ez bakarrik eskoletako ikasleen buruetan, baina Euskal-Herriko etxe galduenean, supazter guzietan, aitatxi eta amatxitik hasiz sehaskako ñiñiraino zabaldu du erdara, tsunamiaren antzera gaindituz Jules Ferry berri guzien esperantza guziak. Zikin untzira “xiria”! Ez da gehiago hire beharrik!

 

Telebista dohakabea! Hik ere, hik uste baino hobekiago bete duk hire lana! Euskal-Herriko jende guzia erdaldundu duk, bai, baina ikaragarriko desmasia eginez: Frantzia guziko haurrak minbizi berezi batez kutsatuz!…

Minbizi hori berezia da. Ez da hilgarria, ez du gorputza andeatzen, gogamena bai… Irudian emanak dira telebista begiratzen duten haurren marrazkiak. Gaineko aldean, egunean oren bat baino gutxiago begiratzen duten haurrenak. Hiru oren baino gehiago beherean.(3)

Liburu lodi baten ordez batzuetan irudi ttipi bat aski da.

Konpreni dezakeenak konpreni beza…

David Acheriteguy

(1) “Atxikak!… Atxikak!…”

(2) http://www2.assemblee-nationale.fr/decouvrir-l-assemblee/histoire/grands-moments-d-eloquence/jules-ferry-28-juillet-1885

(3) Michel Desmurget. TV Lobotomie – La vérité scientifique sur les effets de la télévision. Max Milo Editions, Paris, 2011. 182. orrialdean.

Hiruzpalau aholku merke

By , 2018/04/12 16:56

Hiruzpalau aholku merke

Hegoak ebaki banizkio neuria izango zen

Ez zuen aldegingo

                               Joxean Artze

Mahasti xolako xederetan, gizonak erregepettitta oraino bizirik harrapatu du. Esku ahurrean itoko du, xoria tiutaka hasten zaiolarik. Bere kantuan gizonari hauxe dio :

“Zergaitik hil behar nauzu ? Ez duzu ase handirik eginen enekin ! Aldiz, libratzen banauzu, hiru aholku emanen dauzkizut, zure biziko ezin baliosagoak, zoriontsu eginen zaituztenak. Lehena zure eskutan berean emanen dauzut ! Eta bigarrena, eskua zabalduko duzunean, aihen gain hortarik ukanen duzu…”

Gizona hor dago zein alde ezin hautatuz: esku batean xori salda on baten mentura eta bestean zoriona.  Xoria bere aldetik tiutaka :

“Iep ! Hau duzu lehena. Ez du balio, ez auhenka hastea, ez odol gaiztorik egitea, ezin kausituzko helburu baten ondotik !”

Gizonak eskua ireki eta xoria, libre, aihen hegian pausatzen da, hamar bat urratsetan.

“Hitzeko gizona zira ! Bigarrena hau duzu. Zerbait behin betiko galdu balin baduzu ez du balio haren gibeletik denborarik galtzea! Galdua dena galdua da.”

Gizona arrunt atsegabetua :

“Baina, xori pika-buztana, hire aholku pettutta horiek jadanik ezagutzen ditiat. Denek ezagutzen ditiagu !”

Gizonak lurretik harri bat harturik, xoria besainka harrikatzekotan da hegaztiak irasagar-ondo gainetik botatzen diolarik :

“Zaude ! Hirugarrena zor dauzut oraino. Zerbait ezin sinetsia entzuten baduzu, etzazula nehondik sinets ! Handi-mandiek erranik ere ! Eta hemen beretik, aitortu behar dauzut paparoan badutala irentsirik diamante bat oilo arraultzea bezain lodia. Hor altxor eder bat galdu duzu.”

Hau entzutean, gizonaren aurpegiak irasagarraren kolore horia hartzen du. Begiak su, errabia gorrian, zein ergela izan den holako xori baten libre uzteko… Hasperen batean lausenguz hasten zaio :

“Haugi ! Xoria, haugi ! Gure etxean izanen duk ohore, errespetu, ostatu eta askatasun… Xorietan arraroena haiz !

-Enuxenta ! Zure kastako jende guziak bezalakoa zira. Delako ene aholku ‘pettuttak’ ezagutzen dituzula baina ez duzu bat bera ere segitzen. Nola nahi duzu sinetsi ni bezalako xori ttipi batek arraultze baten heineko perla irents dezan ? Gero nahi nauzu balakatuz bildu, badakizu orain ezinezkoa zauzula ! Errana dauzut : galdu dena galdua da.”

Hitz hauekin errepettitta airatu da arin eta bizkor, gizona aldiz hor, ahoa zabalik, bi oinak eskalapoinetan.

Horra nun xoria berriz itzuli den irasagar adar puntara : “Gizona! Oroit zaite errepettitta mendre bat zoriontsu egin duzula gaur, honek zuhaur doi bat zoriontsu egin behar zintuzke !! Esker onez, atsegin xume honekin uzten zaitut.”

Johanes Bordazahar

DIAKREEN ESPOS LAGUNAK

By , 2018/04/07 10:11

Frantzian, Eliza katolikoak urtero 100 bat gizon diakre egiten edo ordenatzen ditu. Diakre horiek apez eta apezpikuen laguntzaile dira. Beren kargua hau dela dio Elizako deiak «biziko istorio eder eta gizakoia ; gaurko Elizako beharrezko misio bat ; apez eta apezpikuekin lankide zoriontsua ; munduaren etorkizuna zerbitzatu ; Elizaren seinale Jainkoaren zerbitzaria izanez; zerbitzariaren soinekoa ezarriz Jesu Kristo bezala ; Jainkoari beti bere baimena emanez Mariak bezala, Jainkoaren zerbitzari ; Jainkoaren amodio kantatuz, Jainkoa gizon egin baita gizon guziek berekin izan diten. »

Diakreak ezkonduak dira edo ezkongabeak. Ehunetik 90 ezkonduak dira eta haurrak badituzte. Hamar urte bederen behar dituzte ezkonduak izan gizona diakre ordenatua izan aitzin. Ezkon-lagun horien lekukotasun batzu nahi ditut hemen zabaldu egun. Nola bizi dira emazte horiek ? Nola bizi dute beren senarraren Elizako kargua ? Beren baimena eman ondotik senarra diakre izaiteko, -baimena horren gabe ez daiteke diakre izan-, zer bidetan sartzen dira ? Emazte horiek gehien gehienak Elizako urratsetan adituak dira eta engaiatuak, parropietan laguntzaile zintzo eta jarriak.

Entzun ditudan emaztek beren adostasuna eman dute senarra diakre ordenatua izan dadin, formakuntza segitu dute, bizi berri bateri jarraiki dira. Lehentasunik gabe ezartzen ditut hemen beren bihotzeko asaldurak. Heien arabera, familiako bizia bertzelakatu da. Senarrak bere ofizioa badu, erretreta hartu aitzin, eta bere lanetik bestalde, Elizak eman kargua behar du bete. Etxeko lanak eta haurren eguneroko joan etorriak emaztearen gain dira. Ongi errana da, argi eta garbi, ezkontza dela lehen, ez eta diakre izaitea. Bainan hori gauzatzeko, mugak ezartzeko eguneroko aktibitatetan, badute lan bat eta biak. Eta nola egin ustegabeko galde eta eskarietan, izan diten familian edo Elizan ? Errana izan zaiote beren senarraren egutegiaren aingeru begiralea bezala direla ! Hemen kokatzen da emaztearen kulpabilitatea. Edozoin biziko galdetan, senarrarekin mintzatu ondoren, bere erantzuna aski libreki emaiten du. Ez da hola Elizaren galdeetan. Emaztea ez da ausartzen muga ezartzea Elizako galdeari. Autozentsura aplikatzen du bere buruari. Bere barneko libertateari ez dio bidea idekitzen. Elizak galdetzen du, beraz ez du errefusatu nahi. « Elizaren zerbitzaria » behar du lagundu eta bere burua ez du lehen ezarri behar berekoia edo egoista ez izaiteko edo agertzeko. Bainan sofritzen du : bakartasuna senditzen du eta pixkat bazterrerat utzia. Bere bizian bakartasuna sartu da.

Bakartasun hori, otoitzean ere sartu da. Diakre izan aitzin, bikoteak egunero hartzen zuen astia elgarrekin otoitz egiteko. Orain, diakreari errana zaio apezek bezala eguneroko otoitza egiteko. Lanerat joan aitzin, goizago jeikiz egiten du otoitz hori, bainan emazteak haurrak ereman behar ditu eskolarat, etxekoen bizia kudeatu… Orduan, bakotxak bere alde otoitz egiten du. « Ez dugu elgar ikusten, ez dugu elgarrekin mintzatzen lehen bezala » diote emazte horiek. « Hartua da, gustatzen zaio, nik ez dut trabatu nahi ; bakarrik nago ». Hitz horiek batzuetan kolerarekin erranak izan dira.

Bertze beldur bat badute bihotzean diakren emazteak. Eliz ministerio edo funtzio publiko bat betetzen du senarrak eta jendeen behakoak aldatzen dira. Kritikak ere ateratzen dira. Hain xuxen jendeen jujamendua askotan laster egina da : « zer da, jelos bere senarraz ? » edo « ez dira ez bertzeak baino hobeak ! » eta holako ! Emazteak behar du bidexka hertsi hori hartu, bere senarraren ikus moldea eta Elizak eman kargua errespetatu ahal bezain ixilik, eta bere senarra nahi du gerizatu, ahal bezain diskretuki bainan molde eraginkorrean. Eta lehiaketarik gabe. Zeren ardura, senarra baino gauza gehiago ezagutzen ditu Elizako urratsetan eta Izpiritual mailan.

Erran liteke funtzio publiko bat duten gizonen emazteak gauza berdina bizi dutela. Ez arras ! Elizak deitzen ditu diakreak, beren bizirako bihurtzen dira diakre, eta Elizaren zerbitzari gisa dira ordenatuak. Emazteari galdegina zaio hori errespetatzea eta Elizak galdeginari ez erraitea edo muga ezartzea, bere burua hobendun senditu gabe ez zaio batere errex. Bere baimena emana senarra diakre izan dadin, Elizako urratsetan eta fedean leial dagona, bere burua estekatua kausitzen da, Bere gain hartzen du zailtasun hori. Noiz arte ? Eta zeren izenean ? Nork du laguntzen bere bakartasunean ? Bere barneko libertatea, bere baitako libertatea nola obratuko du ?

Maite Irazoqui

FRANTSES 1. 5

By , 2018/04/07 10:03

Martxo honen 13an bost urte beteak ditu Frantses lehenak Aita Saindu karguan. Parada bat egin duen bideari behako baten emaiteko nire parte xumean kazetari eta giristino gisa. Anitz erreforma abiatuak ditu, batzuk jada indarrean direnak eta beste batzuk geldian edo estoka zerbaitetan kokatuak, beste erreforma batzuk bidean eman nahi dituela agertzen da ere aldi bat baino gehiagotan. Egia da miliar bat eta berrehun eta berrogeita hamar milioi katoliko dituen ontzia ez dela nolanahika kudeatzen.

Egitura erreformak

Hilabetea zuzen kargutan zela C9 batzordea sortu zuen, hartuz bederatzi kardinal bere inguruan ukaiteko gisan hurbileko aholku batzorde bat Elizaren gobernatzeko. Ordutik aitzina batzorde hori 23 aldiz bildu du bost urtetan, hots urtean lauzpabost alditaraino. Kargua hartu eta bi hilabete eta hamar egunetara hona zutik emaiten duela IOR Vatikanoko bankuaren batzorde erreferentea. Multzo horrek bideratzen du funtsezko erreforma bat Elizaren harat-honat ekonomikoetan. Hortik aitzina ondoko uztailean, ahantzirik udako oporraldiek administrazioa erdi bizi datxikatela, batzorde bat sortzen du Frantses Lehenak Vatikanoaren egitura administratiboa berregituratzeko. Lantalde horren barnean apailatuko da Elizaren gobernua edo Kuriaren erreforma nagusia. Lantalde horren barnean asmatu dira 2016an sortuko diren hiru super ministerio edo, Vatikanoko hiztegian, “dikasterio”: komunikazioarena, familia eta biziarena, eta giza-garapen integralarena. Oinarrian gauden giristinoek ez dugu aldaketarik batere sentitzen, baina Vatikanoko langileek bai; merezi du oroitzea zer nolako erasiak egin zizkien Kuriako ordezkariei Aita Sainduak 2016ko agiantzen karietara. Gutiz gehienean erreforma horiek funski atalatuak dira Elizak gaurko egunari doakion moldean bidea aitzina egiteko.

Barne dialogoaren bultzapena

Beste aldaketa batzuk gauzatzen ari dira ustekabetarik bezala, aitzinetik eta publikoki deusik erran gabe. Estatu bakoitzaren barneko diozesa guziek osatzen duten apezpikuen konferentziei baimena emana die Frantses Lehenak, elizkizunetako testuen itzulpenaren egiteko, orain arte itzulpen guziek Erromatik pasatu behar zutelarik. Irekia du ere gogoetaldi bat apezpikuen konferentziei gaitasun gehiago emaiteko. Ezin da erran zer kanore izan lezakeen gaitasun horrek. Frantses Lehenak pentsatzen ote du Elizak urte luzeen poderioz zutik ezarria duen hiru zangotakoari, Aita Saindua (Eliza katolikoaren zerbitzaria), Apezpikua (diozesaren zerbitzari lehena) eta Erretora (parropiarena), behar zaiola laugarren bat gehitu, hain zuzen apezpikuen konferentziarena? Badirudi hipotesi guziak irekiak liratekeela. Gauza segura, dena den, “Evangeli Gaudium” entziklikak aipatzen duela apezpikuen konferentziek doktrina mailan mintzatzeko gaitasuna ukanen dutela. Hasteko, Elizaren lege kanonikoa betez bost urtetik behin Aita Sainduari egiten dioten bisitaldian, apezpikuek manua ukana dute, eta maiz errepikatua zaie, behar dutela beren burutarik libroki mintzatu. Beste pontifizeekin ixilik zeuden beti, apezpikuen multzoaren ordezkariak zuen hitza hartzen, eta oraino Aita Sainduak egin galdeei ihardesteko bakarrik. Frantses Lehenak dialogo librearen ohitura bultzatzen du gainetik zolaraino.

Non dira emazteak ?

Gure Aita Sainduak berriki hauxe erran du: “Arranguragarria da Elizan edozein giristinori eskatzen zaion zerbitzua, nola lerratzen den sehi bati eginarazten zaion lan bat bezala ikusia izaiterat, emazte batek egiten duelarik”. Horrenbestez Elizaren zerbitzari lehenak berak aitortzen du emaztek sehi lan horietan aurkitzen dutela ttotto bat bakarra Elizan. Azpimarratzekoa da 2016ko agiantzen emaitera hurbildu zitzaizkion seroretatik bat mintzatu zela deplauki Frantses Lehenaren aitzinean. Proposatu zuen lantalde baten sortzea emaztearen tokiaz Elizan gogoetatzeko, eta proposamenak ateratzeko. Hain zuzen Aita Sainduak zenbait egun berantago gisa horretako batzorde bat zutik ezarria du. Egiten duen lanaz deusik ez da kanpora ateratu orainokoan. Esku bateko erhietan konda daitezke Elizako egituretan kargu zerbait duten emazteak: espainiar kazetari bat ezarria dute Vatikanoko prentsa bulegoan zuzendari-orde. Bizi kontsekratuaren kongregazioaren idazkari-ordea serora bat da. Laikoen dikasterioan bi emazte ezarri dituzte idazkari-orde. Hots, “orde” karguak betetzen dituzte. Puntu onetan ezar daitekeena dudarik gabe, 2017ko ostiral sainduko homilia Anne-Marie Pelletier teologoak segurtatu zuen Aita Saindua entzuleen artean zelarik. Puntu arranguragarri bat ateraia da haatik Osservatore Romano hilabetekariaren martxo honetako alean. Hor erakutsiak dira Vatikanoan laneko baliatuak diren serora batzuk, gradu apaleneko kargudun batzuei lehen tintan obeditzen dute, eta gauak eta egunak lanez itoak dira. Ez da ere ahanztekoa Marie Collins irlandarrak utzi duela adin txikikoen defentsa batzordea, ohartarazi ondoan egiten zituen proposamenak oro Fedearen Kongregazioak sistematikoki baztertzen zituela. Batzorde berean zen Catherine Bonnet psikiatrak ere kargua utzi du, arrazoin beren gatik.

Elkartasun unibertsalerako deia

Gure Aita Sainduak hats berri bat ekartzen du “Laudato si” entziklikarekin. Donostiako Idatz liburu dendan aurki daiteke dokumentu hori euskaraz. Giristino mundutik kanpoko eragile anitzek ere zoriondu dute Frantses lehena. Nire partetik konbentzitua naiz “Laudato si” dokumentuarekin Elizak beretzen dituela mundu honetan gaur egun sortuak diren problematika larrienak klimaren inguruan. Elizak arrangura nagusi horiekin bat egiten du, gehiago oraino horien barne barnean emaiten da. Ozkarik ez dago mundu zabala eta Elizaren artean. Aita Sainduaren lanak diplomazia mailan bakearen alde bi fruitu eman ditu. Erdietsi du Kuba eta Ameriketako Estatu Batuen artean harremanak lotzea. Bururaino eraman du Elizak aspalditik abiatua zuen zubi lana, balio du oroitzea Roger Etchegaray gure kardinaleak nola kondatu duen “J’ai senti battre le coeur du monde” 2007an atera liburuan, Fidel Castrorekin izan zuen ikustaldia, oren bat iraun beharra lau oren pasa solastu baitziren gauak gauari. Frantses lehenaren beste lorpena, Kolonbiako gobernua eta FARC-en arteko bake hitzarmena.

Mattin Larzabal

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu